Haur eskolak

1996-03-01
Gaurko Haur-eskolak garai batean Haurtzaindegi bezala sortutako zentruen filosofia aldaketaren ondorio dira.


"Haur-Eskola" izena, koordinakundeak Granadan 1979an egindako Topaketetan sortutakoa da. Deitura aldaketarekin batera, Haur Hezkuntzari zegokion izaera eta heziketa eredu propioa mamitzeko konpromezua hartu zuten bertan bilduriko Profesional, Sindikatu eta Udal ordezkariek.
 
 
Abiapuntua hauxe zen:


- Haurrak jaiotzetik hezitzen dira.


- Haur-Eskolak Lehen Hezkuntza bitarteko heziketaz arduratzen diren zentruak dira.


- Haur txikien irakasleek prestakuntza unibertsitarioa behar dute, dagokion espezialitatea sortuz Magisteritza adarrean.


- Haurren heziketa Estatuari dagokion eginkizuna da, Administrazioak bereganatu behar duelarik erantzukizun hau eta, bide batez, hainbat iniziatiba ezberdinek sorturiko Haur-Eskolei irtenbide duina eman behar dielarik.


Lau zutabe hauei helduz, Haur-Eskoletako Koordinakundeak eman zion hasiera arestian aipaturiko lanari. Murcia, Gijon eta Girona izan ziren urtez urte egindako lanaren bilgune, herri hauetan ospaturiko Kongresu ezberdinen bitartez joan baikinen proiektua biribiltzen.


1990eko urriak 3an LOGSE legea onartu zen, ibilbide luze honetan jorratutakoari amaiera emanez.





LOGSE Legea badugu


Legea dela medio, gauza garrantzitsu asko lortu dira haurren heziketaren aldetik, batez ere 0-3 urte bitarteko esparruari dagokionez. Haur-Eskoletako Koordinakundeak jorratutako alderdi asko hartu dira kontuan Erreforma honetan, baina egia esan behar eta, hainbat arlotan hankamotz gelditu dela ere esan beharra dago.


Etaparen zatiketa eta 0-3ari ematen zaion bigarren mailako kategoria onartezina da guretzat, onartezina den bezala 0-3 zikloaren etorkizuna hain zalantzan uztea: besteak beste, jabetza, finantzaketa, etabarren ardura Administrazio ezberdinen artean banatzen duelako Hezkuntza Administrazioak zuzeneko konpromezua hartu ezean.





LOGSEren ondorioak


Legearen hutsuneak ahaztu gabe, orokorrean Haur-Eskoletako arduradunok itsaropentsu hartu genuen LOGSEk irekitzen zuen bide berria. Gure ustetan, behingoz, heziketa errekonozimenduarekin batera administrazioak ekin beharko baitzion 0-3 arloan funtzionatzen zuena jaso eta irtenbidea emateari, modu honetan ziklo berria ezartzen hasiz.


Errealitatea, ordea, bestelakoa izan da. Gaur egun hedatzen ari dena 2 urteko gelak dira. Legeak ezartzen dituen bi zikloak (0-3 eta 3-6) errespetatu gabe, EAEko Hezkuntz arduradunek oniritzia ez ezik, laguntza ere luzatzen die tamaina honetako ilegaltasunean murgil daitezen.


EAEko Hezkuntz arduradunek ez dute inongo planifikaziorik egin lehenengo zikloari dagokionez eta momentuan ez dute egiteko asmorik ere, nahiz eta "utzikeriarik" ez dagoela antzeman. Alderantziz, erdaraz esaten den bezala "política de hechos consumados" ezartzeari ekin diote argi eta garbi, beti bezala, pastela noizbait eta nolabait konponduko dela pentsatuz.


Bitartean badaude galtzaile aterako direnak. Haurren kontura demagogia egin gabe (kasu askotan ere galtzaile baitira egungo eskolatze moduarekin) Haur-Eskolen desagerketa arriskuan dagoela behin eta berriro ari gara salatzen.


Arriskuan dago Hezkuntz Administrazioak jaramonik egiten ez dion bitartean.


Arriskuan dago, orain gertatzen ari den bezala, eskola formaletako eskolatzeari bakarrik ekiten badio Hezkuntz Administrazioak. Arriskuan dago, Hezkuntz Administrazioak bere ardura ahaztu eta edozein modutako iniziatibei oztopoak jartzen ez dizkion bitartean. Arriskuan dago 2-3ko maila kendu eta 0-2ko zama jaso ezinik uzten den bitartean. Arriskuan dago, funtzionatzen duten Haur-Eskolei sare publikoan sartzeko bidea irikitzen ez badie. Arriskuan dago, behingoz taxuzko planifikazio bat egin eta beste arlotan egin den bezala, mapa bat egiten ez den bitartean.








Bilboko Seintxu haur eskola


Bizkaiko Haur Eskolen (HE) arazoez aritzeko, ezinbestekoa zaigu erakunde publikoak aipatzea, haur eskolen garapenarekin zerikusirik duten heinean.


Haur Eskola gehienak 70-80ko hamarkadan iniziatiba herrikoiaren bultzadaz sortu ziren Bilboko auzo eta inguruko herrietan. Gurasoek, eta bereziki emakumeek, beren semeentzat gogoko zituzten haurtzaindegiak ireki zituzten honako helburuak lortzeko:


1- Semeentzat formazio integrala.


2- Umeak haurtzarotik euskalduntzeko.


3- Etxetik kanpo emakumeentzat lana eta garapena bideratzeko.


Hasiera oso gogorra izan zen, baina orduko ahalegin kementsuen ondorioz Espainiako gobernutik lehen subentzioak lortu ziren, eskasak baina egokiak haurtzaindegien hastapen eta garapenerako.


Urteak aurrera, transferentzien lorpenekin haurtzandegiak itxaropentsu zeuden, eusko administrazioak 0-3 urtekoen hezkuntza gogoz hartuko zuelakoan. Baina hori ez da horrela izan eta, Eusko Jaurlaritza, Diputazioa eta Udalaren erruz, haur eskolak inorenak ez diren guneetan gelditu dira.


Dirulaguntzak gero eta murritzagoak izan dira eta Bizkaiko Diputazioan HEtako arduraduna omen den "Bienestar Social" sailak ez du oraindik aurtengoari dagokion deialdirik egin.


Bestalde, atera da LOGSE legea eta hori dela medio positibotzat hartzen dugu haur eskolen araudia, nahiz eta gero eskola mapa garatzerakoan ohartzen garen haurtzandegiak guztiz zokoratuak gelditzen garela, existituko ez bagenu bezala.


Iratzo, Basauriko haurtzaindegi enblematikoa, ateak ixtera behartua aurkitu da, inguruko eskola publikoek, soberan dituzten irakasleei irtenbide bat eman nahian, bi urteko umeentzat gelak ireki dituztelako.


Administrazioaren kriterio bakarra ekonomikoa izan da, aurretik gure haurtzaindegiak guztiz egokituak eta hornituak baitziren, eta esperientzia handiko irakasleekin gainera.


Administrazio ezberdinen sentsibilitateaz ohartu gaitezen, hona hemen 0-3 urte arteko umeentzat Bizkaian dauden HEk: Bilboko Udalaren HE, Diputazioaren ardurapean dagoen HE, eta Eusko Jaurlaritzaren agindupen dagoen HE.


Bestalde, aipatzekoa da administrazioak euskararekiko erakusten duen axolagabekeria. Arlo honetan oso kontuan hartzekoak dira haurtzandegitik irten eta D eredura doazen umeak daramaten prestakuntza;:


-Euskara ulertzeko gaitasuna.


-Mintzamenerako trebetasuna, adinaren arabera.


-Umearen kokapena D ereduan


Esandakoaren lekuko hor ditugu Txurdinagako Eskola Publikoa, Karmelo Ikastola, Kirikiño Ikastola, San Francisquitoko Eskolaurrea, horietara zuzentzen baitira Seintxu haurtzandegian prestatutako umeak.


Gauzak honela, hara Bilboko udalak nola aurten ukatu egin digun bere euskara sailetik lehen ematen zigun dirulaguntza apurra.


Idatzi honen bidez haurtzaindegien egoera nolakoa den argi utzi dugulakoan gaude.


Gelditzen zaigun aukera bakarra hezkuntza inguruko pertsonen sentiberatasuna ukitzea da, gure zentroak egin duen lanarekiko sentiberatasuna, alegia.








Zentro "pribatu" batzuen ekarpena


ALKIZA, Pili


BELAMENDIA, Josune





Haur osasuntsu baten hazkuntzak izan beharko luke ardurarik nagusiena guraso, osasun-profesional eta hezitzaileentzat. Gure itxaropenak, ametsak eta gure jakinduria kolektiboa haurrarengan daude. Haur bakoitza gizaki orok merezi duen errespetuz eta maitasunez tratatu beharra dago, premiagabeko nahasketetatik kanpo sufrimendurik gabeko etorkizuna izan dezan.


Haur-Hezkuntza euskal gizartean


Euskadin, 1882an sortu zen haurtzarorako lehenengo Erakundea, Bilboko Udalaren ekinez. Bertan, familia behartsuenen haur jaio-berrien onarrizko premiak betetzen saiatzen ziren.


Geroztik, haurtzaroko lehenengo aldirako beharrei dagozkien saiakera heziketa-laguntzaile psiko-pedagogiko gehienak zentru pribatuetan egin ohi dira. Mota honetako zentru gehienek, irabazi xederik gabeko Elkarteek eskain dezaketen babesari esker funtzionatzen dute.


Sortu, eratu eta oraindik irauten duten Elkarte hauek uste dutenez, 0-3 urte bitarteko Haur-Eskoletan burutzen den jarduerak, giza-kulturan goraka egin du, eta halaber, ezberdintasun sozial eta hezgarrien prebentzioa suposatzen du. Jarduerak, eragin zuzena nahiz zeharkakoa ahalbideratu du gizon eta emakumeen arteko parekotasun eta promozioan.


Beharkizun honek izan duen testuinguruaren berezitasunik nabarmenena, Euskal Herrian azken urte hauetan eman diren prozesuen azkartzea da. Hau da: baserria eta hiriaren arteko haustura, hiri-erdikoitasuna, migrazio-prozesuak, populazio-estutasun guneak, autoaren nagusitasuna...


Gauzak, pertsonak baino garrantzitsuagoak direla uste den zibilizazio honetan, Elkarteek orain arte jaso izan dituzten laguntzak, honako hauek izan dira: gurasoek ordaintzen dituzten kuota sozialak, Udalaren eta Foru Aldundiaren subentzio urriak eta Erakunde partikular batzuen noiz-behinkako kolaborazioa; Erakunde Ofizialak libratu egin dira honela, inbertsio egoki bat egitetik. Duela bi urtetik honuntza, Udal Haur-Eskolei zuzentzen zaien diru-laguntza ere ukatu egiten zaie pribatuei.


Haur-Hezkuntza onesteko ahaleginak


Zentru Pribatuetako langilegoaren ardura alderdi garrantzitsua izan ohi da gela eta zerbitzuen mantenuan, Euskal Herriko gizarteari dagokion haurtzaroak jasotzen duen arreta integralaren prozesuan.


Euskal Herrian finkatutako biztanlego-guneen eskaerei esker, haien haur txikien heziketa-laguntzaren ikuspegiari erantzun puntuala eman beharrak, arazo praktiko ugari planteatu izan ditu Haur-Eskola Pribatuetan, jardueraren bilakaera bikain bati dagokionez.


Behar guztiak batera betetzea ezinezkoa zelakoan, bertan behera uztea baino premia zati bati aurre egiten saiatzea garrantzitsuagoa zela ikusteak, motibatu izan ditu behin baino gehiagotan profesionalak lanean jarrai dezaten eta, aldi berean, beste Elkarte batzuetako profesionalekin batera saia daitezen, 0-3 urteko aro hori LOGSEn txertaturik gelditzeko asmoz.


Gaur egun, Haur-Eskola Pribatuak -ahal duten neurrian- LOGSEri begira ari dira azpiegiturari dagozkion baldintzak gestionatzen. Langilegoaren formakuntza iraunkorraren beharrak ere zaintzen saiatzen dira. Baina, eragozpen hauekin egiten dute topo:


1- Haur-Eskola pribatuetatik udalei zuzendutako eskaerak bertan behera geratu dira, Euskal Autonomi Elkarteko udalei 0-3 urtera bitarteko umeen udal jabegoko Haur-Eskolei eman beharreko eskaintza zabaltzeko hezkuntza proiektuak aurkezteko eginiko deialdietan, udalek deialdi hauetan parte-hartzeari uko egin diotelako.


2- 11.2 artikuluaren ezarpena: "Hezkuntza administrazioek Haur-Hezkuntza garatuko dute. Horretarako ... eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak egin ahal izateko baldintzak zehaztuko dituzte", ez da oraindik egituratu ere egin.


Eragozpenak gainditu nahian, ezinbestekoa da Haur-Eskolen Koordinakundean landutako ez legezko proiektuaren aurkezpena egin dezaten Euskal Legebiltzarrean ordezkapena duten alderdi politiko guztiei eskatzea, aurrera egin nahi baldin bada.


Ezin da ahaztu, hezkuntza sistemak giza kontzeptuetatik, giza egitura politikoen ondotik sortu izan direla. Prozesua, alderantziz gertatu den kasuetan, hezkuntza sistemarekin zerikusirik ez duten esperimentu baztertutzat jo izan da. Egia latza baldin bada ere, esan beharra dago, esperientzi hauek -ia beti pribatuak- izan direla edonongo sistema mugiarazi dutenak, dekretu eta legegintza erraztuz. Emandako laguntzari esker, mintzaira gutxienez onartu egin da.


Hezitzaileen arteko galdera hau izan da urtetan zehar: zein da haurtxoen hezkuntza goiztiarraren arduraduna? Estatua? Familia? Giza ingurunea? Haur-Eskolen koordinakundean partaide diren Zentru Pribatuek ere hautakizun onetsi bat izan nahi dute hezkuntza sarean integratu arte.


Haur-Eskola bakoitza babestu eta Hezkuntza Proiektuari estalkia eta iragangarritasuna ematen dioten Elkarteek, Lehen Zikloko Haur Hezkuntza Zentruak bezala integra daitezen, honako bermagarri demokratiko hauek eskaintzen dituzte:


1-Gurasoak eta langilegoa, gobernu-organo barne izatea.


2-Gurasoek, sendiak, hezlariek eta haurren inguruneko pertsonek parte har dezaten, jarduerak proposatu eta garatzea.


3-Zentruaren parte hartzea ahalbideratzen dute: udal eskola kontseiluan eta euskara-sailak bultzatutako jardueretan.


4-Langilegoak parte har dezan aukera ematen dute: elkarteak edo beste elkarte eta Erakundeek antolatzen duten zenbait ikastaro, mintegi, topaketa...


Baikorra izan nahi duen ikuspuntu bat


1983an Bartzelonan ospatutako Pedagogi Berrikuntzako Topaketetan parte hartu zuten pertsona guztien adostasuna bildu zen, haurraren garapenari lotu beharraren garrantzian oinarrituz, Haur Hezkuntza aldia bi bloketan -0-3 eta 3-8- zatitzerakoan.


0-3 urteko blokean, heziketak erdiratu beharko luke batez ere eite sentsoriomotrizetan, ahal den hobekien saiatuz haurrak sentimen guztien bitartez hauteman dezakeen informazioa, motrizitate ekintza anitza eta desberdintsua, atsedena... egokiak izan daitezen eta mintzairari dagozkion funtzioekin elkarlotuta egon daitezen.


Guztion arteko gizarte honen ele-errealitatearen konplexutasunak, premiazkoago egiten du beharbada adin hauetako haurren mintzaira bereganatze eta garatze prozesoarekiko errespetua. Begibistan ditugu haurrak bere errealitatearen ezagutza antolatu ahal izateko erabiltzen dituen hiru motatako barne-prozesuak:


1- Oso familiarrak egiten zaizkion eszenak barneratzen ditu. Beti ere beraietan, erlazio espazialak ematen direnean.


2- Bizipenak, iragankorki sekuentziatzen ditu.


3- Zergati-ondorio erlazioak ezartzen ditu bere aurkikuntzetan.


Errealitatearen ezaguerak, norberaren bizipenen maiztasun eta nolakotasunarekin zerikusi handia dauka. Bere ezagutza propioa antolatu eta gogoratzen duen heinean soilik,izango da haurra pertsonak, elementuak eta bizipenak errepresentatzeko gai.


Benetan atsegina gertatzen da egunez egun egiaztatzea, egoki antolatutako espazioetan, haur bakoitzak bere pentsamendua, sendimenduak eta jokabideak bereganatzen ikasten duela bere garapenean lagun eta kide kontsideratzen dituen zaindari eta beste haurrekin sozialki eta maitekiro ezartzen dituen harremanez eta oso ezagunak dituen elementuak intuizioz manipulatuz eta sormenez konbinatuz.


Baina, Hezkuntza arduradunen irizpide definizio ezagatik batez ere eta Lehen Hezkuntza zentrutako matrikulazio baldintzak direla medio, gaur egun, tradiziozko Haur Eskoletako profesionarien espezializazioren kalitate maila, arrisku bizian ipintzen da.


Ez dira gutxi, aurrematrikulazio kanpainaren barnean, gurasoei informazioa eskaintzerakoan, xantaia modura hau erabiltzen duten zentruak: "hobe duzue haurra bi urteko gelan matrikulatzea, gerta baitaiteke gero hiru urterekin lekurik gabe geratzea".


Dena den, egiaren izenean azpimarratu beharra dago, Lehen Hezkuntzako zentru batzuetako eskolaurreko profesionarien jarrera zuhurra. Profesionari hauek Haur Eskolaren batean dagoen haurrak, zikloa bertan osatzearen alde daudenez, hori bera da gurasoei gomendatzen dietena.


Ezbairik gabe, profesionari hauek hiru urtetik aurrera beren zentruetan ikasle izango diren haurren sinbolizazio prozesuaren sendotasuna baloratzen dute, beste edozein gauzaren gainetik.


Ekarpen honekin, legezkoak gertatzen diren desira hauek betetzen lagundu nahi litzakete: haur bakoitza errespetoz tratatua, berdintasunean zaindua eta maitatua izatea eta profesionari bakoitzari dagokion etorkizun egonkorrean, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko Hezlarien ardurapenean dauden haurrei buruzko igurikapenen bilakaera ahalik eta sendoena izan dadin, Haur Eskola pribatuei ere laguntza egokiak eskaintzea.





Haur eskolako (0-3) hezitzaileen prestakuntza


ALZOLA, Nerea


OTAÑO, Juanjo





Haur hezitzaileen egitekoaren ardatza bizitzen eta mundua ezagutzen hasi den haurra da; bere nortasuna eraikitzen, inguru giza-naturalarekin harremanak edukitzen hasi den haurra, eta honen guztiaren zio eta ondorio gisa bere buruaren onespenaren lehen urratsak ematen ari dena.





Haur Eskolan, hezitzailea ez da informazio transmititzaile huts eta bakarra, ezta ikasten ari denak egiten dituen aurrerapen lekuko mutua ere.


Hezitzailea gizartearen eta kulturaren erreferente bat da (gizarte, kultura eta haurraren arteko bitartekari dela esango dute batzuek), errealitate horri kultur bizitza emango diona da. Hezitzaileak haurren maila eta ahalbideetara egokituko ditu elementu kultural eta sozialak; bere inguruko gizartean bizi eta integratzeko behar dituzten tresnak ezagutu eta menperatzeko laguntza ematen saiatuko da (eskolaren funtzio sozializatzailea da), eta aldi berean gizabanakoen garapen osoa eragin eta bultzatuko du (hau eskolaren funtzio indibidualizatzaile edo sortzailea da).


Hezitzailearen egitekoa egoerak, estimuluak eta esijentzia eskaintzea da batez ere, horrela haur bakoitzak bere nortasuna, buru-egiturak eta jakintza gara ditzan; une egokian egiteko zerbait da. Bestalde, testuingurua prestatu behar du (espazioak, denborak, erritmoak, ekintzak), berak haurrari eskainiko dizkion ezagupen eta jarduerek esangura osoa izan dezaten testuinguru horretan.


Honelako profilak hezitzailearen kontzeptu dinamikoa planteatzen digu. Eta hezitzailearen lanbidea etengabe munduarekiko teoria, jarduera hezitzailea eta haurrekiko jarrera eraikitzen, lantzen, frogatzen eta berrikusten ari den garabidea bezala, beti ere testuinguru zehatzei erreferentzia eginez (haurra, haur taldea, ingurua, baliabideak, ikastetxe eredua, hezitzaile taldea, gizartearen eskakizunak...)


Horrek guztiak irakalegoaren prestakuntza teoriko-praktikoa eta etengabearen beharra suposatzen du.





Haur eskolako lehen zikloko profesionalen habilitazioa


Haur eskoletako lehen zikloan (0-3), esperientzia luzea eduki arren, legeak eskatzen duen gutxienezko titulaziorik gabeko hezitzaile multzo nahiko handia dago.


Arazo hau konpondu eta profesional hauen egoera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erakunde unibertsitarioetan (Magisteritza Eskolak, ICE) emango den prestakuntza aukeratu du, azterketa edo oposaketa mota baten aukera baztertuz, alde batera utziz. Mementu honetan sei dira prestakuntza hasi duten taldeak, guztira 170 bat pertsona.





Prestakuntzaren helburuak


Edozein jarduera hezitzailetan oinarrizko alderdi bat dago: hezitzen den subjektuaren helburuen eta hezitzailearen helburuen arteko baterakidetasuna edo akordioa. Komunikazio ezak aski ezagunak diren ondorioak dakartza eskola eta unibertsitate munduan.


Heziketa arloan esperientzia duten helduei dagokienean, baterakidetasun edo akordio honek zilegia eta nahiko erraza dirudi. Baina ez gaitezen inozoak izan. Ikaslegoaren baldintzak kontuan hartu behar dira: talde heterogenoak, lanpostua mantentzeko ziurtagiriaren beharra, denbora falta, inguru akademikoarekiko urruntasuna, ikasketen eskakizunei beldurra, kasuren batean bidegabekeriaren bat pairatzeko sentimendua, etab.


Zein izan daiteke erakunde hezitzaileen jarrera?


Magisteritza Eskola bateko irakasleak garenez, gure helburua kalitatezko prestakuntza lortzea da; hau dela eta lehen aipaturiko baldintzak kontuan hartu behar ditugu.


Aprendizaia esanguratsua lortzeko subjektuaren egoeraren ezagutza eta begirunetik abiatu behar dela hainbat aldiz errepikatu ondoren, ez genioke gure lanbideari mesederik egingo.


Horregatik, gure ikasleekin bereziki landu eta sakondu nahi ditugun jardupide batzuk aipatuko ditugu.


1- Aprendizaiaren edozein jardupidetan lehen urratsa norberarengan eta norberaren gaitasunean sinesmena edukitzea da. Hau dela eta, -aurrerago metodologiari buruz hitz egiterakoan gai hau gehiago jorratuko dugu- lehen helburua pertsonek porrot egiteko beldurra galdu eta beren ahalmena baieztatuko dien lorpen txikiak eskuratzea da. Denbora bat igaro ondoren eskolan lan egiten duten pertsona hauek beldurra edukitzen jarraitzen ba4dute, metodologia edo unibertsitateko irakaslegoaren oinarrizko planteamendua berrikusi beharko litzatekeela uste dugu.


2- Lorpen hauek norberaren esperientziei buruzko husnarketa teoriko bat egiten saiatzen garen bitartean eskuratzen joango gara. Eskolan urte ugari bizi izan arren, hezitzaile hauetariko askok ez dute hausnarketa teoriko baterako baldintza, denbora, baliabide eta abarrik eduki. Honetan hasi edo jarraitzeko aukera bat da.


3- Norberak bere esperientzia ulertu, aldatu edo honi koherentzia emateko, bere ekintzen konfiantza lortzeko eta kultura haundiago bat eskuratzeko nahitaezkoa jotzen dugu irakurketa eta analisirako aztura bereganatzea. Interesgarria izango litzateke dokumentazio, material bibliografiko eta abarren erabilpenean eta kontsultan erraztasuna lortzea.


4- Irakaslegoak eskainitako arau batzuen laguntzaz, esperientziadun pertsona sail batek talde egonkorrean hainbeste trukatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Guzti hau inguru akademikoan ahalbideratu behar dugu.


5- Ikasle hauek talde helduen arteko (lan taldeak, gurasoekin bilerak...) komunikaziorako ohitura eta erraztasuna lortzearren, gogoeta baterakoia, irakurgaien aurkezpena, ikerketa txikiak eta abar burutzea ere egokia iruditzen zaigu.





Metodologia


Prestakuntzarako denbora mugatua dela kontuan hartuz, gure programak arreta handiz landuak egon behar dute: axola zaiguna unibertsitateko irakasleriak aurkeztutako oinarrizko informazio sail bat, hots, irakaslegoarentzat beharrezkoa den ongi aukeratutako prestakuntza teorikoa, eta gogoeta eta azterketa prozesu bat aurrera eramateko ahalbideak eskaintzen da; eta ez edukien kopurua eta zabaltasuna.


Hau dela eta metodologikoki lan egiteko era desberdinak konbina ditzakegu:


1- Irakaslegoaren partehartze zuzenaren bidez, nahiz aurkeztutako dokumentazioaren irakurketa eta kontsultaren bidez, nahiz taldeko kideek lortutako informazioaren bidez, prestakuntza teorikoa eskaintzea.


2- Elkarrizketarako, irakurketen eta esperientzien azterketarako, teoria eta praktikaren alderaketarako eremu antolatuak eskaintzea.


Lehen aipatu dugu norberarengan sinesmena edukitzea ikasketarako nahitaezko baldintza dela eta konfiantza hau norberak esperimentatu behar du. Horretarako garrantzitsua da zailtasun batzuk gainditzen lagunduko dizkieten ariketa eta eztabaidak planteatzea. Lorpen txikiek oztopo handiagoak gainditzen lagunduko diete.


Begibistakoa da honek ez duela lan edo ahalegin eza suposatzen, baizik eta azken hauek era baikorrean bideratzea eta pertsonaren benetako egoeratik abiatzea.


Norberak non dagoen jakitea eta hortik abiatzea edozein prestakuntzaren oinarri da.


Hau lortzeko irakasleak lorpen txikien garrantzia ezagutuz eskolako munduari buruz elkarrizketarako jarrera agertu behar du berak baino askoz gehiago dakien taldearen aurrean.


3- Tutoritza eskaini.


Egoera pertsonala, eskolakoa, gai batean sakontzeko behar zehatzak, eta abar kontuan hartzeak eta irakasle batek bideratutako tutoretzak, ikasleari ezagutza berriak bere lan eremuan teorizatu eta aplikatzen lagunduko dion lan funtzionala burutzea ahalbideratuko dio.


Laburbilduz, zera esan dezakegu: irakaslegoa ikasleen behar eta mailara egokitzeak, saioen bilakaeran eta lanaren edo proiektu pertsonalaren zuzendaritzan planteamendu argiak edukitzeak, eta ikasleen partehartze eta ikasteko gogoak komunikazio egoki eta nahiko lorpen funtzionalak ahalbideratuko dituztela.





Ondorioa


Bukatzeko, erakunde unibertsitarioek beraien ikasleengan (batez ere urte batzuekin esperientzia iristen direnengan) eduki dezaketen eragina erlatibizatu eta dagokion neurria eman behar diegu. Ikasle hauek ongi definitutako nortasuna eta neurri handi batean beraien interes eta jarrerak baldintzatu dituzten historia eta egoera pertsonalak dauzkate.


Haatik, eta nahiz eta eragin hau erlatiboa izan, badaude benetan hezitzaileak diren eta bizitzan eta jarduera profesionalean eragina eduki dezaketen elementuak: irakasle-ikasleen arteko elkarrekintza, egokitutako oinarri teorikoen eskaintza, eskaintzen diren eredu pedagogikoak, antolaketa, eta abar, garrantzitsuak izan daitezke eta beraien zeregina bete dezakete lan giro bat sortuz, aurkikuntza berrietara eta sintesi pertsonalen eraikuntzara bultzatuz, eta abar.


Aipatu behar dugu, baita ere, ikasleria honek Irakasleen Eskolari eskaintzen diona edo eskain diezaiokeena zera dela: esperientzien kontrastasuna, teoria eta praktikaren arteko alderaketa, ikastetxeko dinamika bizirik mantenduz eta errealitate hezitzailea beraien jardueraren erreferentzia zehatza bilakatuz.