Kronika

1996-04-01
 
 
Gaztelera ala Euskara, hizkuntza gutxiagotua zein ote ?
Martxoaren 11n hasi eta lau egunez ospatu zen Leioan (B) Unescoko Linguapax nazioarteko batzordeak antolatu eta EAEko Uneskoren lagunen ekimenez, Hizkuntza Politikei buruzko Nazioarteko Mintegia. Bertan, 30 adituk hizkuntza politika desberdinak aztertu zituzten.
Linguapax UNESCOren barruan dauden estatuek bultzatutako programa bat da. Bere xedea, hezkuntza hizkuntza aniztasunean eta bakearen garapena munduan delarik.
Egoera zehatzei buruzko elkarjartze eta eztabaiden ondoren Hizkuntza politikak elkarte linguistiko bakoitzaren ezaugarri, baldintza eta testuinguruen beharrizan zehatzei erantzuteko osatu behar direla ondorioztatu zuten eta hauek kasu guztietan, hizkuntza gutxiagotu eta ama hizkuntzen babes, garapen eta erabilera eraginkorra izango dutela helburu.
Adituen arabera, hezkuntza bitartekorik garrantzitsuenetakoa litzateke zeregin honetan. Baina hizkuntza politikak komunikabideetan, administrazio publikoan eta ekonomia eta merkataritza alorrak garatu behar dira besteak beste.
Planifikazio linguistikoak prozesu demokratikoa izan behar duela azpimarratu zuten. Politika linguistiko ofizialek kontutan hartu beharko lituzkete elkarte linguistikoen helburuak erabaki politikoetan aurrikusiz eta gobernu eta minoria linguistikoen arteko elkarrekintza iraunkorra zuzpertuz.
Ez da hau izan hil honetan ospatu den biltzar bakarra, AEK-k ere "Herri ekimena bultzatuz Euskal Herria euskaldunduz" lemapean urratu bidea baloratu eta geroko lan ildoak erabaki zituen Zestoan (G) eginiko biltzarrean. Ikasle Abertzaleak (IA) kezkaturik agertzen da hezkuntza arloa ere EHk bizi duen gatazka politikoaren barruan sartua izan delako eta gai hau beste batzuren artean aztertu zuten Berriozarren (N) "Geurea eginez, egoera gaindituz" deituriko Batzarrean bildutako Ipar zein hegoaldeko gazteek.

Mintegi hau ospatzen zen aldi berean beste erakunde batek, Nazio Batuen erakundeak duen Arraza Diskriminazio Desagertarazteko batzordeak, haurrek hezkuntza bere ama hizkuntzan jasotzeko eskubidea bermatu dezan gomendatu dio Espainiako Gobernuari. Genebran egoitza nagusia duen batzorde honek gutxiengotzat hartu ditu Euskal-Herrian gazteleraz mintzatzen direnak eta "Espainiako autonomi elkarteek hezkuntzan duten autonomia zabala poztasunez onartzen badute ere, arduraz azpimarratu behar dute Kataluinia eta Euskal-Herrian gazteleraz hitz egiten dutenen seme-alabak euren ama hizkuntzan ikasteko izan ditzaketen zailtasunak". Hamaika entzutekoak jaioak gara!

Euskarazko eskabideen gorakada EAEn
EAEn aurre-matrikulazio kanpaina amaitu den honetan Hezkuntza Sailak kaleratu ditu jada kanpaina honen lehen datuak. Aipatu lehen aldiz orekatu egin dela ikasleen sarrera hezkuntza sistemara eta hamar urtetan lehen aldia da 3 urteko ikasle berrien kopuruak aurreko urtekoena gainditzen duela.
Inaxio Oliverik baieztatu du B eta D ereduetan matrikulatzeko eskariek aurten ere gora egin dutela eta bere iritziz honek argi erakusten du komunitate autonomoko biztanleriak elebiduntasunaren alde egin duen apostua.
Sareka izandako eskabideei dagokienez, heldu den ikasturterako aurrematrikulatutako ikasleriaren %45,99ak sare publikoaren aldeko aukera egin du eta %54ak berriz sare kontzertatuaren aldeko joera erakutsi du.
Ereduei dagokionez hona emaitzak sareka:
Sare publikora joango diren 3 urteko 8.284 ikasletatik %64,9ak D eredua hautatu du, %26,4ak B eta %8,7a izan da A eredua hautatu duena. Sare kontzertatuan berriz, eredu euskalduna bada nagusi ere ezberdintasunak ez dira hain nabariak. Izena eman duten 8.113 haurretatik %37,7a D ereduan arituko da, %33,5a Bn eta %28a A ereduan.
Era berean aipagarria da ere DBHn euskal ereduak jasan duen gorakada: A ereduko eskariak %0,5 gutxitu dira, B eredukoak %7,4 jaitsi diren bitartean. D ereduak berriz %7,8ko igoera izan duelarik.
Herrialdeka hauek izan dira aurre-matrikulatu diren 3 urteko haurren kopuruak: Araban 1.180 haur sare publikoan (%52,6) eta 1.064 sare kontzertatuan (%47,4). Bizkaian 4.397 sare publikoan (%50,7) eta 4.270 kontzertatuan (%49,3). Gipuzkoan berriz 2.707 publikoan (%49,3) eta 2.779 kontzertatuan (%50,7).
Gogoratu Iparraldean ez dela aurre-matrikulazioa epe jakin baten barruan egiten baizik eta urte osoan zehar eta Nafarroan berriz apirilaren erdialdetik aurrera egingo dela.

Nafarroako Vascuencearen legea aldatzear
Nafarroako Gobernuak irailean parlamentuari igorriko dion lege proposamenaren bidez Komunitate Foral osoan heziketa euskaraz bermatu nahi du, horretarako "Ley del Vascuence"an beharrezkoak izango diren aldaketak atxikituz proposamen horretan. Aldi berean Nafarroako Euskara Batzordearen osaketaren berri eman zuen. Batzorde hau euskararen alde lanean diharduten pertsona, elkarte eta instituzioek osatuko dute eta bere zeregina normalizazio linguistiko arloan eginiko egitasmoen berri emateaz gain Gobernu Batzorde Eragileari euskararen erabilpen eta zabalkundeari buruzko proposamenak egitea izango da.
Lehen pausoak eman dituzte, apirilean Nafarroan EITB ikus-entzutea ahalbideratuko duen hitzarmena sinatuko da besteren artean.