Errenteriako PAT:

1996-04-01
 
 
Noiz sortzen da eta nola garatu da Heziketa Bereziko Talde Multiprofesionala?

Hemengo taldea 1982an sortu zen. Hasieran, zentru koordinatzaile bezala funtzionatu genuen eta geroago hartuko zuen talde multiprofesionalaren itxura.

Garai hartan ume bereziak zentru berezietara bidaltzen ziren, eta gure lana ume bereziak pixkanaka nola eskolaratu bideratzea izaten zen.

Hastapen haietan gure lana diagnostikoak egitera eta irakasleen beharrei nolabait erantzutera mugatzen zen. Honela, poliki-poliki ume berezi hauek eskoletan mantentzen hasi ginen.

Geroxeago, Laguntza eta Baliabideen Zentrua sortu zen eta bertan kokatu zen gure lana, zehazki, urte pare bat beranduago gaur ezagutzen ditugun PAT hauek martxan jarri ziren arte. Eta gu egitura orokor horren barruan sartuta gaude.

Funtsean, gure eginkizuna beti bera izan da, hezkuntza premia berezia duten umeei jarraipena eta laguntza eskaintzea.



Beraz, Heziketa Bereziari buruzko filosofi aldaketa eman dela esan genezake.

Bai. Lehen haurra zela berezia pentsaten zen eta zentru berezietara eramaten zen. Diagnostiko bat egiten zitzaion eta horren arabera tratamendua, hau da, erantzun klinikoa ematen zitzaion.

Baina haur bereziek eskola arruntetan hezitzeko eskubidea zutelako alde batetik, eta ordura arteko tratamentuetan sozializazio mailan eta garapenean emaitza eskasa ematen zutelako bestetik, haur horiek ikasle arruntekin eskoletan integratzea erabaki zen.

Filosofi aldaketa gertatzen da. Gaur egun, ikastetxeak egokitu egin behar du ezaugarri desberdinetako ikasle guztiei erantzuteko. Eta honek aniztasuna eskatzen du, talde homogeneorik ez dagoela kontuan hartzea, erantzuna ahalik eta zabalena izatea. Horrela jokatuz, denei ez bada ere, ikasle gehienei behintzat erantzungo zaie.



Dena den, ikasle hauek jarraipen berezia beharko dute. Nola bideratzen da lan hori?



Ikastetxe bakoitzak bere eskaerak egiten ditu. Eskaera horiek guri bideratzen dizkigute eta guk, beharraren arabera, parte hartzen dugu. Hasteko, eskaera egin duenarekin egoten gara eta umea ikusten dugu bere ingurua ezagutzeko, zer arazo duen aztertzeko eta nolabaiteko diagnostikoa egiteko.

Behin egoera ezagututa, ikusten ditugun beharrei nola erantzun aztertzen dugu eta materiala prestatzen hasten gara



. Irakasleei prestakuntza berezirik ematen al zaie?

Ikastetxe bakoitzak bere erritmoa darama. Batzuetan hausnarketa sakona egin da eta ikastetxearen curriculumean hau guztia kontuan hartzen dute. Beste batzuetan, berriz, motelago dabiltza.

Ikasle guztien egoerak kontuan har daitezen, hau guztia zentruaren curriculumean sartu beharra dago, eta prestakuntza, helburu, eduki, ebaluazio, jarduera, metodologia etab.etan ikuspegi zabalez jokatu beharko genuke. Horren guztiaren egokitzapenean, curriculumak zer elementu jaso behar dituen hasieratik zehaztu beharra dago. Antolamendu egoki batek behar dituen baliabideak edukita, materialak nahiz giza baliabideak,gainditu egin ditzakete geroko hainbat arazo.



Hala ere, ikasle batzuk jarraipen berezia beharko dute.

Bai. Horretarako markoa "ACI" (norbanakako curriculuma) deritzana dugu. Askotan idazmakina batekin, igogailu batekin edo beste tresneria mota batekin nahikoa izan ohi da, baina beste batzuetan hori ez da nahikoa, tamalez, eta egokitzapen sakonagoak egin behar dira.

Kontuan hartu behar da, bestalde, eskolak ez dituela erantzun guztiak. Zenbaitetan ekolaz kanpo ere begiratu behar da, eskaini behar zaizkion laguntzak emateko. Horretan dihardute beste erakunde batzuk (Gautena, Arans-Gi, IBT, Aspace...) eta horiekin harreman zuzena edukitzen dugu.



DBH bukatzerakoan ume bereziek ez dituzte besteen edukiak lortuko. Nola aurrikusten da ikasle hauen jarraipena?

Irakaskuntza antolaketan, berma sozialeko moduluak garatuko direla jasotzen da. Garbi dago Heziketa Bereziko ikasleek ez dituztela DBHko edukiak menperatuko eta hauentzat planteatzen den helburu nagusia lan eta sozial mailan gizartean integratzea da.

Lan munduan sartzeko ikasketa bereziak eskainiko zaizkie19 urte arte eta lan babestuetan egokitzeko aukera bilatuko zaie.



ACI bat egiteko, ikaslearen irakasleaz gain zentru horretako gainontzeko partaideak ere proiektu kurrikularrean inplikatzea eskatzen da. Ba al dago hori guztia egiteko denbora eta inplikaziorik?

Lehendabiziko hiruhilabetean ikasle guztien ACIak prestatzen ditugu, bigarrenean ahalik eta jarraipen sakonena egiten saiatzen gara, eta hirugarrenean, hurrengo ikasturteari begira nola jarraitu daitekeen aztertzen dugu.

Horrela, irakasle bakoitzarekin hiru une hauetan harreman zuzena dugu, elkarlanean, kasu bakoitza nola bideratu aztertuz. Irakasle bakoitzarekin egoteko maiztasuna ikasle bakoitzaren egoeraren arabera erabakitzen da, batzuekin astero elkartzea komeni dela ikusten badugu, horrelaxe egiten dugu.

Dena den, azken urte hauetan asko aurreratu dela deritzagu. Gaur egun, ikastetxe bakoitzak arlo honetan bere erritmoa hartu du eta maila batean erantzuna erraztu egin da. Honek, tutoreari lana eskatzen dio, inguruko irakasle eta ikasleen inplikazioa beharrezkoa da eta hala ere, ohitura sortzen ari denez, hori guztia aurrera doa.



Laguntza berezia behar duten ikasleak beste gainontzeko ikasleekin batera gelatan aritzen dira, baina, bestalde, badaude ikasle hauekin soilik osatutako gelak. Esplika ezazue hori.

Zenbait umeri zaila egiten zaio beste ikasle arruntekin aritzea, eta kasu hauetan gela bereziak osatzea erabakitzen da. Konkretuki, bailara honetan, GAUTENAk (autistekin lana egiten duen taldea) Langaitz ikastolan gela bat du. Gautenak jarritako irakasleen bidez atentzio zuzenagoa jasotzen dute eta gela iraunkor honetako ikasleak, une konkretuetan, beste gainontzeko ikasleekin elkartzen dira. Alderantzizko esperientzia ere egin ohi da, hau da, ikasle hauek gela arruntetan aritzea, eta lan konkretutarako bere gela iraunkorrera joan behar duten orduan beste ikasle arruntekin abiatzen dira.



Laguntza emateko "Auxiliarrak" deitzen zaienak ere badaude. Zein da hauen eginkizuna?

Pertsona multzo honen inguruan badago egitura bat eta badaude hiru figura: fisioterapeuta, logopeda eta laguntzaileak. Azken hauek, laguntza fisiko berezia behar duten ikasleei laguntza eskaintzeko eskoletan kokatzen dira.



Datozen aldaketa berriekin, nola ikusten duzue zuen lanaren etorkizuna?

Gurea talde multiprofesionala denez, talde iraunkorra da eta alde horretatik jarraipena izango du gure lanak. Aldaketak izan dira eta aurrera begira ere aldaketak datoz. Dekretu berri bat kaleratzear dago eta horren inguruan guk dakiguna zera da, talde multiprofesinalek jarraipena izango dutela.



Lehen Gautena elkartea aipatu duzue. Zer harreman duzue laguntza berezia behar duten ikasleekin lana egiten duten taldeekin?

Beharraren arabera elkarlana planteatzen dugu. Ikasle bakoitzaren beharra ikusi ondoren, zentru horiekin harremanetan jartzen gara. Eta informazioa, bilerak, partehartzeak e.a. elkarrekin aztertzen ditugu.



Errespetatzen al zaio umeari bere jatorrizko hizkuntza, ala, esatebaterako, psikologoek, gaztelaniaz mintzatzen al dira?

Ez. Hori atzean geratu den zerbait da. Normalean, ikasleari bere hizkuntza errespetatzen zaio. Kasu batzuetan ikastetxearen hizkuntzan aritzen da, ikaslearen bigarren hizkuntza izanda ere, eta emaitza onak jaso izan dira.



Porrot asko eta askoren arrazoia motibazio falta izan ohi da. Beste arlo bati helduz, nola detektatzen dira adimen handiko ikasleak? Eta nola prebenitzen da arazo hau?

Guk adimen urriko kasuen parekoak bezala hartzen ditugu. Ikasle hauentzat egokiena eskola arruntean, beste ikasleekin batera egotea dela deritzagu. Aniztasunez jokatuz, eta lehen aipatu den bezala, behar diren baliabideak ezarriz, eskola berak ikasle horiek dituzten beharrei egoki erantzun diezaieketela pentsatzen dugu.



Eta halako kasuak, irakasleak berak detektatzen al ditu?

Printzipioz, bai. Dena den, guk lan egiten dugun eskualde honetan ez da honelako kasurik ezagutzen. Normalean, horren sintoma kondukta arazoa izango da, egonezina, asperraldia. Beharbada egongo dira horrelako kasuak, baina oraindik identifikatu gabe daude.

Departamentuan arazo hau zerbait landu da, baina egia esan, ez dago oso garatua oraindik.

Horren tratamendurako bi bide aztertzen dira, alde batetik ikasle horiei eduki gehiago ematea edo, logikoagoa dena, eduki berdinak izanda horiek garatuagoak, ikuspuntu desberdinetatik lantzea.

Nahiko garbi dago, kasu gehienetan behintzat, adimen handia edukiak jasotzeko orduan nabari dela, baina nortasunari eta heldutasunari dagokionez adin berekoen mailan aurkitzen direla. Hori dela eta, adin berekoekin egotea dute egokiena.



Ba al dago neurri magikorik arazoak aurrikusteko eta behar diren bezala bideratzeko?

Konponbide magikorik ez dago, baina egoerak hobetzeko har daitezkeen neurrien artean honako hauek ikusten ditugu: ikasleen taldeak urriak izatea, gure burua ongi prestatzea, eta inguruko interesatuekin talde-lanean aritzea.

Trintxerpen, droga etab.etan arazoak dituzten ikasleekin esperientzia bat burutzen ari gara. Gurekin batera, ikasleen tutoreak, udala, eta aldundiko ordezkariak elkartzen dira eta orain arte egindakoarekin oso pozik gaude. Esperientzia hau epe motzean Pasaian zabaldu nahi dugu.

Mezu bat luzatzekotan hori izango litzateke gure mezua: arazo bakoitzean nolabait inplikaturik dauden alde desberdinekin kontatu beharra dagoela, eta elkarlanak, aurrez ikusten ez diren irtenbide egokiak aurkitzen laguntzen duela.