URBE, Ainhoa; ZABALA, Juantxu: Psikomotrizitatea eta gero zer?

1996-04-01
Gaur egun hezkuntzak dituen gabeziak gainditzeko psikomotrizitatea izan da eman den irtenbidea, baina guk, Soin Hezkuntzako ikasle bezala, gure arloaren geroan pentsatu beharra dugu, eta Soin Hezkuntzari dagokion lekua eskuratzeko beste ikuspuntu batzuk landu ditugu. Gaur egungo irtenbidea prikomotrizitatea bada ere, aurrerantzean ideiak zabaldu beharko dira geroari aurre egiteko
 
 
Hezkuntza Orokorrean Soin Hezkuntzak izan duen garrantzia aztertzen badugu, berehala konturatuko gara jakintza "intelektualen" gehigarri huts bat bezala hartu izan dela denbora luzez, adimenari atseden emateko praktika bezala. Urteak aurrera joan ahala, bere garrantziaz konturatzen joan ziren, eta batez ere psikomotrizitatea agertzerakoan, Soin Hezkuntzaren beharra gorantz joan da, psikomotrizitateak egiaztatu baitu hezkuntzan ematen diren gabeziak gaindi daitezkeela berreziketa egoki batez, ezin baitugu ahaztu ondoren datorren ezagutza "intelektual" guztien oinarri ukaezina lehen urteetan objektuekin eta pertsonekin ematen den motrizitatea dela. Baina horretara mugatu behar al dugu Soin Hezkuntza? Haurraren gabezien berrezitzaile soila al da?

Gure arloaren etorkizunean pentsatu beharra dago, gure arloaren nortasuna aldarrikatu behar dugu, Soin Hezkuntzak bere helburuetan pentsatu behar du, eta ez hezkuntzak ezartzen dizkion funtzioen bideratzaile soila izan. Hezkuntza prozesua osotasun bat bezala ulertzen bada, prozesu honetan ematen diren gabeziak guztion artean gainditzen saiatu behar dugu, bakoitzak bere arlotik, baina guztion artean batera jokatuz.

Soin Hezkuntzarekin betidanik lotu izan den helburua agresibitatea bideratzea da, baina ulergarria da guztion artean agresibitate horri aurre egiten ez badiogu, ezinezkoa izango dela agresibitatea modu egokienean bideratzea. Hezkuntza prozesua osotasun bat da, hezitzaile guztientzat helburuak berdina izan behar du: haurraren garapen integrala. Garapen hau guztion lana izango da, guztiak batera, baina bakoitzak bere arlotik egin behar du lan, bere arloa prozesu osoaren zati ahaztezin bat bezala ulertuz.

Soin Hezkuntzak ere badu berea den esparrua, eta badauzka bere helburu propioak ere. Soin Hezkuntzako irakasle guztion helburua berdina da; haurra inguruneari egokitzeko gai izatea, horretarako haurrari ahalik eta esperientzia gehien eskaintzen zaizkio. Ezberdintasunak helburua lortzeko bidean ematen dira. Haurrari ahalmen eta gaitasunen garapen zabal bat eskaini ondoren, badirudi bere gaitasunen gailur bezala kirol baten praktika agertzen dela, kirol ezberdinak ematen zaizkio kirolak ezagutu eta praktika ditzan. Gure ustez kirola Soin Hezkuntzak eskaintzen dituen baliabide guztien artean atal mugatu bat besterik ez da. Jarduera fisikoen sailkapen ugari aurki daitezkeen arren, praktikaren ezaugarri neurgarri batzuk hartuz, Pierre Parlebas-ek egiten duena iruditzen zaigu egokiena. Sailkapen honek hiru ezaugarri hartzen ditu kontuan:

1. Ingurunea ezaguna den ala ez. ( I ala I )

2. Lagunak dauden ala ez. ( L ala L )

3. Aurkakoak dauden ala ez. (A ala A )

Hiru ezaugarri hauek elkar erlazionatuz, zortzi talde ezberdintzen dira.







Talde ezberdinak aztertuz gero, eskolan egiten diren praktiken gehiengoa ingurune ezagunean egiten direla konturatzen gara, hau gure printzipioen aurka doa, haurrari ahalik eta esperientzia gehien eskaini nahi badizkiogu, ulertezina baita eskolan egiten diren ia praktika guztiak leku itxi eta guztiz urbanizatu batean burutzea. Akats hau azpiegitura aldetik ulergarria izan daiteke mota honetako praktikak dakarten zailtasunengatik, baina beste praktika eskuragarriago batzuk ere galdu zaizkigu gure oroimenean, hain zuzen ere hauen berreskuratzea da lortu nahi dugun helburuetariko bat. Jolas tradizionalen berreskurapena suposatzen duten aberasgarritasun eta posibilitate guztiengatik. Aberastasun hau bikoitza da; alde batetik esperientzia motriz ezberdinak eskain diezazkigukete eta, bestalde, gure ohituren eta kulturaren adierazle diren praktiken ezagutza suposatzen du.

Pierre Parlebas-ek praktika fisikoak arauen bitartez mugaturiko sistema batzuk bezala ulertzen ditu, matematikoki eta grafikoki azal daitezkeen sistemak bezala. Praktika bat sakonki aztertzeko eta besteetatik ezberdintzeko. Sistema hau ezagutuz, objektiboki haurrek praktika horretan gaitasun motriz, erlazional eta kognitiboak ezagutu eta neur ditzakegu. Adibide gisa, berak egiten dituen grafikoetariko bat (jolaseko partaideen arteko erlazio motrizak aztertzen dituena) erabiliko dugu jolas tradizionalen aberasgarritasuna eta erabilgarritasuna adierazteko.