Irakurketaren eta idazketaren ikaste prozesuari buruzko ekarpen berriak eta ohiko metodoak

1996-04-01
Irakurketaren eta idazketaren ikaste prozesua bideratzeko, eskoletan ohikoak izan diren zenbait praktika kolokan gelditu dira hizkuntzalaritzak, psikolinguistikak eta aprendizaiaren teoriek egindako ekarpenen aurrean.
 
 
Ekarpen hauen eraginez, hainbat eskolatan proposamen berriak esperimentatzeari ekin diote eta, horiei esker, ekarpen teoriko hauek gelako praktika bihurtzeko bideak zabaltzen doaz. Bide berrien esperimentazioarekin batera, ohiko ikuspegiekin erlazionatutako zenbait praktika mantentzen dira. Hona hemen praktika hauen inguruko hausnarketa txiki bat.

Haur eskolako umeen ikaste prozesua aztertu duten ikerlariek (Emilia Ferrero, Ana Tabusky, Lontxo Oiartzabal e.a.) ikaste prozesuari buruz, honako printzipio hauek azpimarratzen dituzte:

-Beste arloetan bezala, irakurketa eta idazketa garatzeko ere, umeak aktiboak, inkisitiboak eta ikertzaileak dira eta eskolan irakurketaren eta idazketaren aprendizaia sistematikoa hasi aurretik, idazteko eta irakurtzeko estrategien inguruan haurrek hainbat hipotesi eginak izaten dituzte.

Lan hauen emaitzen aurrean, kolokan jartzen da ohikoa izen den printzipio bat: alegia, umea hutsetik hasten dela eta irakasleak eman behar diola hasiera ikaste prozesuari.

-Nahiz eta adin bereko umeak izan, irakurketaren eta idazketaren inguruan duten garapen maila oso desberdina izan daitezke.

Honen aurrean, nola jarraitu ume guztiak momentu berean egongo badira?

Testuen ulermena aztertu duten autoreek (Cartney, Frank Smith e.a.) irakurketaren izaera interaktiboa (irakurlea, testua eta helburuaren artekoa) azpimarratzen dute. Hau da, irakurleak dituen informazioak kontuan izatea eta helburua ondo ezagutzearen garrantzia. Ikuspegi honetatik kolokan jartzen dira dekodetzean oinarritutako irakurketa/idazketa ikaste prozesuak.

-Komunikazioan gertatzen diren fenomenoak aztertzen dituzten autoreek, diskurtsoen aniztasuna azpimarratzen dute, eta era berean, baita testu bakoitzaren berezitasunak ere. Egoera errealetan behar dituzten testuak arrakastaz ekoizteko, umeek berezitasun hauek ezagutu egin behar dituzte. Honek guztiak, beraz, testu anitzak erabiltzea eskatzen du.

Testuak sortzeko prozesuak aztertu dituzten autoreek, ekintza horren konplexutasuna azpimarratzen dute eta prozesu hau arrakastaz burutzeko garrantzitsuena ekoiztu nahi den testua ongi irudikatzea dela diote, hau da, ikasleak ongi jakin behar duela norentzat eta zertarako idazten duen. Idazten duenari buruz eta, aukeratu behar duen testu motaren funtzioanamenduari buruzko informazioa kontuan hartu behar da. Gauzak horrela, nola jarraitu aipatutako hiru ezaugarriak kontuan hartu gabe ikasleak ebaluatzen?

Planteatutako gaien inguruan eztabaidatzea eta esperientziak trukatzea, baliabide baliogarria izan daiteke galdera hauen guztien erantzunak argituz joateko eta irakasleak irakurketaren eta idazketaren inguruan zer eta nola erakutsi jabetzeko.