AREVALO, Jorge:
180 gradutako bira planteatzen ari gara. Gaurdaino, Batxilergoarekin (BBB) paraleloki ematen zen hezkuntza bat zen. Ikasle batek bi aukera zituen: bata, unibertsitaterako bidea hartzeko, BBB ikastea, eta bestea, bertan zegoen presia jasan ezina bazitzaion, edota profesionalizatu nahi bazuen, Lanbide Hezkuntzara (LH) joatea, hemen ere bazegoen formakuntza orokorra, hizkuntza, geografia..., presio gutxiagoko bidea har zezakeen, zuzenean lan munduan txertatzeko.
Lehen eskolaratze bikoitza zegoen, BBB ala LH, orain bakarra da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren bidez, enbor bakarra dugu hamasei urterarte. Ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Ondokoa (DBHO) daukagu. Zer gertatzen da?
Orain ere egongo dira zuzenean lan mundu sartu nahi duten ikasleak, eta planteatzen zaiguna zera da, adar bateratu batetik datozkigun ikasleak, DBHtik alegia, nola aldarazi heziketa mundutik mundu profesionalera.
Orain arte, entrepresariek gero eta garbiago esaten ziguten, Lanbide Heziketako ikasleen prestakuntzak ez ziola entrepresak behar zuenari erantzuten, lanean hasten zirenean entrepresa berak formakuntza eman behar izaten ziela. Orduan, aldaketa bat egitea pentsatu zen, entrepresek diseina zezatela egungo beharrei egokitutako Formakuntza Profesionala. Beraz, lan-talde batzuk antolatu ziren, non entrepresariak, sindikatuak eta Lanbide Eskolak zeuden. Lehenik, lan-familia desberdinetara egokitzeko beharrezko izango ziren perfil profesional batzuk zehaztu zituzten, 22 familia profesional definitu dira produkzio sektorearen arabera eta, ondoren, lan munduan zuzeneko sarrera lortzeko familia bakoitzak nolako perfila behar duen diseinatu zen. Gero, pertsonek perfil hori betetzeko nolako konpetentzia orokorrak beharko lituzketen zehaztera pasa ziren, zein eremutan mugituko liratekeen argitzera. Hau guztia definitu ondoren, bigarren lan-talde batek hartu zuen erreleboa, Hezkuntza sektoreak, produkzio sektoreak beharrak markatu zituen, bigarren talde horrek zentruen barruan behar horiek nola bete aztertu zuen, gaitasun profesionalak definitu behar genituen, gure ikasleei eman behar dizkiegunak. Laburtuz, inoiz ez zen LH diseinatzeko honelako prozesurik jarraitu.
Zer egutegiren arabera egingo da bere ezarpena?
Formakuntza Profesional berrirako egutegian, 98-99. ikasturtean, modu orokor batean Erdi Mailako Prestakuntza Zikloak ezarriko dira eta 99-2000. ikasturtean, modu orokorrean, Goi Mailako Ziklo guztiak ezarriko dira.
Norbaitek galde diezaioke bere buruari nola litekeen DBH guztiz ezarri baino lehen Prestakuntza Zikloak martxan jartzea, baina Logse Batxilergoa 97. urtean martxan jarriko denez eta, arrazoi desberdinak medio, Batxilergoaren 2. urtea egin nahi ez duen ikaslerik egongo denez, eta ikasle horiei irtenbide bat eman behar zaienez, 98-99 ikasturterako ziklo guztiak martxan jarriko ditugu.
Izango al duzue denborarik?
Bai, primeran goaz, epeak bete egingo ditugu.
Nola irits daiteke eta zeintzuk dira maila ertainetako prestakuntza zikloen ezaugarri garrantzitsuenak?
Bi era daude: DBH bukatu ondoren sar daiteke ikasle bat Maila Ertaineko prestakuntza zikloetan, DBH lortu ez duen ikasleren bat izan daiteke, honek sarrera zuzena du Hastapen Profesionalean, Gizarte Garantiako Programak deitzen diren horietan, nik izen hori erabiltzen ez badut ere, oso desegokia iruditzen baitzait. Europa mailan, prestakuntza honek, 1. mailako kualifikazioa du, Maila Ertainekoek 2. mailako kualifikazioa dute eta Goi Mailakoek 3. mailakoa. Hastapena bukatuz gero, sarbide azterketa baten bidez sar daiteke Erdi Mailako Prestakuntza Zikloetan, ez da adinik zehaztu, hemezortzi bat urte izango dituztela ordurako kalkulatzen dut nik.
Dena den, ikasleari eta familiari lasaitasuna eman behar zaio. Ez duela DBHa gainditu? Oinarrizko kualifikazio bat lor dezake Hastapen honetan, ez dugu Sistematik alboratzen eta gainera ondoren sar daiteke beste Mailetako Zikloetara. Hori azpimarratu beharra dago, horregatik diot izen ofiziala ez dudala batere gustuko, Gizarte Garantiako Programa izen horrekin edonor uxatzen baitute. Gainera Autonomi Elkartean ziklo hauek besteak bezala diseinatzen ari dira, berdin-berdin, baina maila baxuagoan, kualifikazio maila baxuagoa bilatzen baitugu.
Eta goi mailakoenak?
Hauetara sartzeko ere bi bide daude, bata Batxilergotik eta bestea Erdi Mailako Zikloetatik, sarbide froga eginez. Bada hirugarren bide bat, Unibertsitatetik datorrena. Sarrera froga bidez edozein pertsona sar daiteke, adibidez, duela hamabost urte UBI egin zuen pertsona bat.
Hiru eskaintza mota izango ditu, eskaintza arrunta batetik, Batxilergo edo DBHtik datozenentzat. Eskaintza partziala, entrepresan lanean ari direnentzat, prestakuntza zikloa gaiz gai egiteko aukera. Zera esan nahi dut, zikloak 2.000 ordu baditu, orain 100 orduko gai bati hel diezake, denbora piska batera 50 orduko beste bat, eta honela zikloa osatu bitartean, kredituen antzera; horrela etengabeko prestakuntza bultzatu nahi dugu, etorkizunerako garrantzi handia baitauka. Eta hirugarren eskaintza, gaueko txanda litzateke, badagoelako entrepresa munduan ikasten jarraitu nahi duen jenderik, baina ordutegi zehatz bat nahi due jende honek, disziplina bat, eta aukera horri erantzun beharrean aurkitzen gara.
Ehundaka prestakuntza ziklo antolatzen ari dira, nola planteatzen duzue irakaslegoaren prestakuntza?
Hiru oinarrizko kontzepturen inguruan planifikatu dugu. Batetik, irakasle guztiek pasatu beharko dute prestakuntza horretatik, eta batezbeste 350 ordukoa izango da. Prestakuntza hiru zutabetan oinarritzen da, bata LOGSE eta Hezkuntza Sistema berriaren inguruan izango litzateke, eta Prestakuntza Ziklo Berriak zer diren ulertzeko balioko luke: gaitasunak, perfilak, konpetentzia... Gerta dakiguke ikasle batek lan jakin baterako perfila ziklo osoa bukatu gabe lortzea, ziklo bakoitzaren barruan konpetentzi unitate desberdinak egongo baitira eta konpetentzi unitate horiek modulo edo gai batzuk dituzte bere baitan, agian hiru modulorekin badu konpetentzia unitate batek eta, beraz, lanean has daiteke postu jakin batean. Lehen aipatutako eskaintza partzial horretan, gerta daiteke bere enpresan lanean ari den langile batek konpetentzi unitate bat bakarrik behar izatea, eta prestakuntza ziklo horretako bi modulo lantzearekin nahikoa izatea. Hori etengabeko prestakuntza litzateke. Beraz, lehenik irakaslegoak oso ondo ulertu behar du hori, irakaslego guztiak, nahiz eta gure prestakuntza Ikastetxe publikoetara murriztuko den, gure konpetentzia horixe baita. Ikastetxe pribatuek ere prestakuntza hori eman egingo dute. Bigarren zutabea prestakuntza teknikoa litzateke, kontzepturik modernoenak beregana ditzaten. Hirugarren zutabea, berriz, irakaslegoa enpresan prestatzea da, irakaslegoak enpresa mundua ezagutu egin behar du, produkzio zikloak ezagutuz, bulego teknikoak ezagutuz... Irakasle batzuek ezagutzen badute ere, ezagutzen ez duen asko dago oraindik.
Ikasten ari diren horrek enpresa barruan nola funtzionatzen duen esplikatzen jakin behar dute.
Muntaia ikaragarria da, egia esan bai Sindikatuak eta bai Confebask laguntza handia ematen ari dira.
Nahiko eroso mugitzen ari gara, baina antolaketa izugarria da, inbertsioa ere oso handia da, hala ere aurrera eramango dugu, zalantzarik gabe.
Prestakuntza zikloetan garrantzi handia ematen al zaio enpresetan egin beharreko praktikei eskaini beharreko denborari, nola kontrolatuko diren ikusteari eta nolako babesa emango dien administrazioak jakiteari?
Prestakuntza ziklo hauetan enpresetan egin beharreko praktikei eskainiko zaien batezbesteko ordu kopurua 400ekoa da. Ikasle guztiak derrigorrez pasatuko dira, ez orain arte bezala. Hamabost mila ikasle baditugu, beste hainbeste praktika postu izan behar ditugu, baina ez orain arte bezala praktikak egiteko bakarrik, ez, entrepresak tutore bat jarriko dio ikasle bakoitzari eta guk ikastetxean beste bat, ikasleak zikloa bukatu eta enpresako praktikak bukatzen dituenean, honek esango digu ikasleak perfila betetzen duen ala ez, eta betetzen ez badu, zer falta duen ere adieraziko digu, honela, guk eskoletan hutsunea gainditzen lagundiezaiogun.
Enpresari askok primeran ulertzen dute hau, baina beste zenbaitentzat tutoritzaren ideia hau oso eskakizun gogorra da.
Honen kontrola Administraziotik eramango dugu. 95. urtean ia ikasle gehienak pasatzen ari dira enpresetatik. Gu Confebaskekin ari gara hau lantzen, baina zentruek ere bilatu behar dituzte praktiketarako postuak, batipat enpresa txikietan eta ari da bat baino gehiago horretan ere saiatzen.
DBHn eta DBHOn, ikasle guztientzat oinarrizko teknologi ezagutza batzuk planteatzen dira. Zertan oinarrituko da prestakuntza hori? Zeintzuk izan daitezke aukerako arlo edo gaiak gerora Lanbide Heziketa nahiko lukeen ikaslearentzat?
Orain arte LHra arrazoi bategatik edo besteagatik etortzen zitzaigun ikasleak ez zuen teknologiako ezagutzarik, LH egiten zuen bitartean ikasten zuen. Badago torlojo baten buruaz hitzegin eta ezer ulertzen ez duen jenderik, eta zikloetara etortzen direnean zerotik abiatuz gero, ez digu prestakuntza osoa burutzeko denborarik ematen. Horregatik oinarrizko teknologiazko arlo bat definitu dugu DBHn, ikasleak jakin dezan elektrizitate piska bat, egurraz piska bat, tornu bat zer den, krisketa bat zer den, nola funtzionatzen duen, ordenagailuaren oinarrizko ezagutza bat izan dezaten, kontzeptu horiek ezagunak izan ditzaten. Batxilergoan gauza bera behar da, baina sakonago, egituren kalkulua esplikatzen ari direnean irakaslea ez dadin ordenagailu bat nola pizten den esplikatu beharrean aurkitu. Sistema eragilea ezagutu egin behar du, RAM memoria zer den eere bai eta programa batzuetan lan egiten ere jakin behar du, testu prozesatzaile bat..., lan guztiak horren bidez egin beharko baititu. Hori guztia DBHn ikasi behar dute.
Gutxieneko oinarri bat eduki behar du ikasleak .
Aukerako gaiak direla eta, horretan ari gara, baina oso zaila da, ziklo bakoitzaren arabera erabaki behar dugu. Hasieran garrantzi handiena modalitateak izango du, zera esan nahi dut, lan tekniko bat egin nahi baduzu, derrigorrez batxilergo teknologikoa egin beharko duzula, Zientzietako Batxilergoa egin dutenei ez zaie bidea itxiko, baina saiatu beharko dugu zientzietako horrek Teknologia I eta II egin dezan. Adibidez, Injinerutza egiteko zientzietako batxilergoa ala teknologikoa ikas dezakezu, baina zuzenagoa da teknologikoa. Buruz jokatu nahi dugu, karrera bakoitzari ezin diogu ibilbide jakin bat eman, pentsa zenbat diseinatu beharko liratekeen. Orokortasun batzuk ezarri behar ditugu eta horien barruan zehaztapen batzuk egin. Gerta dakiguke Injinerutza hasi eta ez gustatzea, eta zerbait zeharo desberdina egin nahi izatea. Horregatik, modalitatearen barruan aukera zabal samar bat eskaini behar zaio;noski, kazetaritza egin nahi badu, gauza korapilatu egiten zaigu, baina, gutxienez, teknologi gaitasun horien barruan ez daitezela bi karrera eta hiru prestakuntza ziklo bakarrik egon, ahalik eta aukera zabalena diseinatu behar dugu, mundu guztiak bidea zuzentzeko edo aldatzeko eskubidea baitauka.
Zenbait ikastetxetan ematen ari dira esperimentalki LOGSE Batxilergoa? Aurrikusi al duzue ikasle hauentzako jarraipenik goi mailako prestakuntza zikloetan?
Zailtasunak ditugu Prestakuntza Zikloetara pasatzeko, gaur egun 24 Prestakuntza Ziklo bakarrik ditugu garatuta, ekainerako berrogeitik gora izango ditugu. Orduan zer gertatuko da? LOGSE ematen ari diren zentru batzuk eduki dezakete jarraipenik, ziklo jakin batzuk ematen dituztelako, baina beste ziklo batzuk ez daude prestaturik ikasi nahi dutena ikas dezaten. Lehen ere aipatu dut: lehenik, irakaslegoa prestatu behar dugu; bestetik, zehaztu beharra dago ikastetxe horretako behin betiko irakaslegoa zein izango den, ez du balio irailean Delegazioko zerrendetatik irakasleak hartzeak. Beraz, honelako zentru batek Goi Mailako Prestakuntza Zikloak emango baditu, bertako irakasgoa, jadanik horretarako prestatuta daukalako izango da.
Ez araututako prestakuntzaz hitz egin dezagun. Badira Diputazioarekin hitzarmenak dituzten prestakuntza zentru batzuk. Departamenduak ba al du akordio hauek ordu kopuruen, ordainketa motaren ordainketa motaren...arabera erregulatzeko asmorik?
Oinarrizkoa da. Hemendik aurrera zentrUak prestakuntza integralerako ikastetxean izango dira, formakuntza arautua eta arautu gabea emango da. Nola? Aurten zentru publikoetan legalki emateko baldintzak jarriko ditugu, lehen ez baitzegoen antolatuta, irakasleek konpatibilitate bat eskatu beharko dute,
gehienezko ordu kopuru bat izango dute, gehienezko soldata bat ere izango dute. Muga hori gaindituz gero, beste irakasle batzuk hartu beharko dute lan hau. Dena prest dago.
Ezer adierazi nahi al zenuke "FORCEM"i buruz? Departamenduak etengabeko prestakuntza lanbidea zentruetan txertatzeko asmorik ba al du?
Zeharo bat nator Lan Sailak Euskadin diseinaturik duen Fundazioari buruzko defentsan egin duenarekin, nire laguntza guztia du, horixe da hoberena FORCEMek ehuneko ehunean funtziona dezan. Oso garrantzitsua da etengabeko prestakuntza, oinarrizkoa, baina FORCEMa Euskaditik definitu nahi izan den modua egokiena zen, disgusto bat jaso dugu. Hau ez diat ulertzen
Aipatu gabe geratu den eta garrantzitsua izan daitekeen zerbait ...
Gustatuko litzaidake, Autonomi Elkarteak Prestakuntza Zikloei ematen dien bereiztasuna aipatzea, eskaintza bat egiten diegu. Zikloen garapen kurrikularraren % 55a MECek diseinatzen du, beste %30a guk, Hezkuntza Sailak, eta geratzen den %15a zentru bakoitzak garatzen du, bere inguru hurbilera ekartzen du, bere testuingurura egokitzen du, inguru eta herri bakoitzaren produkzio sektoreak desberdinak izan baitaitezke. Zentruak bere ikuspegitik %15a diseina dezake, hori Estatu guztian gertatzen da, baina guk KALITATEA gehitu diogu, kalitatea modulo bezala, gai bezala, eta hori Euskadin bakarrik daukagu. Autonomi Elkarte askok deitu digu hori nola diseinatu dugun jakiteko, gustatu egin zaie, gai korapilatsua da, honekiko sektore bakoitzak ideia desberdina daukalako. Guk ez dugu kalitatea produktuari begira bakarrik planteatzen, baizik eta kalitate osoaz ari gara, pertsonala, antolakuntzarena, zentruen kalitatea, irakasleriaren kalitatea... Gogoeta orokorra da. Lehenengoak izan gara pausoa ematen.
Beste arazo bat ere ukitu nahiko nuke, garrantzizkoa dela baiteritzot eta transmititu beharrekoa:
Batxilergoa bukatzen duen ikaslegoaren % 80a Unibertsitatera joaten da, ez du ezer zalantzan jartzen. Gertatzen zaiena da, eurek nahi duten karrera ezin dutela beti egin, baina horra doaz, eta % 20a bakarrik joaten da Lanbide Hezkuntzara. Zer ari da gertatzen? Ba, zoritxarrez, Unibertsitateak ezin diola ikaslego horri guztiari irtenbide laborala eskaini, eta horrek gizarte arazo bat sortzen duela, ez da hezkuntza arazoa soilik. Nola egin diezaiokegun aurre langabeziari? Zalantzarik gabe, etengabeko prestakuntzaren bidez, langabezian daudenei prestakuntza emanez, baina berebiziko garrantzia du hasierako prestakuntzak, zalantzarik gabe. Gure ikaslegoaren prestakuntzaren ondorioz lan mundura txertatzea lortzen badugu, langabezian sartzen den pertsona kopurua murriztuko dugu, baina lehenik familiak konbentzitu behar ditugu, euren seme-alabak Lanbide Prestakuntza hartzen badute, ikasketa kualifikatua jasoko dutela batetik eta giza mailan baloratutakoa izango dela bestetik jakinaraziz. Orain arteko ikuspegitik beste ikasketetarako balio ez zuena joaten zenaren ideia zegoen, garbi esan behar dugu hemendik aurrera ezetz, hori ez dela horrela izango, alternatiba bat dela, erreala. Arazo larria da. Sistemak ezin du jasan orain artekoa. Unibertsitate karrera bukatzen duen % 45a bakarrik hasten da lanean, eta horietatik hainbat eta hainbat kontratu zaborrekin gainera. Non dago konponbidea? Jendea lanean sartzeko aukera gehien eskaintzen duen esparrua Goi Mailako Prestakuntza Zikloena da. Noski, beti behar egongo da Maila ertaineko zikloetatik irtetzen diren profesionalen beharra.