IKASLAN: eremu publikoan elkarte pribatuak

1996-05-01
Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak herrialdeka elkartu dira, entitate pribatuak sortuz, enpresa eta erakundekin dituzten harremanak era honetan erraztu dituztelarik.
 
 
Zergatik eremu publikoan entitate pribatuak sortzeko beharra?

Hezkuntza Sailak, ente handia izanik, gure eskakizunei erantzuteko denbora luzea behar zuen eta gizarteak, enpresek eta abarrek erantzun dinamikoak eta azkarrak behar ditu.

Bestalde, Hezkuntza Saila alderdi politiko ezberdinetatik aldatzen denean etenak sortzen dira eta batzutan ez da beharko lukeen jarraipenik ematen. Hori gertatu zitzaigun Lanbide Hezkuntzako Eskoleentzat izendatuta zeuden 900 milioi desagertu zirenean.

Halako gertakizunek haserrea sortzen zuten eta elkarrekin antolatzearen beharra ikusi genuen.

Hezkuntza Departamenduko aholkularitza juridikoarekin aztertzen aritu ginen eta ez genuen beste posibilitaterik ikusten. Elkarketa, era egokienean. eremu pribatutik egin zitekeen, eta horrela egin genuen. Eskoletako zuzendarien artean elkartea osatu genuen, aurretik eskola bakoitzeko baimenak lortu ondoren eta eskolako ordezkari gisa sartzen ginelarik elkartean.



IKASLAN sortu zenutenetik hobekuntzarik nabarmendu al duzue?

Ikastetxearen gestioan libreago sentitzen dugu gure burua. Haseran Hezkuntza Sailan beraien proiektoaren aurka joango bagina uste bazuten ere, laister asko konturatu ziren ez zela horrela, denon funtzionamendurako egokiagoa zela guk planteatzen ari ginena eta martxan jarri dugun antolaketa mota hau.

Oraingo harremana egokia da, maiz elkar ikusten dugu eta gure proposamenak kontutan hartzen dituzte.

Antolaketa mota honek erreztu egin dizkigu Aldundi, Lan Saila, Industria, INEM, ADEGI, Sindikatu eta abarrekin ditugun harremanak. Interlokuzioa errezagoa da elkartearen izenean joanda eta ez ikastetxe bakoitza, banaka, bere aldetik jokatuz. Datozen erreforma aldaketak direla eta, nola ikusten duzue Lanbide Heziketaren etorkizuna?

Teoria mailan behintzat, oraingo baino hobea izango da. Enpresen beharrei egokitua, ikasleak espezializatuagoak irtengo dira, eta aukera handitze emango denez, ikasle bakoitzak errezagoa izango du bere gustoko espezialitatea aurkitzea. Dena den, geroak esango du.

Orain planteatzen den Lanbide Heziketak diru asko inbertitzea eskatzen du eta gauden egoera ekonomikoa ikusita ez dakigu hori posible izango den. Guk espero dugu baietz, eta egia esan oso animaturik gaude erronka berriari aurre egiteko.





IKASLAN Araba

ERDOZIA, Jose Luis

Aguraingo Lhko zuzendaria



Iaz Lanbide Heziketako institutuetako zuzendariak elkartzen hasi ginen amankomunean ditugun gaiak eta arazoak aztertu eta konponbideak bilatzeko. Honako hauek ziren hasierako bilera hartako gai amankomunak: baliabideen falta, etengabeko formakuntza eta honek sor ditzakeen baliabideen kudeaketa, Administrazioarekiko harremanak, enpresa munduarekiko harremanak eta eskola mapa.

Berehala konturatu ginen oso positiboa izan zitekeela maiz biltzea eta baita asoziatzea ere, momentuan momentuko arazo eta gaiak denon artean komentatu, aztertu, arrazionalizatu eta erantzun bateratuak eman ahal izateko.

Pentsatu eta egin, Arabako Lanbide Heziketako institutu publiko guztietako zuzendariak biltzen hasi ginen hilean behin. Guztira bederatzi ikastetxe eta 3.300 ikasleko komunitatea ordezkatzen genituen : Gazteizko Mendizabala eta Ciudad Jardin institutuak, Gamarrako Ostalaritzakoa, Zigoitiako Erainkuntzakoa, Murgiakoa, Laudiokoa, Amurriokoa, Biasterikoa eta Aguraingo Aniturri.

Honako lanbide ikasketak eskaintzen dituzte bederatzi institutuek:

-Enologia eta mahastizaintza

-Moda eta jazkigintza

-Nekazaritza eta basozaintza

-Eraikuntza

-Ostalaritza

-Enpresen administrazio eta kudeaketa.

-Estetika eta ileapaingintza

-Automozioa

-Fabrikazio mekanikoa

-Elektronika

-Grafikagintza

-Irudigintza eta soinugintza

-Makina eta sistema automatikoen mantenimendua.

Horrela bada, helburuak zehaztu eta asoziazio itxura ematekotan jarraitu genuen institutu bakoitzeko klaustro eta eskola batzordeetan ideiak aurkeztuz, guztietan inpresio ona eta aurrera egiteko asmoa azaldu zirelarik. Hauxek izan ziren markatutako helburuak, beti ere, Lanbide Heziketa herrien garapen ekonomikoan nahitaezkoa elementua dela kontuan izanik:

-Lanbide heziketa zentroen arteko koordinazioa eta politika disenatu.

-Lanbide Heziketaren gizarte mailako suspertzeari ekin.

-Lanbide Heziketako eskaintza arautua eta ez-arautua arrazionalizatu.

-Etengabeko Hezkuntzari buruzko politika bultzatu.

-Institutuko zuzendariak administrazio publiko ezberdinen aurrean ordezkatu.

-Enpresa munduko instituzioekiko harremanak bideratu.

-Lanbide Heziketa buruzko eztabaida foroa sortu.

Asoziazioaren ideia gorpuztuz joan zen, Gipuzkoako arlo berekoarekin harremanetan hasi ginenetik. Hango esperientzia arrakastatsua ezagutu ondoren, Autonomi Elkarte osora zabal zitekeela ikusi genuen eta hortxe gabiltza gaur egun, Gipuzkoa lehenik, Arabakoa ondoren eta Bizkaian noiz burutuko duten zain, IKASLAN FEDERAZIOA osatzeko asmotan.



IKASLAN Bizkaian sortu berria

ANGULO, Jose Ignacio

Bizkaiko idazkaria



Beste bi herrialdeen bidetik jarraituz, Bizkaian ere joan den hilabetean sortu da erakunde hau.

Momentuz,ia ikastetxe publiko guztiak bildu ditu bere ingurura.

Epe labur honetan zentroen inguruko datoen bilketa egiten ari dira eta lehen aldiz eskakizun bateratu bat egin diote administrazioari.

Gipuzkoan eta Araban gertatzen ari den bezala bere lana emankorra izango delakoan gaude.