Ikastea ez da hartzea

1996-05-01
Edo hobeki esateko, ez da hori bakarrik. Hori ere bada, noski; baina gaur egun ikasteaz zer aditzen den azaltzeko bada hori baino hitz egokiagorik. Honako hauek, adibidez: sortu, asmatu, eraiki, antolatu, moldatu. Hartzeaz gainera, zerbait jartzea ere eskatuko bailuke ikasteak.
 
 
Garai batean, behaviorismoa indarrean zegoenean, ikastea erantzunak bereganatzea zen, ohitura eta ohiturak hartzea. Gauzak ikusteko modu honi ezagutza psikologia edo psikologia kognitiboa deritzan ikuspegia nagusitu zitzaion. Psikologia kognitiboak, hasieran, ikasleak landu eta berea egin behar duen informazioan ipini zuen arreta. Laster eman zuen, ordea, hurrengo urratsa. Laboratorioa utzi eta bilaketa-lana ekintza gertatzen zen eszenategian egiten hasi ziren eta han ikertzaileek uste baino sortzaileago eta bere lanaren jabeago zen ikaslea aurkitu zuten. Eta horrela, azken bizpahiru hamarraldi hauetan gailendu den ikuspegiarentzat, ikaslea ez da hartzaile hutsa, esanahi-emailea baizik. Iristen zaizkion informazioen esanahia sortzen, asmatzen eta eraikitzen ahalegintzen da. Bera da bere lanaren lehenengo arduraduna eta erantzule nagusia.

Ikastea batez ere ikaslearen arazoa delako ideia hori aski sartua dago orain, teorian behintzat, irakaskuntzan dabiltzanen artean. Horren frogagarri bikain askoa aldizkari honen izena bera da: HIK HASI. Ikasi nahi baduk, hiri dagokik hastea; eta hastea bakarrik ez, noski. Izan ere, euskaraz esan ohi den bezala, "norbera dagoen lekuan Jainkoa"; hau da, gauzak bere bidetik joatea nahi bada, ez dago bertan egotea baino gauza hoberik. [Ikasleak ere, ikasi nahi badu, berak saiatu beharko du batez ere. Bertsolaritzaren munduko terminologiaz baliatuz, irakasle, ikasbide eta materialek gehienez ere gai-jartzailearen lana egin dezakete; bertsolariaren lekua eta lana ikasleari dagokio, berak behar baititu moldatu eta ondu bertsoak.]

Baina ikastea hartzea baino gehiago jartzea baldin bada, zer jarri behar du ikasleak? Gaur egun nagusi den ikuspundu honen barnean sortu eta hazitako kontzeptu batek lagunduko digu galdera honi erantzuten. Hona kontzeptua: ikaskuntza norberak arautua edo beregaineko ikaskuntza ("self-regulated learning", ingelesez). Kontzeptu honen bultzatzaileen arabera, ikastearen eragile nagusia ikasleak berak egiten dituen urratsak dira, urrats hauek era sistematikoan bideratzen baitira ikasteko helburura.

Psikologo batzuen arabera, norberak arauturiko ikaskuntzaren ezaugarri nagusia honako hau izango litzateke: ikasleak berehala aipatuko ditugun hiru ezaguera-mota ditu eta ezaguera horiek malgutasunez erabiltzeko gai da. Hona zer dakien beregaineko ikasleak: (1) ikaste-lanari eraginkorki heldu nahi bazaio estrategia batzuk erabili behar direla, ikasteko estrategiak esaten zaienak; (2) zein diren berak ikasle gisa dituen ezaugarriak eta zein burutu behar duen lanaren eskakizunaz; eta (3) arlo edo sailari buruzko ezaguera.

Dena dela, gauza hauek jakitea beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa: azken urte hauetako ikerketak hori ari dira uzten agerian. Estrategia kognitibo (aurreko lerrokadan aipatu den 3. jakite-mota) eta metakognitiboen (aurreneko bi jakite-motak) jabe izateaz gain, estrategia horiek erabiltzeko motibaturik ere egon behar dute ikasleek. Hitz gutxitan esateko, ahal izatea ez da nahikoa; nahi izatea ere beharrezkoa da. [Gauza jakina da ikertzaileek bi motibazio-mota bereizten dituztela: kanpoko motibazioa (ikasteko bultzagarri eta akuilu gisa sariak eta notak erabiltzen dira) eta barneko motibazioa (ikasi behar dena bera erakargarria eta interesgarria da ikaslearentzat). Irakasleen egitekoa da barneko motibazioa ernarazten ahalegintzea; kanpoko motibazioa erabat baztertu gabe, noski, zeren askotan barnekoa pizteko eta iratzartzeko indarra baitu.]

Merezi du, hortaz, aintzat hartzea motibatzeko prozesuan parte hartzen duten aldagaiak. Zenbait autoren arabera, norbera gidari den ikaskuntzaren motibaziozko osagaiak honako hauek dira: itxaropena, egitekoari ikasleak ematen dion balioa eta egitekoak ikaslearengan sortzen dituen emoziozko erreakzioak. Goleman-ek, Emotional Intelligence izeneko liburuan, aldagaiak honako bi hauetara biltzen ditu: itxaropena eta baikortasuna edo optimismoa. Bi hauez ariko gara ondoko lerroetan. Baina aurrera egin baino lehen, ikasleak eginkizunari ematen dion balioa ere aipatu dugunez, ez da gaizki etorriko gogoratzea joan den mendean Agustin Iturriagak horretaz idatzi zuena: "Gauzak balio du ematen zaion arreta bera".

Itxaropena "zure helburuak lortu nahi dituzula eta lortu ahal dituzula sinestea" da, Goleman-ek aipatzen duen Snyder psikologoaren arabera. Snyder-ek dionez, adimen-gaitasun baliokidea duten ikasleak beren akademi lorpenetan konparatzen direnean, esperantza da batzuk besteengandik desberdintzen dituena. Eskolan arrakasta izateko ez ezik, zeregin astun eta gogaikarrietan iraupena izateko ere mesedegarria da itxaropena. Hona hemen itxaropen handiko jendeen ezaugarri batzuk: beren buruak motibatzeko gauza dira, beren helburuak lortzen asmatuko dutela espero dute, estualdietan badakite barrena lasaitzen esanez beren artean gauzak hobetuko direla eta egiteko zail eta beldurgarriak zati txikiago eta erabilt-errazagoetan banatzeko gaitasun handia dute.

Baikortasunak zerikusi handia du itxaropenarekin. Honek bezala, hark ere ideia hau adierazten du: uste izatea, uste sendoz, norberaren bizitzan gauzak erabat hartuta ongi aterako direla. Baikortasunak, hala ere, itxaropen kontzeptuan ageri ez den alderdi hau ere adierazten du: ea bakoitzak nola esaten eta azaltzen dizkion bere buruari bere arrakastak eta bere porrotak. Zentzu honetan hartzen dute psikologoek optimismo hitza. Baikorra denak porrotaren aurrean jarrera hau hartzen du: porrota alda daitekeen zerbaitek ekarri du, beraz hurrengoan arrakasta izan dezaket. Ezkorrak, aldiz, porrotaren errua bere gain hartzen du eta bere ustez aldaezina den ezaugarri iraunkorren bati egozten dio. Esan gabe doa azalpen ezberdin hauek zerikusi handia dutela pertsona bakoitzak bizitzari erantzuten dion moduan. Eta gure gaiari lotuz, optimismoak ere, itxaropenak bezala, akademi arrakasta aurrez esateko balio du. Adimen-testek gaitasuna neurtzen dute; ondorio onak eta txarrak interpretatu eta nork bere buruari azaltzeko moduak nork etsiko duen iragartzen du.

Optimismoa eta itxaropena psikologoek nork bere eraginkortasuna ("self-efficacy") esaten dioten jarreran oinarritzen dira. Bere burua eraginkortzat daukanaren ustea da bere bizitzako gertaerak mendean dauzkala eta letozkeen eragozpen eta zailtasunak gainditzeko gai dela. Edozein gaitasun hedatu eta garatzeak nork bera eraginkorra denaren sentimena indartzea dakar. Sentimen honen eraginez, pertsonak beldurra galtzen dio arriskuari eta erronka gero eta gogorragoak bilatzen ditu. Eta erronka horiek garaitzeak, bere aldetik, norbere eraginkortasunaren sentimena gehitzea du ondorio. Jarrera honi esker, jendeak modurik hoberenean erabil ditzake bere trebetasunak.

Hauek dira ikasleak bere lanera eraman behar dituen eta lan horretan jarri behar dituen gauzetako batzuk. Irakasleek -irakasleok- badugu hor zertan saia. Izan ere, Goleman-ek psikologoen ikerketetan oinarrituz dionez, optimismoa eta itxaropena ikas liteke . Eta irakasterik ere bai, noski.