Kronika

1996-05-01
 
 
Eskola Publikoa: jaia eta...
Joan den apirilaren 21ean arrakasta handiz ospatu zen Gasteizen Eskola Publikoaren V. festa.
Mota eta gusto guztiei erantzuteko moduko ikuskizun eta emanaldiekin topo egin zuen bertara hurreratu zen jendetza ugariak eta antolatzaileak pozik agertzen ziren batik bat, aurtengo jai honetan parte hartzaileen artean jende gaztearen presentziak ezagutu duen gorakada nabarmenarekin.
Aurreko urteetan bezala jai honek Eskola Publikoa kaleratzea zuen helburu eta ospatzen den herrialdeko Guraso Elkarteen esku geratzen dira antolaketa lanak, beraz oraingoan Arabako Gurasoen Elkarteak izan dira antolatzaileak. Festa honek Hezkuntza Saila, Gasteizko Udala, merkataletxe eta Kutxa desberdinen diru-laguntza jaso zuen eta bertan Alderdi desberdinetako politikari ugarik hartu zuen parte.
Baina dena ez da jaia izan sare publikoaren baitan. Heldu den ikasturtean martxan jarriko den DBHn irakasten arituko direnen zerrenda ezagutzera eman ez bada ere, Hezkuntza Sailak hasera eman die prestakuntza ikastaro gehienei. Arlo desberdinei begira 47 ikastaro antolatu baziren ere, eskaeren arabera 41 izango dira emango direnak EHUko Didaktika departamentuko irakasleen gidaritzapean.
Bestalde, Inaxio Oliverik hizkuntz aniztasun plana ezagutzera eman zuen. Hurrengo ikasturtetik aurrera 20 zentrok parte hartuko dute plangintza honetan eta lehentasuna emango zaie B eta D eredua duten zentroei. Sailburuaren hitzetan, plangintza honen helburua "europar hizkuntzen irakaspenari erantzunik ematen ez dion Hezkuntza Sistemaren aspaldiko gabezi bati irtenbidea ematea da".

Erreibindikazioa
Batzuk entzungor egin eta normaltasun itxura eman nahi izan
bazuten ere, festarako ezik erantzun gabe dauden hainbat eskakizunetarako leku izan zen Gasteizen.
Agintariei bidera irten zitzaizkien Eskola Mapak hainbat herri txikirekin izan duen jokaerarekin ados ez dauden Aramaio, Zaldibi, Etxabarri, Berriatua, Getaria, Legorreta, Aulesti eta Ikaztegietako guraso, irakasle eta ikasleak. Azkenik eta "Eskola Txikiak, indartsu" zihoen pankarta baten atzean Hezkuntza Saila salatu zuten.
Bestalde, eta presio bide bezala, ikasturte bukaeraino asteazkenero bi orduko geldialdiak egingo dituzte eskola hauetako guraso eta ikasleek, goizeko 9etatik 11etara.

Euskara zuzpertuz Iparraldean eta aurre-matrikulazioa Nafarroan.
Iparraldeko ehundaka kultur elkarte biltzen dituen Euskal konfederazioak (EK) orain arte egindako lanak aurkeztu eta aurrerantzean jorratu beharrekoak azaldu zituen.
EK Iparraldean ospatu zen euskararen aldeko III. Batzarrean sortu zen Pizkundearen jarraipen gisa. Gaur egun eraiketa sendoa lortu du eta bere ingurura biltzen ditu besteen artean Seaska, AEK eta UEU.
Bere zereginak hiru ataletan banatu dituzte: komunikabideak, beste elkarteekin harremanak eta euskara bizitza publikoan. Iparraldean euskal irakaskuntzaren inguruan aspaldidanik ematen ari den borrokaren ondorioz batzorde hau da bere eskaerak finkatuenak dituena. Zenbait eskakizun lortu badira ere azterketak euskaraz egin ahal izateko aukera, irakaleen prestakuntzarako UEUren eskuhartzea eta euskara unibertsitatean irakaskuntza hizkuntz bezala sartzeko eskabideak ez dute erantzunik jaso oraindik.
Bestalde Nafarroan zabalik da jada 96-97 ikasturterako aurre-matrikulazioa egiteko epea. Haur Hezkuntza 4.600 ikasle berri izango direla aurrikusten da.
Aurreko urteekin alderatuz zenbait berrikuntza egin dituzte; honela zentroz aldatu nahi duten ikasleek erraztuta ikusiko dituzte bete-beharrekoak eta behar bereziak dituzten ikasleak normalizazioaren izenean prozedura berri batez eskolaratuko dira.
Era berean negoziaketetan ari dira mugan dutuzten komunitateetako Hezkuntza sailekin DBH egin behar duten ikasleek egin behar dituzten desplazamanduak murrizteko. Honen arabera Goizueta eta Beteluko ikasleek heldu den ikasturtean bere ikasketak Gipuzkoan egin ahal izango dituzte.

Hamaika albiste kultura mundutik
Euskal Herriko Idazleen XIII. Biltzarra ospatu zen Saran. Bertan, 140 idazle eta musikagile izan ziren. Biltzarraren helburua, autore eta publikoaren arteko harremanetarako aukera ematea, betez.
Elhuyarren hiztegi berria, Euskaltzandiaren arauen banaketa... baina zoritxarrez guztiak ez dira berri onak izan.
Euskal kulturaren alde zenbatezina den lana egin duen Joseba Jaka galdu dugu. Euskal irakaskuntzak, beste esparru guztiek bezala, ezagutu du Josebaren bultzada eta babesa, berari esker egi bilakatu da irakaskuntzan ere Euskal Herrian sortu eta herri honen nortasun eta izaerari erantzungo dion baliabide eta materialen sorkuntza eta banaketa. Dohakizu Joseba lerro hauetatik gure omenaldirik beroena eta gure eskerrik handiena esku artean jarri diguzun guztiagatik, bejondeizula!