Lanbide Heziketa
Une honetan, gaurko hezkuntza egituretatik sistema berrietara pasatzen ari den egoera batean gaude, hau da, Batxilergo esperimentaletik LOGSE Batxilergoetara eta Lanbide Heziketa esperimentaletik (Moduloak) behin betiko Lanbide Heziketara (Prestakuntza zikloak).
MENDIOLA, Rikardo
Tolosako LH
Lanbide Heziketari dagokionez, aldaketa egoera honetan nahasketa izugarria nabari da, zenbait sektorek aurreko Lanbide Heziketarekin batera Lanbide Heziketa guztia desagertuko dela uste baitu eta, honen ordez, Lanbide Heziketarekin zerikusi handirik ez duen "Prestakuntza zikloa" deritzon zerbait emango dela.
Erabat alderantzizkoa dugu, ordea, gaurko egoera, Lanbide Heziketa mantendu ez ezik kalitate, ordu eta prestakuntzari dagokienez hobetu ere egiten delako.
Nola geratzen da Lanbide Heziketa?
Oinarrizko Lanbide Heziketa, DBH eta Batxilergoetan emango den zenbait jakin-tzagairi esker gauzatuko da, gero Prestakuntza zikloetan emango diren jakintzgaien oinarri izango delarik.
Prestakuntza zikloak ikaslea lan munduan sar dadin beharrezkoa duen prestakuntza egokia emateko irakaskuntzan dautza. Prestakuntza ziklo bakoitzak bi urteko iraupena izango du, orohar, eta moduluz (jakintzagaiez) osatua egongo da. Irakaskuntza guztiz praktikoa izango da (Teknologi praktikak eta abar), jakintzagai amankomunak DBH eta Batxilergoetan emango baitira.
Nola eta zertarako iristen da Lanbide Heziketara?
A.- DBH bukatu ondoren bi irtenbide ditugu: Batxilergoak batetik eta Erdi Mailako Prestakuntza zikloak bestetik. Azkeneko hauek, bi urteren buruan, tekniko gisa lan mundura joan ahal izateko prestakuntza egokia eskaintzen dute.
B.- Batxilergoa amaitu ondoren beste bi irtenbide ditugu: Unibertsitatea edo Goi Mailako Prestakuntza zikloak. Azkeneko hauek, bi urteren buruan, goi mailako tekniko gisa (enkargatua) lan mundurako prestakuntza egokia eskaintzen dute.
Argiago ikusi ahal izateko begira hurrengo grafikoa:
Nola eta zein baldintzatan sartzen da prestakuntza zikloetan?
Ondoren azaltzen ditugun baldintzak orokorrak direla esan beharra dago. Badaude lan mundutik Prestakuntza zikloetara sartzeko beste bide batzuk ere, baina azterketa bat egin behar da sartu aurretik eta gutxienez 20 urte beteta eduki behar dira.
Erdi mailako Prestakuntza zikloetara DBH bukatu ondoren sar daitekeela esan dezakegu.
Goi Mailako Prestakuntza zikloetan sartzeko beharrezkoa da modalitate jakintzagai zehatz batzuen bidez dagokion ba-txilergoa bukatuta izatea.
Azken hau argiago gera dadin adibide bat jarriko dugu:
Eman dezagun Elektrika-Elektronika familiako Prestakuntza ziklo bat aukeratu nahi dugula.
Familia honek hurrengo Prestakuntza ziklo hauek ditu:
- Erregulazio sisteman eta kontrol Automatikoan goi mailako teknikoa.
- Produktu Elektronikoen Garapenean goi mailako teknikoa.
- Elektrotekniako Instalazioetan goi mailako teknikoa.
- Telekomunikazio eta Informatikako sistemetan goi mailako teknikoa.
Suposa dezagun "Instalazio Elektronikoetan goi mailako teknikoa" deituriko Prestakuntza zikloa aukeratu nahi dugula. Kasu horretan Batxilergo Zientifiko-Teknikoa aukeratu behar dugu eta hurrengo jakintzagai hauek:
1. Elektroteknia.
2. Oinarrizko Lanbide Heziketako beste zenbait eduki (Elektronika).
Euskara Lanbide Heziketan
EGUREN, Goio
(Iurretako LH)
Hego Euskal Herrian azken 15 -16 urtetan euskararen presentzia areagotu bada ere irakaskuntza ez unibertsitarioan, badugu oraindik zeri buruz erreflexionatu. Egia da epe honetan Euskal ereduek nabarmenki gora egin dutela eta 1978-79 ikasturterarte ikasketak euskaraz ia ikastolek bakarrik ematen bazituzten, orain eskola transferitu eta pribatuetan ere D eredua sartzen ari dela.
Baina ereduen kokapen hau ez da berdina herrialde batetik bestera eta herrialde bakoitzean eskualde batetik bestera. Eta orokorrean, Baskongadetako datuei begiratu besterik ez dago, D eredua Haur Hezkuntzan nagusi bada ere, OHOn erdizka, Batxilergoan lautik bat eta Lanbide Heziketan %5era mugatzen dela ikusteko.
Haur Hezkuntzan eta OHOn lau eredu mantentzea, azpimarratzeko beste berezitasun bat da. X eredua residualki bada ere mantentzen da, euskarak batzuri oraindik ere higuina sortzen dien adierazle. A ereduak ez du inondik ere ipini zitzaizkion helbururik betetzen eta B ereduak, haseran espektatiba onak sortu bazituen ere, gaur egun ez du inoren interesik asetzen. Argi eta garbi aitor genezake D ereduaren apustua dela herri honetan ikasleak elebidun bilakatzen dituen eredu bakarra.
Bestalde, Irakaskuntzaren Erreforma dela eta egitura aldaketa handi baten aurrean aurkitzen gara. Derrigorrezko Hezkuntza 16 urterarte eta Lanbide Heziketaren egitura guztiz aldatzeak, Euskalduntzean izango du eragina. Batetik, orain derrigorrezko ikasketak OHOn dute muga eta B eredua ofizialki etapa horretara mugatzen da. Erreformarekin, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) 16 urterarte luzatuko da eta B ereduarentzat kontutan hartu beharreko aldaketa izango da. Bestetik Lanbide Heziketaren diseinu berria dela eta, Titulazio berriak izango ditugu eta momentu egokia deritzogu Lanbide ikasketa horietatik, euskaraz zein, non eta noiz irakasten hasi behar diren irizpideak finkatzeko.
Azken urte hauetan egin dena ez da gutxi, baina bildurrik gabe esan genezake ikastetxe ezberdinetako irakasle euskaldunen esfortzuari esker dela eta administrazioak ikastetxeetatik planteatzen ziren eta diren iniziatibak lagundu eta babestu ordez, gehienetan oztopatu besterik ez duela egin. Lanbide Heziketa eta Moduluetako ikasketak euskaraz hain gutxi izatea ezin da justifikatu espezialitate horiek ikasten dituzten ikasle kopurua urriagoa dela esanez. Argi dago, espezialitate bat euskaraz ipintzeko eskaerari ezetza ematerakoan, euskalduntzea begi onez ikusten ez dutenek aitzakia sinpleegiak erabiltzen dituztela
Baskongadetako ikasle ez unibertsitario guztiak
Ertainetako profesio terminalak euskaraz lehentasunak
Lehen ere aipatu dugu Erreforma dela eta, irakaskuntza egitura aldaketa handi bat jasaten ari dela.
Gaur egun Ertainetako Profesio Terminalez hitz egiten dugunean hiru titulazio motaz ari gara:
* LH 1 eta LH 2, orain arteko irakaskuntza sisteman oinarrituak.
* Modulu II eta III, azken 7, 8 urtetan esperimentalki irakasten ari garenak.
* Erdi Mailako eta Goi Mailako Ziklo Formatiboak, definitiboak izango direnak eta ikastetxe bakar batzuetan datorren ikaskurtean jarriko direnak.
Baina gaur egun, Lanbide Heziketan eta Moduluetan euskaraz ikasten duten ikasle kopuruari kasu eginez, oso egoera kaxkarrean aurkitzen gara.
Ikasten ari diren Ertainetako Profesio Terminal guztietatik, ereduka ikasleak honela banatuak daude: %3 X ereduan, %92,1 A ereduan, %1,6 B ereduan eta %3,3 D ereduan.
Azken urte hauetan Administrazioaren aitzaki bat hauxe da: Erreformak aldaketa sakona suposatzen duenez Lanbide Heziketako ikasketetan ez dela logikoa ikasketa hauek euskaratzen ahalegintzea.
Era esperimentalean jarri diren Moduluetan aitzakia horrek balio badu ere, azken urte hauetan ez da intentzio handirik ikusi irakasten hasi diren Modulu berriak euskaraz ipintzeko.
Ezin dugu utzi orain arte gertatzen dena luzatzen. Ikastetxe bateko espezialitate batean, ikasleen erdiak A eredua eta beste erdiak D eredua eskatzen badute, eta denak talde batean sartzeko modua badago, Administrazioak A ereduko taldea osatzen du.
Gorago esan dugun eran, lehengo Lanbide Heziketako ikastetxeetan eta baita ere BBB-UBI irakasten den Institutuetan, Ziklo Formatibo ezberdinak (25 Familia ezberdinetako 300 Ziklo Formatibo diferente diseinatuak ditu Estatu Zentralak) jartzen joango dira. Oso une egokia deritzogu eskualde bakoitzean, euskaraz zein ziklo jartzea komeni den planifikatzen hasteko.
Eskualdeka planifikatzerakoan kontutan hartu behar diren irizpideak:
* Ikastetxe batek ikasketen eskaintza egiten duenean ezin da onartu "taldea osatzen bada euskaraz ere ipiniko da" zalantzarekin bere eskaintza botatzea. Planifikazioaren arabera, eskaintza ziurra egin behar da.
*Eskualde euskaldunetan ipintzen diren Ziklo Formatibo ezberdin guztiak euskaraz ere ipini behar dira.
*Eskualde ez hain euskaldunetan, 10 ikasleko taldea osatuz gero, eskatzen duten espezialitatea euskaraz ipintzea exigitu behar dugu.
*Zerbitzu sektorerako profesioak euskaraz ipintzea garrantzi handikoa da eta propaganda berezia egin behar da arlo horietako profesioak euskaraz ikasiak izan daitezen.
Egia da Euskaraz prestaturiko profesionalak formatzen ditugun heinean, lan mundua euskaraz bizi dadin ere saiatu beharra dagoela. Arlo honetan, lehen aipatu dugun eran, zerbitzu sektoreko zenbait profesiok lehentasuna dute, oraindik ere leihatila askotan dauden askok ez baitakite bi hitz Euskaraz erantzuten.
Euskal Herria Euskaraz bizitzen ipini nahi dugunontzat, nahitaezkoa da lanbide ezberdinak euskaraz ahalbideratzea. Badakigu Euskal Herriko Eskualde guztietan ez dela egoera berdina eta bertako euskararen egoera eta irakatsi behar diren espezialitateak kontutan izanik, bakoitzean planifikazio konkretu bat garatzea behar beharrezkoa dela
Gipuzkoa etengabe hezitzen
SANTANO, Jose Antonio
Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia eta Turismo Departamentuaren bidez Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren alorrean Gipuzkoan garatutako iharduerek honako ildo nagusi hauek jarraitu dituzte:
-Prestakuntza eta lan arteko lotura estua lortzea etengabeko prestakuntzaren eremuan behar/proposamenen arteko dialektikaren bidez elkargune bat bilatuz.
-Funtsean hasierako Lanbide Heziketako zentroetan oinarrituriko prestakuntzako erantzunak diseinatzea, iharduketa puntualen bidez egiturazko erantzuna sendotuz.
-Atenditu beharreko taldeen banaketa eta lehentasunen arabera iharduketa ezberdinak diseinatzea,horrek banaketa horietako bakoitzerako prestakuntza plan bereziak diseinatzea eskatuko duelarik.
-Ekonomia eta gizarteko agenteak etengabeko prestakuntzaren sustapenean inplikatzea eta dagokien erantzunkizun partea atxikitzea: elkar-partehartzea.
-Erakundeen arteko koordinazioa, prestakuntzako eskaintza eta dauden finantza baliabideen erabilera antolatzea bermatu ahal izateko.
-Dauden arazoen eta egin beharreko iharduketen arteko kontrastea lortuko duten Europako helburu eta arteztarauak onartzea.
Gauzatu den etengabeko prestakuntzako estrategiaren ezaugarrietako bat izan da proposaturiko helburuen eta eskuera jarritako bitartekoen arteko oreka operatiboa bilatzea. Hau da, politika zehatzak edota iharduketa bideak -Prestakuntza Programak- bestelako laguntza neurriekin batera gauzatzea (ekipamendua, hezitzaileen prestakuntza, ikasketak).
Hori dela eta, 1993ko maiatzetik aurrera esperientzia berria eta bateratua martxan jartzen da enpresarien (ADEGI, MCC eta ASLE ), sindikatuen (ELA, LAB, CCOO eta UGT) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia eta Turismo Departamentuaren artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lankidetzarekin batera, GIPUZKOAKO ETENGABEKO LANBIDE-HEZIKETARAKO ITUNDUTAKO PLANA izeneko iharduketaren bidez enpresen artean egindako azterketa sistematikoaren ondorioz antzemandako prestakuntza beharrei erantzun zuzena emateko.
Hauetxek dira gaur egungo lorpenik handienak:
a) Lanbide Prestakuntzako Ikastetxe Integralen sarea garatu eta bultzatzea (Hasierako edo oinarrizko prestakuntza: gizarte osoari zabaldua; eta lanerako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza: langabetuak/ langileak).
b) Heziketa eta lan alorren arteko hurbilketa dinamika sustatzea antzemandako prestakuntza beharren eta prestakuntza zerbitzuen eskaintzaren artean etengabeko elkarrizketa ezarriz.
c) Gizarteari etengabeko mezua zabaltzea heziketa eta etengabeko prestakuntza (bizi osoan egiten den prestakuntza) pertsonen gizarte eta lanbide mailako garapena lortzen, enpresen lehiakortasuna hobetzen eta lurralde bateko (kasu honetan Gipuzkoako) garapen ekonomiko orekatuko eredua lortzen laguntzen duen kontzeptu gisa uler dezaten.
Etengabeko lanbide prestakuntzaren alorrean lortutako emaitzen hurbiltze kuantitatiboa eginez gero, esan daiteke azken bost urte hauetan 4.000 prestakuntza saio inguru egin dira, guztira 200.000 prestakuntza ordu eginez eta 51.000 pertsonatik gora partehartuz.
Horiek horrela eta 1995eko urriaren 23ko EUROPAKO PARLAMENTUKO ETA KONTSEILUKO 2.493/95/CE ERABAKIA, 1996 urtea "Etengabeko prestakuntza eta Heziketaren Urte Europearra" izendatzen duena, kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia eta Turismo Departamentuaren bidez "GIPUZKOA ETENGABE HEZITZEN" izeneko ekimena diseinatu du, eta ondorengo moduan egituratua dago:
- Ekimen bateratua da (langileen sindikatuak, patronala, enpresariak, prestakuntza zentroak -HETEL eta IKASLANekin batera-, administrazioa),
- Gipuzkoa osoari zabalduta dago (egingo diren iharduketak zuzenduko zaizkien hiru hartzaile multzo edo talde bereizten badira ere: hezkuntza alorra, lan alorra eta gizartea orohar,
- Diseinua integrala da eta iharduketa mota ezberdinak, eta mezuaren transmisio eta ulermen printzipioak kontuan hartuta komunikazio euskarri ezberdinak biltzen ditu, eta azken batean, subjetua (Gipuzkoa: ekimen hau garatzeko konpromisua hartu duten entitateak), objetua (Gipuzkoa: aurrikusitako hiru hartzaile taldeak) eta mezua (Heziketa eta Etengabeko Prestakuntza) konbinatzen dira. Ekimen honekin hiru helburu lortu nahi dira:
1. Heziketa eta etengabeko prestakuntzarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.
2. Gipuzkoan heziketa eta etengabeko prestakuntzaren atalean dauden iharduketa alor eta dinamika ezberdinei buruzko informazioa.
3. Heziketa eta etengabeko prestakuntza kontzeptuaren garrantziari buruzko hausnarketa bateratua egitea (ekimen honetan parte hartzen duten entitateak behintzat).