Kronika

1996-06-01
 
 
Euskara Iparraldean, ametsa baino gehiago!
Hamahirugarrenean ere milaka eta milaka izan ziren Senperera hurbildu ziren euskaltzaleak Iparraldean ere babesa emateko euskarari. Urtero Seaskakoek prestatzen dituzten berrikuntzen artean, aurten "Herri Urrats" izeneko aldizkaria, hizkuntza minorizatuei buruzko erakusketa, eta zirkuitoaren luzapena kilometro batez izan dira besteak beste. Trukean, jendearen parte hartzearen hasiera nabarmena jaso dute.
Festaren arrakastak ez ditu Seaskakoak kokildu, horra hor datorren urterako asmoa: Iparraldean euskararen ofizialtasuna erdiestea.
Donibane Lohizunen berriz Ikas-Bik bere eskola publiko elebidunen X. jaia ospatu zuen. Bidasoako bi aldeetako ikasleak bildu zituen jai honetan parte hartzea aurreko urteetan baino handiagoa izan zen. Bertan, Ikas-Biko lehendakariak politikariei dei bat egin zien Iparraldeko ikastolen eta eskola publikoen arteko bateratzea bultza zezaten, familia guztiek B eta D ereduetan bere seme-alabek euskaraz hezteko aukera izan dezaten.
Eta azkenik hil honetan ere Bizkaiko ikastolek IBILALDIA ospatu zuten Meatzaldeako Trapagan. Jendeak oso erantzun ona eman zion ere festa honi eta egun batez Meatzaldearen bihotzean dagoen Trapaganeko txokoak euskaraz bete ziren, "barne barnetik".

Nafarroan D ereduak gora egin du nabarmenki
SORTZEN erakundeak Iruñerriko 40 ikastetxe publikoetako datoak jasotakoaren arabera, 3 urteko umeen aurrematrikulazioan D ereduak gora egin du nabarmen. D ereduan %41,3 (457) ikaslek eman dute izena, A ereduan %30ek (332), eta G gaztelera hutsezko ereduan %28,7 (317) ikaslek.
Iazko datoak kontutan hartuz (D ereduan %37,6, A ereduan %20, eta G ereduan %42,3), euskara hutsezko D ereduak %4ko, eta Ak
% 10eko igoera izan dutela ikus daiteke. G ereduak berriz, %14ko beherakada izan du.
Irakaskuntza publikoan euskal ereduek gora egin badute ere, ez da gauza gertatu pribatuan, dikotomia honek SORTZEN erakundea asko kezkatzen duelarik.

DBH gora eta behera EAEn
EAEn ahalegin guztiak irailean indarrean jarriko den DBHruntz zuzendurik daude. Honela, aste betez Zamudioko teknologi parkean ELKAR argitaletxeak eta Ikastolen Konfederakundeak elkar lanean prestatu duten OSTADAR egitasmo didaktikoa aurkeztu zuten III. jardunaldi pedagogikoen barruan eta bertan 250 adituk parte hartu zuten.
Konfederazioko arduradunen hitzetan euskarazko irakaskuntza gaindituz euskal heziketa du helburutzat egitasmo honek, non euskal ondare kulturala den oro bereganatu eta euskal nortasuna garatuko duen elkargo ireki, integratzaile eta nazioarteko batetik.
Eskola Publikoari dagokionez, FAPAGI, Gipuzkoako Eskola Publikoko Guraso Elkartea, beldur da heldu den ikasturteko aurrekontuaren erdia ez ote dion gutxituko Hezkuntza Sailak. Hau guztia berriki jaso duten idatzi batetik ondorioztatu dute. Sailburuak bere aldetik berehala gezurtatu ditu presakako prentsaurreko batetan uste hauek Fapagiren gaizki ulertze bat izan dela argudiatuz. Lehen aldiz Eskola Publikoak beherako joera gainditu duela gaineratu zuen eta baita ere ratioa 1,30 irakasletik 2ra pasa duela IRALErako aurrekontua eta irakasleriaren prestakuntzakoa %17a gehitu duela. Talde hau ordezkatzen duten sindikatuek bere aldetik, DBHren ezarpenerako dekretoak dakartzan aldaketak salatu zituzten.
Eskola Txikiek bere erreibindikazioekin jarraitu dute hilabete honetan. Aramaion ospatu zen Udalerri euskaldunen jaiean. Eskola Mapa salatu zuten kalejiran eta ondoren bertso batzuk bota zituzten bere helburuak lortu arte ekintzekin jarraitzeko asmoa plazaratuz. Gogoratu Eskola Txikiek bere urteroko jaia ospatuko dutela ekainaren 16an Lizartzan.

HIK HASI topaketak eta sariak
HIK HASI egin eta osatzen dugunok izan dugu zertan poztu hil honetan. 'Elkarrekin Hik Hasi" lehen topaketak erantzun eta harrera ezin hobea izan dute zuen aldetik. Egun Konstruktibismoaren ikuspegitik irakurketa-idazketa prozesua nola gauzatzen den Euskal Herrian ezagutzeko parada izan dugu zuzenean protagonisten ahotik.
Zoritxarrez zuetako askok ezin izan duzue parte hartu eskariek gure aurrikuspen guztiak gainditu baitituzte. Bertan izan zaretenoi gure eskerrik beroenak eta aukerarik izan ez duzuenoi hurrengoan guztioi erantzun ahal izateko gure konpromezua.
Albiste hau pozgarria izan bada ez da gutxiagorako izan Europako Kontseiluak eskaini digun errekonozimendu saria. Europa osoko 145 proiektuetatik 20 izan dira aukeratuak eta horietako bat gure aldizkaria izan da. Etxean oraindik gure ustez merezi dugun ezagutza lortu ez dugun arren lanean jarraitzeko animoak emateko bederen balio izan zaigu.