HETEL: Heziketa Teknikoko Elkartea

1996-06-01
HETELek euskal autonomi elkartean Lanbide Heziketan ari diren gizarte ekimenezko ikastetxe garrantzitsuenak elkartzen ditu. Bere helburua hauxe da: Euskal gizartean eta bere industri sarean sortzen diren beharrei etengabe erantzungo dien irakaskuntza eredua defendatu eta bultzatzea". HETEL, euskal industriaren hasieran eta garapenean gizarte ekimenezko lanbide heziketak izandako garrantziaz oharturik, bereizkeriarik gabeko zerbitzu demokratiko eta nornahirentzakoa eskaintzen ari da.
 
 
Hezkuntza alor honetan, HETEL gizartearen parte hartzearen aldekoa denez gero, onartezina zaigu herri baten garapen bide garrantzitsuena -HEZKUNTZA alegia- gizartearen eragietik kanpo geratzea. Honek hezkuntza erkidegoaren nahiarekin bat ez datorren eskola sistema ekarriko liguke, eta Euskal Herrian oinarri sakonak dituen ohituraren aurka joango litzateke. Beraz, gizarte parteidetza bultzatzeko asmoz sortu zen HETEL 1987an.

Eginkizuna
HETELen oinarrizko proiektua ikastetxe elkartuen ahaleginak batzea da, ekintza batasuna bere kidegoarentzat onuragarri izan daitekeen neurrian, behintzat. Honela, optimizatu edo hobeagotu egin nahi du Euskal Herrian zehar gizarte ekimenezko ikastetxeetan lanbide heziketaren arloan egiten den lan guztia.
Helburu nagusien artean, honako hauek azpimarra daitezke: bere mailako teknologi berriztapenean aintzindari izatea transmisio eta laguntza sare horizontala bultzatuz, ikastetxeetako departamenduak zerturiko lan sakona argitara emanez. Zuzendaritzakoen profesionalizazioa, etengabeko hobekuntza prosesuan gidari izateko. Ikastetxeetan berriz, Euskal Herrian murgilduta eta beronen zerbitzura daudenez, euskal nortasun eta kulturaren ezaugarriak indartzea.
Hori guztia gazteria ekimentsu eta eraikitzailearen mesedetan, egungo egituren aurrean kritiko eta berritzaile, erantzule eta solidario den gazteriaren mesedetan.
Gizarte giro ezberdin eta oparoetatik sorturiko ikastetxeak izanik, gizarte agente ezberdinen ekimena eta partaidetza sustatuko da proiektuak asmatu eta garatzeko orduan.

Baloreak
HETELek, beretzat eta beste ikastetxeentzat, jorratu nahi dituen baloreak hauexek dira:
1. Gizarte ekimenezko ikastetxea, ikastetxe proiektu bakoitzean heziketa integrala gauzatzen duena, bere eginkizunen artean jasotako baloreak sustatuz.
2. Gure ikastetxeek beregain hartzen dituzte txertaturik daudeneko herriaren kultur nortasuna eta bereizgarriak.
3. HETELen premisetariko bat proiektu komunetan ikastetxeen borondate parte hartzailea konpartitu eta sustatzea da, beste ikastetxe eta erakundeekin batera.
4. Proiektuak ez dira bere horretan helburutzat hartu behar ezta ere planteatu ere ikastegiaren onurako, gizartearen zerbitzurako baizik.
5. Ikastetxeetatik eta elkartetik bertatik jarrera aktiboa bultzatu behar da, gizarte ekimena onuragarritzat jotzen baita ikastetxearentzat berarentzat eta gizartearentzat; honetarako, gizarte-partaidetzaz osatzen diren mahaietan egon behar dugu, gure zerbitzuaren izaera irekia eta ez-diskriminatzailea aldarrikatuz.
6. Eskualdearen zerbitzura egoteak esan nahi du bertako indar biziak ikastetxe proiektuan parte hartzera bultzatu behar ditugula.
7. Aldi berean, gizarte ekimenezko ikastetxeek barne partaidetza areagotzeko konpromezua hartzen dute, honetarako bideak bilatuz, komunikazio planak gauzatuz, proiektuka lan taldeak antolatuz, eta abar.
8. Gure proiektuek etengabeko hobekuntza prozesuetan txertaturik egon behar dute, momentua momentuko gizarte itxaropenetara egokituz.
9. Halaber, gaur egun ikastetxeetan sartu beharra dago ekin eta saiatzearen kultura, ikasleengana zabaltzeko eta zerbait bizia izan dadin.
10. Ondorioz, zerbitzu publiko hau zertzen duten ikastetxeek behar hainbat baliabide izan behar dute bere esku, horrela zintzo bete ahal izateko beren eginkizuna.

Proiektuak
ETORKIZUNA DUEN TRADIZIOA
HETEL Euskal Herrian tradiziorik handiena duten erakundeen ordezkaria da. Gaur egun 17 ikastetxe biltzen ditu, eta 15.600 ikasletik gora ari dira bertan irakaskuntza arautuan eta 6.600etik gora ez arautuan.
Helburua argi du : euskal gizarteak oro har, eta bertako industri sareak zehazkiago, eskatzen duenari erantzun ahal izango dion hezkuntza eredua defendatzea eta bultzatzea.
Euskal Herrian aspaldiko tradizioak garbi frogatzen du gizarte ekimena dela herrialde honen behar edo premiei erantzuteko baliabideak eskain ditzakeen plataformarik egokiena.
Eta gaur inoiz baino gogo handiagoz berritu nahi dugu gure herriarekin dugun konpromezua, proiektu amankomun, eraginkor, integratzaile eta moderno batean parte hartuz, Euskal Herriaren aurrerakuntzarako ekinean arituz.

CERET
HETELen ustez Lanbide Heziketa behin-betiko indartu nahi bada, Teknologi Esperimentazio eta Berrikuntzarako Ikastetxe Sarea (CERET plana) sortu behar da. Honelako ikastetxe batek punta-puntan egon behar du teknologia jakin batean, teknologi arlo horretan ari diren gainerako ikastetxeen aholkulari izan dadin, baita enpresen aholkulari ere birziklatze arloan. Ikastetxe esperimentalak teknologia, didaktika eta baliabide materialak aztertu eta garatuko ditu, gainerako ikastetxeentzat heziketa plan bat ezarriz.

LOGS.E.
LOGSEk proposatzen duen sistema berrira egokitzea nahitaezkoa da HETELeko ikastetxeentzat. Gure hezkuntza ereduentzat lege honek dakarren mehatxua etorkizuna duten ekintzak garatzeko aukera bihurtu behar dugu. Horretarako beharrezkoa da egungo egoera eta gero agertuko diren beharrak aztertzea.
HETELeko sei taldeari dira lanean alor honetan, titulo berriak aztertzen zenbait ikastetxeren gidaritzapean.

Pertsonal birziklatzea
Irakasleria berreztea eta zuzendari talde profesionalak prestatzea funtsezkoak dira Lanbide Heziketa indarberritzeko. Honetarako, iharduera plan zabala eta anitza gauzatzen ari da HETEL urtez urte.

Praktikak enpresetan
Enpresetan praktikak egitea gero eta gehiago indartu, hobetu eta hobekuntza sistema berrira egokitu behar den errealitatea da gaur eguneko Lanbide Heziketan.
HETELen iritziz, lantegietako praktikek ikastetxeetan egiten den lanaren osagarri izan behar dute.
HETELeko hiru batzorde aritu dira praktika hauen egituratze lanetan eta liburu bat egin dute praktika planak errazteko.

Euskalduntzea
HETELek bere ikastetxeetan euskalduntze prozesua bultzatu nahi du, betiere prozesu honek ikastetxeen egoera soziolinguistikoa kontutan hartuko duelarik. Gaur egun ez zaio behar bezalako erantzunik ematen.
Horregatik, HETELek ahaleginak egingo ditu ikastetxeek euskalduntze proiektuak gauzatu ditzatzen.

Europa
Europa berriak mugarik gabeko lehia edo konkurrentzia ekarriko du, eta honetarako prest egon behar du Euskal Herriko Lanbide Heziketak.
HETEL zenbait ekintza prestatzen ari da Europako programa batzuen barnean.

Beste batzuk
HETELen eginkizunik garrantzitsuena bere ikastetxeen interesak defendatzea da. Horretarako, instituzioei dagokienez, Hezkuntza Sailarekin, Diputazioetako Ekonomia Departamentuekin, Industria eta Lan Sailekin harreman estuak ditu.
Erreziklaiari dagokionez, batik bat, eta beste proiektu batzuk aurrera atera ahal izateko enpresa eta sindikatu elkarteekin ere izaten ditu elkarrizketak. Gainontzeko hezkuntza sektoreekin ere biltzen da helburu horrekin.
Azken aldi honetan, Eskola Mapa dela eta Hezkuntza Sailak eskola pribatuekiko hartu duen jarrerarekin bat egiten du, beraien plangintzan ez sartzearekin hain zuzen. Gelak itundu ala ez, ituntzeko irizpide batzuk jarri ditu, muga batzuk. Hauek kontutan hartuta, ikastetxe bakoitzak bere planifikazioa egiteko eskubidea du.
Hezkuntza Teknikoaren eskaintza aberatsa da eta historia luze eta sortzailean sustraitua dago. Beroni esker gure lurraldea, gure sare industriala, indartsua izan da eta izango da.
Horretarako gizarteak berea den altxor hori bereganatu behar du.
Oraindik badugu zer esanik gauza konkretuz. Prest gaude, aurrerantzean ere, geurea dugun "Hik Hasi" aldizkarian beraiez idazteko.

HETELeko ikastetxeak
Araban hiru aurkitzen dira: Diocesanas eta Instituto Politécnico Jesús Obrero, Gasteizen. Eta Centro Municipal de FP, Laudion.
Bizkaian sei zenbatu ditugu: Escuela Salesiana San Juan Bosco eta Colegio Zabalburu, Bilbon. Politeknika Ikastegia Txorierri, Derion. Colegio San Viator, Sopuertan. San Jose LH Ikastegia-Maristak, Durangon. Eta Escuela Profesional Comarcal Lea-Artibai, Markinan.
Gipuzkoako zortziak hauek dira: Mondragón Eskola Politeknikoa, Arrasaten. E.T.E.O., Oñatin. Escuelas Legazpi, Zumarragan. Escuela Profesional Obrera, Zarautzen. Irungo La Salle, Irunen. Goierriko Lanbide Eskola, Ordizian. La Salle-Berrozpe, Andoainen. Eta Escuela Salesiana San Jose Obrero, Urnietan.