Ikasturte berriari so
Azkenean gauzatu da guztiok egonezin eta beldur pixka batekin espero genuen ikasturte hasiera. Ez ditu Nafarroan nahiz EAEn buruhauste, bilera eta eztabaida gutxi ekarri “ditxosozko” Hezkuntza Erreformak. Halere zenbait gai lotu gabe geratu direnez, egoneza eta kezkek kurtso amaieran zeuden horretan jarraitzen dute.
> EAEn berrikuntza ugari
EAEn Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloa ezarri da. OHOko 7. eta 8. mailaren ordez, DBHko lehen zikloa hasiko dute 13 eta 14 urte bitarteko haurrek. Bigarren zikloak derrigorrezko ikasketak 16 urterarte luzatuko ditu, baina hori hurrengo ikaskurtetik aurrera ezarriko da. Oraingoz, lehen zikloarekin ekin beharko. Berrikuntza guztiek gora-behera eta aldaketa suposatzen badute, ez da gutxiagorako DBHk sortu duena. Berrikuntza hauek hoberako izan ez direnaren iritzikoak ere badaude eta aurreko ikasturtean zehar hauen zergatiak hamaika aldiz entzuteko aukera izan bagenuen, ikasturte berriarekin are eta ozenago altxa dituzte euren ahotsak. Batzuk aipatzekotan euren zentroetan DBHren ezarpena ukatu zitzaien herri eskolak daude. Aulesti (B), Berriatua (B), Etxabarri (B) eta Zaldibiako (G) eskolek ikasturtea ez hastea hartu dute presio bidetzat. Neurri honek 350 ikaslerengan izan du eragina eta hauen herena da DBHko ziklokoa. Hartutako erabakiarekin tinko jarraitzeko asmoa agertu dute gurasoek euren seme-alabek ikasketak herrian bertan egiteko duten eskubidea ezagutzen ez zaien arte. Era berean, bilera bat eskatu dute Hezkuntza Sailarekin eta hauek agertzen duten jarrera itxia salatu dute. Bien bitartean, Eneko Oregi Sailburuordeak adierazitakoaren arabera, ez dituzte Eskola Maparen osotasunean eragingo lituzketen aldaketak egingo eta gaineratu du lau kasuetan ez dituztela ibilbide luzeak egin behar proposaturiko DBHko zentroetara joateko. Zintzilik geratu den beste gai bat jangela eta garraioarena izan da. Guraso Elkarte eta Sindikatuek Hezkuntzari negozia dezan eskatu diote. Gurasoek soilik otorduen menua ordaintzeko asmoa agertu dute zainketa eta beste gastuak beregan hartu gabe. Gestioa, langileria eta jangelen mantenua administrazioaren esku leudeke beraz FAPASen iritziz. Bestalde, DBHren ezarpenaren ondorioz, zenbait herritan eskola publikoa eta publifikatutako ikastolen artean elkarketak eman dira. Horren adibide ditugu, besteak beste, Urnieta, Deba, Hondarribia eta Astigarra-Martuteneko elkarketak. Beste zenbait ikastolen kasuan, ordea, publifikazio prozesua ez da hain leuna eta erraza izan. Barne tira-bira askoren ostean, ikastolak bitan banatu dira. Azken kasua Beasaingoa dugu, adostutako banaketaren ondorioz ikastola berria sortu baita.Nafarrak aurretik
Nafarroan iaz hasi ziren DBHrekin eta aurten bigarren zikloko lehen kurtsoarekin jarraituko dute. UPN Nafarroako Gobernuko buru zelarik, Hezkuntza Erreforma aurreratzea erabaki zuen eta aldaketa honen aintzindariak izan ziren. UPNko Hezkuntza arduraduna zen Javier Markotegi arduratu zen Eskola Mapa eta gainontzeko moldaketak egiteaz. Baina ondoren, PSNrekin Pedro Burillo iritsi zen eta zenbait aldaketa burutu zituen. Orain ordea, berriz Javier Markotegiren esku geratu da Hezkuntza arloa eta hasieran disenatu zuen ereduari jarraituko dio. Beraz, Eskola Mapak bere horretan jarraituko duen susmoa dago. Erabaki honek desadostasunak sortu ditu eta Erriberako zenbait herritan ikasturte hasieran EAEn hainbait eskolek hartutako neurriak ezarri dituzte. Egun batzutan ikastetxeak itxita izan ondoren ikasturteari hasiera ematea erabaki dute ekintzekin jarraituko dutela iragarriz. Bestalde, DBHko 3. mailaren ezarpen hau iaz lehen zikloak zuen arazo berdinarekin topatu da: testu libururik eza. Erreformaren aintzindariak izanik, oraindik 3. mailako materialik ez da argitaratu. EAEn ere lehen ziklorako liburuak kaleratu dira, baina ez bigarren ziklokoak. Honek izugarrizko lana eskatzen dio irakasleriari, berak bildu, moldatu, prestatu eta antolatu behar baitu materiale guztia. Denbora eta baliabide eskasiaz gain, Erreformaren norabidea finkatzeke dago oraindik, eta noraeza nabaria da errealitateari so eginez.Iparraldeko egoera
Iparraldean Erreforma aspaldi jarri zenez indarrean, eztabaidaguneak beste ildo batetik doaz. Ad: zentroen erabakitze ahalmena, Udalen parte hartzea eta azken denboretan mobilizazio ugari sortu dituena; arlo publikoak ez erantzutea orain arte bezala irakaskuntzari eta orain arteko ezaugarriak galtzeko arriskua somatzen dute pribatizazioruntz . Baina hala ere, bada arazorik: ikasturtearen atarira iritsi eta ezin ikastetxeen ateak ireki. Hazparne, Garazi, Maule eta Donapaleun eraikuntzak ezegokiak edota zaharkituak zeudenez, haurrek ezin izan zuten ikasturtea behar zen moduan hasi. Maulen eraikin berria egiteko proiektua ez zuten eskualdeko udalbatza guztiek onartu. Ondorioz, gurasoak eta Seaska beren kabuz hasi dira Sohütako eraikuntza egiten, euskarak ezin baitu itxaron dagoen egoeran. Donapaleun, bestalde, gauzak hobeto irten dira. Amikuzeko Herri Elkargoko kideak ikastola berriaren alde agertu ziren, eta Donapaleuko eraikuntza berritzeko diru laguntza lortu zuten. Berrikuntzen artean, Seaskak Baionan ireki duen Lizeoa dugu. Orain arte, Kanboko Xalbador ikastolara joaten ziren 15 urterekin, baina aurten Baionara jo beharko dute. 70 ikasle izanen dira ikasketak euskara hutsez egiten jarraituko dutenak. Kanboko kolegioan berriz, 285 ikasle arituko dira. Dena dela, Baionako Lizeoaren eraikina oraindik ez dago behar den bezala prestatuta eta amaituta eta bien bitartean, inguruko ikastetxeen zerbitzuez baliatu beharko dute hutsune horiek betetzeko. Irakasleen egoerari dagokionez, Seaskako irakasle anitz oposaketak prestatzen ari dira. Frantziako estatuan, ikastetxe publiko zein pribatuko irakasleek, guztiek, oposaketak gainditu behar dituzte. Seaskako irakasleak ere, froga hori igaro ondoren, juridikoki egoera normalizatu batean geldituko dira. Haur Eskoletan ere ez da batere egoera lasaia nabaritu ikasturte hasiera honetan. LOGSE legearen arabera, 0-3 urte bitarteko haurrek Haur Eskoletara joan beharko lukete eta ondoren Haur Hezkuntzako bigarren ziklora (3-6) pasako lirateke. Baina gauza jakina da errealitatean lege hori ez dela bere osotasunean betetzen. Ikastetxe asko dira bi urteko haurrak hartzen dituztenak eta administrazioak berak ere bide hori bultzatzen du.Tirabira hauen guztien artean, Iñaxio Oliveri Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak adierazpen batzuk egin berriak ditu publifikazio prozesuaren inguruan. Adierazpen hauen arabera, prozesua modu desegokian garatuko zatekeen eta ondorioz emaitzak ez ziratekeen aurrikusitakoak sare publikora pasa diren ikastoletan zein ikastola bezala geratu direnen artean. Publiko-pribatu erabaki horren aurrean, ikastolen autonomia zen punturik garrantzitsu eta eztabaidatuena: publifikatuek autonomia galdu eta administrazioaren esku geratzen zirelarik ikastolen berezko nortasuna galduz.
Desegokitasun hauetaz ondoriozta zitekeen administrazioak xehetasun hauek guztiak beraztertzeko joera izan zezakela. Ikasbatuaz, publifikatu diren zenbait ikastolek sortutako taldea, ildo honetan ari da lanean, sare publikoan egonik ikastolen proiektuarekin jarraitzeko asmoz.Matrikulazioa
Ezin aipatu gabe utzi matrikulazioaren inguruko datuak ikasturte hasiera honetan, eta horren inguruko ondorioak ere alde batera utzi ezinezkoak dira. EAEn lehenengo aldiz ikastetxe publikoen beheranzko joera hori eten egin da eta matrikulazio portzentaia igotzen hasi da. Orain arte, pribatuen haur portzentaia handiagoa izan ohi zen, baina hemendik aurrera gauzak alda daitezke. Aurtengo aldaketaren arrazoiak bilatzen hasita, igoera hori zein ikastetxe publikotan eman den begiratu behar da. Kontuan hartu behar da ikastolen matrikulazio datuak sare publiko eta pribatuaren artean banatzen dituela administrazioak. Eta benetan, azterketa bat merezi duen arloa da, ondorioak era egokian atera nahi baditugu. Nafarroari dagokionez, hiru ikastetxe mota dauzkagu hizkuntzaren aldetik. Ikastoletan dena euskaraz irakasten da, pribatuetan ia osorik gaztelaniaz eta publikoetan bietara. Azken hauetan ematen ari den euskalduntze prozesua benetan txalogarria da, garapen handia ezagutzen ari da eta esfortzu horren emaitzak ere ikusten dira. Herrialde osoko ikasleak kontutan hartuta euskaraz (D ereduan)ari direnen portzentaiak hauek lirateke: DBHn 1673 (%14,18) LHn 6042 (%18,97) Haur H. 3260 (%23,84)Bizkaia eta Araban ere antzeko fenomenoa gertatzen ari da. Ikastetxe publikoetan euskalduntzearen garapenak erritmo handia darama. Herrialde hauetan pribatuak ere aurrerapausoak ematen ari dira, baina oraindik ere erritmo baju samarrean.
Iparraldean, jakina denez, euskara hutsezko irakaskuntza eskaintzen duen bakarra SEASKA da. Aurtengo ikasturtean gainera, iazko ikasle kopurua %7an handitu du. Lehen Mailan 70 haur gehiago matrikulatu dira aurten; 549 Ama Ikastolan eta 635 Lehen Mailan. Kolegioan 285 hasi dira, iaz baino 30 gehiago, eta Baionako Lizeo berrian 70 bilduko dira, iazko kopurua baino bi gehiago. Bestalde, irakaskuntza elebiduna ikastetxe publiko zein pribatuetan gauzatzen da. Pribatuen kasuan 66 ikastetxetatik 22tan, lau Kolegiotan eta Lizeo batean ematen da, guztira 845 ikasle direlarik. Ikastetxe publikoen kasuan haur kopurua handiagoa da. Haur Eskola eta Lehen mailan 1.721 haur matrikulatu dira, Kolegioan 193 eta Donibane Lohitzuneko Lizeoan 19. Ikas-Bik adierazitakoaren arabera, matrikula kopurua asko igo da iaztik eta adar elebidunean euskarazko ordu kopuru gehiago sartzen saiatuko dira. Era berean, aipatu sare pribatuan irakaskuntza elebiduna bultzatzen duen “Euskal haziak” elkarteari aurtengo diru laguntza ukatu diola Pirinio Atlantikoko departamenduak. Ikas-Bi elkartekoak Parisen izan dira hezkuntza publikoan heziketa elebidunaz diharduen 1995eko apirileko ministeritza aginduak nola aplikatuko diren aztertzeko. Bayrou Hezkuntza Nazionaleko ministroaren akordioak aplikatzeko agertu dituzten zailtasunak salatu zituzten. Arazoak dituzte ama-eskola eta lehen mailako erakasleen prestakuntzarekin, ez baitizkiete inongo erraztasunik ematen. Bestalde, zailtasunak dituzte euskararen irakaskuntza jarraitzeko kolegiotan. Lizeoari dagokionez, berri onak jaso zituzten, baieztatu baitiete klase elebidunen zabalpena eta bretoiek bretoieraz azterketa gainditzeko izan duten aukera Euskal Herrira ere heda daitekeela adierazi baizitzaien.