XIMENEZ MAIA, Josu: Irakaskuntza eta informatika uztartzen

1996-08-01

Hezkuntza sistema ororen helburu nagusietako bat belaunaldi berrien prestakuntza integralean datza. Azken urte hauetan teknologia informatikoak izandako garapen itzelaren aurrean, irakaskuntzan dihardugunok ezin ditugu begiak itxi eta besoak gurutzaturik gelditu.

 
 

Hezkuntza Sistemari informatika lagungarri izan dakiokeela ukatzea eguneroko errealitateari uko egitea litzateke, edota egun jadanik hartuta daukan garrantziari jaramonik ez egitea, jakinda ere etorkizun hurbilak are garapen eta posibilitate handiagoak ere ekarriko dizkigula. Begien aurrean dugun potentzialitate bat ukatzea litzateke, eta gizartearen eskakizunei muzin egitea.

Beti ere, aurreko honi zehaztapen txiki bat egin beharrean nago; etorkizun hurbilak dakarrena dakarrela, gaur egun dagoeneko eskuragarri dugunaz baliatu behar dugu, hurrengo prozesadore belaunaldi zoragarri berria noiz agertuko zai ezin baikara gelditu.
Hezkuntza Erreformak, besteak beste, hein handi edo txikiago batetan bitarteko didaktikoen berrikuntza dakarkigu eta izatez, informatikak jadanik eskaintzen dituen baliabide berriek betiko hezkuntza sistemaren aldaketa eragin, eragiten eta eraginen dute.
Lerro hauek idazten ari naizen herrialdean, Nafarroa Garaian, hainbat eta hainbat ikastola, eskola eta bereziki Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe, azken urteotan ordenagailu berri eta ahaltsu berriez hornitu dira (zenbait kasutan ez nolanahikoak, gainera, Multimedia eta guzti), 286 mikroprozesadoreak edota disko gogorrik ere ez duten beste ordenagailu zaharkitu batzuekin informatika gela konpartitzen dutenak. Zoritxarrez berrikuntza hauek ez dira ikastetxe guztietara ailegatu, eta bereziki herri txikietako eskoletara. Hauetan ordenagailu arrunt batek laguntza handia suposa lezake.
Teknologiak garatzen dituen aurrerakuntzak dakarzkigun posibilitateen berri izan behar dugu irakasleok, ikas-garapen prozesurako erabilgarri diratekeen bitarteko berri hauek lagungarri gerta dakizkigukeen heinean.
Egia aitortzeko, oraindik orain eta tamalez, ikastetxeetan kultura informatiko finkorik ez dago eta euskarri zein baliabide teknologiko berriak ezartzeko zailtasun mota bi dira nagusi: alde batetik, arazo ekonomikoa eta bestetik, arlo honi dagokion irakasleriaren formazio maila urria.
Gure irakaskide askotxo, oraindik ere ordenagailu batek zanpart egin behar ez ote duen beldur da. Sorgin traste” horiek ez dute “kosk egiten” batzuek hori uste badute ere.
Ikastetxe askotan ordenagailuen erabilpena irakasle konkretu batzuen informatika zaletasunari lotuta egoten da. Baina ikastetxeko irakaslego osoaren ezagupenik gabe, nekez lortuko dugu baliabide berri hauen integrazio zuzena eguneroko programazioetan, eta orohar, irakaslego osoak ez dio etekinik aterako baliabide berriari.
Irakaskide batzuei teknologiaren erabilpena ez omen zaie interesatzen eta ulertzen ez duten tresna berria den ordenagailuaz baliatzea ez zaie otu ere egiten. Ulertzen ez dutenez gero, ez dute argi ikusten eguneroko lana hobetzeko erabilgarria gerta dakiekeenik.
Ezagutzen ez denarekiko beldur hori uxatu behar da. Bideoari beldur izatea bezalakoxea da; bideoa ez da panazea, baina batzuetan kontestuan ongi txertaturiko erabilpenetan lagungarria da oso; dena erabilpen zuzenean datza, zeren bideoarekin gerta dakigukeen legez, ordenagailuaren erabilpen zuzena ala erabilpen okerra egin daiteke.

Argi eta garbi gera bedi bitartekoak baizik ez direla; panazearik ez digu ordenagailuak ekarriko. Bitarteko bat da, eta beraz, irakaslearen lanaren osagarri baino ez, ez baitute inola ere irakaslearen zeregina ordezkatzen.

Unitate didaktiko bakoitzean finkaturiko helburuak, edukiak eta prozeduren arabera, baliabide honetaz edo besteaz baliatuko gara. Hots, beharrizanen arabera beti.
Ikasleak behar ez badu, ez digu balioko munduko ordenagailu multimedia hoberena izanda ere. Edozein baliabideren erabilpenak (ordenagailua, liburua, gardenkia...) programazioan ongi txertaturiko eta erroturikoa behar du izan. Argi eta garbi zehaztu behar da baliabide horren funtzioa, erabiltzeko une aproposa den edo ez, eta nola neurtu jarritako helburuak bete direnentz, hots, zer, nola, noiz eta zertarako.
Horretarako irakasleak unitate didaktikoaren programazioa egiterakoan kontutan hartuko ditu, besteak beste, honako aldagai hauek:
- Zer nolako baliabideak ditugun. Alferrik da liburu interaktibo zoragarri bat dinosauruen bizitzari buruzko adierazpena osatzeko gogoan izatea, CD-ROM irakurgailurik ez badugu eskolan.
- Ez genuke ordenagailua erabiltze hutsarengatik erabili beharko, aldez aurretik berarekin zer lortu nahi dugun ez baldin badakigu eta Unitate Didaktikoarekin zein lotura duen ez baldin badakigu. Ordenagailua erabiltzea ez zaigu helburu bilakatu behar. Ordenagailua tresna da, ez gehiagorik ezta gutxiagorik ere.
- Baliabide berriaren erakargarritasunak ez gaitu itsutu behar. Dagokion maiztasunaz erabili behar da, ikaslearen arreta gaitasunaren arabera.

Curriculumean txertaturikoa izan behar da, eguneroko eskola lanari atxikitua, egunerokoarekin uztartua.

Teknologia hementxe dugu; irakasleok eskuragarri dela ikusi behar dugu zeren informatika ezinbesteko kode berria bilakatu baita. Hortaz, teknologia informatikoak egiten duen apustuaren aurrean gogoz erantzun beharrean gaude, dituen posibilitate berritzaile izugarriak aintzat harturik.
Etorkizun hurbilari begira ihardun behar dugu, etorkizuneko belaunaldiak hezitzeko ardura guregan baitugu eta urte gutxi batzuen buruan informatika ibiltzen ez dakitenak analfabeto funtzional berriak izanen direlakoz.