JOANES ETXEBERRI eskola, Lezo: Ekologia tailerra, ikasleekin natura ezagutzen

1996-08-01

Eskola honetako Ekologia Tailerra 1991ko urrian sortu zen eta orduz geroztik ehun neska-mutil inguru igaro dira bertatik. Ekologia arloko heziketa bat ematea izan da bere helburua, bai haurrei eta baita helduei ere.

 
 

Ekologia Tailer honek helburu nagusiak bitan banatu zituen hasiera-hasieratik. Batetik, helduak zein gazteak naturarekin ditugun loturak lantzea eta sendotzea. Eta bestetik, norberak egin dezakeenaz ohartzea.

Lehenengo helburu hori lortzeko gizakiak ingurunearekin dituen harremanak era praktiko batean ikusten saiatzen dira. Horretarako, ikastetxe inguruko elementuak aztertzen dituzte: landaretza, ekologia, geologia, morfologia... Behaketa honen ondorioz ohartzen da jendea ingurunearen egoera tamalgarriaz: erreketen kutsadura eta arazoak, zabortegiak, autobia... Tailerreko arduradunen ustez, eraso ekologiko larriak dira eta ezin dira aipatu gabe utzi, hori baita neska-mutikoek errealitatean bizi beharko dutena.
Bestalde, norberak naturaren alde egin dezakeena ikusteko, eguneroko ohituretatik hasi eta jarrera aktiboak bultzatzen saiatzen da Ekologia Tailerra. Errealitate honetan bakoitzak zer egin dezakeen ikusi eta praktikan jartzen saiatzen dira, parte hartze zuzena landuz.
Hasieran 8.mailako haurrekin hasi ziren, baina 6. eta 7. mailakoekin ere aritu dira geroztik. Gaur egun 6. mailan finkatu dira eta ikastetxeko jarduera bat gehiago da. Irakasleekin batera 6. mailako edukiak aztertu eta maila horretan egin daitezkeen aktibitateak zehaztuak dituzte Tailerreko arduradunek. Horrela, astean ordu eta erdiko saioa burutzen dute gela bakoitzarekin.
Ekologiaren inguruan aktibitate ezberdinak egiten dituzte. Esaterako, ikastetxe ondoan lur-eremu bat lantzen dute hazitoki gisa. Ondoren, han sortutako landareak ikastetxe inguruan birlandatzen dituzte. Honela, arlo desberdinak ikutzen dituzte: zuhaitz eta landareen ugalketa-mota ezberdinak, lur prestaketak, ongarritzeak, zainketak, landareen prozesu osoa, birlandaketak... Prozesu eta aldaketa guztiak gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du esperientzia honek.
Bestalde, gai desberdinak lantzen dituzte, eta orain arte finkatutakoak bi dira: zaborra eta ura/errekak. Zaborraren inguruan berrerabilpena, bereizketa, birziklaketa... eta antzeko kontzeptuak azaltzen dira. Horrekin batera, ikastetxe inguruan eta lantzen diren lur eremuetan zabor bilketak burutzen dira. Ura/erreka gaiaren inguruan ibaien sorrera eta ibilbidea aztertzen dira, itsasoratu arteko bide horretako urbazterrak, fauna eta florarekin batera. Erreka inguruko kalteak ere ez dira ahazten: isurketak, estalketak, suntsiketak...
Honekin guztiarekin batera, irteerak ere sarritan egin dira, beti ere gai batekin lotuta. Tartekatuz joku didaktiko batzuen bidez naturaren sarea eta elkarrenganako loturak erakusten saiatzen dira. Irteera bereziak ere eginak dituzte: bizikletaz, garraio mota hau erabiltzeko bidegorrian zehar. Eta oinez Jaizkibel mendira, kobazuloetara, kostaldera...
Materialari dagokionez urteetan zehar osatzen joan dira jasotako dirulaguntzak direla medio. Egun, ikastetxean osatuta dago gutxienezko tresneria. Hau osatzeko material didaktikoa ere badute. Diapositibak, liburuak... erabiltzen dituzte jokoak osatzeko edota egindako lanak azaltzeko.
Urte hauetako lana baloratzerakoan, Lezoko Ekologia Tailerrak argi ikusten du heziketa beharrezkoa dela bai heldu eta bai gazteentzat. Emaitza onak lortzeko astean ordu eta erdiko saioa laburra dela diote. Baina hala ere, egindako lanak eragina badu eta zer edo zer bereganatzen dute haurrek. Hazia ereinda dago, baina eguneroko jarreran eta bizimoduan uztatu behar dira, horrek baitu benetako indarra.
Ingurugiro heziketak instituzioak aurpegia zuritzeko adabaki bat ez duela izan behar diote taldekideek. Ez dela soilik “papera” bete behar, zerbait serioagoa eta errealagoa izan behar duela. Zuhaitz bat landatzeak laguntzen du, baina honek ez du dagoen arazoa konpontzen aldi berean beste berrogei bota badira. Atzerakada horri aurre egiteko konpromezu serioagoa behar da denon aldetik; instituzio, irakasle eta ikasleen aldetik.
Talde hau aurrera jarraitzeko asmotan dago, gero eta gai gehiago landuz eta hezkuntza arloko beste edozeinekin harremanetan jarriz.