SAN FERMIN eta FRANCISCO DE JASO ikastolak, Iruñea: DBHren ezarpena

1996-08-01

Hastear dagoen ikasturte honetan estreinatuko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza EAEko eskoletan. Nafarroan iaz ekin zioten eredu berri honi, eta urtebeteko esperientzia izan dute. Ez zen erraza izan, hasiera guztiak bezala, baina aurrera atera dira. Zamudioko III. Jardunaldi Pedagogikoetan Iruñeko San Fermin Ikastolako Joxean Gabilondo eta Francisco de Jaso ikastolako Xabier Arrizibita zuzendariek esperientzia honi buruzko balorazioa egin zuten. Beraiekin egoteko aukera izan genuen, eta baita iritziak jasotzekoa ere.

 
 

> Eredurik gabe eta euskal munduan lehenak izanik, nola bizi izan duzue Nafarroako ikastolek DBHren ezarpena?

XABIER- Aintzindariak izan garenez, ez dugu izan beste inoren esperientziaren laguntzarik. Egia esan, gauza handirik jakin gabe sartu ginen etapa berri honetan. Material didaktikorik ere ez dugu izan. Aurten 3. mailaren ezarpenarekin arazo berdina topatuko dugu, eta hurrengo urtean 4. mailarekin.

Zergatik uste duzue Nafarroan lehenago eman dela aldaketa?

XABIER- Ez dugu arrazoia ezagutzen, azken finean erreforma sortu eta bultzatu ez zutenek aurrera eraman dute Nafarroan. Ausarkeria izan dela esango genuke, ez zuten behar bezala baloratu etapa berri honek zekartzana.

Euskararen antolaketa nola geratu da eredu berri honetan?

JOXEAN- Egia esan, DBHren antolaketa erdal ereduan oinarrituta egin zuten. Ordutegia G ereduan (dena erdaraz) pentsatuz egin zuten eta ondoren D eredurako moldaketa bat asmatu zuen administrazioak. Honi zera gehitu behar zaio: Nafar Gobernuak prestatutako ordutegi antolaketa erabat itxia dela eta dagoen bezala aplikatu behar dela.
Esandako guztiaren ondorio nagusia zera da; D ereduko ikastetxetan, aukerako gaiak eskaintzeko ordu bat besterik ez dagoela eta gainera, beste zenbait gai orduz murriztuak gelditu direla.
XABIER- Argi dago erdal eredurako diseinatu zutela dena.

Eta zein egoeratan gelditu dira Nafarroako ikastolak?

XABIER- Lehenengo ikasturtean ez dugu jakin gure egoeraren berri. Nafarroako Ikastetxe Pribatuen sarean sartzen gaituzte, baina gure mapa eskolarra ez dugu ezagutzen. Gainera, askotan administrazioak lagundu beharrean aurkako jarrera hartu du. Orain arte berak betetzen ez zituen hutsune batzuk betetzen genituen. Baina orain, Eskola Publikoan hutsuneak daudenez, soberan gaude. Egoera ez da batere garbia.

Ikastetxe publikoekin konparatuz, erratio desberdintasunik ba al daukazue?

XABIER- Ez dauka zentzurik publikoekin konparatzeak, Elkartean bertan ere ezberdintasunak baitaude. Hala ere, publikoek 2 inguruko erratioa daukaten bitartean, guk 1,38koa daukagu. Berez parlamentuak 1,25eko ratioa onartu zuen, baina gero 0,13 hori gehitzen digute aniztasunaren trataera nolabait bermatzeko. Hala ere, orain ez dakigu berdin jarraituko dugun hala ez, erratioa gutxituko diguten edota aniztasuna nola bideratuko duten. Argi dago administrazioan ez direla gauzak behar bezala planifikatu eta halako aldaketek lasaitasuna eta planifikazioa behar dute.

Zein da topatu duzuen arazorik handiena?

XABIER- Niretzat erreforma egin den momentua. Izan ere, ez da unerik egokiena izan ez politikoki eta ez ekonomikoki. Aurrekontuak murrizten ari dira eta gastuak arrazionalizatzeko joera dago. Eta horrelako erreforma batek hasieran “desaogo” bat eskatzen du. Gaizki hasi ginen, eta gainera, lehenengo urtetik gutxiago gastatu behar zela esanez, handik eta hemendik dirua kendu digute. Honek zalantzak sortu besterik ez du egin.
Hezkuntza kalitatean eraginik izan al du honek guztiak?
Egoera honetan, “hezkuntza kalitatea” espresio bat besterik ez dela esango nuke. Hezkuntza kalitateak gutxienez lasaitasun giro batean lan egitea eskatzen du, eta horrelakorik ez dugu sumatu. Mapa eskolarra ezagutu gabe egin behar ditugu prestaketak. Bestalde, ekonomikoki daukagun urritasunari arazo demografikoak gehitu behar dizkiogu. Ikaslegoa gutxitzen ari da, eta administrazioak apustu garbi bat egin du Hezkuntza Publikoaren alde. Ikastolen etorkizuna era kezkagarrian aurkitzen da.

Orduan, zer eginik ez dago?

JOXEAN- Bai, bai, noski badagoela. Aurreko urtetako lana ez da alferrikakoa izan. Azken hiru urte hauetan irakasleriak oso serio hartu du ikastola guztietan erreforma hau. Lan handia egin da prestakuntzan, nahiz eta aipatutako arazoak egon (baliabide eza, laguntza eskasa...). Ilusio handiz ari da irakasleria.
XABIER- Erreformak elementu aprobetxagarriak ere baditu, eta administrazioarekiko lehia horretan ez dugu gure indarra galdu behar. Zoritxarrez beharrezkoak ditugu bere laguntza, atentzioa eta baliabideak, baina horrez gain, gure lana eta irudimenarekin gauza asko ari gara aurrera ateratzen. Gure zentroak antolatu, egokitu, gai berriak sartu... hori dena egin dugu. Hobetu beharreko hainbat gauza ere baditugu eta denbora beharko dugu. Baina lege eta etapa berri honek eskatzen dituen gauza berriak betetzen ari gara.

Ikastolen artean harremanik izan al duzue prozesu honetan?

JOXEAN- Bai, nahiko koordinatuak ibili gara. Nafarroako Ikastoletan oso egoera desberdinak ematen dira, baina hala ere bakoitzak bere lana oso ondo bete du, eta gogoz gainera. Zailtasunak badaude, eta batik bat administrazioaren aldetik. Baina egia esan, dagoeneko ohituta gaude, eta aurrera egin behar da. Orain arte ere gure lanari esker atera gara aurrera. Baina beti horrela ibili beharra oso mingarria da, gure lanak ez baitu errekonozimendurik jasotzen.

Administrazioari zerbait eskertzekorik ba al duzue, orduan?

JOXEAN- Bai, erreformarako aukera hau ematea. Hori da eskertzeko dugun gauza bakarra. Erreforma honek Ikastola guztietan lehendik genuen gogo iraunkor hori pizteko balio izan du. Gauzak berritzen joateko duzun gogo hori urteen ondorioz gutxitzen joaten da, eta honek bultzada berri bat eman digu.
XABIER- Erru guztiak beti kanpoan ez daudenez, geure autokritika egiteko une aproposa izango da, barruko ausnarketa bat gauzak hobetzeko asmoz. Pena da horrelakoetan administrazioaren laguntza eta aholkua izan beharrean oztopo bihurtzea. Baina beno, ohituta gaude eta hori ere noizbait aldatuko den esperantzan gaude.