URRETXU-ZUMARRAGA ikastola eta TERRASAKO eskola publikoa: Elkatrukea, harremanak bideratuz
Lehen Hezkuntzan begi onez ikusten genuela adieraziz, gurasoei helarazi genien proposamena. Gurasoen oniritzia beharrezkoa zen, kanpoko ikasleak beren etxeetara etorriko baitziren.
Alde guztien adostasuna lortu ondoren, lan pedagogikoari ekin genion. Aukera ezberdinak aztertu eta helburuak finkatzea izan ziren hurrengo egitekoak.
Finkatu genituen helburuak:
- Giza zientzietako curriculuma osatu gurea ez den beste errealitate nazional bat ezagutuz geografia, historia eta hizkuntza ikuspegitik.
- Bi herrialdeetako ikasleei nork bere herriko kultura eta nortasunaren ezaugarrietan sakontzeko aukera eskaini.
- Eskola bakoitzak bere hizkuntza (euskara eta katalana) izanik, elkarrekin komunikatzeko gaztelerak duen garrantzia baloratu.
- Era berean, espresio idatzia landu eskutitzen bitartez elkarren arteko komunikazioa bultzatuz.
- Bi ingurune ezberdinetako haurrak beraienak ez diren etxeetan elkartuz, ikuspegi zabalagoa izateko aukera eskaini, kultura, familia eta pertsonal mailan.
Hasiera:
Martxoaren 30etik apirilaren 3ra bitartean Urretxu-Zumarragako ikastolako 6. mailako guraso-ikasle eta irakasleok Bartzelonako Terrassako La Roda ikastetxeko 6. mailako ikasle eta irakasleak izan ditugu gure etxeetan.
Ikasle kopurua desberdina denez, ikasle gehienek lagun bana izan dute etxean, eta hiru neskek bina. Hara joandakoan, berriz, mutil batzuk bina hartuko dituzte.
Aurretik egindako lana:
- Gelako aurkezpena
Kontuan izanik elkartrukea eskolen artekoa dela, taldeko aurkezpenari eman genion lehentasuna norbanakoa gerorako utziz.
Ikasleek, gelaka, euren artean eztabaidatu ondoren, lehen aurkezpena egiteko modurik egokiena zein zen erabaki zuten: murala.
- Bakarkako aurkezpena bideoa erabiliz
Iaz gure ikastolakoek bidalitako bideoan ikastola eta bi herrietako agerpena egina zutenez, gu ikasleen aurkezpenean zentratu ginen.
Bideo honetan ikasle bakoitzak bere aurkezpen pertsonala egiten zuen, aurretik prestatutako gidoitxo batean oinarrituz: izen abizenak, familiaren datuak, zaletasunak, datu bitxiak...
Bideo hau ikasleei eta gurasoei erakutsi zitzaien, Terrassakoek bidali zigutenarekin batera.
- Irakasleak Zaragozan
Gabonetako oporretan bi ikastetxeetako irakasleok Zaragozan elkartu ginen, gure bizilekuen erdibidean.
Bilera honen helburua elkartrukea nork norekin burutuko zuen erabakitzea izan zen. Ikasleen arteko elkarketa erabakitzeko garaian ahalik eta baldintza gehien kontuan hartzen saiatu ginen (izaera, zaletasunak...) elkartrukea arraskatatsua suerta zedin.
- Bakarkako harremana eskutitzen bidez
Bakoitzak bere laguna izango zenaren izena ezagutu bezain pronto idazteari ekin zion.
Aktibitate honek helburu zehatzak zituen:
- Elkartrukean parte hartu behar zuten ikasleen afektibitatea eta elkarrezagutza lortzeko bideak jarri, norberak izandako esperientzi,a pasabide, nahiak... elkarri azalduz.
- Norberak bizi duen inguruko berri ezagutarazi.
- ...
Hainbat lan
Bien bitartean irakasleok elkartrukea gauzatuko zen asterako programaren prestaketan murgildu ginen. Hala nola, aurrez egin beharreko kontaktuak: udalak, kutxak, Getariako arrantzale kofradia... Irteera bakoitzerako materiala prestatu, informazioa eskaini eta ikusitakoaren osagarri modura ariketa sorta landu genituen.
Egitaraua:
Martxoak 30, astelehena.
Arratsaldean ONGI ETORRIA egin zitzaien. Ikastolako zuzendariaren hitzei jarraiki ohorezko aurreskua eskaini zitzaien. Ondoren, denek irrikitan itxaroten zuten unea iritsi zen: bakoitza lagunarekin elkartu, eta segidan, bakoitzaren etxerako bidea hartu.
Martxoak 31, asteartea.
ESKUALDEA EZAGUTZEN.
Goizez: Legazpiko Mirandaola burdinola, Brinkolako Igaralde errota eta gaztagintza, Telleriarteko Erreizabal baserrian.
Arratsaldez: Urretxuko Fosilen eta Mineralen museoan bisita gidatua.
Apirilak 1, asteazkena.
KOSTALDEA EZAGUTZEN: Getaria, Zarautz eta Donostia.
Urola ibaiaren bidea jarraituz Zumaia pasa eta Getarira iritsi ginen. Bertan, hiru toki desberdin genituen aztertzeko: Juan Sebastian Elkano, San Salvador eliza eta Arrantza portua. Zarautzen, berriz, marearen gorabeherak (Mediterraneoan nekez ikus daitezke eta). Bukatzeko, Donostian hirian barna autobus ibilalditxo bat egin ondoren "Haizeen orrazia (Peine de los vientos)" eta Igeldotik badia ikusteko parada izan genuen.
Apirilak 2, osteguna.
GURE HERRIAK EZAGUTZEN: URRETXU ETA ZUMARRAGA.
Herri bakoitzeko alkateak ongi etorria eman zigun, bakoitzak bere udaletxean.
Urretxuko artxibozainak herriko historiaren momentu garrantzitsuenak ezagutarazi zizkigun eta bertako seme den Joxe Mari Iparragirreren berri jaso genuen teknikari baten eskutik.
Zumarragako artxibozaina, berriz, herriko pertsonaia ospetsuenari buruz, Migel Lopez de Legazpi, aritu zitzaigun. Ondoren, Legazpiren jaiotetxea den dorretxea ikusi genuen.
Arratsean, gurasoek antolatutako ekitaldia: jokoak eta despedida afaria. Bukaera emateko, ikasle bakoitzari elkartruke honen oroigarri bana eman zitzaion.
Apirilak 3, ostirala.
AGURRA. Goizeko 9etan, azken agurra eta Terrassarako itzulera.
Balorazioa
Behin ikasle trukearen lehen zatia burutu ondoren, eta esperientzia honen balorazioa egiteko asmoz, galdeketa bat pasa genien ikasleei eta beste bat gurasoei. Hauek izan dira jasotako emaitzak.
Ikasleak
Lehen zati honetan %91ak ondo edota oso ondo pasa duela azaldu du eta etxean egokitutako lagunarekin harreman ona edo oso ona izan duela.
Proportzioan, erlazio txarra edo erdipurdikoa izan dutenak oso gutxi izan dira. Horretarako arrazoiak, izakera desberdinetakoak izatea eta gonbidatua bere lagunekin joateagatik elkarrekin nahi baino denbora gutxiago egon izana izan dira nagusiki.
Klase ordutan jarraitutako egitarauari dagokionez, gehiengoak ontzat eman du.
ZER GEHITUKO ZENUKE? galdetu eta "ezer ez" eta "jolasteko denbora gehiago edo denbora libre gehiago" izan dira erantzun nagusiak.
ZER KENDUKO ZENUKE? galdetuta, berriz, "ezer ere ez" erantzun du %44,2ak. Gainontzekoak oso erantzun desberdinak izan dira.
Fotokopiatuta banatutako material osagarria (informazioa + ariketak) %92,30ari egokia iruditu zaio eta etxean egin beharreko ariketak lan handirik gabe eta erraz burutu dituela esan du.
Oso positibotzat jo dute ikasleek eguneko egitaraua bukatu ondoren beraiek egin dutena. Gure herriak nahiko txikiak izanik, ikasleak kalera irten eta elkarrekin ibiltzen edo jolasten ohituta daude. Eta hori izan da, hain zuzen ere, Terrassakoek ere gure ikasleekin batera hemen egin izan ahal dutena: futbolean jokatu, hainbat jolasetan aritu eta kalean ibili.
Ikasleek egindako hainbat balorazio:
-Ondo pasatu dut, baina ez da beste munduko ezer izan.
-Oso ondo pasatu dut nire lagun berriarekin eta ez dut ikastolara joan beharrik izan.
-Hasieran ez nuen etortzerik nahi, oso urduri nengoen; baina orain oso lasai nago eta asko gustatu zait elkartrukea.
-Elkartrukea asko gustatu zait jende asko ezagutu dudalako.
-Espero nuen baino askoz hobeto pasa dut Terrassako lagunekin eta hara joateko lasaiago nago.
-Hasieran ideia ez zitzaidan oso ondo iruditu; baina orain hara joateko gogo handia dut.
-Oso ondo pasa dut. Nire etxera etorri dena oso atsegina izan da. Hara joateko gogo izugarriak ditut, bere familia eta herria ezagutzeko batez ere.
-Lehengo aldiz ikusi nuenean ez nuen inongo gogorik; orain gogo handiak ditut, baina bidaiak kezkatzen nau.
-Hasieran ez nuen gogo handirik, baina ezagutu ondoren bai; oso ondo pasatu dut astea.
-Oso ondo pasa dut hemen egon diren bitartean, oso jatorrak dira eta ongi konpondu naiz beraiekin. Joateko desiatzen nago.
-Hasieran planak ez zidan grazi handirik egin. Gutunak bidaltzen genituen heinean gustatzen joan zitzaidan.
-Hasiera batean ez nuen gogo handirik eta ezagutu nituenean gogo handia sartu zitzaidan jarraitzeko.
-Hasieran ez nuen hara joan nahi gaizki atera zitekeelako, baina orain animatu naiz elkartrukea positiboa izan delako.
-Hasieran ez nuen gogo handirik, baina eskutitzak idazten hasi ginenean poz handia hartu nuen. Etorri ondoren oso ongi pasatu dut nire lagunarekin eta orain gogo handia dut Terrassara joateko.
-Elkartrukea proposatu zigutenean ez nengoen oso gogotsu. Ekintza aurrera zihoan bitartean geroz eta gogo handiago izan nuen eta orain gogo handiz nago hara joateko.
-Beraiek etorri direnean oso ongi pasatu dut, asko dibertitu naiz. Joateko gogo handia daukat.
-Hasieran ez nekien nola ibiliko ginen baina idazten hasi ginenean desberdin ikusi nuen. Nire antzeko gustuak zituela konturatu nintzen eta hona etortzean horrela gertatu da. Ongi pasatu dut.
Gurasoak
Hauek dira gurasoei egin genizkien lehen hiru galderak:
-Ikasle trukea izan aurretik, nola sentitzen zineten proiektu honen aurrean?
-Zein da lehen atal honi buruz egiten duzuen balorazioa?
-Zer deritzozue ikastolak proiektu honekin jarraitzeari buruz?
Lehen galderari gurasoen %76,92ak gogotsu sentitzen zirela erantzun dio, %1,92ak gogorik gabe eta %21,15ak ez bata eta ez bestea.
Bigarren galderari, izandako esperientzia ona edo oso ona izan dela erantzun dio %90ak, erdipurdikoa %8ak eta txarra %2ak.
Ikastolak proiektu honekin jarraitzeari dagokionez, %82,69ak proiektu ona dela eta baietz erantzun du, %15,38ak proiektua ona izan arren ez duela beharrezkoa ikusten eta % 1,92a ez da proiektuarekin jarraitzekoaren alde agertu.
Esperientzia honek zein alde on eta zein txar ekarri dien galdetuta, guztiak oso baikor agertu dira, %80ak ez du ezer txarrik ikusi. Zerbait aipatu dutenek, berriz:
-Lan orduak aldatu behar izatea ikasleak "zaindu" ahal izateko.
-Lanagatik denbora gutxiago ikasleen segimendua egiteko.
-Ikasleei ezer gertatzearen beldurra edo kezka (medikatu beharra zutenekin).
-Ikasleak ongi ez konpontzearen kasuan, astunegia egitea etxean edukitzea.
Gurasoak bat etorri dira aurrera eramandako programa baloratzerakoan, guztiei ona edo oso ona iruditu zaielarik. Era berean, gehiengo handi batek oso positibotzat jo ditu azken eguneko jokoak eta afari-merienda, gurasoen arteko harremanak sendotzeko ere balio izan duela gehituz.
Proiektuari zer gehitu edo kenduko lieketen galdetuta, %78ak ezer ere ez erantzun du. Zerbait aipatzen dutenek egonaldia luzatzea esaten dute, ikasleei egun bat edo asteburu bat familiarekin egoteko eskainiz.
Hainbat azalpen:
- Oso ondo moldatu gara etxean. Lehengusu batekin aste batean, hobeto esango nuke.
- Ez du lan handia suposatu etxean, eta etxeko guztientzako oso esperientzia polita izan da.
- Beti da atsegina lagun berriak egitea.
- Giro handiagoa egon da etxean.
- Aberasgarria izan da beste herrialde bateko pertsona batekin hitz egitea eta harremanak izatea.
- Geure semea bakarra izanik, gustura gaude nola jokatu duen ikusita.
- Nire semeak joan behar duenerako ziurrago sentitzen naiz bere portaeraz.
- Nolako haurra tokatuko zaizun ez dakizunez, beti ematen du kezka nola moldatuko zaren, are gehiago lanera joan behar baduzu.
- Arduraduna sentitzen zara, ez duzu ezer gertatzerik nahi.
- Nahiz eta denontzako lana izan, merezi du.
Irakasleon balorazioa
Iazkoen esperientzia baliagarria izan zaigu aurtengo lana burutzerakoan. Dena den, ordu askotako lana da. Izan ere, eguneroko martxa eta lanaz gain egin behar baita.
Ikasleak oso gustura ikusi ditugu. Une honetan ondo konpondu ez diren kasu gutxi horiek nola bideratu aztertzen ari gara, hara joandakoan egonaldia denei ondo joan dakiekeen.
Proiektu honekin aurrera jarraitzeko estimagarria da gurasoek azaldu duten gogoa eta eskaini duten laguntza.
Terrassako irakasleak gure etxeetan eduki ditugu eta oso interesgarria izan da sortu den harremana.
Irakasle bezala, berriz, oso ondo ulertu dugu elkar (irizpide beretsuak baikenituen) eta asko ikasi dugula uste dugu.