Brasil: Brasilen ere pobreziak kolore beltza du

1998-10-01
Oiartzungo Udalaren laguntzaz, Hegoamerikatik barrena egindako bidaiarekin jarraituz, Brasilgo Porto Alegre hiriko Udala ttikien hezkuntzari zer-nolako erantzuna ematen ari den ezagutzera joan ginen.
 
 
Porto Alegre, Rio Grande do Sul estatuko hiriburua da. Brasilgo Hego-ekialdean kokatzen da Argentina eta Uruguayekin muga eginez. Hiriak 1.263.2391 biztanle ditu, biztanleriaren %40a 13 eta 39 urte bitarteko adinean kokatzen delarik.

Udala ezkerreko Langileen Alderdiaren (PT) esku dago. Beraien egitasmoa hiritarren gestioa eta partehartze zuzena bultzatzea izanik, hainbat arlotan jarri dituzte lanean urtetan antolatu dituzten herritar koadro guztiak. Demokrazia zuzena ezarri nahi dute langile-klasearekin duten identitate politikoa gauzatuz.

Baztertuekiko konpromezua ere ez dute ahaztu eta zonalde pobreetara, txabolen asentamentuetara, errepideak irekitzea izan zen eginiko lehen ekintzetako bat. Modu honetan, hiriarekin komunikatzeko aukera jarri zieten, lehen ez zutena, eta bizitza marginaletik ateratzeko bideak errazten saiatzen ari dira. Irakaskuntza izango dute apustu handienetako bat.

Porto Alegreko udalak Irakaskuntza Sare propioa du. Haur Hezkuntzatik 2. gradu arterainoko eskolak jasotzen ditu, tartean helduen alfabetatze egitura osoa antolatua duelarik. Escola Cidada izenez ezagutzen da Udal administrazioaren barruan hezkuntzako errealitatea ordezkatzen duen egitura.

Escola Cidada honi partehartze demokratikoa ematen zaio, bere politika sei zutabetan oinarritzen delarik:

- Gestio demokratikoa

- Gizarte pedagogia

- Disziplinarteko ezagutza

- Planteamendu partehartzailea

- Etengabeko formakuntza

- Soldata duinak

1989. urtean, hau da, Administrazio Popularra agintean jartzen denean (dagoeneko 3. legealdian daude) hasten dira hainbat programa martxan jartzen. Bata 1. eta 2. mailako 82 udal eskoletan Konstruktibismoa lantzea izango dugu. Emaitzak begibistakoak izan ziren. Eskola galtze tasa 3 urtetan 7 puntu jeitsi zen, eskola gainditzen zutenak, aldiz, 11,3 igo eta errendimendu orokorra 5,84 puntu igo zen.

Beste programa, langileei zuzendutako Gazte eta Helduen Hezkuntza Zerbitzua izan zen, lantegietan, eskoletan, elkartetan eta zentro komunitario ezberdinetan garatzen hasi dena. Porto Alegrek 56.000 pertsona ditu alfabetatu beharrak. Egun 2.500 langilek hartzen dute parte eta programa berdinean integratu nahi dituzte beste 2OO meninos de rua edo kaleko haur ere.

Gure gisara Hezkuntza Erreforma egina dute eta ildo berdinetik doazenez, Haur Hezkuntzari buruzko aldaketak (filosofikoak behintzat) oso garrantzitsuak izan dira.

Porto Alegreko udalak 33 Haur Eskola ditu eta 100 creches komunitario hitzartuak. Honez gain, baditu beste 23 eskolaurre Lehen Hezkuntzako eskoletan integraturik. Joaten den haur kopurua 10.000koa dela diote eta gaur egun 0-3 urteko adinetan eskolatzera iritsi direnak %30.

Haur Eskola guztiek funtzionamenduzko egitura berdina dute: zuzendari bat, irakasleak, begiraleak eta sukaldari eta garbitzaileak. 0-6 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte (derrigorrezko heziketa 7 urterekin hasten da). Maisu-maistrak 4 orduko lanaldia dute, goizez edo arratsaldez, eta gainontzeko orduak begiraleek osatzen dituzte. Badago udal aholkularitza zerbitzua ere, koordinatzaile pedagogikoak eskualdeka antolatuta daudelarik.

Irakasleen formakuntzari garrantzi handia ematen diote. Zainketa hutsaren kontzeptua gainditu nahi dute, Haur Eskoletako jarduerari heziketa zentzu handiagoa ezartzeko. Irakasle gehienek ez dute formakuntzarik eta honetan Unibertsitatea setsibilizatua azaltzen da. Beraiek diotenez 80ko harmarkadaz geroztik daude kezkaturik haur ttikien hezkuntzarekin eta nahiko kritiko azaldu ziren erreformarekin, alegia, zalantzan jarriz bertan egiten den eskola planteamenduak zenbateraino erantzun ahal izango dien haur ttikien premiei.

Gure bisitetan gauza ezberdinak jaso ahal izan genituen. Alde batetik garbi ikusi genuen udalaren nolabaiteko kezka eta konpromezua. Kalitatearekin sentsibilizatuta, eraikuntza onekin eta pertsonal kopuruz ongi (gehiegi ere esango nuke nik)2 hornituak topatu genituen zonalde marginatuetako udal Haur Eskolak. Erreformaren ildoko filosofian txertatzea falta zaie, ordea, horretan nahiko hastapenetan ikusi baikenituen bertako irakasleak. Hala eta guztiz ere, hitzartuak okerrago ikusi genituen. Bien arteko aldea ikaragarria zen maila guztietan: ratioan, espazio-eraikuntzan, zeregin hezitzailean... Premia handiegiak begi bistan. Ezberdintasun handiegiak.

Nire ikuspuntutik ez nintzateke bat etorriko unibertsitatekoen zalantzarekin. Ikusitakoak ikusi ondoren, "eskola" kutsu gehixeagoren beharrean daudela uste dut eta beraien egoeran, denbora eta neke handiena emango dien arloa irakasleen formakuntza eta jarduera aldaketa izango dela. Baliabide materialak errazago jartzen dira, sentsibilitate politikoa dagoenean behintzat.

Udal Haur Eskola hauez gain, beste eskola pribatuak ikusi genituen. Eskola aurrerakoiak filosofia eta pedagogia aldetik begiratuta, baina era berean eliteko eskolak, aberatsentzat egindako eskolak, eskola garestiak3. Haur ttikiekin hasitako eskolak dira, haurrak handitu ahala goruntz doazenak eta momentu honetan 2-8 urtetara zuzentzen direnak. Piaget, Freinet, Emilia Ferreiro, Konstruktibismoa, Natura, Ekologia, gurasoen partehartzea... dena zegoen present. Diruak aurpegi polita du, baina ez da hau Porto Alegreko bisitak erakutsi zidana. Eskola hauetan ez nuen koloredun haur bat bakarra ere topatu, pobreen eskoletan orokorra zena. Hori da Porto Alegren ezagutu nuen errealitate tristea, Brasilen ere pobreziak kolore beltza duela.

1 Porto Alegre. Prefeiture Municipal de POA, 1994.

2 0-6 urteko 120 haur. Sukaldean bost sukaldari bi gune ezberdinetan: 0-2 urtekoen janaria prestatzeko eta 2-6 urtekoena prestatzeko. Guztira 38 pertsona bertan.

3 Lanaldi erdiagatik 300$ ordaintzen dute. Kontu izan lansari minimoa 130$tan dagoela.