31: Eskola berriaren gorpuzketan ezinbestekoa den herritartasunari ekin zaio

1998-10-01
 
 
Itxaropena.

Hau da euskal gizartean heda-tzen ari den sen-timentua. Ikaste-txeetako hizkuntz normalizazioaren plana, Euskararen Kontseilua, ba-tasun sindikala, Lizarrako ituna, su-etena... arrazoi ederrak itxaropen sortzaileak izateko.

Euskal herritarren arteko zatiketari eta horrek generamatzan amildegi bideari muzin eginez, batasunean eta elkarlanean eraikuntza lanari heldu nahi zaio. Gainera, adierazpen askatasuna ozen aldarrikatzen ari da.

HIK HASIk aurreko zenbakietan adierazi izan duen bezala, kontrajarritako bi indar ezagutzen ditugu aspaldi. Alde batetik, antolaketa erdikoien ezarpena; eta bestetik, herritarrok sustatutako eraikuntza.

Honek guztiak bere ondorio zuzena du Euskal Hezkuntzan. Euskara eta Euskal Kulturaren ezarpenean, Hezkuntza Sistemaren antolaketan, diruaren banaketan, zentroen erabakitze ahalmenean, langileen prestakuntzan, klaustroen egonkortasunean, ikasleek ikasketak aukeratzeko eskubidean eta abarrean.

Uler al daiteke ikasturte hasieran klaustro erdia baino gehiago berria izatea? Onar al daiteke ikastetxe euskaldunetara langile ez euskaldunak bidaltzea? Isil al daiteke antzeko lana egiten duten langileak lan-baldintza zeharo desberdinetan aritzea? Jasan al daiteke ikasle euskaldunak edota elebidunak sortzen ez dituzten hizkuntz ereduak mantentzea?...

Euskal Herrian, azkeneko hamarkadetan eskola berritu nahi izan dutenen aldetik bi eskaera nagusi egon dira: 1) Gure eskolak, etorkinei beren sorterria maitatzen laguntzeaz gain, euskara eta euskal kulturan oinarritutako irakaskuntza eta bizitza trasmititu behar dituela, gure herria ere maitatzea lor dezaten. 2) Ongi funtzionatu nahi bada, ezinbestekoa dela ikastetxearen autonomia, maila guztietan.

Orain arte egindako lana izugarria izan da eta euskal hezkuntza munduan aurrerapauso handiak eman direla esan genezake. Baina egindakoa ez da nahikoa. Gaur egun, ez zaie ikasle guztiei ertain eta goi mailako ikasketak beraiek nahiko luketen hizkuntzan jarraitzeko aukera eskaintzen. Beraiek izan beharko luketen aukeratzeko eskubidea ez da errespetatzen, ikasketak ez zaizkielako eskaintzen edota aurretik eskaini zaien euskara maila nahikoa ez delako.

HIK HASIk itxaropenez hartu du hasi duen 4. ikasturtea: hausnarketa, ebaluazio eta urrats berriak emateko garaia dela deritzo. Aukera ona izan baitaiteke Euskal Eskolaren bidean aurrerapauso berriak lortzeko. Dugun itxaropena eta ilusioa zerbaitetan gauzatuko bada lan eginez lortuko dela jakinda, lanerako prest gaituzue. Zuek ere hala egon zaitezten, har ezazue gure gonbidapen zintzoa.