SALAS, Begoña:

1998-10-01
Generoari eta Ekintza Positiboko Politikei buruzko Nazioarteko II. Batzarra burutu zen Donostian ekainaren hasieran Emakundek antolaturik. Helburua arlo ezberdinetako politika publikoen norabidea eta estrategiak aztertzea zen. Gure arloari dagokionez, besteak beste, Begoña Salasen hitzaldia entzuteko aukera izan zen.
 
 
Begoña Salas Pedagogian lizentziatua da eta oso ezaguna da irakasleriaren prestakuntzako eta hezkidetzako espezilista bezala. Hezkidetzarako Irakasleriaren Prestakuntza Iraunkorreko programak eraman ditu aurrera Txilen, Kolonbian, Ekuadorren eta Estatu Espainiarreko hainbat Komunitate Autonomotan. EAEn Ikastetxeen Hezkuntza eta Curriculum Proiektuak egiteko plan bat garatzen ari da Emakunderekin batera. Proiektu hauen norabideaz eta gaur egungo heziketaz Begoñak duen ikuspuntua bildu dugu hurrengo orrialdeetan.



Zure hitzaldiaren izenburua honakoa izan da: "Paradigma aldatuz: hezkidetza identitate pertsonalaren garapenerako". Zer aztertu edo azaldu duzu?

Gizarteko eta hezkuntzako paradigma azaltzen saiatu naiz. Paradigma buruan ditugun gauzek osatzen dute. Gauza hauen bidez ikusten dugu mundua eta erlazioak ere horien arabera egiten ditugu. Hau da, gure erreferentzia da.

Beraz, orain arte paradigma bat eduki dugu, erreferentzia bat, eta eredu hori aldatzeko unea iritsi da, paradigmaz aldatu behar dugu.



Zergatik aldatu behar dugu paradigmaz?

Hezkidetza eta aukera berdintasuna baldin badira gure helburuak, hots, emakume eta gizonek aukera berdinak izatea, beharrezkoa da orain arte indarrean izan den paradigma alde batera uztea.



Nolakoa izan da bada, orain arteko paradigma?

Paradigma akademizista izan da, sistema patriarkalaren zerbitzuan dagoena eta bere helburua boterea mantentzea izan da. Paradigma honek balore sozial hierarkikoak eta elkartasunik gabeak inposatzen ditu. Esate baterako: lehiakortasuna, biolentzia, nagusitasuna, autoritarismoa, nonahikotasuna, menpekotasuna...

Balore hauek gizartean islatzen dira. Adibidez, titulazio asko dituen pertsona gutxiago dituena baino eskala sozial altuagoan dagoela suposatzen da.



Eta zein isla du hezkuntzan zehazki?

Hezkuntza Sistemak paradigma akademizista inposatu du. Honen ondorioz curriculum homogeneoa, androzentrikoa eta etnozentrikoa osatu da. Sistemak onartutako zientzian eta botere akademikoak lejitimatutako edukietan oinarritzen da. Autoritate akademikoak jakituria mailak zehazten ditu eta helburua gizarteko arazoei irtenbidea emateko erantzunak ikastea da, eta ez indarrean dagoen paradigma aztertzea eta eztabaidatzea.



Ezaugarri hauek benetan gure gizartean eta hezkuntzan txertaturik daudela ikusten dugu. Nola iritsi gara horraino? Nola barneratu dugu sistema hau?

Pertsona bakoitzak bere egitura mentalaren arabera barneratzen du eta hori bakoitzaren inguruneak mugatzen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua da bakoitza zein ingurunetan dagoen ikustea. Pertsona bat paradigma sexista, patriarkal eta androzentriko batean murgildurik baldin badago, erabat logikoa da hizkera sexista erabiltzea eta emakumea gizonezkoa baino gutxiago dela ustea.

Horregatik, dauzkagun aurreiritziek gure pentsamendua eta jokaera baldintzatzen dituzte. Dauzkagun aurreiritziak sinesmen eta jasotako mezuen arabera osatzen ditugu eta gure burmuinean akats kontzeptual garrantzitsuak sortzen dira. Akats kontzeptual horien arabera interpretatuko ditugu mundua eta erlazioak.



Zein dira akats kontzeptual horiek?

Oinarrizko lau akats aipatuko nituzke nik:

1- Emakumea gizonaren azpian naturaren oinarrizko lege batengatik dagoela ustea. Hau da, determinismo biologikoan sinestea.

2- Izatearekin edo existentziarekin daukagun borroka konpetitiboa da eta horrek, sortzen dugun indarkeria justifikatzen du, gainera. Gizakiok elkarlana behar dugu eta ez elkar hiltzea.

3- Giza gopurtza makina bat dela ustea. Hau mendebaldeko medikuntzaren paradigmaren eraginez sortu da. Medikuntza honek gorputza ez du bere osotasunean aztertzen, zatika baizik. Besoko mina baldin badugu, besoa sendatzen digu, baina era berean gibela txartu. Gainera, fisikoa soilik hartzen du kontuan, eta alde emozionala ez du aintzat hartzen. Honek izugarrizko eragina izan du gizaterian.

4- Hazkunde ekonomiko eta teknologikoa mugagabeak direlako ustea. Honek ondorio larriak ekarri ditu eta gudak eta beste hainbat gauza justifikatu izan ditu.

Kontzeptu hauek osatzen dute gaur egun indarrean dagoen paradigma patriarkala. Akats hauen guztien artean ari gara mugitzen. Eta noski, paradigma honek hezkuntzaren paradigman eragin zuzena du.



Argi dago paradigmaz aldatu behar dugula. Baina nolako aldaketa proposatzen duzu zuk?

Nortasunaren edo esentziaren paradigma da proposatzen dudana. Paradigma hau pertsona den bezala onartzetik abiatzen da, hori da gakoa. Orain arte paradigma patriarkala nortasun kolektiboetan eta inposatutako balore kolektiboetan oinarritu da. Hau da, pertsona ez zen aintzat hartzen, baizik eta zenbat karrera ikasi dituen, neska edo mutila den, ezkonduta dagoen ala ez... Gizarte patriarkalak laukitxoak sortzen ditu eta pertsonak laukitxo horietan sartzen ditu. Laukitxo batzuk beste batzuek baino gehiago balio dute eta horrela sortzen dira mailak eta klaseak.

Guk, ordea, alderantzizkoa planteatzen dugu. Pertsona den bezala kontsideratzen dugu, den bezala onartzen dugu. Horregatik deitzen diogu nortasunaren edo esentziaren paradigma.



Aldaketa gizarte osoan egin beharrekoa da. Zenbateko eragina, pisua edo erantzukizuna du hezkuntzak?

Gaur egun hezkuntza lehen mailako eragile sozialtzat hartzen da zeregin honetan. Hau da, sexu-genero, maila sozial, jatorri etniko eta abarren arabera dauden diskriminazioak ezabatzeko lehen mailako eragiletzat hartzen da hezkuntza.

Helburu hau aintzat harturik, beharrezkoa da "hezitzea" bermatzen duten ikuspegi pedagogiko, psikologiko, soziologiko eta epistemologiko ezberdinak kritikoki errepasatzea.



Asmo horrekin hausnarketa anitz egin dira maila teorikoan unibertsitatean eta maila praktikoan ikastetxe askotan. Indarrean dagoen sistema patriarkalaren ondorioak ikusita, aipatu duzun paradigma berria sortu da. Baina zer da zehazki honek bultzatzen duena?

Nortasun pertsonalaren zerbitzura dago. Paradigma berri honen benetako iraultza pertsonen barruko jakiturian eta boterearen eta autoritate pertsonalaren erabileran sinestean dago. Bitartean paradigma menperatzaileak ejerzitoak sortzen, armak egiten eta hierarkia sozialak eratzen jarraitzen du determinismo biologikoan eta sozialean oinarrituz.

Paradigma berriak balore pertsonal solidarioak bultzatzen ditu. Harremanak elkarlanean, elkarrenganako errespetuan, autoritate pertsonalean eta protagonismoan oinarrituta daude. Eta jakituria intuitiboan oinarritutako adimen globala garatzen du.



Zer esan nahi duzu adimen globala aipatzean?

Normalean paradigma akademizistan adimen akademizista bultzatzen da, zeinak datuak eta kontzeptuak pilatzeko balio duen. "Ba al dakizu hau denbora gutxienean eta azkartasun handienean?" galdetzen da. Baldin badakizu benetan azkarra zara, eta ez baldin badakizu alferra.

Adimen globala beste gauza bat da. Bizitzako edozein egoeratan, bai maila pertsonalean, sozialean zein beste edozein mailatan, erantzuna emateko baliagarria den adimena da.



Beraz, zein da paradigma berri honen helburua?

Ikasleriari bere baliabide eta estrategia propioak edukitzen laguntzea bere burua interpretatzen jakin dezan. Eta era berean, mundua interpretatzeko eta mundu horrekin arduratsu eta elkartasunean bizitzeko gai izan dadila. Paradigma honen helburua pertsona bakoitzari kultura sexista menperatzaileak ezarritako mugak gainditzeko laguntza ematea da. Horrela, pertsona bakoitzak bere burua autoritatez eta protagonismoz beteta ikusiko du, bere bizitzaren norabideaz jabetuz, bere nortasun propioa garatuz eta bere bizitzako proiektuaz arduratuz.



Nola gauzatu dezakegu hori gure eguneroko lanean? Zein abiapuntu hartu behar ditugu kontuan?

Lehenengo eta behin, abiapuntu berri bat hartu behar dugu. Hau da, pertsonaren garapen globala lortu behar dugu. Horretarako, jakituria, maitasuna, harmonia, boterea eta autoritatearen balioa errekonozitu behar ditugu. Pertsona guztiak besteegandik bereizten duten oinarrizko zati batekin jaiotzen dira. Hori da gure abiapuntua.

Ondoren, hazkunde integrala bultzatzeko bost eremutan oinarritutako eredu bat pentsatu eta osatu dugu. Burua, gorputza, emozioa, nortasuna eta eremu soziala. Eredu honek gatazkak alde batera uzten ditu eta konpromezu pertsonala, kolektiboa eta soziala irakasten ditu.

Ikastetxearen antolaketa eta gestioan ere gauza berriak proposatzen ditu: zuzendaritza konpartituan, elkarlanean eta elkarrenganako errespetuan eta erantzukizunean oinarritzea.

Nola lortzen da hau guztia? Bada, ikasketa autonomoa eta funtzionala aplikatuz, hots, ikasitakoa eguneroko bizitzan praktikan jarriz. Honek zera suposatzen du: pertsona dela gure abiapuntua eta pertsona horrekin goazela leku guztietara; etxera, lanera, lagunengana, bikotearengana...



Gure eguneroko lan egiteko modua aldatu egiten da orduan, eta baita irakasteko metodoa ere. Nola irakatsi behar dugu? Zein metodo jarraitu behar dugu?

Paradigma honek giza garapena barneratzen du Hezkuntzan. Hasteko, ez dugu liburuetako edukia ikasleen buruan sartu behar. Gai bakoitzeko oinarrizko ideiak laburtzen saiatu behar dugu eta hori ikaskuntza autonomoan oinarrituz transmititu ikasleei. Hau da, hipotesiak planteatuz, ikertuz, hitzaldiak emanez... eta azken pausoa ikasle bakoitzak dakiena besteei azaltzea da. Hau oso garrantzitsua da. Benetan kontatu behar denean ikasten da. Orduan konturatzen da norbera zer den eta zenbat dakien.

Orain arte, hezkuntzaren helburua ezagutza transmititzea zenean, irakasleok azaltzen genituen gauzak eta ondoren azterketak jarri. Metodo honekin ikasleak ez du ezer ikasten.

Hala ere, ikasketa ez da gauzak kontatzearekin bukatzen. Ikasitako hori praktikan jarri behar da eguneroko bizitzan. Hori da benetan balio duena. Alferrikakoa da gauza asko ikastea gero praktikan jartzen ez bada. Praktikan jartzeko modu bat ikasitako hori lagunekin, etxean, auzoan eta abar aplikatzea da.



Egoera horretara heltzeko aldaketak ematen hasi behar dugu. Baina zein laguntza eduki dezakegu aurrera egiteko?

Lehenengo eta behin, horrelako aldaketa bortitz batek krisia sortzen duela pentsatu behar dugu, krisi horrek sufrimendua sortuko duela eta sufrimendu hori pasa egin behar dugula. Hori gainditutakoan, noski, zoragarria izango da.

Bestetik, legeaz baliatu behar dugu, esaten dugun guztia babesten duelako. Planteatu dugun guztia legean oinarrituta dago eta guk errepasatu eta gauzak zehaztu besterik ez dugu egin. Daukagun lege berria, LOGSE, ikuspegi honetatik iraultzailea da, eta horren babesean egin behar dugu lan.

Bestetik, antolatu egin behar dugu. Taldetan bildu eta antolaketa sareak sor ditzakegu egiten ari garen lana defendatzeko eta zabaltzeko. Sistemarekiko eredu alternatiboa da geurea, eta beraz, laguntza sare bat osatu behar dugu.

Material ugari daukagu gure eskura eta hori erabili behar dugu.

Eta nola ez, ereduak sortu behar ditugu eta ez gure artean haserretu. Bakoitzak dituen ideiak praktikan jartzen lagundu behar dugu eta ez oztopatu.

Izerdi asko bota dugu gauden lekura iristeko, baina Hezkuntza Sistema bere osotasunean errepasatu dugu, proposamen alternatiboak ditugu etapa, ziklo eta maila guztietarako, hezkidetzan oinarritutako ibilbide akademiko zehatza...

Beraz, animatu egin behar dugu. Boterea daukagula jakin behar da eta botere hori zein autoritate pertsonala erabili behar ditugu. Hori da gakoa.



LOGSE legea aipatu duzunean, iraultzailea dela esan duzu. Zergatik kalifikatzen duzu horrela?

Niretzat benetan aldaketa sakona suposatzen duelako. Pertsona ekintza guztien erdigunean jartzen du eta den bezala onartzen du. Hau garapen itzela da eta aldaketa erradikala suposatzen du. Paradigma aldatzen du erabat. Gure erreferentzia pertsona da, eta ez sistema menperatzailea eta inposatutako balore sozialak.

Beraz, nik badakit pertsona batengana hurbiltzen naizenean besteengandik bereizten duten ezaugarriak dituela eta bere nortasunari lotuta daudela.

Horregatik kontsideratzen dut lege iraultzailea, hortik abiatzen delako, pertsonaren garapen integraletik.

Beste gauza bat legearen ezarpena da eta puntu horretan oso adi egon behar dugu. Legea praktikan jartzeko araudi bat egin behar da eta hor dago tranpa. Ezin da zaharkitzen den araudia ezarri. Horregatik, supermerkatuan bezalaxe, araudiaren iraungitze-data ikusi behar dugu. Hau jarrera aktiboa da. Izan ere, kexatzeko garaia pasa zen eta ekintza zuzenaren garaia iritsi da. Behar duguna eskatu behar dugu, beldurrik gabe eta gure nortasuna, pertsona, soinean hartuta.



Dudarik gabe, irakasleok prestakuntza bat behar dugu aldaketa hau egiteko. Nolakoa izan behar du prestakuntza horrek zure ustetan?

Irakasleriaren prestakuntza ez da ezagutza androzentrikoak pilatzen dituen prestakuntza teorikoa. Hori lehen geneukana zen. Irakasleok ikasleak bezalaxe eraldatu egin behar dugu. Irakasleriak gaitu egin behar du. Izan ere orain, ezagutza transmititzen duen pertsona izan beharrean pertsonei laguntzen dien pertsona baldin bada, bere funtzioa aldatu egin da erabat. Ez du zerikusirik aurrekoarekin.

Beraz, prestakuntza giza garapenaren autoformakuntza da, pertsonala. Autoritate pertsonala praktikan jartzean datza, eta ez autoritate soziala. Ikasleek bizitzen duten bera bizi behar dugu irakasleok. Eta helburuak berdinak dira: maila pertsonalaren gaitasuna, bai soziala eta bai akademikoa. Irakasleok ikasleei beraien ikaskuntzan laguntzen diegun gidariak gara.

Prestakuntza honekin, markatu dugun bideari ekiteko arropak eta tresnak badauzkagu. Orain, jantzi eta oinez hastea falta zaigu.



Orduan, irakasleok zein neurritan gara ereduak?

Geu garen bezalakoak garen neurrian. Alegia, transmitizen ari zaren eredua momentu guztietan zu zeu zarela erakustea da. Akatsak egiten dituzula eta akats horietatik ikasi egiten duzula erakustea. Zure bizimodua da erreferentzia.



Baina irakasleon aldaketa hau nola lortu aurretik beste aldaketarik ez baldin badago? Nola lor dezakegu hori irakasle eskoletako irakaskuntza metodoa aldatzen ez bada? Daukagun errealitatea ikusita zaila da aldatzea.

Bai, zaila da, baina edozein garaitan lor dezakegu aldaketa. Aldatzeko gogoa da behar duguna, eta tresna egokiak. Ez dugu kexatu soilik egin behar, ekintzetara pasa baizik. Besteak beste, sentimendu eta emozioekin lan egitea ere oso garrantzitsua da. Hezkuntza ez hierarkikoa, positiboa eta ez konparatiboa sortu behar dugu. Bukatu dira konparaketak, pertsona bakoitza bat da eta ezin da besteekin konparatu.



Baina eredu hobe baten bila bagoaz, zerbaitekin konparatu beharko dugu. Hobetzeko beti konparatzen dugu txarragoa den horrekin, ezta?

Bai, baina orain arte eduki dugun konparaketan gizonezkoa izan da erreferentzia. Orain gure lana erreferentzia horiek eta dauzkagun ereduak alde batera uztean datza. Hezkuntza baldintza aproposak dauzkagu gizateriarengandik espero den hezkuntza jauzi hori emateko. 2.000. urtera pasako gara eta erantzukizun handiko aldaketa da eman behar duguna. Helburuak zehaztu ditugu eta lortu nahi ditugun ondorioak ere bai. Beraz, horiek lortzeko ekintza konkretuak egiteko unea iritsi da.