Ikasturte berriko datuen artean dantzan

1998-10-01
Ikasturte berria estreinatu dugu dagoeneko guztiok eta lanean murgildurik gabiltza. Ikastetxe bakoitzak hasi du bere ibilbide berria eta ekaina arte ez da gelditzerik izango. Ikasleak gela huts eta isilak eraldatu dituzte. Oro har, iaz baino gutxiago izango dira ikasleak, baina hala ere, ez dira gutxi.
 
 
Egia esan, ikasle kopuruak ez du aldaketa handirik atzeman, baina azken urteotako beherakada mantendu da aurten ere. Nafarroan 82.584 haur matrikulatu dira 1998/99 ikasturtean, iaz baino 3.279 gutxiago. EAEn, berriz, 334.484 ikasle izanen dira aurten, eta hiru urteko ikasle berriak 15.674, azken urteotako antzera. Pirinio Atlantikoko depatamenduan, hau da, Iparraldeko hiru probintzietan eta Biarnon, 114.000 ikasle izanen dira aurten.

Ikasle kopuruaren beherakada ez da oso nabarmena aurten, aurreko urteetako joera mantentzen baita. Dena dela, beherakada hori hiru urteko haurren matrikulazio datuetan nabarmentzen da gehien. Nafarroan, esaterako, 4.590 haur matrikulatu dira aurten lehenengo aldiz, iaz baino 17 gutxiago. EAEn, bestalde, 15.674 matrikulazio izan dira, iaz baino 199 gutxiago.

Nafarroan kopuru orokorra ezezik, D eta B ereduetan matrikulatutako haur kopurua ere jeitsi egin da lehenengo aldiz. Hiru urteko1.225 haurrek eman dute izena B eta D ereduetan, hots, %26,7ak. Iaz, berriz, %27,9a zen ereduotan matrikulatutako haurren kopurua.

Iparraldean, bestalde, eskola elebidunetako eta Seaskako ikasle kopuruak gora egin du. Hiru probintzietako eskola elebidunetan 2.100 ikaslek eman dute izena, iaz baino 150 gehiagok. Seaskan ere kopuruak gora egin du. Iaz 1.220 haur matrikulatu ziren, eta aurten 1.300.

EAEn ere D ereduak gora igotzen jarraitzen du. A ereduan 3 urteko 2.002 haur matrikulatu dira (%12,8), B ereduan 4.905 (%31,3) eta D ereduan 8.767 (%55,9).

Datu hauek 3 urteko haurren matrikulazioari dagozkionak dira, baina Haur eta Lehen Hezkuntza kontuan harturik ere D ereduaren gorakada nabaria da azken urteotan. Taula hau da horren islada.



Berrikuntza gehiago

Erreforma dela eta ez dela, azken urteotan berrikuntza eta aldaketa ugari izan ditugu gure inguruan. Bada, aurtengo ikasturtean ere izango dira, oraindik LOGSE ez baitago guztiz ezarria.

Aldaketa bat EAEn Batxilergoko eta Lanbide Heziketako iraileko azterketak ekainera aurreratzea izango da. Ekainaren 21 eta 30 bitartean egingo dira azterketak. Aldaketa honekin eskola egutegia familiara egokitu nahi izan dute. Bestetik, unibertsitateari ere onura egingo dio, ekainean bertan jakin ahal izango baitu zenbat ikasle izango dituen karrera bakoitzean.

Ikasketa hauetan egutegiak ere moldaketak izango ditu. Ikasleek Aste Santutan eta Ihauterietan astebeteko oporrak izango dituzte.

Bestalde, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen asteko ordu kopurua 25 ordutik 23ra jeisten da. Horrela, ikastaroetara joateko aukera zabaltzen zaie.

Ikastaroei loturik, euskara ikasteko aukera ere zabaldu egin da. Orain arte sei hilabeteko ikastaroak antolatzen zituen Iralek, eta hemendik aurrera kurtso osokoak izango dira. Horrela, ikasturte erdian ez da ordezkorik bilatu beharrik izango. Gehienez ere hiru ikasturteko liberazioak egongo dira.

Sei hilabetetik urtebeterako ordaindu gabeko baimenak edo soldata gutxiagorekin diren lanaldi murrizketak ere aukera izango dira.

Nafarroan Erreformako aldaketak egin ostean, aurten Lehen Hezkuntzako eduki eta helburuak gainbegiratzeari ekingo diote. Ahozko hizkuntza, hizkuntza idatzia eta matematika indartu nahi dituzte, ikasleen komunikazio egokirako eta garapenerako oinarrizko edukiak direla uste dutelako. DBH, berriz, iaz osatu zen eta Hezkuntza Departamentua hobeto egokitzen ahaleginduko da.

Iparraldean ere erreformaren abiatzea izanen da ikasturte honetako aldaketarik nagusiena. Hezkunde Nazionalak programak egungo garaira egokitzeko erabakia hartu du eta lehen aldaketak aurten nabarituko dira: teknologia berrien eta hizkuntzen irakaskuntza lehen mailatik hastea.



Oztopoak

Nafarroan D ereduaren inguruan izan dira gora-beherak aurten ere. Baina azkenean Nafarroako Hezkuntza Deparatamentuak onartu du Iruñeko Arrotxapea eta Alde Zaharreko ikastetxe publikoetan euskarazko lerro berriak zabaltzea. Era berean, Ave Maria eta San Frantziskon D ereduko lerro berri bana izango da aurten. Batxilergo Artistikoa ere euskaraz ikasi ahal izango da, Iturramako ikastetxe publikoan, hain zuzen ere. Hala ere, arazo guztiak ez dira konpondu. Ermitagaña auzoko Jose Maria Iribarren ikastetxean oraindik ez dute D ereduko lerro berria ireki. 18 haur matrikulatu dira, lerro berria irekitzeko nahikoa direlarik. Baina Gobernuaren asmoa haurrak autobusez San Francisco ikastetxera bidaltzea eta han jantokia doan eskaintzea da.

Iparraldean Seaskako Ziburuko kolejio berrian izan dira ezusteak. Kolejioa irekitzeko inongo aurkakotasunik ez zuen ikusi Gilles Bouilhaguet prefetak, baina Jean Marc Monteile Bordeleko Akademiako errektoreak agiri eta baimen guztiak behar ziren bezala aurkezturik ez zeudela argudiatuz ez zuen irekitzeko baimenik eman. Dena dela, Seaskako arduradunak berehala jarri ziren berarekin harremanetan eta beharrezko agiriak bidali ondoren arazoa konpondu da. Kolejioko 76 ikasleak egoitza berrian ikasteko moduan izango dira.