Kronika

1998-10-01
 
 
EAEko Hezkuntza Sailak eta sindikatuek
98/99 ikasturteko hitzarmenea sinatu dute

EAEko Hezkuntza Saila eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuak izan dira unibertsitatez kanpoko irakasleentzako akordioa sinatu dutenak. EAEko 18.000 irakasle ingururi eragiten die hitzarmenak. 1998-99 ikasturteari dagokiona da, nahiz eta hainbat puntuak iraupen luzeagoa izan.
Akordioan irakasleen lan baldintzak eta beste hainbat puntu biltzen dira. Soldaten igoera da hitzarmeneko puntu bat. Administrazioan %2,1eko igoera izango da, baina irakasleek gehiago kobratuko dute sei urteko lanaldiaren ondoren jasoko duten kopurua gehitzen zaiolako. Bestalde, behin-behineko irakasleen egonkortasuna luzatu egingo da 2001. urtera arte.
Lan banaketa areagotzeko konpromezua ere hartu da hitzarmean. Horrela, sei hilabete edo urtebeteko baimen ordaindu gabea izateko aukera izango dute irakasleek eta lan orduak murrizteko ere bai.
Prestakuntza eta euskalduntzeari dagokionez, biak indartu nahi dira. Hori dela eta, urtebeteko liberazio txandak egin ahal izango dira eta gehienez hiru urtetan. Prestakuntza hobetzeko, berriz, hiru hilabeteko ikastaroak izanen dira.
Akordioak dakarren aldaketarik esanguratsuena iraileko azterketak ekainera pasatzea da. Ekaineko azken astera pasako dira azterketa hauek. Horri loturik, selektibitatea ekainean eta uztailean egitea planteatzen ari dira. Iraileko deialdia desagertu egingo litzateke horrela. Dena dela, datorren ikasturtetik aurrera izango da hori, 1999-2000tik aurrera, alegia. Gainera, data aldaketa ezezik, azterketa beraren planteamendua ere aztergai dago.
Heziketa bereziarentzat laguntza gehiago EAEn
Uztailean arautu zen heziketa bereziko dekretua martxan da EAEn. Dekretu honen helburua heziketa berezia behar duten ikasleei behar bezala ikasteko baliabideak eta materialak eskuera jartzea da. Guztira 5.500 ikasle dira heziketa berezia behar dutenak. Hauetatik %80ak ikastetxe arruntetan ikasten du eta %20ak ikastetxe berezietan.
Azken hauek autistak, garapen arazo nabarmenak dituztenak edo gorrak diren ikasleak dira. Ikastetxe arruntetan daudenak, aldiz, urritasun psikiko eta arazo fisikoak dituztenak, egoera sozial kaskarrean bizi direnak eta gehienak baino adimen altuagoa duten ikasleak dira.
Hauei guztiei laguntzeko Hezkuntza Sailak 15.000 milio pezeta (600 libera inguru) erabiliko ditu ikasturte honetan, bere aurrekontuaren %7. Diru horrekin 2.000 irakasle berezi kontratatuko dira eskolak emateko. Horrez gain, baliabide materialak erosi eta ikastetxeak egokituko dira.
Hezkuntza Saileko arduradunek adierazitakoaren arabera, ikasle hauetako ia guztiek amaitzen dituzte derrigorrezko ikasketak. Ikasketak amaitu ostean EAEko diputazioen tailerretan hasten dira lanean.
Toki-Eder ikastolak langile euskalduna
nahi du

Gasteizko Toki-Eder ikastola publifikatuan ikasturte hasiera mugitua izan dute. Garbiltzaile-atezain euskalduna eskatu arren, Gasteizko udalak ez zuen bere eskaera bete, eta horregatik, langilea botatzea erabaki zuen eskola zuzendaritzak. UAk, hori jakin bezain laister, salaketa jarri zuen Hezkuntza Ordezkaritzan.
Orain arte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ardurapean zegoen mantenimenduko langileek kontratazioa, baina joan den ekainean Gasteizko udalaren esku utzi zuen bost zentrotako ardura hori. Toki-Ederrek langile euskalduna behar zuela ohartazi zuen, baina badirudi ez duela aintzat hartu.
Azkenean Hezkuntza Sailak tartean sartu behar izan du. Toki-Ederri langileari lanera joaten uzteko eskatu dio, eta aldi berean, langile euskaldun bat aurkitzeko gestioak egingo dituela adierazi du.
Era berean, Denon Eskola Arabako Guraso Elkarteak, ELAk eta Euskaltzaleon Elkarguneak Gasteizko udalari langileak euskaraz jakin dezaten bermatzeko eskatu diote. Hauek adierazitakoan arabera, Gasteizko udalak lanpostu horiek betetzeko zituzten zituzten ikastolak hizkuntz perfil egokia zuten langileekin betetzeko hitza hartu zuen.Ikastetxeko langile guztiek euskara jakitea eta hitz egitea oso garrantzitsua dela diote.
Hala ere, ez da arazo hori duen zentro bakarra. Hernaniko Langile ikastolak jangelarako hiru langile eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari. Bidali, bidali ditu, baina euskara ez dakitenak. Kasu honetan, ez da udala izan langile horiek bidali dituena, Eusko Jaurlaritza baizik.
Nola uler daiteke zentroaren funtzionamendu osoa euskaraz egiten bada bertako langileek euskara ez jakitea?

Nafarroako euskarazko irakaskuntzaren aldeko taldeak elkarturik
Nafarroako Ikastolen Elkarteak, ELA, LAB, CCOO eta EILAS sindikatuek eta Sortzen irakaskuntza publikorako elkarteak pauso berri bat eman dute euskal irakaskuntza bultzatzeko. Talde iraunkorra sortu dute euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko asmoz. Izan ere, urtero urtero administrazioak jartzen dituen oztopoekin egiten dute topo. Horregatik, administrazioari euskaraz ikastea nafar guztiek duten eskubidea dela garbi esan nahi diote. Taldeko partaideek adierazi zutenez, euskararen irakaskuntza garapenean dago, bultzada eta laguntza guztiak behar ditu, baina, aldiz, gero eta oztopo gehiago jastn behar izaten du administraziotik. Horren adibide da ikasturte hasiera honetan D eredua irekitzeko izan diren eskaerak eta ukapenak.
Horrelakorik berriro gerta ez dadin lan egingo du talde iraunkorrak. Besteak beste, egingo dituen eskaeren artean Euskararen Legearen aldaketa dago, hori baita taldearen helburuetako bat.
Herri Batasunak ere Euskararen Lege berria aldarrikatu du. Alderdi honen ustez euskararen ofizialtasuna ezin da biztanleriaren %10 soilik hartzen duen eremura mugatu. Ofizialtasuna Nafarroa osoari dagokiola azpimarratu du.