32: Egonezina areagotzen ari da EAEko Haur Eskoletan

1998-11-01
 
 
Haur Eskolek gaur egungo prakti-kan heziketa zen-tzua hartzen ba-dute ere, LOGSE legearen arabera orain arte zuten zerbitzu izaera-tik hezkuntza izaera izatera pasako dira. Lehendik, Aldundi eta Udalak ziren diru iturri nagusienak. Egokitzapenaren ondorioz, urtez urte Hezkuntza Sailaren aportazioa handituz joango da haiena gutxitzen den neurrian. Honeraino teoria.

Praktikan, Gipuzkoan adibidez, duela lau urte jasotzen zituzten 160 milioi horietatik, aurten 80 jasoko dituzte eta 1999an 40. Murrizpen plana zorrotz aplikatu zaien bitartean, beste inondik ez dute eskuratuko jasotzen zuten hainakoa.

Bistan da honek guztiak kinka larrian ipini dituela EAEko Haur Eskola gehienak. Ez gara lan arazo batez soilik ari. 110 edo 120 langile horien lanpostuak arrisku bizian egoteaz gain, azken hamarkadetan jende askoren ahaleginari esker lortutakoa galtzeko arriskuan dago. Honek arazo hau gizarte guztiarena bilakatzen du. Ezin dugu ahaztu zerbitzu honek emakumeen laneratzea ahalbideratzearekin batera, emakumea gizartean dagokion lekua berreskuratzeko bidean ezinbesteko baliabidea dela, eta horrez gain, euskalduntzea eta hizkuntz normalizazioan berebiziko garrantzia duela. Aldi berean, Haur Txikien heziketarako esparru berriak jorratzen ari dira.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Haur Eskolak oso egoera desberdinetan daudenez, normalizatzeko premia dute. LOGSEk berriz, 2002 urteko data markatu du 0-3 hezkuntza etapa berria finkatzeko epe bezala. Hezkuntza Sailak dio Haur Eskolak ez direla lehentasuna une honetan eta ez dela premiazko gaia.

Arazo honek berandu baino lehen konponbidea behar du. Eta konponbide horretan Hezkuntza Sailak hartu behar du gidaritza. Gure Hezkuntza Sistemako txikienak desagertzeko zorian daude eta Hezkuntza Sailarentzat lehentasuna izatea egokitzen zaienerako iraganaren parte bilaka daitezke.

Euskal Hezkuntza Sisteman denok izango gara beharrezko eta bakoitzak gauden esparrutik gure ekarpenak egin behar ditugu. Eta eskaintzeko dugun ekarpen egoki eta aberatsena eguneroko jardunean okertuz eta zuzenduz osatzen joan garen esperientzia da. Ez dirudi lehentasuna ez izan arren oinarrizko neurri batzuk hartzea bideragaitza denik. Txikien eskolatzea eta horiekin garatu den esperientzia aberatsa desagertzen uzten baditugu alferrik izango dira geroko damuak.