Haur-jolasen abestiak II<br />Euskaraz jolasten jarrai dezagun

1998-11-01
Jolastokietan eta kaleko jolasetan euskaraz aritzeko iaz argitaratu genituen musika-zinta eta CDk izan zuten harrera ona ikusirik, aurten ere beste ahalegin bat egitera animatu gara.
 
 
Lehenengo grabaziorako ikasleak HIK HASI proiektuaren inguruko irakasleek prestatu bazituzten ere, bigarren honetan ahalik eta partehartze handiena gerta zedin bitartekoak jartzen ahalegindu gara. Izan ere, grabazio baterako ematen den prozesua oso interesgarria eta aberatsa baita ikasleentzat.

Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuz, herrialde ezberdinetako ikasleek hartu dute parte. Lehenengo diska interes handiz hartu zuten zenbait ikastetxekoekin ere harremanetan jarri gara, baina arrazoi desberdinak direla medio, ezinezkoa egin zaie parte hartzea. Aipatzearren, musikako irakaslea ikastetxera aurten etorri berria dela eta ikasleak ez dituela ezagutzen izan da adierazi zaigun arrazoi nagusia.

HIK HASIk, ohi duen bezala, oreka bilatzen ahalegin berezia egin du. Honela, parte hartu dutenen artean hauxe izan da herrialdeka eman den banaketa: Araba 2, Bizkaia 3, Gipuzkoa 5, Iparraldea 1 eta Nafarroa 2.

Edukia

Lehenengo lanean sokasaltokoak, behatz-jolasak, zotz egitekoak, ziburuan aritzekoak, urtebetetzea ospatzekoa, aulki-jolasa, asmakizun-jolasak, jira-birakoak, barraskiloa, gaileta eta abar agertzen bagenituen; bigarren honetan, aurreko batzuk indartzeaz gain, ohartu garen hutsuneak betetzen ahalegindu gara. Hau da, ikasleak maiz aritzen diren jolasak jaso eta gure hizkuntzan eredu batzuk eskaini. Txalotan eta gomatan aritzen diren jolas horiek dira horren eredu. Hauez gain, aho-trebaketak, bidai-jolasak eta abestiak, erritmoa lantzekoak, imitazio jolasak, dantzakoak, talde-jolasak, txakolinke, mandoka eta abar.

Guztira 23 abesti dira gidoitxoan sartuak Euskal Herrian zehar egiten ari diren ibilalditxo batean oinarrituz. "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoak gaztetxo talde batekin jolasak ezagutzen doazen une berean, hiri nagusietako festetaz jabetzen dira: Marijaia Bilbon, Zeledon Gasteizen, San Fermin Iruñean, Maskaradak Iparraldean eta Danborrada Donostian.

Jolas-abestien aukeraketaz Josi Oiarbide irakaslea arduratu da, zenbait hitz berak sortu dituelarik. Musikatzeaz, aldiz, Xabier Zabala musika irakaslea arduratu da, abesti askoren musika sortuz eta gainontzekoen moldaketa lana eginez. Abesti guztietan musika alaiak, erritmo bizikoak eta mugimenduzkoak konbinatu ditu.

Grabazioan 110 ikasle eta 15 irakasle aritu dira.

Jolas hauek guztiak praktikan jartzeko laguntzatxoa eskaini nahian, zinta eta CDn kuadernotxoa doa. Eta horrez gain, HIK HASIren 33. zenbakian argitaratuko dugun Gehigarrian abestien hitzak, jolasen argazki eta azalpenak eta "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoek ikasleekin izan dituzten elkarrizketak agertuko ditugu. Hau da, gidoi eta eduki osoa.



Nola lan dezakegu

- Abesti eta elkarrizketak entzun eta ulertzeko saioak egin.

- Erritmoak landu.

- Nola jolasten den ikasi.

- Jolasak nola egoki ditzakegun aztertu.

- Antzeztu: hiruzpalau abesti-jolas aukeratu, pailazoekin ematen diren elkarrizketak egokitu eta jolasak eginez antzezteko aproposak izan daitezke... Pertsonaiak: Pirritx, Porrotx, Takolo, haur 1, haur 2, haur 3...

Hauxe da gure eskaintza. Aurrekoak izan zuen erantzun ona jasoko duelakoan gaude, eta horretarako, jaso ezazue gure gonbitea.