SALBATORE MITXELENA ikastola, Zarautz: Picassoren

1998-11-01
Hamaika ahalegin egiten dugu gure ikasleen adimenean ezagutzak txertatzeko edo haien eskura trebetasun desberdinak jartzeko. Urteen poderioz ahazten doaz edo teknikaren zurrunbilo eroan oroimenaren zokoren batera jaurtikitzen dira.
 
 
Baina eguneroko jardunaren jardunez gure ikasleen bihotzetan pausatuz doaz behar bada inkontzienteki ereiten ari garena. Maitasun irakaspenak edo maitasunaren irakaspenak ote? Eta hauek ahantz ezinak dira.

Bizitza den azterketa gogor eta ederrenean azalerazten dira inongo liburuetan aurkitu ezin diren eta metodologiek nola bideratu eskaintzen ez dituztenak.

Honen guztiaren lekuko izan ginen. Jose Luis Aranguren "Maixu Pepe" ikasturte berriaren hasieran ezustean hil zen.

Omenaldi xume bezain hunkigarri eta zoragarria eskaini nahi izan zioten ikastolan: ikasleek txirula, txistu eta gitarrez abesti ezberdinak eskaini zituzten, Arestiren "Nire aitaren etxea" poema errezitatu zuten eta lankideek osatzen zuten abesbatz ez-ohikoak Sorozabalen oratorioaren bertsio berria eskaini zuen, Josu Txapartegi irakaslearen zuzendaritzapean. Zarauzko alkateak ere bat egin nahi izan zuen eta bere hitzen ondoren dantzariek eskaini zuten Agurrarekin ikasleek zeramikaz egin zuten muralaren inaugurazioari ekin zitzaion.

Hau guztia Zarautzen gertatu zen, Salbatore Mitxelena ikastolan eta ereindako maitasunaren oroigarri Gernikako Arbolaren kimu bat handituz doa ikastolako lurretan.



Murala

Ekitaldiaren ardatz nagusia Picassoren "Guernica" zeramikan berregitea eta honen inaugurazioa izan zen.

La mardul honen arduraduna den Paco Serras, DBHko plastikako irakaslearekin hitz egin dugu eta berak eman dizkigu zehaztapenak.



Nola burutu duzue "Guernica" lan hau?

DBHko bigarren mailako ikasle guztiek hartu dute parte. Mural handia da, 2,5m x 1,3m neurtzen du eta jatorrizko lanaren porzentaia errespetatu dugu. Zeramika lana izanik hirugarren dimentsioa ere eman diogu.

Hasteko, buztinean 50 zati berdin egin genituen eta zati horien gainean burutu dugu zeramika lana.



Zailtasunik izan al duzue?

Lanaren zailtasun handiena hirugarren dimentsioa ematea izan da, elementu bakoitzari dagokion bolumena finkatzea. Hau guztia burutzeko astebeteko goizak libre hartu genituen.

Jorge Oteiza, behin baino gehiagotan izan da gure lana ikusten eta aholkuak ere eman dizkigu. Jorgek berak koadroari buruz lantxo bat egina du, bere ikuspegitik Picassoren obra interpretatuz, eta lan hori ere bidali zigun. Ikasleek garrantzi handiko zerbait egiten ari zirenaren kontzientzia izan dute.



Beraz, gustura aritu dira.

Bai, oso gustura. Behin bolumena emanda "guatxe" teknikarekin pintatu genuen, bospasei tonu ezberdin erabiliz. Gero, zati bakoitza askatu, labean sartu eta beiraztatu egin genuen.



Arazoren bat izan duzue...

Murala horman ezartzen ari zirela zati bat erori zitzaien eta puskatu egin zen. Presaka ibili behar izan dugu hautsitakoa berriro egiten, zati horren prozesu osoa berreginez.



Imanol Urbieta musikaria han bertan zen eta pozik agertu zen ikasleek egindako lanaz eta jaialdiaren ikusgarritasunaz.