Uruguay: Montevideoko 'Gure haurrak' programa

1998-11-01
Oiartzungo Udalaren laguntzaz Hego Ameriketara egindako bidaian gizarte bizi batekin egin genuen topo, gizarte konprometitu batekin, etorkizuna hobetzeko programa iraultzaileak diseinatu eta gauzatzeko ahaleginetan konprometitutako giza talde sakonekin. Montevideon ezagututakoa izan genuen hauetako bat.
 
 
Montevideoko egoera soziala egunetik egunera aldatzen ari da, gero eta pobreago, gero eta gehiago ugaritzen marjinatutako zonaldeak. Egun 1.300.000 biztanle (400.000 familia gutxi gora behera) ditu, Uruguay osoko %44a. Hazkuntza tasa txikia dute eta jaiotzen diren haurren ja erdiak, zonalde marjinatu eta pobreetan jaiotzen direnak dira. Egoera honek begibistako arazoa planteatzen du, alegia, populazio berrikuntza gutxituen esparruetatik sortuko dela, horrek suposatzen duen ondorio guztiekin: amatasun goiztiarra, heziketa maila eskasa, isolamendu soziala, haurren kale-lana orokortzea, eta abar. Arazoa larria benetan eta etorkizunerako kezkagarria.

1990. urtean Udala alderdi ezkertiarrak bereganatu zuen. Proiektu aurrerakoiak zituzten, boterea deszentralizatu, gizarte antolaketa eta kudeaketan protagonismoa gizarte zibilari eman, herritar guztientzat bizimaila duina bideratzeko integrazio programak martxan jarri, eta abar. Haurtzaroari zegokionez egoera aztertzen hasi ziren. Haurren garapenean arazo larriak antzeman zituzten, ahultasun bio-psiko-sozialen eraginez sortutakoak, ondorioak, eskolarizazioan eta gizarte bizitzan orohar isladatzen zirenak. Arrisku egoera honetan, inongo heziketa programa jasotzeko aukerarik gabe 93.000 bat haur ttiki zeudela estimatua zegoen. Hemendik sortu zen "Gure Haurrak" programa. Auzo pobreetara zuzendutako heziketa proiektua, auzokideek kudeatu eta administrazioarekin bat eginik aurrera eramaten dutena.

Esan beharra dago egituraketa administratiboa benetan berezia dela. Montevideo osoa 18 Auzo Komunaletan banatua dago. Zerbitzu eta administrazio eginkizunen deskonzentrazioa lortzea du helburu, auzokideen beharrei hobeto eta gertuagotik erantzun ahal izatearekin batera. Zona bakoitzean ardura politikoa duen Batzorde bat dago, bere esku dagolarik auzoko planen antolaketa, zuzendaritza eta kontrola. Bestalde Auzokide Kontseilu batek gorpuzten du Batzordearen lana, beharrak identifikatuz, lehentasunak ezarriz eta era berean egitasmoen gauzatzea kontrolatuz. Boterea gizarte zibilari pasa diote maila batean, honek suposatzen duen partehartze konprometituarekin.

"Gure haurrak" programarako sortu diren zentruak, talde hauetatik bideratu dira. Proiektu honetan Udalak hartzen du parte baina beste talde eta Erakunde esparru zabal batekin hitzartuta:

Auzokide Komunitate Antolatua

UNICEF

O.R.T. (Suediar enpresa)

Unibertsitatea

Erakunde ez Gubernamentalak



Bere jarduerak arlo ezberdinak hartzen ditu kontuan:

Haurren garapen integrala

Irakasleen prestakuntza

Elkar trukaketarako tailerrak

Seme-alabentzako aholkularitza



6 hilabete - 5 urte bitarteko haurren heziketarako ikastetxeak

Pedagogiaren ikuspuntutik antolatzen dira jarduerak bainan beste beharrei ere leku eginez, hara nola nutrizio beharrak, mediku beharrak edota osasun behar xumeenak (hilea moztea esateko). Psikomotrizitate programak oso errotuak daude eta baita musika heziketari lotutakoak ere. Komunitateak 16 ikastetxe ditu. Ez du betetzen dagoen behar guztia eta beste 16 ikastetxe herrikoiekin beka sistema hitzartuta dauka. Ikastetxeei laguntzen 4 koordinatzaile espezializatuak dituzte.

Eskola hauek 8 orduko eskaintza egiten dute. Hiru irakasle mota dituzte: Maisu-maistrak, hezitzaileak eta sukaldeko hezitzaileak. Hauetaz gain musika eta psikomotrizitate espezialisten laguntza izaten dute. Irakasleak auzokideen artean hautatzen dira, profil egokia dutenen artean, sozial konpromezu handiena dutenak aukeratuz.

Langileak Auzoko Kontseiluak kontratatzen ditu. Talde honen gain dago ikastetxeko funtzionamendu eta kudeaketa guztia. Udalaren finantzaketak behar guztiak betetzen ez dituenez, bolondres asko erabili beharrean aurkitzen dira. (Garbitasuna eta gauzaintza adibidez, gurasoek txandatuz egiten dituzte).

Haurrak gozo ikusten ziren, baliabide pobreak bainan alai, pozik. Gurasoak eskolan, giro ona, beharrak aseak, beren eskubideak babestuak. Beraientzat aberasgarria zalantzarik gabe.

Irakasleen prestakuntza asko lantzen da. Hilean behin eskola itxi eta formaziorako izaten dute, bertan pertsona guztiak hartzen dutelarik parte: maisu-maistrek, hezitzaileek eta sukaldari hezitzaileek. Prestaketarako irakasleen arteko hausnarketa, elkartrukaketa, eta abarrez gain, koordinatzaile eta espezialisten (psikomotrizitate irakaslea, musikaria, psikologoa, sendagilea...) laguntzaz baliatzen dira.

Gurasoen prestakuntza kontuan hartzen den beste esparrua da (aholkularitza adibidez) eta hauekin batera baita auzokideen prestakuntza ere.

Erantzukizunaren aldetik eskola hauek gureak baino, osatuagoak direla esan daiteke, beharrak gureak baino larriagoak eta zerbitzuak eskasagoak direlako seguru aski, bainan edozein modutara, hartu duten papera interesgarria dela iruditzen zait, haurren eskola-behar soilak gainditu eta auzoko bizitzaren aglutinatzaile bihurtu dira.

Proiektuak oso herrikoiak direla konprobatu ahal izan genuen. Auzokideen partehartzea asko sumatzen da, zenbateko ilusioa jartzen duten, nolako harremana duten beraien eta eskolaren artean, nola azaltzen dizuten beren proiektua, zeinen harro sentitzen diren... Gure 70eko garai berberak berbizitu arazi zidaten eta zentzu horretan nostalgia piztu ere bai.

Gizarte erantzukizuna guztiona dela sinestea aberatsa da herri dinamikarako. Jarraitzerik izango al du? Momentuz militantzi animoarekin ari dira lanean bainan estrukturak bere arriskuak ditu eta jadanik antzematen dira: borondatezko lana dela, langileen nagusi laborala dela... Proiektua hedatzen eta formalago bihurtzen doan neurrian, eskuzabaltasuna noraino iraungo duen ezin jakin. Nik, dena den, bizitza luzea opa diet, merezi du eta.