Kronika

1998-12-01
 
 
Labiaga ikastolan egoera ez da hobetzen
Berako Labiaga ikastolako arazoak berriro ere oihartzuna izan du komunikabideetan. Azaroaren 13, 14 eta 15ean itxialdia burutu zuten Labiaga ikastolako irakasleek, Batzordeko gurasoek eta langileek. Itxialdiaren helburua ikastolaren egungo egoera salatzea izan zen. Izan ere, baldintza guztiak bete arren, DBH osoa legeztatu gabe jarraitzen du Nafarroako Gobernuak.
DBH legeztatzeko prozesuari orain dela 6 urte eman zioten hasiera. HIK HASIren 14. zenbakian, 1997ko urtarrilekoan, arazoaren berri eman zigun orduan ikastolako zuzendaria zen Erramun Martiarenak. DBH eskaintzeko baldintza guztiak betetzen ditu ikastolak, baina Nafarroako Gobernuak legeztatu eta kontzertatu gabe jarraitzen du arrazoi politikoak direla eta.
Gainera, UPNk ez du jarrera aldatzeko asmorik azaldu orain artean. Ikastetxe edo hezkuntza sistema hautatzeko askatasuna defendatzen ditu, eta gero horrelako jokaerak erakutsi. Gauzak horrela, Berako ikastolak bide judizialera jo zuen, eta bide luzea bada ere ebazpenaren zain dago.
Bitartean, ordea, ez dute geldirik eta isilik egoteko asmorik. Larunbatero kontzentrazioak egiten ari dira ikastolako atarian eta astero-astero eginen dute presio ekintzaren bat auzia behin betikoz konpondu artean. Ea urte berriarekin batera egoera berria iristen den Berako Labiaga ikastolara.

Lan arriskuak direla eta
EILAS sindikatuak irakasleriaren lan segurtasunaren inguruko kezka azalarazi du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontrako salaketak jarri ditu Lan Arriskuen Prebentziorako Legea ez betetzeagatik. Salaketa honetan lan arriskuen prebentziorako delegaturik ez egotea eta Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeen eraketa legearekin bat ez etortzea salatu du. EILASek dioenez ez da egin ez lan arriskuen ebaluaketarik, ez prebentzio planik. Agerian gelditu omen da Administrazioak ez duela prebentzio politikarik eta arlo publikoak adibidea izan behar omen du.
Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko 18.000 langilek estresa, giza-hezurretako gaixotasunak eta ahots arazoak jasaten dituzte beren lan dela eta.
Egoera honen aurrean EILASek Hezkuntza Sailari akordio proposamen bat egin zion, baina ez zuen jarraipenik izan. Horregatik erabaki dute salaketa aurkeztea.

Euskarazko irakaskuntzaren arazoak eta arazorik eza
Gauza bakoitza desberdin ikusten da ikuspegiaren arabera eta horixe gertatzen da Nafarroan ere. Miguel Sanz Gobernuko lehendakariak esaterako, ez du arazo larririk ikusten. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek irakaskuntzari eta Iruñeko auzo batzuetan dagoen eskolatze arazoari buruz zehazki hitz egiteko eskatu zioten. Sanzek adierazitakoaren arabera, Donibane, Ermitagaña eta Mendebalde auzoetako haurren eskolatzea indarrean dagoen legediaren arabera konpondu da. Datu orokorrei dagokienez, D eredua eskainitako toki guztietan ez dela bete adierazi du. Hau da, Haur eta Lehen Hezkuntzan %22,75 ez direla bete, DHBn %29 eta Heziketa Zikloetan eta Batxilergoan %34.
Baina datuok bere horretan ez ditu irakurtzen Sortzen Elkarteak. Bete gabe gelditu diren tokiak Nafarroako geografiaren ondorio direla argitu dute, 25 tokiko gela asko ezin direlako bete herri txikietan.
Bestetik, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldeako haurren gurasoek ere erantzun diote Sanzik. Honek ez dutela amorerik eman esan zuen, baina gurasoek besterik diote. Irailaren 3tik amore eman zutela argitu dute, hots, aurtengo ikasturterako eman dizkioten alternatibak onartu diztuztela, baina hurrengo ikasturterako Jose Maria Iribarren edo inguruko beste edozein ikastetxetan irtenbideren bat aurkituko dutela ziurtatzea nahi dute.
Horrez gain, arazoari buruzko txostena bidali dute Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegora eta gaia Estrasburgon eztabaidatuko da.

Ikasleak kalean
Azaroaren 17an ospatu zen Ikasleen Egun Internazionala eta Ikasle Abertzaleak erakundeak deituta milaka ikasle irten ziren kalera. Manifestaldi hauek bizirik dirauen borrokaren isla direla adierazi dute IAko kideek. Geure irakaskuntza eredu propioa eraikitzeko pausoak emateko prest azaldu dira. Egungo eredua iraultzeko apustua egin dute, euskal irakaskuntza berria sortzeko apustua. Etorkizuneko ikasleak Euskal Herrian ikastea lortzeaz gain, Euskal Herrirako ikastea defendatzen dute. Euskal Herriaren biziraupena bermatuko duen irakaskuntza ziurtatzea da egungo ikasleen egitekoa.
Asmo eta ideia hauek guztiak indarturik eta finkaturik gelditu dira gainera IAk Diman ospatu zuen 10. urteurreneko jaialdian. Euskal Herrian egun bizi dugun egoera berezi honetan gizartearen eta ikasleen ardura gogorarazi zuten, irakaskuntza garrantzitsua baita Euskal Herriko eraikuntza lanetan.