35: Hauteskunde sindikalak hausnarke-tarako arrazoi dira.

1999-02-01
 
 
Burutzear daude hauteskunde sindikalak EAEn.

Nafarroan, aldiz, ikastoletan soilik egin dira, irakaskuntza publikoan eta pribatuan ekaina bitartean egiten arituko direlarik.

Iparraldean hauteskundeek beste ukitua dute. Bertako sindikaturik ez izatean, ikastoletan esaterako, sindikatu gabeko langileen ordezkaritza hautatzen baita.

Hego Euskal Herrira itzuliz, aldaketa nabarmenak gertatu badira ere, orokorrean, lehengo gehiengoak mantentzen direla esan daiteke.

Ikastoletan, Nafarroan nahiz EAEn LABek mantentzen du nagusitasuna, Lan Hitzarmenetako negoziazio mahaiak ELArekin batera osatuko dituelarik.

Irakaskuntza pribatuan, ELAren nagusitasuna izugarria da EAEren kasuan, Nafarroan SEPNA eta UGT aurreratzen diren bitartean.

Irakaskuntza publikoan, Nafarroan egin ziren azkeneko hauteskundeetan EILAS izan zen lehen indarra eta datorren maiatzean burutuko direnetan nor izango den jakiteke dago. EAEn egin berriak dira eta gertatu diren aldaketak kontuan izanik, hausnarketa egitea merezi duela uste dugu.

Unibertsitatean hautatu direnak kontuan hartzen baditugu, ELA izango litzateke lehen indarra, eta ez unibertsitarioak bakarrik zenbatuz gero, LAB. Bi sindikatu hauen igoera nabarmena izan da eta negoziazio mahai guztietan, orain arteko dinamikari eusten badiote behintzat, EILAS sindikatuarekin batera gehiengoa mantentzen dute.

Dena den, bada aipatu gabe geratu ezin den gertaera, CCOOek irakasle funtzionarioen artean izan duen gorakada nabarmena. Sindikatu honek "destino osagarrien" errekurtsoa irabazi zuenez, igoera izango zuela espero zitekeen. Baina hirugarren indarra izatetik ordezkaritza bikoiztu eta lehenengo indarra izatera pasatzea pentsa ezina zen.

CCOOren igoera errekurtsoarengatik bakarrik izan al da? Guk ez dugu uste. Zer arrazoi egon dira funtzionarioen artean liderra bihurtzeko? Ez al dute irakaskuntza eredu konkretu baten defendatzailetzat hartu? Betidanik eskaini diguten Eskola Publikoaren buru, zehazki?

Zer norabide hartuko den denborak esango du. Bitartean, irakaskuntza demokratizatzeko, parte hartzea bermatzeko, euskalduntzeko eta herritarron etorkizun aske baten alde lan egiteko Euskal Herriari dagokion Euskal Eskolaren lorpenaren aldeko ahaleginetan jarraitu behar dugu. Ateak inori itxi gabe, gurekin batera lan egin nahi duen orok bere tokia izan dezan. Ba al da beste biderik?