Kronika

1999-04-01
 
 
A ereduaren birmoldaketa
Inaxio Oliveri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Erreforma hobetzeko hainbat neurri hartzeko asmoaren berri eman du, eta horien artean A eredua hobetzea edo sendotzea. Horretarako bi neurri aipatu ditu: alde batetik, taldeen bikoiztea edo zatitzea euskararen ikasketa errazteko, eta bestetik, ikasleek ikasgairen bat euskaraz izatea. Orain arte A ereduan zeuden euskara ikasgai bezala zeukaten eta gainontzekoa gaztelaniaz ikasten zuten.
Neurri hauek hartzearen beharrezkotzat jo du A ereduak bere helburua bete dezan, hots, ikasleak derrigorrezko ikasketak amaitu ondoren bi hizkuntzetan aritzeko gai izatea.
Neurri hauek kritika ugari jaso dituzte alderdi espainiarren aldetik, baina Oliverik guztien azpian arrazoi politikoak daudela erdietsi du. Euskarazko irakaskuntzari lotutako edozer gauza ikuspegi politikotik planteatzen adierazi du eta ez ikuspegi pedagogikotik. Esanak esan, hemendik aurrera zer gertatzen den ikusi beharko da. Sendotze hau nahikoa izango ote da? Horrek bermatuko al du ikasleak elebidunak izatea?
Arestian aipatu bezala, A ereduaren birmoldaketarekin batera beste neurri batzuk ere hartzeko asmoa azaldu du Hezkuntza sailburuak, hauexek: Ertainetako irakasleen finkatzea, zentroen gestio-autonomia bultzatzea, sare kontzertatuaren gaineko akordioa bilatzea, Lanbide Heziketako Plana garatzeko neurriak bultzatzea, Ebaluaketa eta Ikerketarako Institutu ez unibertsitarioa sortzea, Antolakuntza eta jardunari buruzko arauak onestea, zentroak lotzeko sare informatikoa eratzea, zentro pedagogikoak berrikustea, ingelesaren ikasketa goiztiarraren proiektua ehun zentrotara zabaltzea, pizgarri ekonomikoak ematea hezkuntza berrikuntzan edo ikasle zailekin diharduten irakasleei eta zuzendaritzaren kudeaketa hobetzeko arautegia egitea.

Ipar Euskal Herriko eskola publikoetako eskola mapa aldatzen ari da
Pirinio-Atlantikoko departamenduan datorren ikasturterako eskola mapa prestatzeko bilerak egiten ari dira eta hautsak harrotu ditu. Pierre Polivkak ikuskariak eskola frantsesen kasuan 30 gela itxiko dituela eta 10 postu sortuko dituela adierazi du. Eskola elebidunetan, berriz, zortzi postu berri sortzeko nahikaria adierazi du. Neurri hauekin polarizazioa dator, ikastegiak elkartu eta haurrak herri handiagoetara bideratzea dakar eta honek barnealdeko eskola asko ixtea ekarriko du. Horregatik protestak egin dituzte, departamenduko gainontzeko irakasleek bezalaxe. Protesta hauetan gurasoak, irakasle frantsesak eta euskarazko irakasleak bildu dira. Hala ere, gutxik lortu dute Akademiak erabakitakoa aldatzea.
Bestalde, behin-behineko egoeran dauden irakasleak integratzeko lehiaketa berezi bat egingo da irailean. Ikas Bik interesgarritzat jo du, baina irakasleek guztien integrazioa eskatzen dute.

Nafarroako orientatzaileak dekretuaren zirriborroaren aurka
Nafarroako ikastetxe publikoetako orientatzaileak hilabete mugitua izan dute. Nafar Gobernuko Hezkuntza Sailak beren funtzioak eta lan baldintzak arautuko dituen dekretu zirribo-rroa egin du eta beraiek ez daude ados bertan planteatutakoarekin. Lehenengo eta behin, zirriborroa egiterakoan beraiekin ez dutela hitz egin adierazi dute. Bestetik, orientatzaileen funtzioen definizio zehatzik ez dela egiten diote. Eta azkenik, zonaldeka eta sektoreka antolatutako oraingo egitura hausten duela. Hezkuntza Sailak orientatzaileek ikastetxearen funtzionamendua barneratuta egon behar dutela diote, eta orientatzaileen kolektiboaren ustez orain arte bezala sektoreka eta zonaldeka mantentzeak autonomia eta efikazia handiagoa ematen du.
Kolektiboarekin batera, zenbait sindikatu ere zirriborroaren aurka agertu dira, STEE-EILAS, CCOO, LAB, ELA eta Afapna, hain zuzen ere. CSIF eta UGT, berriz, Administrazioaren proposamenarekin bat etorri dira. Dena dela, oraindik prozesua itxi gabe dago eta Eskola Kontseiluak ere ez du oraindik erabakirik eman honen gainean.
Beste erabaki bat bai hartu duela Eskola Kontseiluak: LOGSE-Batxilergoko azken bi kurtsoetan iraileko azterketak kentzea. Proposamen honen arabera, iraileko azterketak ekaina bukaeran egingo lirateke. Ikasturtea maiatzaren 21ean amaituko litzateke, ohiko azterketak maiatzaren 31ean, ondoren ekaineko lehen hiru astetan errekuperaketa klaseak egongo lirateke ikasgaiak gainditu ez dituztenentzat, eta azken astean azterketak.
Momentuz, estatu espainiarreko 17 komunitate autonomoetatik, EAEn bakarrik egin da aldaketa hau. Nafarroan ere egingo da, baldin eta Eskola Kontseiluaren erabakia Hezkuntza Sailak onartzen baldin badu.

Ikasleen erreibindika-zioak D eredua eskatuz
Ikasle Abertzaleak taldeak hainbat mobilizazio burutu ditu bere eskaerak eta salaketak plazaratzeko. Lehendabizi, Lanbide Heziketako zentroetan kontzentrazioak egin dituzte D ereduaren hedapena eskatzeko. Gaur egun, Nafarroan eskaintzen diren 124 heziketa ziklotatik bi soilik dira euskarazkoak. Guztira 2.366 ikasle daude Lanbide Heziketan eta horietatik 14 bakarrik ari dira euskaraz, hau da, %0,59a. Gainera, hauen irakasleriaren egoera ezegonkorra da eta horrek egoera gehiago larritzen du. EAEn dauden 84 heziketa zikloetatik 23 ikas daitezke euskaraz, hots, %27,3a.
D ereduaren egoera larria salatzeaz gain, irakaskuntzako "kolonizazioaren" aurka ere mobilizatu da IA. "Kolonizazioak baditu milaka aurpegi. Ikasle Abertzaleok iraultzen!" lelopean burututako mobilizazioetan "hezkuntzako kolonizazioa" salatu nahi izan dute. "Euskal gazteria eta belaunaldi berria eduki hezitzaile jakin batzuen arabera eta atzerriko hizkuntzan hezitzen da" IAko ordezkarien iritziz, "eta egoera hau ez da koiunturala, estatu espainiar eta frantziarrek diseinatutako hezkuntza sistemari lotutakoa baizik".