Euskal ikasleek III. Biltzar Nazionala ospatuko dute

1999-05-01
Euskal ikasleak Agurainen elkartuko dira III. Biltzar Nazionala ospatzeko maiatzaren 7, 8 eta 9an. Ikasle Abertzaleak, Duina Ikasle Koordinadora, Unibertsitateko Euskal Adarra, Lanbide Heziketako Ikasle Euskaldunak, Jarrai gazte erakundea, Ipar Euskal Herriko Ikasleen Elkartea, Presoen aldeko Taldeak eta 7 Baietz!ek antolatu dute biltzarra ikasleak elkartzeko eta hainbat gai eztabaidatzeko.
 
 
Erankunde antolatzaileek adierazi dutenez Lizarra-Garaziko hitzarmenaren ondotik Euskal Herrian prozesu berria jarri da abian eta horren ardatzak Euskal Herria maila ezberdinetan eraikitzea eta gorpuztea izan behar du. Horrela, irakaskuntzan ere gehiengo soziala egituratu behar dela diote irakaskuntzatik ere Euskal Herria eraiki dadin, eta zehatzago esanda, irakaskuntza propioaren eraikuntza.

Irakaskuntza propio horren aldeko eraikuntzan sektore ezberdinek parte hartu behar dute (irakasleek, gurasoek, herritarrek, ikasleek...) eta bakoitzak bere ekarpena bideratzeko modua aurkitu beharko duela uste dute talde hauek.

Horregatik, ikasle hauek beraien ekarpenak egiteko eta euskal eskola propioaren eraikuntzan parte hartzeko prest daude.

Era berean, irakaskuntzaren egoera eta euskalduntzearen beharra azpimarratzen dituzte eta horretan ere urratsak emateko asmo trinkoa dute. "Ikasleok irakaskuntza eredu arrotz eta zaharkitu hau gainditzeko, iraultzeko eta geure eredua abian jartzeko une ezin hobea dugu" erakunde hauen iritziz. Bide horretan sortu beharreko eredu berriak propioa izan behar duela azpimarratzen dute, hots, Euskal Herriak erabakia eta hizkuntzaz eta edukiz euskalduna.

Ideia hauek garbi edukita, euskal ikasleek euren ekarpenen inguruan hausnartu, erabaki eta hitza hartzeko beharra ikusi dute eta hori aurrera eramateko gune baten premia. Horregatik bilduko dira Euskal Ikasleen III. Biltzar Nazionalean.

Gune egokia dela adierazi dute, marko demokratikoa, anitza eta nazionala delako. Demokratikoa ikasle talde nahiz subjektu desberdinek parte hartuko dutelako; anitza, esparru ezberdinetan lan egiten duen ikasleria bilduko delako; eta nazionala, ikasle horiek Euskal Herri osokoak izango direlako.



Biltzarraren ildo nagusiak

Biltzar Nazionalaren ardatzak bi izanen dira:

1- Egungo irakaskuntza markoa gainditu eta irakaskuntza marko berri bat eraikitzea euskalduntzearen bitartez. Izan ere, egungo eredua antidemokratiko eta antieuskalduna izanik, berau gainditzeko beharra ikusten dute. Euskara eta euskal nortasunaren ukapenean oinarritzen den eredua dela diote. Beraz hau gainditu eta berria eraiki behar da eta honen ardatzak euskara izan behar du. Irakaskuntza hizkuntzaz zein edukiz euskaldundu behar dela argi eta garbi dute. Bizibaldintzen zein demokraziaren aldeko borrrokek leku garrantzitsua badute ere, euskalduntzearen aldekoari garrantzia erantsi bat du eta horixe izango da lehen erronka.

2- Euskal eredua eraikitzeko ikasle uholde bat sortu beharra dago eta berau nola sortuko duten eztabaidatuko dute Biltzar Nazionalean.

Biltzarrean zazpi gune ezberdinetan banatuko dira Agurainera hurbiltzen diren ikasleak: unibertsitatea euskalduntzeko gunea, Lanbide Heziketa euskalduntzeko gunea, erdal ereduen gunea, erdal edukien gunea, irakaskuntza ertain euskaldunaren gunea, aldizkarien gunea eta ikastetxe euskaldunen gunea. Bakoitzean arlo konkretu horretako egoera eta egin daitekeena aztertu, hausnartu, eztabaidatu eta erabakiko da.



Ondorioak zabaltzeko asmoa

Biltzar Nazionalaren ondotik hausnarketa egun nazional bat antolatuko dute ikastetxe guztietan hartu behar diren erronkak eztabaidatzeko. Eta ondoren, Euskal Ikasleon Erronken Taula Nazionala osatuko dute.