Kronika

1999-05-01
 
 
Hiru urteko haurren aurrematrikulazioan D ereduak gora
egin du

EAEko aurrematrikulazio datuak ezagutu dira eta azken 18 urteetako joera apurtuz, 3 urteko haurren kopurua igo egin da. 300 bat haur gehiago matrikulatu dira 1999/2000 ikasturterako. Horrekin batera, euskarazko ereduetan matrikulatu direnen kopuruak ere gora egin du, %0,9 handitu da B eta D ereduetan matrikulatutako haur kopurua. A eredua, aldiz, %1,8 gutxitu da.
A ereduaren kasuan ez da kopurua soilik aldatuko, A eredua bera ere bai. A ereduarekin legeak esaten duena ez dela betetzen onartu dute Hezkuntza Sailekoek eta horregatik EAEk 20 zentrotan hainbat aldaketa egingo direla iragarri dute. 3 eta 6 urte bitarteko haurren artean egingo dira aldaketak, 10 zentro publikotan eta 10 pribatutan. Besteak beste euskara irakasten denean taldeak txikituko dira eta instrumentalak ez diren ikasgaiak euskaraz eman ahal izango dira.
Nafarroan ere D ereduak gora egin du hiru urteko haurren aurrematrikulazioan. %5,6koa izan da gorakada eta batez ere Iruñerrian. Iaz bainoa 46 haur gehiago aurrematrikulatu dira eredu euskaldunean, eta Iruñea barnean mantendu egin da iazko kopurua.
Bestalde, eredu aldaketa eskatu dute ELA, LAB, EILAS, Sortzen eta Ikastolen Elkarteak. Bi eredu ezartzea eskatzen dute: bata euskararekiko kontaktuak ziurtatuko duen oinarrizko eredu bat eta bestea euskara hizkuntza gidaria izango lukeen eredu elebiduna. Eredu honek Nafarroa osoan D eredua aukeratzeko posibilitatea emango luke, eta oraingo banaketa geografikoa gaindituz.

Berako ikastolak berriro eskatu du
legalizazioa

Berako Labiaga ikastolak berriz ere Hezkuntza Departamentura jo du DBHren legalizazioa eskatuz. Denbora luzea darama legalizazioa eskatzen, baina oraindik ez du lortu. CDN ekimen parlamentario bat aurrera eramaten saiatu zen, baina PSN eta UPNk blokeatu egin zuten. Hala ere, ikasle, guraso, irakasle eta beste askoren ekimen eta mobilizazioen ondoren 36 milioitako dirulaguntza bat ematea lortu zuen ikasturte hau finantzatu ahal izateko.
Baina horrek ez du sustraian dagoen arazoa konpondu: legalizazioa. Aurten, bigarren urtez, legalki existitzen ez diren 30 ikasle irtengo dira Labiagatik.
Egoera honen aurrean errekurtso judizial bat ere ezarri zuen ikastolak eta Javier Markotegi Hezkuntza kontseilaria errekurtsoaren erantzunaren zain dagoela dirudi. Dena dela, ikastolako arduradunek, erresoluzio horren zain egon gabe, irteera hobea ikusten dute: Hezkuntza Departamentuak D ereduko DBH legalki onartzea ikastolari.

0-3 zikloa aztertzen hasiko da
Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritza 0-3 urte bitarteko haurren eskolaratzea aztertzen hasiko da. Eusko legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak legez besteko proposamen bat onartu zuen eta horren arabera Hezkuntza Sailak batzorde bat eratuko du hiru urte arteko haurren hezkuntzaren diagnosia egiteko. Zortzi hilabeteko epean egin beharko du azterketa hori eta ondoren Parlamentuaren aurrean aurkeztu.
Txosten honetan herriz herriko egoera aztertu beharko du eta adin honetako hezkuntzaren finantzaketa eta kalitatea bermatzeko neurriak proposatu ere bai.
Ekimena PSE-EEko ordezkari den Isabel Celaak aurkeztu zuen eta gainontzeko batzordekideek aho batez onartu zuten.
Gaur egun adin honetako haurrentzako hezkuntza arautu gabe dago. Eusko Jaurlaritzak eta diputazioak 180 milioi pezeta jartzen dituzte eskola horientzat, baina ez da aski. Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera bi urteko 16.000 haur daude gobernuaren zentroetan, eskola munizipaletan eta haurtzaindegi publiko zein kontzertatuetan barreiaturik.
Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak sektorea arautzeko proposamenak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko dituela hitz eman zuen. Parlamentuko Kamarak proposamenak onartuko balitu, 0-3 urteko haurren hezkuntzaren araudi berria 2000-2001 ikasturtean jarriko litzateke martxan.
Nafarroan ere ziklo hau arautzeko kanpaina egin du CCOO sindikatuak. Ikastetxe publikoetako 1.781 irakasleren sinadurak bildu eta Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztu ditu. Momentuz Markotegi ez da 0-3 urte bitarteko haurren hezkuntza arautzearen alde agertu eta ez duela horrelakorik egingo azaldu du. Sindikatuko arduradunek diote ziklo hau arautzen ez bada, sare publikoa desabantailan aurkitzen dela, ikastetxe pribatuek 2 urteko haurrak matrikula ditzaketelako eta publikoek ez.

Ikasleen aldarrikapenak
Euskal Herri osoan

Ipar Euskal Herriko Ikasleen Elkarteak (IEHIE) antolatuta Ikasleen Eguna ospatu zen Baionan apirilaren 24ean. Bosgarren aldiz ospatu zen egun hau gogoetarako eta jairako eguna bilakatu zen. Hasteko, bi eztabaida burutu ziren. Lehenengoan hiru euskal lurraldeetako ikasleen egoeraren konparaketa izan zen mintzagai. IEHIE eta Ikasle Abertzaleak taldeko kideak izan ziren hizketan. Bigarren solasaldian gaur egun unibertsitateak nolako eginkizunak bete behar dituen eztabaidatu zen. Bertan unibertsitateko zenbait irakaslek parte hartu zuten.
Gogoeta egun honen ondotik, IEHIEk lanean jarraitzeko asmoa du orain arteko ildoari jarraiki. Elkartearen xedea berezko unibertsitatea lortzea da.
Duina ikasle koordinadorak, bestalde, Hego Euskal Herriko lau probintzietako ikastetetxe guztietan egun osoko greba egiteko deialdia luzatu zuen apirilaren 30ean. Lau eskari luzatu zituen koordinakundeak:
1- Irakaskuntza lan merkatura egokitzea eta praktiken sistema birplanteatzea.
2- Ikasleentzako zerbitzuak hobetzea (fotokopiak, garraioak, etxebizitzak...) eta ikasleen ahalmen ekonomikora egokitzea.
3- Lan baldintzak aldatzea: 35 orduko lan astea, gizarte soldata eta ABLEak ixtea.
4- Etxebizitzen espekulazioa gelditzeko neurri fiskal eta legalak hartzeko eskaera.