ELLAKURIA, Pello:
Hasteko eta kokatzeko, esaguzu zer den Euskadiko Eskola Kontseilua?
Hezkuntza munduan inplikaturik dauden atal ezberdinek osatzen duten erakundea da: gurasoek, irakasleek, ikasleek, toki administrazioek, unibertsitateko ordezkariak, Hezkuntza administrazioaren ordezkariek, Hezkuntza munduan ospe handia duten pertsonek, berrikuntza pedagogikorako erakundeen ordezkariek...
Guztien artean eztabaidatzen dira gaiak eta erabaki, eskakizun edo aholku bateratua osatzen da administrazioarengana joateko.
Zein da bere egitekoa?
Bi zeregin nagusi ditu. Lehenengoa hezkuntza munduan parte hartzen duten atal guztien partaidetza bultzatzea da, baina partaidetza emankorra. Ez da gauza erraza hori lortzea, zeren erraz hitz egiten baitugu denok, baina parte hartzeko zeregin batzuk bete behar dira eta hori kosta egiten da.
Bigarren zeregina administrazioari aholkuak edo balorazioak bideratzea da eta bere iritzia entzun araztea. Izan ere, administrazioak beti entzun behar du Kontseiluak esaten duena dekretu edo lege bat bideratzeko. Hala ere, azkenean administrazioak hartzen du erabakia, Kontseiluak ez du horretarako ahalmenik.
Erabakiak hartzeko ahalmenik ez badu, ez al da parte-hartzea zailtzen? Jendeak pentsa dezake "zergatik parte hartu gero erabakitzeko ahalmenik ez badugu?"
Agian bai, baina parte hartzea garrantzitsua da. Gure iritzia emateko eta erabakia hartu behar duenak ikuspegi zabalagoa izateko balio du parte-hartze horrek. Eta hori da Kontseiluaren betebeharretako bat.
Askotan errazagoa izaten da talde edo pertsona bakoitza zuzenean joatea administrazioarengana, errazagoa baita adostasunera edo akordio batera iristea. Baina denon artean eztabaidatzen den erabakia aberatsagoa da eta ikuspegi guztiak biltzen dituena.
Maiatzean Granadan Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Eskola Kontseiluen X. Jardunaldiak burutuko dira. Aurtengo gaia ikastetxeen autonomia izanen da. Zergatik gai hau?
Beharrezkoa ikusten zelako. Badaude zenbait erreparo batzuen aldetik; zergatik momentu honetan gai hori, baliabiderik ez dagoelako? Baliabide gehiago behar direlako?
Errealitatean ikastetxeen autonomia baldintzatuta dagoela ikusten da antolakuntza, curriculum eta ekonomia aldetik. Administrazioak araudi edo ikuspegi orokor bat eduki behar du, baina ondoren ikastetxea bera da egokiena bere egoera eta baldintzen araberako erabakiak hartzeko.
Baina administrazioak sistema osoak ondo funtzionatuko duela ziurtatu nahi izaten du. Ikastetxe bakoitzari erabakiak hartzen uzten badio azkenean bete behar diren betebeharrak ez direla burutuko pentsatzen du. Mesfidantza dagoela esan daiteke.
Antolakuntza, ikasketa eta ekonomiaren autonomia aipatu dituzu eta horien inguruko hausnarketa da zuek egin duzuena. Antolakuntza autonomiarekin hasiz, bi zeregin ikusten dituzue: administrazioarena eta ikastetxeena. Nola ikusten duzue lehenengoa?
Administrazioak bere betebeharrak dauzka eta erabakiak hartu behar ditu, hori guk garbi daukagu. Baina bere papera aldatu egin beharko litzateke. Oinarri orokorrak jarri beharko ditu, denontzat berdinak diren helburuak finkatu eta azkenean exijitu eta kontrolatu. Baina kontrolak baloratzeko izan behar du, nola gauden eta zer egin behar dugun jakiteko, ez zigorra ezartzeko.
Ezarritako helburuak lortzeko eman behar diren pausoak ez lituzke zehaztu behar administrazioak. Bere lana ez da orduak antolatzea, gaiak zehaztea, testuak aukeratzea...
Zergatik ezin du eskolak beste era batera antolatu bere jarduna? Antolakuntza malguago batekin eskola martxan jartzea lortzen badu, ikasleria motibatuagoa baldin badago, emaitza onak lortzen badira eta abar?
Hori bai, ikastetxeak hartzen dituen erabakien erantzule izan behar du administrazioaren eta gizartearen aurrean, hori ez da ahaztu behar.
Nola antolatu beharko luke ikastetxeak? Nola bideratu beharko luke antolakuntza autonomia hori?
Ikastetxearen inguruan dauden guztiek parte hartuz: gurasoek, ikasleek, irakasle erakundeek, irakasleek maila pertsonalean, langile ez-dozenteek, administraziokoek... Hori oso garrantzitsua da. Denak inplikatu behar dira eta erantzule egin, denen parte hartzea bultzatu.
Erabakiak hartzeko aukera izatea da klabea eta erabaki horiek egonkortasuna izatea ere bai. Horretarako, irakasleriaren egonkortasuna beharrezkoa da, ezta?
Bai, egia da. Azken batean irakasleen egonkortasuna da ikastetxeko proiektua finkatzen duena. Ikastetxearen filosofia finkatzen dutenak irakasleak dira, nahiz eta gainontzekoek ere parte hartu. Hauei ez diet pisurik kentzen, baina ikastetxean bertan parte hartzen dutenei gehiago ematen diet.
Horregatik, irakasleriaren egonkortasuna eta iraunkortasuna funtsezkoak dira, baina baita pertsonalgo mota ere. Ikastetxe bakoitza ezberdina da eta irakasle batzuk egokiagoak dira leku batzuetarako beste batzuetarako baino.
Orduan, ikastetxeak berak aukeratu beharko lituzke irakasleak?
Bai, hala da. Ez litzateke derrigorrez aukeratu behar zerrendan lehenengo dagoena. Lehenengo horrek agian nahiago izango du beste ikastetxe batera joatea, baina lehenengo postu horri ezezkoa esaten badio zerrendan azkena gelditzen da. Beraz, azkena ez gelditzeagatik esango du baiezkoa. Antolaketa aldetik arazo larria da benetan.
Horren arabera Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua irakasleen eskubideen gainetik ezartzen duzu.
Bai, nik hori garbi daukat. Sindikatuen artean gai honen inguruko eztabaidak daude. Baina azken finean hezkuntzaren helburua ez dira irakasleen eskubideak, hezkuntza bera baizik. Helburu pertsonalak egongo balira gainera, ikasleenak izango lirateke eta ez irakasleenak. Irakaslea zerbitzu hori prestatu behar duena da eta zerbitzu hori proiektu baten barruan dago.
Nik garbi daukat irakasleak bere lana proiektu baten barruan kokatu behar duela.
Norbaitek katedra askatasuna mugatzen ari zarela esan dezake.
Bada, oker dago, hori ez baita katedra askatasuna. Inork ez dio esango bere ikasgaian zer eduki irakatsi behar duen, baizik eta zer egin behar den gela barruan, nola lan egin behar den, ikastetxearen giro osoa nola bideratu behar den... eta horrek guztiak osatzen du proiektua. Horrekin ados ez dagoena, ez dadila ikastetxe horretara joan. Hori garbi izan behar dugu.
Gelako zeregina, ikasgaien edukia... aipatu dituzu. Horri lotutako arloa da curriculuma edo ikasketa autonomia. Zuen hausnarketetan curriculuma oso mugatua dagoela diozue. Zein muga ikusten dituzue?
Azken momentuan ez dago inolako askatasunik. Estatuko curriculuma soilik hartzen badugu, hor oinarrizkoa jartzen dela ikusiko dugu, eta horrek denbora guztia kentzen duela ikastetxe bakoitzeko ekarpenei lekurik utzi gabe. Gainera, edukiak finkatzeaz gain, ikas-irakas prozesua bideratzeko urratsak zehazten dira, oso emankorrak izango direnak, baina lan egiteko garaian betetzen ez direnak. Zergatik? Azkenean azterketa egin behar delako eta eduki guztiak irakatsi behar direlako. Eta irakasleak prozesu ona dela pentsatu arren, ezin du eduki horiek irakatsi gabe gelditu eta azkenean ikasleek buruz ikasten bukatzen dute. Orduan, ikasketa prozesu bat bultzatu al dugu ala orain arte bezala biltegi huts bat bete?
Bai erabakiak hartzeko eta bai metodoak finkatzeko autonomia behar da.
Esparru honetan kultura burokratikoa nabarmentzen dela diozue. Zer esan nahi duzue zehazki horrekin?
Ikastetxeek administrazioak xedatu duena baino ez dutela martxan jartzen eta gero baliabideak eskatu beharrizanak dituztenean. Planteamendu instituzionalak, ekintza edota ebaluazio planak administrazioak halaxe eskatzen duelako egin behar direla uste da, hau da, ez dute uste autonomiadun funtzionamendurako tresna baliagarriak direnik.
Gainera, hori guztia aurrera eramateko ikastetxeek inprimaki pila bat bete behar dituzte ikasturtean zehar eta gero ez da posible denak kontrolatzea. Hurrengo ikasturtean ere gauza bera errepikatzen da eta berriro paperak betetzera. Dirudienez, burokrazia betez gero ondo goaz.
Garbi dago egiten dena ez dela aproposena. Nola bideratu beharko litzateke burokrazia lana?
Burokrazia beharrezkoa bada ere, ikastetxe bakoitzean ze pertsonalgo behar den ikusi beharko da. Adibidez, Batxilergoko ikastetxe publiko guztiek bazituzten zenbait pertsona konkretu lan horretarako, ikastoletan ere beti izan da, baina Lehen mailako eskola publikoetan ez, eta lan hori bideratzeko beharrezkoa da dagokion pertsonalgoa.
Zenbat eta autonomia gehiago izan, baliabide gehiago beharko da. Administratzaile bat behar da administrazio lanak egiteko, adibidez.
Autonomia ekonomikoa ere aztertu duzue. Proiektu konkretuetarako diru minimo bat behar dela aipatzen duzue. Azaldu iezaguzu ideia hau.
Hasteko, ikastetxe guztiek jaso behar dute oinarrizko dirua eta behar handiagoa dutenek konpentsazio dirua ere bai. Baina horrez gain, ikastetxe batek proiektu konkretu bat egiten badu, hori aurrera ateratzeko dirua beharko du eta eman egin beharko zaio. Adibidez, ikastetxe baten eraikuntza eta azpiegitura herriko beste talde batzuek erabiltzen badute, ikastetxean arduradun batek egon beharko du gelak ireki eta ixteko eta abar. Zer da hobe atezain bat edukitzea goizetik gauera arte ala zuzendariak egitea atezain lana?
Lanbide Heziketako ikastetxe batek inguruko lantegiekin gauza konkretu bat egin nahi badu eta horretarako espezialista bat ekarri behar badu, ordaindu egin beharko dio...
Beraz, dirua behar da horrelako gauzak egiteko. Dirua libre erabiltzea da hori? Ez, hori dirua behar duzula da. Noski, administrazioaz gain, beste diru iturri batzuk ere bila daitezke.
Baina administrazioak ematen duen dirua diru publikoa da eta ezingo zaio edonori eta edonola eman.
Sarritan mesfidantza dago. Roldan bat egon zen, baina denak ez dira izango bera bezalakoak. Nik neuk hezkuntza munduan jende zintzo ugari ezagutzen dut. Gainera, administrazioak badauzka bitartekoak ikastetxe batean ze diru sartu den eta nola atera den ikusteko. Erabilera zehatza, efikaza eta garbia exijitu behar du.
Baina nola banatu behar da dirua batzuk gehiegirekin eta besteak gutxiegirekin ez gelditzeko? Nola bideratu hori?
Proiektuen arabera banatu behar da. Batzuek hor ere mesfidantza dute. Jendea ikastetxez kanpoko proiektuak egitera dedikatzen dela diote eta ez eguneroko lanera. Hori gerta liteke eta horregatik jarraipen bat egin beharko da.
Bestalde, ikastetxe batek ez dakit zenbat milioiko makina bat baldin badauka, denek eduki behar al dute? Ez, erabiltzen ez badute, ez. Hori irakasleriarekin lotua dago.
Orain arteko ideia hauek (antolakuntza, ikasketa eta ekonomia autonomia) aurrera ateratzeko aukerarik ez du ematen egungo legeak. Orduan, zer egin daiteke?
Egia esan, gauza batzuk oso mugatuta daude. "Legeak hau dio" esan ohi dugu eta hala da. Nik ez dut ezetzik esaten eta gainera legea betetzeko prest nago. Baina legea alda daiteke eta hori esan dezaket. Legeak gure egoera konkretuari erantzunik ematen ez badio zergatik jarraitu behar dugu lege horrekin? Legea ez da mugiezina, alda daiteke. Beraz, hitz egin dezagun. Ikus dezagun nola lor dezakegun antolakuntza, ikasketa eta ekonomia mailako autonomia eta egin ditzagun proposamenak. Gero parlamentariek erabakiko dute, baina guk esan dezakegu oraingo legeak ez duela gure beharrizanak betetzeko aukera ematen.
Autonomia garatu duten esperientziak egon dira Euskal Herrian, ikastolen mugimendua, adibidez. Zergatik ez dira onartu?
Egia esan, pena da esperientzia konkretuak kontrastatuak izan eta horren emaitzak ez aprobetxatzea. Noraino iritsi diren eta horra iristeko zein baldintza behar diren nahiko garbi dago. Hori ikusi eta guztiontzat orokortu daitezkeenak zein diren ikusi beharko litzateke.
Oiartzunen esperientzia berri bat martxan jartzera doaz: udal ikastola. Udalak gertutik kontrolatzeko aukera ematen du eta herritarren parte hartzea handiagotzeko ere bai. Zure ustez, ez al lukete Euskal Herrian izugarrizko arrakasta edukiko horrelako esperientziek edo ereduek?
Gure idatzietan aipatu izan dugu udal ikastola edo eskolaren eredua. Badirudi gure historia ikusita dena goitik egin dela eta egin behar dela, hots, administrazio orokorretik. Eta ondorioz esperientzia horiek ez ditugu ezagutzen.
Administrazio orokorraren aldetik askatasun hori emateari beldurra ere badagoela esango nuke. Baina zeinek ezagutzen du hobeto Oiartzungo bailara? Bertakoek, noski. Eta Oiartzungo udaletxeak ez al dauka interesik herriko eskola primeran joateko eta bertako jendea ondo prestatzeko? Horrelako esperientziak aberasgarriak direla iruditzen zait eta erantzun zuzenagoa eman diezaieeela eskakizunei. Herri bakoitzak eskola bere herrikoa bezala kontsideratzen eta sentitzen badu, parte-hartzea handiagoa izango da eta ez da irla bat bezala geldituko.
Dena dela, azken finean, herri bakoitzaren historia eta filosofiaren arabera, aukera gehiago edo gutxiago egongo da horrelako proiektu bat bultzatzeko.
Ikastetxeen Autonomia
Euskal Autonomia Erkidegotik egindako proposamenak
Euskadiko Eskola Kontseiluak ondoko helburu, estrategia eta gomendioak bultzatu nahi ditu behintzat, fondo publikoak eta titulartasun publikoa dituzten zentroentzat, gobernu organoak osatzeko sistema, partaidetza demokratikoa indartzeko sistema eta jarraitasun eta kontrol sistema berberak ezarriz:
1) Eskola kultura aldaraztea eta ikastetxeak proiektu baten inguruan antolatzea.
1.1. Hezkuntza proiektuak eta zentroko proiektuak egiteko prozesu kolektiboak bultzatzea.
- Hezkuntza erkidego osoa inplikatzea hezkuntza proiektua egitean;
- Irakasle guztiak inplikatzea ikasketa-proiektua egitean;
- Zentroen gaitasuna aintzatestea, proiektuaren arabera jardun eta antola dezaten;
- Kurtsoaren hasierako erabakiak aldatzea, zentroek autoarauketarako gaitasuna izan dezaten marko orokorraren barruan.
1.2. Ikastetxeen autonomiaren eta berriztapen eta saiakuntza prozesuen alde egitea.
- Lege esparruaren eta gizarte inguruko ahalmenak garatzea;
- Ikastetxeetako autonomi esperientziak errespetatzea;
- Berriztapen eta esperimentazio prozesuak sustatzea;
- Zentroei hizkuntz tratamenduan eta ikasleen ibilbidean esku hartzen uztea.
1.3. Ikastetxeetako prozesuen jarraipen eta ebaluazio sistemak ezartzea.
- Ordezkaritza organu Gorenak (OOG) ezarritako helburuen arabera ebaluatzea;
- Ikastetxeei funtzionamendurako ebaluazio ereduak eskaintzea;
- Parte hartzeko kultura eta kalitatearen autokontrola bultzatzea.
2) Zuzendaritza lana bultzatzea eta ikastetxeetan antolaketa eta partaidetza egiturak garatzea.
2.1. Zuzendaritza lana birdefinitu, indartu eta profesionalizatzea.
- Zuzendaritza talde osoari aplikatu beharreko gaitze sistema bultzatzea;
- Zuzendaritza lana baloratu, aintzatetsi eta piztea;
- Koordinazio mekanismoak ezartzea zuzendaritza taldeen artean;
- Zuzendaritza lanari dagozkion ordainsari motibatzaileak finkatzeko sistema ezartzea.
2.2. OOGren gaitasunak garatzea, ordezkaritza organoen eta zuzendaritza organoen eginkizunak bereiztea eta koordinatzea.
- OOGk zentroko proiektuak egitean eta garatzean duen partaidetza bultzatzea;
- OGGri erraztasunak ematea zentroko proiektuen ebaluazioa egin dezan;
- OGGri eskumenak ematea proposamenak egin ditzan, ebaluazioaren emaitzen arabera;
- OGG indartzea, eskola erkidegoko ordezkaritza organoa den heinean;
- Zuzendaritza taldeari esleitzea kudeaketa eginkizun guztiak;
- Ikasleek ikastetxeetan duten partaidetza bultzatzea;
- Sektore guztietako ordezkariak izango diztuten lan batzordeak bultzatzea.
2.3. Ikastetxeei beharrezko giza baliabideak ematea.
- Ikastetxe guztiei, batik bat Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko independienteei langileak zuzkitzea, administrazio lana egin dezaten;
- Administratzailea ezartzea eta horren eskumenak garatzea;
- Administrazio zerbitzuko antolakuntza ereduak proposatzea;
- Irakasleak ez diren langileak zentroko zuzendaritzaren menpe jartzea.
2.4. Ikastetxeen aholkularitza, ebaluazio eta kontrol egiturak bultzatzea.
- Hezkuntzarako egungo laguntza eta ikuskaritza egiturak aztertzea: PAT, Hezkuntza Ikuskaritza...
- Irakasle Kidegoari buruzko Legeak lanpostu horiei emandako behin betiko izaera birraztetzea;
- Egitura horien funtzioak birdefinitzea.
3) Ikastetxeak ingurura zabaltzea, erakundeekiko harremanak estutuz eta beste ikastetxe batzuekiko elkartrukea bultzatuz.
3.1. Zentroen gizarteratzea bultzatzea inguruan eta beste erakunde eta zentroekin dituzten harremanak ugaltzea.
- Irabaz asmorik gabeko erakundeek zentroak eskola ordutegitik kanpo erabil ditzaten butzatzea;
- Hitzarmenak egitea inguruko erakundeekin ikastetxeen gizarte erabilera bultzatzeko;
- Ikastetxeen elkartrukerako erraztasunak ematea.
3.2. Ikastetxeen irudia zaintzea eta guraso eta ikasleei arreta eskaintzea.
- Eskola elkarteak ikastetxea identifikatu eta baloratzeko programak bultzatzea;
- Toki egokiak eta prozedura arinak ezartzea guraso eta ikasleei arreta eskaintzeko;
- Eskolan, orokorrean, eta ikastetxe bakoitzean bereziki, egiten diren hobekuntzen berri aldiro-aldiro ematea.
3.3. Ikastetxeek eskainitako ekintza osagarrien eta eskolaz kanpoko ekintzen esparrua ezartzea.
- Ikastetxeek eskain dezaketen hezkuntza zerbitzuen katalogoa definitu eta eguneratzea;
- Zerbitzu horien finantzaketa publiko eta pribatuaren iturriak arautzea;
- Baliabideak esleitzea eta zerbitzuen kontratazioa ahalbidetzea eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzeko.
4) Plazen hautapen eta hornidura sistemak egokitzea, baita irakasleen prestakuntza planak eta euskalduntzea ere.
4.1. Ikastetxeetan lanpostuen hautapen eta hornidura sistemak egokitzea.
- Lanpostuen esleipen sistemak birraztertzea ikastaroaren hasieran;
- Atzerabidean dauden espezialitateetako irakasleak behin betiko beste espezialitate batzuetara destinatzea baldintzapean.
- Zenbait aukera aztertzea egungo markoan edo hortik kanpo, Bigarren Hezkuntzako irakasleen lanpostuak beste era batera definitzeko; izan ere, egun lanpostu horiek unibertsitateko espezialitate batzuen menpe daude eta ez dira inola ere kontuan hartzen irakasleen ezaugarriak.
4.2. Ikastetxeei beren lanpostuen planifikazio, hautapen eta horniduran parte hartzeko bide ematea.
- Ikastetxeek bere lanpostuen zerrenda eta hizkuntz eskakizunen derrigortasuna antolatzeko duten eskumena aintzatestea;
- Lanpostuak hornitzeko sistema ezartzea, esleitutako eskakizun bereziak beteko direla bermatuko delarik;
- Irakasle taldearen egonkortasun handiagoa ahalbidetzea.
4.3. Irakasleen prestakuntza eta birziklaia sistemak eta euskalduntze planak berriztatzea.
- Birziklatze eta euskalduntze planak egitea ikastexe bakoitzean;
- Birziklatze ikastaroak ematen dituzten irakasleak hautatzeko irizpide objektiboak ezartzea;
- Ekimenak garatzea unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo, irakasleen hasierako prestakuntza birdefinitzeko.
5) Ikastetxe ekonomi/finantzazko autonomia garatu eta bultzatzea.
5.1. Zuzendaritza lana birdefinitzea eta zuzendaritza taldeei kudeaketa tresnak ematea.
- Ordu libre gehiago izatea kudeaketa lanetan denbora gehiago eman ahal izateko;
- Zuzendaritza lanari datxekion ordainsaria birraztertzea;
- Administratzailea definitzea eta pertsona hori ikastetxeetan finkatzeko mekanismoak ezartzea;
- Pertsona hori dotatzeko irizpideak ezartzea, ikastetxearen tamaina eta ezaugarriak kontuan izanik.
5.2. Egungo legegintza markoak ezarritako mugak malgutzea, zuzendariak kontratatzeko gaitasunari dagokionez.
- Egungo bi milioiko muga aztertzea;
- Udalek ikastetxeei transferitzea mantenimendu baliabideen kudeaketa.