KONTSEILUA eta Hezkuntzaren Gizarte GUNEA normalkuntza bilatzeko baliogarri

1999-07-01
 
 
Itxaropena.

Hitz honekin hasi zuen HIK HASIk bukatzear dagoen ikastur-tea. Eta egia esan itxaropen hori gorpuzten joan dela aitortu beharra dago.

Aurreko ikasturtean euskarak eta euskal irakaskuntzak jasan behar izan zituzten erasoak kontuan izanda, nork pentsa zezakeen ikasturte hau giro lasaiagoan igaroko genuela?

Giro politikoaren aldaketak, eta Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAren kanpaina egokiak balio izan dute hizkuntz eta hezkuntzako egoerak normalizatzen hasteko. Baina normalkuntzak urrats ausart eta sendoak ematea eskatzen du eta ausardia horretan denoi dagokigu geuretik jartzea.

Euskararen munduan, Euskal Herri osoa kontuan hartuko zuen plan komun baten beharra antzematen bazen, abian jarri da dagoenekoz Kontseilua plan hori prestatzeko. Arlo ezberdinetako 23 plan estrategiko lantzen hasi da eta horien artean Hezkuntzarena dugu.

Hezkuntza munduan bestalde, Hezkuntzaren Gizarte GUNEA eratu da. Euskal Herriak bere Hezkuntza Sistema propioa behar duela pentsatzen duen zenbait kidek sortua.

GUNEAk Eskola Komunitateko kideen artean giro berria egotea nahi du, eskola hobetzeko gogoa bideratzeko indar metaketa bultzatuz. Eztabaida tresnatzat erabiliz, elkarlanean jorratutako proposamenak zabaldu eta erakunde ezberdinetan eragin nahi du. Helburu nagusia ez da partaide orok ikuspegi berdina izatea, ez, adostasun posibleak bilatzea eta desadostasunak lokalizatzea baizik.

Horregatik gai ezberdinak aztertuko ditu. "Euskara irakaskuntzan" lantzen jardun du eta adostasunen artean hauexek:

* Euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan aldarrikatzea.

* Lurraldeen arteko plangintza bateratua egitea leku bakoitzeko aniztasunak errespetatuz eta estrategikoki aztertuz eta sakonduz.

* Hizkuntz ereduen formula zaharkitua gainditzea.

*...

Esan bezala, itxaropena gorputz hartzen ari da. Datorren ikasturterako erronka zain dugu.

Bitartean, OPOR ZORAGARRIAK pasa ditzazuela.