Praktikatzen: Eraldaketaren plangintza
Berrikusketa bat
Orain artean eraldaketa plangintzarako erabili izan ditugun tresnen berrikusketa bat beharrezkoa dela pentsatzen dut. Azken urteotan ikastetxeetako plangintza orokorra egiteko tresna batzuk erabili izan dira. Horietatik ezagunenak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua (IHP), Ikastetxeko Curriculum Proiektua (ICP), Gelako Plangintza (GP) eta Urteko Plana (UP) izan dira. Horien helburua eguneroko ekintzen antolaketa eta kudeaketa erraztea da. Tamalez, zenbait kasutan betebehar administratibo huts bihurtu dira.
Eraldaketari dagokionez, ez dugu gidari "ofizialik" izan, baina administraziotik eskainitako deialdien bidez hainbat proiektu bideratu dira. Horietatik bi izan dira deialdi nagusiak: Ikastetxeen Prestakuntza eta Berrikuntzarako Proiektuak. Urte hauetan izen eta ezaugarri ezberdinak izan dituzte: fokalizatua, PIF, Ikastetxea eta Ikastetxeko Prestakuntza... Horiei administrazioak egindako beste eskaintzak gehitu behar dizkiegu: Osasunaren Hezkuntza suspertzeko proiektuak, Ingurugiroko proiektuak, Eleaniztasuna, Hizkuntz Normakuntza, Sexu eta Afektibitatea Hezkuntzan...
Admisnistrazioak egindako deialdiak ez dira berez plangintzarako tresnak, baina hainbat ikastetxek bere eraldaketa prozesuak programatzeko izan duten erreferentzia nagusia edo bakarra bihurtu dira. Proiektuok izan dira, urte askotan zehar, ikastetxeetan eraldaketa programatikoak burutzeko bitarteko nagusiak.
Gaiaren aldetik proiektuak mota askotakoak izan dira, baina oro har, proiektuen egitura orokorra nahiko antzekoa izan da ikastetxe gehienetan.
Deialdi horietan proiektuak eratzeko agertzen ziren eskemak indarrean daude gaur egun ere. Urteen poderioz, eskema hori oso barneratuta gelditu da zentroetan eta askotan ia mekanikoki erabiltzen da egiten diren plangintzetan. Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen dut ohiko eskema horren ezaugarriak aztertzea.
Ezaugarrien artean nire ustez aipagarrienak direnak aztertuko ditut:
1. Linealtasuna
Kontzeptu hori azaltzeko irudikapen grafikoz baliatuko gara. (1. eskema)
Hau izan da proiektuak diseinatzeko askotan erabilitako eskema klasikoa. Linealtasun ezaugarri hori garbi ikus daiteke. Beharrak (justifikazioa) helburu zehatzak definitzera eramaten gaitu, hauetatik edukiak ondorioztatzen dira eta lortzeko erabiliko dugun metodologian eragiten du. Helburuak lortu diren ala ez jakiteko ebaluazioa programatuko da.
Logika sinple honek bere abantailak ditu. Hasieran, ikastetxeek proiektuak lantzeko ohiturarik ez zutenean, eskema erraz hau lagungarria izan zen. Jarraipide argiak ematen ditu eta proiektuaren barruko koherentzia bermatzen du.
Hala ere, eskema linealek nekez azal dezakete errealitatearen konplexutasuna. Zenbait kasutan oraindik eskema baliogarria izan daiteke, baina beste zenbait kasutan eraldaketaren errealitatea azaltzeko motzegia geratzen zaigu. Jarraian, nire ustetan dituen hutsune batzuk zerrendatuko ditut:
a) Proiektuak ez dira beti puntu berdinetik hasten. Markatzen den sekuentzia (justifikazioa, helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa) ez da zertan orden horretan egon behar.
b) Proposatzen diren urratsak ez dira hain erraz gertatzen. Adibidez, beharretatik helburuetara proposatzen den urratsa ez da automatikoa. Behar zehatz batetik helburu ezberdinetara irits daiteke.
Beste aldetik, beharrak eta helburuak oso maila ezberdinetako errealitateak dira. Beharrak askotan intuitiboak dira, mugagaitzak, esperientzia mailan gertatutakoak, esanahi anitzekoak. Helburuak, berriz, zehatzagoak, logikoak eta arrazionalak, esanahi bakarrekoak... Ikusten denez, bi maila hauen arteko lotura ez da erraza eta zuzena eta goian azaldutako eskeman ez da urrats hau emateko jarraipiderik ematen. Are gehiago, urrats hori zuzena dela pentsarazi dezake.
c) Linealtasun honek ebaluazioaren prozesua gidatzeko erabilera eragozten du. Eskema lineal horretan ebaluazioaren helmuga nagusia helburuen lorpen maila frogatzea da. Horrek ez du esan nahi bukaeran soilik egin behar denik, tartean ere ebaluazioak egin baitaitezke, baina funtzio berdina mantenduz, hots, martxan dagoen prozesua eta emaitzak hasieratik jarritako helburuekin bat datozen ala ez jakiteko. Horren atzean, jakina, proiektuaren kontzeptu zehatz bat dago. Hala ere, ni ez nator guztiz bat horrekin.
2. Zatiketa eta isolamendua
Proiektuak, azken finean, bitartekoak besterik ez dira. Baina, ikastetxe batzuetan oso zaila suertatu da proiektu ezberdinen arteko lotura aurkitzea. Proiektuek beren dinamika autonomoa jarraitu dute, autonomia beharrezkoa baitute, baina askotan ikastetxearen eraldaketaren plangintza proiektu ezberdinen "puzzle" bihurtzen da. Hori ez litzateke txarra izango baldin eta norbaitek jakingo balu zer den puzzle horretan irudikatu nahi dena.
Askotan errealitate hori makroproiektuen bitartez konpondu nahi izan da. Hasieran proiektu ezberdinak zirenak proiektu batean metatzen dira. Baina horrek eskema osoa desorekatzen du eta bere logika galtzen da.
3. Denbora murritza
Agian administrazioaren deialdien eragina dela eta, proiektuen iraupena nahiko mugiezina izan da. Neurri handi batean honako egitura jarraitu dute. (1. taula)
Moldaketa batzuk tarteko, hau da ikastetxeetan garatzen diren proiektuen ehuneko handi batek jarraitzen duen eskema tenporala. Proiektuak ezberdinak dira eta prozesu oso ezberdinak eraman ditzakete. Zergatik, bada, moldatu denak denbora-eskema berdinera?
4. Malgutasun eza
Proiektua erabat lotuta geratzen da lehenengo urratsetik. Eskema lineal honetan plangintzaren atalean prozesu osoa markatzen da. Jakina, prozesuan zehar aldaketak jazo daitezke, baina horiek "moldaketak" izango dira. Beraz, proiektuak hasieratik geratzen dira erabat definitua.
Eraldaketa plagintza berri baten proposamena
Orain arte, gaur egun erabiltzen diren plangintzaren ezaugarri nagusiak eta horietatik ondorioztatzen diren zenbait arazo aipatu dugu. Gauzak horrela, aukera gehiagoren beharra nabaria da eta proposamen bat egitera noa.
Proposamena alor ezberdinetan egituratzen da. Lehenik, plangintzaren zentzua berrikusiko dugu eta horretan nik egindako aukera azalduko dut. Ondoren, gainontzeko alorrak ikusiko ditugu (plangintzarako tresnak eta hauen zentzua eta ezaugarriak).
1. Eraldaketaren plangintzaren xedea
Eraldaketaren plangintzaren zentzuaz galdetzea denbora alferrik galtzea dela iruditu arren norbaiti, ez da beti argi izan azkenengo urteotan. Egon badaude ere, deialdi ofizialetatik kanpo oso zaila da epe luzerako proiektuen plangintzak aurkitzea. Ez da harritzekoa aurkitzen diren gehienek deialdi ofizialetan agertzen diren jarraipideak estu segitzea. Askotan plangintza horien helburua deialdi horretan parte hartzea da, eraldaketa prozesua gidatzaile izatea baino.
Une batean ikastetxeen eraldaketa prozesuak antolatzeko lagungarria izan zitekeena, betebehar administratibo huts bilakatu denaren susmoa dut. Alde batetik, tresnek errealitateak sortzen zituen arazoei ez die erantzun nahikorik eman, eta bestetik, guk ez dugu beste tresnarik bilatzen asmatu.
Ikastetxeetan urteotan zehar martxan jarri diren eraldaketak ordenatzeko beharra dago. Gauza asko egin dira eta egiten ari dira, baina egiten dena testuinguru zabalago eta ulergarriago batean kokatzeko premia dago.
Askotan plangintza ekintzaren aintzindari gisa ulertu da. Plangintza ekintza baino lehenago zegoen eta ekintzaren garapena baldintzatzen zuen erabat.
Gure proposamenak ez du plangintza modu honetan ulertzen. Plangintza ez dago jardueraren aurrean, ez dago prozesuaren hasieran soilik, prozesu osoan baizik. Plangintza jarduerarekin batera doa momentu guztietan eta elkarri eragiten diote. (2.eskema)
Plangintzak, prozesu osoan zehar laguntzen digu, eta beraz, ezin da zerbait finkoa eta aldaezina izan. Plangintzak errealitatea ulertzen eta ekintzak aurreikusten lagundu behar digu, baina errealitatea, lehenengo artikuluetan aztertu dugunez, ez da finkoa. Gure jardueren eta beste eraginen ondorioz etengabe aldatzen da plangintza. Beraz, ezin da prozesuaren hasieran bukatutzat jo, bestela prozesua gidatzeko gaitasuna galdu egingo luke eta.
Plangintza mota honek baditu bere arriskuak eta alde txarrak. Dudarik gabe, malgutasun askoz handiagoa du, baina ziurgabetasun maila ere areagotu egiten da. Prozesuaren haria galtzeko arriskua handiagoa da eta horrek arreta eta jarraipen hurbilagoa eskatzen digu. Plangintzarako tresnek ere konplexuagoak izan behar dute eta honek, formakuntza eta esperientzia eskatzen ditu. Baina, merezi du hortan sartzeak eta plangintza mota honen ahalmenak arakatzeak.
Ez da plangintza bat beste batengatik ordezkatzea proposatzen. Zenbait kasutan bata egokiagoa gerta liteke bestea baino. Aukera ezberdina eskaintzen da beste plangintzarekin erantzuten ez ziren arazoei irtenbide bat bilatzeko.
2. Plangintzaren tresnak
Plangintzaren tresnen artean hiru maila bereiztuko ditugu. Maila bakoitza bestearekin lotuta dago orokortasun/zehaztasunaren arabera.(1. irudia)
Lehen mailako tresnak orokorrenak dira, eta normalean, erdi edo epe luzerako plangintzetan erabiltzen dira. Plangintza horiek bigarren mailako tresnen bitartez garatu behar dira. Hauek lehen mailakoak baino zehatzagoak dira eta epe motzekoak, oro har. Hirugarren mailakoak bigarren mailako plangintzak zehazten dituzte eta epe motzekoak dira.
Gure proposamenean maila bakoitzeko tresna bana aurkeztuko dugu. Hona hemen proposatzen ditugun tresnak. (2. irudia)
Ikastetxeko Hobekuntza Plana (IHP) lehen mailako tresna dugu. Plan hori Proiektuen bitartez zehaztuko dugu eta Proiektuek ekintzak izango dituzte osagai nagusi bezala. Ondo ulertu behar dugu hemen proposatzen diren tresnak ez direla bakarrak eta beste batzuk erabil daitezkeela. Hala ere, aurkezten diren tresnen arteko hartu-emanak argitu nahi ditut sistemaren koherentzia agerian uzteko.
Tresna bakoitza banan-banan aztertzen hasi aurretik, tresna ezberdinen arteko lotura azaltzen duen eskema bat aurkezteari egoki deritzot. (3. eskema)
Eskema hau argazki finko bezala aurkezten da, oro har, tresna ezberdinen arteko harreman nagusiak azaltzeko. Errealitatean eskema horrek ez du mugiezina izan behar, askoz dinamikoagoa baizik.
IHP (Ikastetxeko Hobekuntza Plana)
Xedea:
Erdi eta epe luzerako plangintza tresna da. Beraz, 3-5 urterako ikastetxean garapen alor nagusiak ezartzea du helburu. Ikastetxean hurrengo 3-5 urteetan programatuko diren eraldaketek zerikusi handia izango dute tresna honetan ezarritako alorrekin. Kontuz! Ez da hurrengo urteetan ikastetxean hobekuntzarako egingo diren ekintzen programazio zehatza. Datozen ikasturteetan baliabideen erabilpenean lehentasunak erabakitzeko erreferentziarik garrantzitsuena izango da.
Egitura:
IHPan atal ezberdinak bereiz daitezke. Lehenengo eta behin, ezinbestekoa dugu ikastetxearen diagnosian oinarritzea. Hau egina ez badago, hori izango da lehen egitekoa. Arreta handia jarri behar da diagnosian berau izango baita gure ondorengo erabakien oinarria eta okertzen bagara, prozesu oso baldintzatuta gera daiteke.
Diagnosiaren ondoren, ikastetxean agertutako beharren eta nahien arabera, urte horretan jorratu behar diren erronka nagusiak azaldu behar dira bigarren atalean. Honi prognosia deritzo. Beraz, hurrengo 3-5 urteetan lehentasuna izango duten garapen alorrak izendatuko dira.
Hirugarren atalean lehentasuna duten garapen alor hauei ekin ahal izateko martxan jar daitezkeen proiektuen aurreikuspena zehaztuko da. Aurreikuspen hori ez da inolaz ere programazio finkoa eta zehatza, prozesuan zehazten joango den plangintzaren hasiera baizik. Une honetan egokienak iruditzen zaizkigun proiektuak jasoko dira, jakinda, beti ere, proiektu horien bilakaera ezin dela aurreikusi.
Laugarren puntuan erabiliko diren baliabideen aurreikuspena egingo da. Oso zehatza izan behar ez badu ere, baliabideen azterketak gure aurreikuspenetan errealagoak izaten lagunduko digu.
Ezaugarriak:
Ondo ulertu behar da IHP ez dela behin betirako txosten bat. Bizirik dago, nolabait, eta prozesuan zehar garatzen joango da.
Goian aipatu atal guztiek ez dute bide berdina garatuko. Diagnosiak, adibidez, hasieran lan handia eskatuko digu. Bere ondorioak prozesu osoan islatuko dira, baina ez da egunero berrikusi behar den atala. Behin egin ondoren eta, ondo egina baldin badago, nahikoa izango da prozesuan eman beharreko urratsak gidatzeko.
Gauza bera esan behar da garapen alorrei buruz.
Proiektuen aurreikuspenari dagokionez, aldiz, helburua ez da datorren 3-5 urteetan zehar zein proiektu garatuko diren argi izatea. Ezarritako garapen alorretan gara daitezken hainbat proiektu aipa daitezke aukera moduan, baina horiek beren bilakaera izango dute prozesuan zehar eta hori errespetatu egin beharko dugu.
Beraz, IHP irekita geratuko da eta prozesuan zehar hartu beharreko erabakiak hartzeko ezinbesteko tresna izango dugu. Egingo diren ekintzei zentzua emango die eta garatzen diren proiektuei lotura eta koherentzia. IHPk ez du prozesua erabat lotu behar, bere lekukoa izan baizik. IHPren txostenean prozesuan zehar hartzen diren erabakirik garrantzitsuenak eta bere arrazoiak jasoko dira: zergatik aukeratzen den proiektu bat, zergatik bukatzen den, nolako aldaketak ematen diren, zein diren zailtasun nagusiak...
Epea (3-5 urtekoa) amaitu ondoren, prozesuaren historia laburra jasoa izango dugu IHPren txostenean.
Hurrengo eskeman IHParen atal nagusiak agertzen dira. (4. eskema)
Proiektuak
Xedea:
Proiektua da eraldaketaren prozesuan oinarrizko ale edo unitatea. Proiektuarekin, une batean gauden egoera batetik, ustez hobeago den beste egoera batera pasatzeari ekiten zaio. Hori da proiektuaren funtsa.
Ezaugarriak:
Proiektuaren ezaugarririk aipagarrienak malgutasuna eta irekia izatea dira nire ustetan. Proiektua ez da egingo denaren programa zehatza. Proiektuaren hasieran ez dugu egingo diren ekintza guztien diseinua erabat argi izan beharrik. Ez ditugu, beraz, artikulu honen hasieran aipatu ditugun ohiko proiektuetan agertzen diren osagaiak zehaztu behar: justifikazioa, helburuak, edukiak...
Proiektu bat hastea erabakitzen dugunean baldintza bakarra bete behar dugu: nondik hasten garen eta nora goazen argi izatea. Bidaia nolakoa izango den ez dugu zehaztu behar. Proiektua ez dago hasieratik egina, prozesuan zehar joaten da garatzen. Egin behar diren egokitzapenak ez dira hasierako proiektuaren moldaketak, proiektua bera baizik.
Zehaztasun falta honek malguagoak izateko aukera ematen digu alde batetik, baina bestetik, prozesuaren jarraipen zuzenagoa egitera behartzen gaitu, momentu bakoitzean non gauden eta nora goazen jakin dezagun. Zenbait kasutan prozesuaren hasieran proiektuaren iraunpena zehaztea ere oso zaila izango da. Era berean, proiektuak edozein momentuan sor eta buka daitezke, ez dute ikasturteko eskemara moldatu beharrik. Beraz, mota askotako proiektuak gara daitezke eta iraupen ezberdinetakoak.(2. taula)
Egitura:
Proiektuaren egituran lau atal nagusi bereiztuko ditugu. Lau atal hauek lotura zuzena dute elkarrekin.
1. Lan eremua zehaztea
Lehenengo, urrats honetan landu behar den gaia zehaztu beharko da. Gaia zehazteko hainbat modu daude baina, batez ere, arloa eta aplikazio eremua erabiltzen dira. Adibidez: (3. taula)
Gehienetan, lan eremu hau proiektuaren izenburua bilakatu ohi da. Askotan atal honi ez zaio garrantzi handirik ematen, baina eremu hori gaizki definitzeak prozesuaren ibilera oztopatzen du.
2. Hasierako egoera definitzea
Atal honetan, aurretik zehaztutako lan-eremu horretan nola gauden deskribatuko dugu. Zenbat eta zehatzagoa izan deskribapena, orduan eta errazago garatuko dira hurrengo urratsak.
Deskribapen hori egiteko eskema eta tresna ezberdinak erabil daitezke. (5. eskema)
3. Nahi den egoeraren irudikapena
Proiektuaren bitartez lortu nahi dugun egoeraren deskribapena da. Proiektua eraldaketaren unitatea da eta hasierako eta bukaerako egoerak definitzea ezinbestekoa dugu. Bi egoeren arteko aldeak eraldaketaren zentzua emango digu.
Atal honen zailtasuna, nire ustez, irudikapen honen adostasunean datza. Gaur egun dugun egoeraren deskribapena adostea erraza ez bada, nahi genukeen egoera adostea askoz ere zailagoa gerta liteke. Ez gara ari dagoenaz, egon beharko lukeenaz baizik. Bakoitzaren itxaropenak, lehentasunak, beharrak, balioak... tartean sartzen dira.
Irudikapen amankomun hori eraikitzeko denbora hartzeak merezi du. Jakina, ez dugu hasieratik ondo definitua eta adostua izan behar, hori prozesua aurrera joan ahala zehaztuko baita.
Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar ditugu zenbait alderdi. Aurretik oso esperientzia luzerik ez badago, bi egoera hauen arteko aldeak ez du oso zabala izan behar. Lortu nahi den egoera gure egungo egoeratik oso urrun badago, eragozpen batzuk ekar diezazkioke prozesuari: prozesua luzatu egiten da eta nekeak eta etsipenak errazago sor daitezke, gure eskuetatik kanpo geratzen diren gauzak plantea daitezke, baliabide nahikorik gabe gera gintezke eta abar. Hobe da eraldaketa hobeto mailakatzea.
Ez dugu azken egoeraren irudikapen argi bat izan arte itxaron behar proiektuarekin hasteko. Esan dugunez, irudikapen hau prozesuan zehar joango da argitzen. Eta hau da, hain zuzen ere, proiektuaren egoera ebaluatzeko irizpide egokia: irudikapen hori gero eta argiago badugu, prozesua ondo doa; bestela, agian proiektua berraztertu beharko da.
4. Ekintzen proposamena
Egoera batetik bestera igarotzeko bideak ezberdinak izan daitezke. Zenbait kasutan hasieratik oso garbi izango ditugu eman beharreko urratsak. Esperientziak erakutsi dit gehienetan bidea ez dagoela egina eta ibiliz egiten saiatu behar dugula. Kasu hauetan alferrik izango da hasieratik egingo diren ekintzen programaketa zehatza egitea. Alde batetik, ez gaude ziur ekintza batek prozesuan izan dezakeen eragina eta ondorioak zein izango diren. Bestetik, prozesuan zehar egoerak aldatzen joango dira, eta prozesu konplexuetan oso zaila da aurreikustea noraino alda daitezken edo gerta daitezken aldaketa guztiak.
Horrenbestez, argi dago ez ditugula egingo diren ekintza guztiak programatu behar proiektua hasi baino lehen. Programatuta genituen ekintza batzuk ere ken edo alda daitezke prozesuan. Dena den, proiektua ez da hasiko ekintza bat abian jartzen ez bada. Ekintza bat bukatzen denean eta proiektua ez bada bukatutzat hartzen, hurrengo ekintza zein izango den erabaki behar da, ekintzen artean denbora gehiegi utzi gabe. (6. eskema)
Ekintzak
Xedeak eta ezaugarriak
Eraldaketa prozesuaren azken zehaztapen mailan kokatzen dira. Proiektu baten barruan kokatu behar dira. Proiektu gehienek ekintza bat baino gehiago dute, baina egon badaude ekintza bakarrekoak ere.
Proiektuan ez bezala, ekintzarekin hasi baino lehen argi izan behar dugu zer den egin nahi duguna eta zertarako. Beraz, aldez aurretik programatuak egon behar dute eta ahalik eta zehatzen aurreikusiak. Normalean, ekintza hauek ez dira denbora luzekoak izan behar. Lehen aipatu dugunez, denbora luzea denean baldintzak asko alda daitezke eta aurretik planifikatutakoak zentzua gal dezake. Prozesu luzeak aurreikusten direnean, hobe da ekintza motzetan banatzea.
Mota askotako ekintzak egon daitezke eta sailkatzeko irizpide ezberdinak erabil daitezke. Hona hemen horietako batzuk. (7. eskema)
Ikastaroak, bisitak, hitzaldiak, kongresuak, jardunaldiak, lan-taldeak, bilerak, batzordeak, ikasleekin jarduerak eta abar aipa daitezke.
Egitura:
Ekintzaren egitura nahiko zehatza da eta lau atal ditu: espero diren ondorioak, beharrezkoak diren bitartekoak, erabiliko den denbora eta aurreikusten diren lan-estrategiak.
a) Ondorioak: ez dute inolaz ere orokorrak izan behar. Epe motz batean lor daitezkenak izan behar dute eta lortu diren ala ez egiaztatzen errazak direnak. Mota honetakoak izan daitezke: "zikloan irakurketa-idazketa lantzeko erabiltzen diren bitartekoak zerrendatzea" edo "lehen hezkuntzan osasuna lantzeko gai ezberdinen programaketa egitea".
Ekintza egin baino ezin dira ondorio guztiak aurreikusi, baina argi geratu behar da zein diren bilatzen ditugunak. Ekintza hasi baino lehen denek jakin behar dute zertarako egiten den eta zer espero den ekintza horretatik.
b) Bitartekoak: aurreikusi egin behar dira. Logikoa iruditu arren, ez da beti betetzen. Ekintza bat egiteko beharrezkoak diren bitartekorik ez badago, bere eraginkortasuna arriskuan jar daiteke eta ahaleginak alferrikakoak izan.
c) Denbora: oso ondo zehaztuko da. Denbora da, hain zuzen ere, prozesu hauetan erabiltzen den baliabiderik garrantzitsuena eta preziatuena. Ekintza bat proposatzen denean denbora oso eragile garrantzitsua da. Ekintzak ondorio zehatzak bilatzen dituenez, erabiliko den denbora aurreikusten eta zehazten saiatu beharko da. Eta denbora horri gero eutsi, noski.
d) Lan-estrategiak: bakarra ala anitzak izan daitezke. Erabili daitezkeen lan-estrategien artean hauek aipa daitezke: banakako hausnarketa, taldeko eztabaida, azalpenak, informazio jasoketa, galdeketa, informazio idatzien azterketa... (8. eskema)
Etorkizunerako desafioak
Artikulu honetan eraldaketaren plangintzarako proposamen bat aurkeztu da. Plangintza gure ikastetxeetan jazotzen diren eraldaketak hobeto ulertzeko eta kudeatzeko tresna garrantzitsua da. Baina plangintza horrek eraldaketa ulertzen dugun erarekin bat etorri behar du.
Era berean, eraldaketaren fenomenoa aztertzen saiatu gara. Fenomeno konplexua eta ikuspuntu anitzetatik azter dezakegun horietarikoa. Baina argi dago gurekin egongo dela denbora luzez eta berarekin bizitzen ikasi beharko dugula. Hurrengo urteetan eraldaketa hori onartu, ulertu eta kudeatzen jakin beharko dute erakundeek.
Hurrengo ikasturtean zenbait ikastetxetan plangintza proposamen hau esperimentatzen saiatuko gara, eta honek datu eta argibide batzuk emango dizkigulakoan gaude. Dena den, gai honekin kezkatuta zaudeten guztiokin pozik jarriko gara harremanetan.