Haur Hezkuntza eta espezialistak

1999-07-01
Adartzale aldizkariaren martxoko alean Haur Hezkuntzaren gaia harturik hainbat eztabaida eta lanerako proposamen irakur daitezke. Eztabaida zabaltzeko nahian dauden artikuluen artean Alazne Ziarsoloren "Haur Hezkuntza eta espezialistak" ikus daiteke. Hausnarketara bultzatzen gaituen gai interesgarria izanik, gure orrietara ekarri nahi izan dugu aipatu artikulua.
 
 
Haur Hezkuntzako lehen diseinu curricularrak agertu zirenean adin hauetan lanean denbora dezente generaman batzuk poztu egin ginen. Azkenean paperean idatzita geneukan etapa bezala zegokigun nortasun propioa, gure helburu eta estrategia bereziekin eta adin hauen ezaugarriekin bat zetozen puntuekin.

Aldi berean, Lehen Hezkuntzako diseinuak Haur Hezkuntzan markatzen ziren ildoak jarraitzen zituen koherentzia batekin. Kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak lantzeko nahiko modu globala zegoen oraindik.

Eremu edo Arlo handiez hitz egiten zen eta ez ikasgaiez. Eta modu batez, irakasle orokorrago bat perfilatzen zela zirudien, gutxiago zatitua eta tutore gehiago zena. Baina ez Haur Hezkuntzan soilik, baita Lehen Hezkuntza osoan ere.

Baina hein berean, "espezialista"ren irudia sartzen zen. Erreformaren zirriborroetan puntu hau oso eztabaidatua izan zela gogoratzen dut. Ideia zera zela esaten zen: etapa edo ziklo batean finkatutako irakasle taldean irakasle orokorrak izateaz gain, espelializazioren bat zutenak ere egotea. Espezialista hauek besteei gaiak prestakuntza gehiagoz programatzen lagundu ahal izango zieten.

Gauza ez zen espezialista gela batetik bestera ibiltzea bere arloa soilik irakasten, baizik eta tutore bakoitzak ahalik eta gai gehien irakastea talde baten laguntzarekin. Talde honetan bakoitzak bere jakituria espezializatua jarriko zuen.

Bestalde, espezialistek taldeen antolaketa berriak posible egingo zituzten, talde malguagoak, tailerrak eta eremu handietan lan egiteko gelak, non neska-mutilak batetik bestera ibiliko ziren. Hau da, oso ongi koordinatutako zenbait heldu egongo zirela esan nahi du hezkuntza prozesu bat aurrera eramaten, zeinak neska-mutil bakoitza bere osotasunean behatzea posible egingo zuen. Txikiak seguru sentitzeko modukoa izan beharko zuen, tutoretza erreferentzia argi batekin, baina aldi berean ekintza batzuk abiltasun handiagoak dituen irakasleriarekin partekatzeak ematen duen aberastasunaz gozatuz.

Baina hauek "ideiak eta filosofiak" dira. Eguneroko praktika eta errealitatea oso ezberdina den beste bide batetik doaz.

Tutoreek pozez hartu zuten espezialisten sarrera Lehen Hezkuntzako lehen ziklotik hasita. Kasu batzuetan ez zen ikusi beste era batera antolatzeko aukera bezala, baizik eta ordu libreak lortzeko eta ikasgai batzuen ardura (soinketa, musika, atzerriko hizkuntza, erlijioa...) uzteko baliabide bezala. Joera hau Haur Hezkuntzan ere zabalduz joan da.

Eta gaur egun, eskola konkretu batzuetan, badugu goizeko lehen ordu erdia laguntzaile baten eskuetan pasatzen duen bi, hiru edo lau urteko haur jasankor bat. Gero irakaslea sartzen da. Beranduago soin hezkuntzako espezialistak soinketa gelara eramaten du. Eguerdian zaintzaileekin jaten du. Zortea baldin badu, pertsona horien zaintzapean egingo du lo-kuluxka, baldin eta finkoak badira eta txandarik egiten ez badute. Arratsaldean tutoreak hartzen du eta ordu erdira erlijiokoa edo ingelesekoa etortzen da, baldin eta eskola hain interesgarria den eleaniztasun goiztiarreko programan sarturik badago. Eta azkenik, autobuseko ardura duen pertsonak eramaten du.

Haur Hezkuntzako 23 lan orduen dekretuak ere eragina izan du gelan heldu berriak sartzearekin. Ziklo honetan tutoreek lehen aurreikusten ez ziren bi ordu librez gozatzeko aukera dute (bazen garaia). Baina hauen lekua betetzeko, zentro batzuetan, ordu libreak dituzten eta ordutegia bete behar duten espezialistak edo Lehen Hezkuntzako irakasleak jarri dituzte. Eta hauek gela batetik bestera ibiltzen dira ordu horiek betetzeko.

Pertsonen etengabeko aldaketa hauekin benetan zaila da praktika globalizatua, integratzailea eta gutxiago zatitutakoa aurrera eramatea. Eta tutorea, irakasle orokorragoa, bere haurren prozesuen jabea eta diziplinarteko gidaria bihurtu beharrean, irakurketa eta idazketa edo matematika eta gizarte-zientziak irakastera mugatzen da. Gero eta gutxiago daki mutil honetaz edo neska hartaz, apenas ikusten baitu bere ekintzetan eta mugitzen den espazioetan. Are gehiago, oso zaila suertatzen da ikasketa prozesuak behar adinako denborarekin lantzea, ekintza behin eta berriz moztu behar baita hurrengo irakaslea datorrelako.

Neska-mutilak gero eta txikiagoak direnetik daude heldu, metodo eta asmo desberdinen etengabeko gora-beheren menpe. Gero eta gauza gehiago egin nahi ditugu, desberdinak eta presaka.

Gaur egun gure haurrek denetik egiten dute eskolan, baita euskal dantzak, gimnasia erritmikoa, futbitoa eta ehundaka tailer mota ere. Ekintza hauek beste "espezialista" batzuek irakasten dituzte, aisialdiko edo estraeskolarretako espezialistek. Guraso Elkarteek kontratatzen dituzte hauek eta beste mundu batean mugitzen dira. Askotan gela barruan erabiltzen den metodologiarekin eta asmoekin bat ez datozen erara egiten dituzte ekintzak.

Nik uste dut pertsona desberdinek ekintza ezberdinetan, talde malguetan, espezialistek... prozesu hezitzaileetan aberastasun handia eskain dezaketela. Baina beti ere ongi koordinatuta eta beste era batera antolatuta daudenean. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetan, horrela ez bada, atzera pausoa izan liteke. Zeren tutore batek edo bik programa osoaren ardura hartzeak ematen duen segurtasuna eta jarraikortasuna, ikasleen ezagutza sakonagoa eta koherentzia galtzeko arriskua baitago bestela.

Nahiz eta Haur Hezkuntzaz hitz egiten aritu, hausnarketa honek eskolatze osorako balio du. Ez dago DBH bihurtu den buruhausgarria ikusi besterik. Gela batzuetan 11 pertsona desberdin sartzen dira.

Nola justifikatzen da hau guztia hezkuntza integrala eskaintzeko gure asmoekin? Zer jakin dezake bere ikasleak astean ordu bat edo bi ikusten dituen irakasleak ikasle horiei buruz? Zer jakin dezake ehundik gorako zerrenda duenean eta ikasgai txiki bat baino ez dienean irakasten?

Eskolak antolatzeko modu hau zabaltzen doan heinean, gero eta zailagoa da atzera bueltatzea. Zergatik?

1- Sistema osoak gure ordutegia egokitzera bultzatzen gaitu eta hor gastatzen ditugu gure energiak: ordutegiak egokitzen, eskubideak bateragarri egiten, espezialitateak errespetatzen, hutsuneak betetzen, ordu libreak, ordezkapenak, lanaldi etenak eta abar. Ez dago pentsatzeko denborarik, eta are gutxiago koordinatzeko. Ia ezinezkoa da gela berean sartzen diren pertsona guztiak biltzea.

2- Irakasleok hobeto moldatzen gara oraingo sistemara eta puskatzen gero eta zailagoak diren "eskubideak" eta "inertziak" hartzen joaten gara poliki-poliki. Ez dugu gai askori erantzun beharra asumitzen eta ez gara ikasle talde baten edo biren tutoretzan zentratu eta inplikatzen. Erosoago eta seguruago sentitzen gara gure jakituria murritzari lotuta eta behar den hainbestetan errepikatzen.

Hasieran, bazirudien Erreformak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetako irakasle askoren lorpenak, jakituria eta kezkak babestu egingo zituela. Modu batera edo bestera egoerari buelta eman geniezaiokeela pentsatu genuen denbora batez. Goiko mailetako irakasleei haur txikiekin lan egitean lortu genituen birtuteak eta jakituria erakusteko gai izango ginela uste genuen. Baina berriz ere goikoak dira egitura eta antolaketa eredu menperatzaileekin kutsatzen gaituztenak. Honek lortua genuen"ongi egin" horretatik hainbat gauzaren galtzea ekar diezaguke.