GAZTAÑ‘AGA, Maixabel:

1999-07-01
Hezkidetza bultzatzeko hainbat modu egon litezke aholkuak eta laguntzak ere bai. Adibidez, hemendik aurrera, "Hezkidetzaren aldeko Literatura" katalogoak hezkidetza aldetik haurrentzako egokiak diren liburuak aukeratzen lagunduko digu. Maixabel Gaztañagak, Donostiako Zuloaga Haur Eskolako irakasleak 1.100 liburu inguru aztertu ditu eta gomendagarriak direnak bereiztu.
 
 
Zer biltzen du katalago honek?

Hezkidetzaren aldeko katalogoa da, ohiko estereotipoetatik urruntzen diren liburuak biltzen dituena. Neska-mutilen zereginak eta izaera ikuspuntu ez sexista batetik lantzen dituzten liburuak bildu ditut. Haur eta gazte literaturako 1.100 liburu inguru aztertu ditut, 1985etik 1997ra bitartean euskaraz argitaratutako ia gehienak, eta horietatik 85 daude katalogoan, adinaren arabera sailkatuak (0-6 urte, 6-9 urte eta 9-12 urte).

Batzuk hezkidetzaren aurkakoak ziren eta horiek garbi utzi ditut kanpoan. Beste batzuk ez ziren ez aldekoak eta ez kontrakoak, eta hauek ere ez ditut sartu. Katalogoan daudenak ikuspegi berri bat ematen dutenak dira. Ohiko estereotipoetatik kanpo beste balore batzuk bilatu ditugu eta horiek dituzten liburuak aukeratu.



Nondik sortu da katalogoa egiteko ideia?

Donostiako Haur Liburutegitik etorri zen ideia. Bertako arduradunek zenbait kezka jasoak zituzten. Hainbat guraso eta irakasle behin baino gehiagotan joaten zen liburu egokiagorik ba ote zuten galdezka. Hau da, nesken eta mutilen tratamendua betiko estereotipoen barruan lantzen ez zuten liburuak nahi zituzten. Horregatik, kezka hori zegoela ikusita, horrelako katalogo bat egitea interesgarria iruditu zitzaien.

Horrela, literatura munduan adituak diren Eukene Martin, Mari Jose Olaziregi eta Xabier Etxanizi deitu zieten eta hauek niri.



Zergatik jo zuten zuregana?

Lehendik ere gai honen inguruan hainbat gauza egin nituelako. Donostiako Emakume Taldearengana jo izan dut zenbait kezka nituela eta. Liburu batzuk Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntza jaso zuten eta lotsagarria iruditu zitzaidan halako liburuak argitaratzeko laguntzak ematea gaur egun.

5-6 urteko haurrentzako hamar liburuko bilduma bat zen. "Hau nire aita da" liburuan aita jakintsua, dirua irabazten zuena, indartsua... zen. "Hau nire ama da" liburuan, ostera, ama oso garbia zen, etxea txukun edukitzen zuena... Horrelako gauzak argitaratzea ezinezkoa zela iruditzen zitzaidan. Kexatzera eta zer egin genezakeen planteatzera joan nintzen.



Egin zitekeen gauzen artean katalogoa argitaratzea pauso bat izan liteke. Nola egin duzue azterketa eta sailkapena? Zein irizpideren arabera?

Hasteko, literatura klasikoko ipuinak ez ditugula aztertu esan behar da. Alde batetik, sexistak direlako, eta bestetik, beste liburuek adinako eraginik ez dutela pentsatzen dugulako. Liburu horiek ez dute islatzen haurren egunerokotasuna eta ohiko egoera, majikoak dira, eta eguneroko bizitzatik at bizitzen dituzte ipuin hauek. Horregatik, beste liburu batzuk baino kalte gutxiago egiten dutela pentsatzen dut. Aitaren, amaren, mutilaren edo neskaren papera agertzen dituzten liburuak askoz kaltegarriagoak direla uste dut. Egunerokotasun horrekin identifikatzen direnek kalte gehiago egiten dutela, alegia.



Zenbateko kaltea sor dezakete, bada?

Ez dugu ahaztu behar liburu hauetan mezu batzuk daudela eta mezu horiek haurrak nahi gabe jaso eta bereganatu egiten dituztela. Askotan liburuko pertsonaiekin identifikatzen dira. Horregatik, horrelako liburuak atzerakoiak dira eta kalte handia egin dezakete nahiz eta haurrek gaur egun beste errealitate bat bizi etxean. Hau da, etxetik kanpo lan egiten duten amak dituzte, autonomoak direnak, jakintsuak direnak, etxeko lanetan parte hartzen dute aitek... Baina hori bizi arren, askotan eragin handiagoa dute liburuen bidez jasotzen dituzten zenbait mezuk, behin eta berriz agertzen baitira. Eta gainera, zenbait liburu irakurtzean pertsonaiekin identifikatzen dira edo pertsonaia horien zenbait gauza barneratzen dituzte.



Badirudi mezu eta estereotipo hauek batez ere emakumeei edo neskei egiten dietela kalte. Hala al da?

Ez, hori uste izaten dugu, baina mutilei eta gizonei ere kalte egiten diete. Neskei aukerak murrizten dizkie, baina mutilei irtenbide bakarra ematen diete: indartsuak izatea, astakiloak, agresiboak... eta beste zenbait balore ukatu egiten zaizkie. Beraz, presionatuak daude mutilak ere.

Batzutan badirudi hezkidetzaren alde egitea emakumeen alde egitea dela. Noski emakumeen alde egin behar dela, baina hezkidetzaren kontra egoteak mutilen kontra egotea esan nahi duela ez dugu ahaztu behar.



Baina benetan zenbateko eragina dute liburuek neska-mutilengan? Zeren telebista, etxea eta beste hainbat faktore ere badaude.

Egia esan, denek eragiten dute, noski, baina liburuek guk uste baino gehiago. Gaur egun tendentzia handia dago haurrei oso txikitatik liburutegira joaten irakasteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko. Eta konturatu gabe, liburu horietako estereotipoak barneratu egiten dituzte. "Nesken eginkizuna etxean egotea da eta mutilena kanpoan lan egitea" esaten dute, eta hori ez dute etxean ikasi. Orduan non? Bada, liburuetan. Behin eta berriro errepikatzen diren irudi eta testuetatik jasotzen dituzte mezu hauek.



Etxean ez eta liburuetan bai. Gizartea eta haur eta gazte literatura ditugu parez pare. Gizartea baino atzeratuagoa al dago hezkidetza literaturan?

Baietz esango nuke. Nik uste dut gizarte sexista batean bizi garela, baina bestalde, mendebaldeko gizartean behintzat, emakumeon aukera asko aldatu dela: hainbat eginkizunetan eta gizartean parte hartzen ari gara. Oraindik asko falta zaigu, baina aurreratzen ari gara.

Haur eta gazte literaturak, berriz, oraindik ez du pauso hori eman, atzerago dago. Adibidez, rolei begiratuz, oso emakume gutxi agertzen da profesional bezala, eta gehienez irakasle edo erizain bezala. Emakume ekonomista, sendagilea... noizbehinkako liburuetan baino ez da agertzen. Eta gizartean gaur egun badaude emakume ekonomistak, sendagileak...

Haur literaturari bizi dugun gizartea islatzea falta zaio.



Funtzio hori betetzeko bitartekoak testuak eta irudiak dira, liburuen kasuan. Nola islatzen dira testuak irudietan? Nolakoa da hezkidetzaren tratamendua?

Azterketa egiterakoan biak hartzen dira kontuan, testua eta irudiak. 0-6 urteko haurrentzako liburuetan, esaterako, garrantzi handiena irudiek dute.

Askotan testua eta irudiak ez datoz bat, hau da, testuan gauza bat kontatzen da eta irudiek gauza desberdina irudikatzen dute. Nahiz eta testua hezkidetzaren ikuspuntutik egokia izan, betiko irudiak errepikatzen dira, eta horregatik baztertu ditugu liburu hauek.



Noren erantzukizuna da hori, idazle eta marrazkilariena?

Agian bai, beraiek direlako egileak, baina ez dut uste apropos egiten dutenik, inkontzienteki baizik. Estereotipoak hain barneratuak ditugunez, nahi gabe sartzen ditugu. Eta hori guztioi gertatzen zaigu, ez egileei bakarrik. Batzuetan oso nabariak dira irudi sexistak, baina beste batzuetan liburua normala iruditzen zaigu irudi horiek ikusten ohituta gaudelako. Hausnartzen hasten garenean konturatzen gara, ez bestela.

Agian eragin handia izango dute guk irakurri ditugun liburuek: Robinson Crusoe, Tom Sayer... hauetan beti mutilak dira protagonistak. Emakumeak Mari Errauskin, Edurne Zuri eta horrelako ipuinetan agertzen dira.



Nolako papera jokatzen dute argitaletxeek?

Argitaletxeek merkatuaren arabera funtzionatzen dute. Mari Errauskin eta soinua dute liburuak saltzen badira, horiek merkaturatuko dituzte. Dirua ematen duten liburuekin jokatzen dute. Adibidez, badaude urtero berrargitaratzen diren liburuak eta beste batzuk, bitartean, ezin dira aurkitu.

Orain dela urte mordo bat Lumen argitaletxeak "A favor de las niñas" liburu bilduma argitaratu zuen gazteleraz. Egia esan, hezkidetzaren aldekoak baino gehiago, salaketa liburuak ziren. Bere momentuan emakumearen aldeko diskriminazio positiboa bultzatzeko garrantzitsuak izan zirela iruditzen zait. Hain bereziak izanda, inoiz ez dira euskaratuak izan. Gainera, gaur egun ezin dira liburudendetan aurkitu eta pena da.



Zerbait egin al daiteke dagoen eskaintzaren aurrean?

Bai, lehenengo kontzientziatu egin behar dugu eta gero presioa egin dezakegu. Eskaintza eskaeraren araberakoa izanik, gure eskaera alda daiteke. Zenbait liburu baztertzen baldin baditugu, argitaletxeak presionatu egingo ditugu. Norbera libre izango da nahi duena idazteko, baina gure aldetik kontziente bagara zer motatako liburuak eskaini nahi dizkiegun ikasleei edo seme-alabei, gure eskuetan egongo da zenbait liburu erosi edo ez erosi. Horrela, argitaletxeak, idazleak eta marrazkilariak presionatuko genituzke eta arreta gehiago jarriko lukete hezkidetza aldetik.



Baina horretarako irakasleok, gurasoek eta liburutegietako arduradunek kontzientziatu egin behar dugu. Nola?

Gida edo katalogo honek erreferentzia gisara balio dezake eta asmo horrekin egin da, gainera. Jendeak hemen agertzen diren liburuak irakurri eta agertzen ez direnekin konpara ditzake diferentzia ikusteko. Hezkidetza aintzat hartzen duten liburuak eskatzeko lagungarri izan liteke. Eta ondoren, norberak bere galbahe lana egingo du etxean, ikastetxean edota liburutegian.



Etxean zer egin daiteke, adibidez?

Lehenengo, hezkidetza aldetik egokiak iruditzen zaizkigun liburuak erosi. Eta horrez gain, seme-alabekin irakur daitezke liburuak gaiaz hitz eginez.

Adibidez, katalogoan izartxo bat duten hiru liburu daude eta horiek guraso edo irakasleen laguntzarekin irakurtzekoak dira eztabaidarako liburuak direlako. Itxuraz hezkidetza ongi lantzen duten liburuak dira, baina interpretazio okerrak sor ditzakete. Adibidez, "Handia egiten naizenean, zer?" liburuan neska bat handitan zer izango den pentsatzen eta amesten ari da: mekanikaria, okina, jostuna... lanbide ugari agertzen dira. Baina lanbide horiek irudikatzerakoan, gizonak agertzen dira. Beraz, haurrak bakarrik irakurtzen badu zenbait arazo sor diezazkioke: alde batetik, edozein lanbide aukera dezakeela pentsa dezake, eta bestetik, lanbide horiek denak gizonezkoek burutzen dituztela. Irudiek nahasketa hori sor dezakete. Guraso eta irakasleek, berriz, haurrekin eztabaida dezakete puntu hori.



Eskolan eta liburutegietan ere lan egin daitekeela aipatu duzu. Zer proposatzen duzu?

Gaur egun ikastetxe askotatik joaten dira herriko edo auzoko liburutegira. Eta gune egokia izan liteke 8-12 urteko haurrekin lan polita burutzeko. Normalean liburuak aukeratu, irakurri eta laburpentxo bat egiten dute. Bada, edozer gauza irakurri beharrean, antzeko liburuak irakur ditzakete eta horren inguruko lanak egin. Oso lan polita izango zatekeen estereotipoak eta neska-mutilen arteko ezberdintasunak erakustea eta kontzientzia hartzen laguntzea.

Hori bideratzeko horrelako galderek lagun dezakete: Zerk deitu dizu arreta? Zein egoeratan agertzen dira mutilak? Eta neskak? Zein rol dituzte batzuek eta besteek? Zein da protagonista eta zein bigarren mailakoa?

Liburutegiek eta ikastetxeek elkarrekin egin dezaketen lana da.