Ikusten ikasi,<br />a ze abentura!

1999-10-01
Haur Hezkuntzak gainontzeko hezkuntza mailetatik guztiz ezberdintzen duten ezaugarriak ditu. Lehen etapa honetan hezitzaileek haurrekin duten erlazioa ere guztiz ezberdina da.
 
 
Heziketa balioa duen etapa gisa onartzen da eta horren ondorioz zentroek gero eta neska-mutil txikiagoekin lan egiteko gelak ireki dituzte. Hasieran positiboa badirudi ere 0 eta 6 urte bitarteko haurrekin lan egiteari ezaugarri hezitzailea ematea, badago eskolako etapa bihurtzeko arriskua. Hau da, gero eta adin gutxiagoko neska-mutilekin haur handiagoekin erabiltzen diren metodo magistralak erabiltzeko arriskua dago.

Orduan, nola egin behar dugu lan haur txiki hauekin handiagoekin erabiltzen genituen estrategietara jo gabe? Ekintza egokiak al dira? Nola kontrolatu gelan sortzen den aktibitate osoa?

Irtenbidea zera da: "ez egiteari" beldurra galtzea haurrek egiten dutenari behaketa lasaia, atsegina eta presarik gabea eginez. Zertarako? Ikasteko eta gero egiteko. Honek behaketa iraunkorra eskatzen du, datuak bilatzea haurrak ezagut ditzagun eta beraien beharrak, baliabideak eta mugak igartzea beraien ekintzei zentzua emateko eta horren arabera gureak antolatzeko.

Honek guztiak gela hauetan dauden hezitzaileek honokoa egin behar dutela suposatzen du:

- Behaketaren garrantzia ezagutu eta horretarako denbora hartu.

- Protagonismoa galtzeko beldurra kendu.

- Gelako benetako protagonistak haurrak direla errekonozitu.

- Klasea gidatu eta ekintzak antolatzen dituztenak beti hezitzaileak ez izateari beldurrik ez eduki.

- Gogoratu beti ez dela "irakasten" egon behar, haurrek ikasteko beste iturri batzuk ere badituztela.

- Itxaron eta egiten utzi.

- Entzun eta haurrei adierazteko aukerak eman autonomian irabaz dezaten.

- Haurrei gauzak egiteko gaitasuna eta eskubidea errekonozitu eta horrengatik harro sentitu.

- Akatsei leku egitea ikasteko bide izan daitezen bai helduentzat eta bai haurrentzat.



Nola ekin bideari

Ikasten hasteko lehen pausoa behaketa oso interesgarria dela konturatzea da. Soilik denbora behar dugu ikusten eta ikusten duguna biltzen has gaitezen.

Hori errazteko modu bat jolas libreak edo bat-batekoak eman diezaguke. Horrelakoetan haurrak askatasun osoz mugi eta adieraz daitezke gela barruan objektuekin eta lagunekin.

Horrela, hezitzaileak oharrak hartu eta argazkiak, diapositibak edo filmaketak egin ditzake gertatzen ari den guztia biltzeko eta aztertzeko. Ondoren, hausnartu ostean, gelan sortu den ekintzari esanahia aurkituko dio.

Gelako egunkaria ezinbesteko tresna izan daiteke eguneko iritziak, sentsazioak eta momentu interesgarriak biltzeko. Garrantzitsuena egunero oharrak hartzeko ohitura sortzea da eta ez noizean behin soilik.

Bilketa modu ireki batez has daiteke, hots, ikusten dugun guztia idatziz. Horretarako, beharrezkoa da haur batengan zentratzea eta bere jokaera biltzea, talde osoaren ekintza kontrolatzea ezinezkoa baita.

Bigarren urratsa dauzkagun datuak irakurri eta ordenatzea da, kontrastatu, kategorizatu eta esanahiez bete. Lan honetarako funtsezkoa da gelako edo Haur Hezkuntzako beste geletako lankideen laguntza, eta baita beste zentroetakoena ere. Datu eta iritzien elkartrukeak subjektibitatea kontrolatzen eta oharkabean pasatako alderdiez jabetzen laguntzen du.

Momentu aberatsak eta interesgarriak dira eta ikusi dugunaz hausnartzeak gelan dauzkagun haurrei hobeto ulertzen eta beraien ekintzei esanahia ematen lagunduko digu.

Dena dela, gogoan izan behar dugu ikusten ditugun ekintzak ulertu nahi baditugu interpretazioaren bidez egin behar ditugula. Ez dugu ahaztu behar ekintza horiek bata bestearekin lotuta daudela eta sortzen diren testuinguruan hartzen dutela esanahia.

Ekintza bera modu ezberdinez interpreta dezakete behatzaile ezberdinek. Esperientziak praktika hobeto ulertzen laguntzen du eta elkarrekin partekatutako esperientzia askoz aberatsagoa da.

Lankideak eta familiak informazioa objetibatzeko iragazki izan daitezke, eta aldi berean datuak osatzeko eta besteak ulertzeko iturriak.

Era berean, garrantzitsua da irekiak egotea, kontuz eta errespetuz jokatzea, interpretazio itxiak eta zorrotzak ez egitea eta ez ahaztea haurren eta gure arteko adin ezberdintasunak ez gaituela urruntzen interpretazioak egitetik gure esperientzia kontuan hartuta.

Azkenik, gogoratu inongo behatzailek ezin duela dena ikusi, baizik eta bere antolaketak (kognitiboa, emotiboa, interaktiboa eta abar) uzten diona. Behaketa testuinguru batean sortzen diren harreman ugariak eta anitzak ulertzeko lehen puntua da, eta norberaren ikuspuntua aldatzeko aukera ematen du estereotipo eta aurreiritzien gainetik.