ARDUTZA ikastola, Gasteiz: Sorkuntza tailerrak.

1999-10-01
Badira urte batzuk Hezkuntza Sailak bultzaturiko Erreforma esperientzia batean parte hartu genuela (garai hartan indarrean zegoen OHOko Goi Zikloaren Erreforma esperientzian, hain zuzen ere).
 
 
Esperientzia haren filosofian, beste gauza askoren artean, Proiektu Sistemaren bidez lan egitea proposatzen zen. Lau urteren buruan, esperientzia amaitu zenean, erabilitako sistema horren lorpenak eta proiektuekin irekitzen ziren aukerak oso positibotzat baloratu genituen eta, edonola, egoera berrira egokituz jarraipena ematea erabaki genuen.

Aztertzeari ekin eta berehala konturatu ginen Arte Hezkuntza izan zitekeela arlorik aproposena era horretako antolamendua egiteko, eta aldi berean, tailerrek proiektuek baino hobeto beteko zituztela gure helburuak.

Plangintza antolatzeko informazio bilketa eta aukeraketa egin ondoren, lanaren diseinuari eta banaketari ekin genion.

Ibilbide hau guztia burutu ostean, gure proiektua martxan jarri genuen eta iazkoa antolaketa honekin daramagun bosgarren ikasturtea izan da.



Helburu orokorrak

Arte Hezkuntzari dagozkion helburuak, baina era berean ezaugarri berezi batzuk dituztenak dira ondorengoak:

- Diziplinartekotasuna lantzea.

- Haurren motibazioa lortzea.

- Ikasleen aniztasunari erantzuna ematea.

- Funtzionaltasun kognitiboa lortzea.

Hauekin batera, taldekatzeko irizpideak eta metodologia kontuan hartuta, honako hauek ere azpimarratuko genituzke:

- Proiektu metodoari hurbiltzea.

- Esku eta adimen gaitasunak garatzea.

- Autonomia bultzatzea.

- Elkarkidetza eta hezkidetza garatzea.

- Sormena bultzatzea.

Ikusten duzuenez, helburu orokorrei dagokienez, ñabardura bakar batzuk izan ezik, ez dugu aldaketa handirik egin. Baina antolaketan eta metodologian bai eman ditugula aurrerapauso batzuk, eta ondoren aztertuko ditugu.



Antolaketa eta iraupena

A.- Taldeak

Talde malguak egiten ditugu, zikloka, eta beti zikloan dauden taldeak baino tailer bat gehiago prestatzen dugu (1. grafikoa).

Antolaketa honek baliabide gehiagoren erabilera eragiten du: ziklo bakoitzeko tutorea ez den irakasle bat gehiago. Baina horrekin batera, talde txikiagoak lortzen ditugu banakako jarraipena hobeto egin ahal izateko (ebaluaketari begira bere garrantzia izango du eta).

Lehenago aipatu dugunez, taldeak ziklo mailan egiten dira. Modu honetan klaseko taldeak apurtu egiten dira eta beste mailetako haurrekin egoteko eta lan egiteko aukera izaten dute.



B.- Iraupena

Talde hauek osatzeko ikasturtearen hasieran dagoen eskaintzaren berri ematen zaie ikasleei eta aukeraketa-fitxa baten bidez gogokoen dituzten tailerrak aukeratzen dituzte.

Gure tailerrak burutzeko, astero bi modulu jarraian irakasten ditugu (ordu bat eta erdikoa bakoitza), bestela oso motzak baitira eta ez baitago ezertarako astirik.

Eraketa hau oso gustukoa dugu talde malguak egiteko aukera ematen duelako eta horrekin batera ikasleen autonomia garatzen delako, hautaketa egin behar dutela eta.

Horrez gain, irakasle bakoitza, denetik egin beharrean, tailer batean edo bitan espezializatzen da eta eskainitako irakaskuntzaren kalitatea bermatua gelditzen da.



C.- Tailerren eskaintza egiteko irizpideak

Tailerrak haurren interesei egokitzea ezinbestekoa da, baina era berean irakasleriaren gaitasunei eta prestakuntzari ere bai. Bi ikuspuntu hauek uztartzea funtsezkoa izango da ekintza egokia lortu ahal izateko.

Bestalde, ezinbestekoa da gure curriculumean herren gelditzen diren hainbat alderdi bultzatzea hezkuntza integrala lortu nahi badugu, eta horretarako, antolaketa honek aukera paregabea ematen digu.



D.- 1998/99 ikasturteko tailerren antolaketa (1. taula)



Metodologia

Tailerretan lan egiteko, Proiektuen Sistemara hurbildu nahi dugu. Aukeraketa hau honako arrazoi hauengatik egin dugu:

- Motibazioa lortzen delako.

- Talde lana eragiten duelako.

- Gaien arteko globalizazioa ahalbidetzen duelako.

- Funtzionaltasuna nabaria delako, barneratutako prozesua zenbait egoeratan erabil dezakete eta.

- Autonomia lantzen delako.

Tailerretan jarduteko, errealitatea abiapuntua eta helburua izango da, aldi berean. Abiapuntu, haurrak duen egoeratik hasi behar delako lanean, eta helburu, azkenengo emaitza berarekin lotua dagoelako.

Tailerren bidez haur bakoitzaren erritmoa eta duen aurrezagupena errespeta daitezke, tailerrak berez duen egiturak hasiera ezberdinak ahalbidetzen dituelako. Haur bakoitzak dakienetik abiatu behar du. Izan ere, tailer bakoitzean maila desberdinetako haurrak ibiliko dira. Talde malguak funtsezkoak dira.

Haurrengan interesa sortarazteko erabiliko dugun materialak ulergarria izan beharko du, eta egin beharreko lanak motibagarria. Azken hau lortzeko haurrek aktiboki parte hartu beharko dute zer egingo den erabakitzerakoan, horrela prozesuaren sortzaile senti daitezen. Zubigilearen funtzioa irakaslearentzat geratuko da.

Irakasleari beheko mailetan sortzailearen papera egokitu arren, irakasmailak gora egin ahala, zeregin horrek gero eta lausotuagoa gelditu beharko du protagonismoa ikasleari emateko.

Burujabetasuna lantzeko bidean, Proiektuen Sistema ere barneratu behar dute ikasleek. Hau dela eta, lehenengo mailetako proiektuak zuzenduagoak izango dira azken mailetakoak baino.

Ibilbide hori mailakatzeko lau arlo edo aspektu hauek izaten ditugu kontuan:

1- Eskaintza : murriztuagoa hasieran, zabalagoa azken mailetan.

2- Informazioa : irakasleak emandakoak hasieran, beraiek jasotakoa azken mailetan.

3- Pausoak : proiektua burutzeko urratsak oso markatuak izango dira hasieran eta libreagoak prozesuaren amaieran.

4- Irakaslearen papera : irakaslea gidaria dugu hasieran eta laguntzailea azken mailetan.

Aipatutakoarekin garbi gelditzen da aurrera eramaten ari garen ekintza guztiz aktiboa eta funtzionala dela, eta hala izan behar du talde lana ezaugarri nagusietariko bat bilakatzea nahi badugu. Taldearen barruan haur bakoitzak bere papera eta eginbeharra zein den argi baldin badauka, bere autonomia garatuko dugu eta ikasleen arteko harremanak bultzatu eta sendotuko ditugu.





Ebaluazioa

Hiru motako ebaluaketa egiten dira:

1- Hasierako ebaluazioa : proiektu bakoitza hasi baino lehen ikasleak non dauden eta gaiari buruz zer dakiten aztertzeko, haurren aurre ezagupenei moldatzeko asmoz egiten da.

2- Bitarteko ebaluazioa : proiektua burutzen den bitartean irakasle arduradunak haur guztien banakako jarraipena egingo du fitxa baten bidez. Jarraipen hau behar bezala aurrera eramateko ezinbestekoak dira talde txikiak, eta hemen argi eta garbi ikusten da zikloan dauden taldeak baino tailer gehiago prestatzeko beharra.

3- Bukaerako ebaluazioa : tailerra bukatu eta gero irakasleak, bai tailerraren, bai ikasle bakoitzaren ebaluaketa egingo du. Ikasleak ere bere autoebaluaketa eta aritu den tailerrarena egingo ditu.

Ikus eranskinak: behaketa fitxa (2. taula) eta autoebaluaketa fitxa (3. taula).



Tailerretako gelak eta baliabide materialak

Honelako proiektua burutu ahal izateko, eta batez ere zer-nolako tailerrak eskain daitezkeen aztertzeko, ditugun baliabideak edo izan ditzakegunak aurreikusi behar ditugu.

Tailer batzuetarako gela arrunta erabil daitekeen bitartean, beste batzuetarako ezinbestekoa da gela berezi bat izatea: zeramika gela, sukaldea, antzokia...

Era berean, material, tresneria eta baliabide berezien beharra izango dugu tailer jakin batzuk burutu ahal izateko: zeramika labea, sutegia, sukaltarria, hozkailua, mikrouhin labea... Atal hauek guztiek ondo lotuta geratu behar dute azken momentuko ezusterik ez izateko.



Finantzaketa

Begi-bistakoa denez, material hauek guztiak erosi eta berritzeko erakundeetatik eta gurasoengandik jaso daitezkeen dirulaguntza guztiak aprobetxatu behar ditugu. Gure kasuan, Guraso Elkartearen bidez zeramikako labea, sukaldeko labea eta marrazketa egiteko mahai bereziak lortu genituen.

Horrez aparte, material suntsigarrirako kuota bat eskatzen diegu gurasoei eta Pedagogia Berriztapenerako Zerbitzutik ere ikasturtero dirulaguntzak jaso ditugu.

Zoritxarrez, iaz ukatu egin ziguten "aurrekonturik ez zutelako". Zertarako egin zuten deialdia, orduan? Guk ere Gozategiren antzera Nor-Nori-Nork kantatu beharko diegu!

Gure finantzaketa iturriak murriztuta ikusirik, gutxieneko behar materialei aurre egiteko 5.000 pezetako kuota ordaintzea eskatu diegu gurasoei. Egia da ez dutela inolako oztoporik jarri, baina ez da zilegi Pedagogia Berriztapenak gurasoen poltsikotik ateratzea.