Neurriak<br />euskaraz

1999-10-01
Lan honetan eskolako beste gai bati heldu nahi diogu, Matematika arloko magnitudeen neurrien adierazpenari dagokiona, hain zuzen ere. Ondoko orrietan neurriak euskaraz adierazteko adibide ugari doaz. Hala ere, adibide hauei begiratuta, zenbait magnitude soilik lantzen direla antzeman daiteke berehala. Magnitude modernoak, honela esatearren, ez dira sartzen beren erabilera oso berria baita, eta honexegatik ez digute guri hainbeste arazorik sortzen. Hortaz, aspaldiko magnitudeak dira txosten honetan lantzen direnak.
 
 
Bestalde, lantxo honek lehengo (eta gaurko?) euskaldunek neurriak adierazteko erabiltzen zuten joskera aztertu nahi du, egun beste modu batez erabiltzen baitira, gure ustez, gaztelaniaren eraginez. Beraz, oraingoa epaitu gabe, lehengo joskera berreskuratzeko helburuz egin dugu lan hau.



Bukatzeko, ohar hauek Matematikaren arlo honetarako ekarpen xume bat izan nahi dute eta, honengatik, zuzenketei irekiak daudela azpimarratu nahi dugu.



Atal hauetako ondorioak

Arestian aipatu ditugun adibideetatik ondoko ondorioak atera daitezke:

- Euskaraz ez da/zen neurtu aditza erabiltzen zerbaiten neurria adierazteko. Beraz, gazte horrek bi metro neurtzen du bezalako esaldiak lehen ez zirela erabiltzen esan dezakegu.

- Neurria aipatzeko nahikoa da nahi dugun kopurua kasu absolutiboan adieraztea eta ondoren izan aditza erabiltzea. Esaterako gazte hori bi metro luze da .

-Neurria adierazteko beste modu bat neurria + -ko formula izaten da, ondoan aipatu nahi den magnitudea gaineratuz bi metroko luzera du gazte horrek .



Atal honetan ondorioak

- Kasu honetan ere pisua adierazteko euskaraz pisatu aditza ez zela azaltzen ikus dezakegu. Beraz, gazte horrek hirurogeita hamabost kilo pisatzen du bezalako esaldiak lehen ez ziren erabiltzen.

-Pisua adierazteko nahikoa dugu neurria absolutiboan aipatzea eta izan aditza erabiltzea. Esaterako, gazte hori hirurogeita hamabost kilo da.



Atal honetako ondorioak

- Denbora adierazteko euskarak, oro har, ez ditu asko eta gutxi hitzak erabili izaten, luze eta labur baizik.

- Denbora adierazteko baten forma onartua dago.

-Denbora adierazteko egon, eman, eraman, jo aditzak maiz erabiltzen dira.



Aditzak

Neurriak adierazteko erabiltzen diren aditzak magnitudearen araberakoak izaten dira. Hala ere, badira maizago azaltzen diren aditzak izan, egon, ibili, hartu, jo, eman, eraman .

Neurtu aditza, dirudienez, subjektu batek tresna baten bidez objektu baten neurria hartzen dueneko ekintza adierazteko erabiltzen zen. Adibide bat aipatzearren, irakasle batek ikasle bat zenbat neurtzen du mahaiak ? galdetzea egokia al da? Nork burutzen du neurtzeko ekintza, ikasleak ala mahaiak? Beraz, honelako ondorioa atera genezake: objektu batek neurri bat izango du edota neurri batekoa izango da, baina inola ere ezin du neurtu, ekintza hau subjektuei (pertsonei) baitagokie. Halaber, ikasle bati zenbat luze zara? galdetzeak egokiagoa ematen du, zenbat neurtzen duzu? galdetzeak baino.

Pisatu aditzaren kasuan beste hainbeste esan daiteke: subjektu batek tresna baten bidez objektu baten pisua hartzen dueneko ekintza da. Pertsona batek balantza batez objektu baten pisua neur dezake, baina objektu batek ezin du ekintza hori burutu, hau da, mahai bat pisu batekoa izango da edota hainbesteko pisua izango du, baina ezin du pisatzearen ekintza egin.



Neurrien kasu-markak

Neurria gehienetan modu absolutiboan adierazten da, baina, batzuetan inesiboan edo instrumentalean ere azaltzen da. Halaber, sarritan ikus dezakegu ondoko formula erabiltzen dela neurria + -ko , izenlagun nahiz izenondo gisa.



Oharra

Adibideak Justo Maria Mokoroaren "Ortik eta emendik" bildumatik atera ditugu.



Adibide batzuk

Luze-zabalean

Zenbat luze zara? 1,70 metro luze naiz.

Zenbat luze da zure umea? Metro bat eta berrogeita hamar zentimetro luze da.

Zenbat zabal da armairua? Bi metro eta erdi zabal da armairua.

Zenbat da luze/zabal ohola? Metro bat eta erdi luze eta 80cm zabal da ohola.

Zenbat luze eta zabal da mahaia? Bi metro luze eta metro bat zabal da mahaia.



Zenbat luzekoa da zure autoaren neurria? Hiru metro luzekoa da.

Zenbat zabalekoa da torloju horren diametroa? Hamabi zentimetro zabalekoa da torloju honen diametroa.



Torloju hau hamar zentimetro luze da.

Torloju honek bi zentimetroko lodiera du.



Zenbateko luzera du hodiak? Sei metroko luzera du hodiak.

Zenbateko zabalera du oheak? Metro bat eta hogeita hamar zentrimetroko zabalera du oheak.

Zenbateko lodiera du ohol horrek? Zazpi milimetroko lodiera du.

Zenbateko sakonera du zuloak? Hamar zentimetroko sakonera du.



Behi hau bi metro luze da.

Behi hau laurehun kilo da.





Pisua

Zenbat kilo zara? Laurogei kilo naiz.

Zenbat kilo da arkume hori? Hamaika kilo da arkume hau.

Zenbat kilo dira bi poltsa horiek? Hogeita lau kilo dira.





Denbora

Zenbat denbora eman duzue ilaran? Denbora luze eman dugu ilaran.

Zenbat denbora eman dute kalean? Denbora labur eman dute kalean.