Kronika

1999-10-01
 
 
Nafarroako D ereduko borrokak
Nafarroako eskola publikoetan hainbat arazori aurre egin behar izan diote D ereduko gelak direla eta. Iaz Ermitagañako haurren egoera izan zen sonatuena, eta aurten behin-behineko konponbidea aurkitu dute. Iturrama auzoko Amaiur ikastolara joango dira. Haur talde honentzako beste gela bat irekiko dute bertan. Hala ere, gurasoek adierazi dute konponbide hau behin-behinekoa dela eta beraien helburua haurrak beraien auzoan euskaraz eskolatzea dela.
Bestalde, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxe publikoan 27 haur matrikulatu ziren D ereduan. Gehienez 25 haur egon daitezke eta Hezkuntza Departamentuak ez zuen bikoizketarik egin nahi. Azkenean, gurasoekin luze hitz egin ondoren, behin-behineko konponbidea erdietsi dute: 14 haur D ereduko irakaslearekin egongo dira eta gainontzeko 13ak A ereduko iraskaslearekin.
Zizur Nagusiko ikastetxe publikoan, bestalde, 25 haur baino gehiago dituzten bederatzi gela daude, eta horietatik bi dira D eredukoak. Hezkuntza Departamentuak irakasle bat kontratatu du bederatzi geletan lagun dezan, eta bikoizketarik ez da izanen.
Berriozarko ikastetxean ere 27 haur matrikulatu dira D ereduan eta bikoizketa eginen dute. Iruñeko Arrotxapeako Ave Maria ikastetxean eta Axular udal ikastolan ere arazo berdina zuten, baina hauetan bina haur beste eskola batera aldatu dira.
Iruñeko Donapea Lanbide Heziketako institutuan, aldiz, Batxilergo Teknologikoko bigarren mailan D ereduan hautazko ikasgai bezala marrazketa teknikoa hautatu duten ikasleek ez dute euskaraz ikasteko aukerarik.
Mendillorriko haurtzaindegian, bestalde, Nafarroako Haur Eskolen Patronatuko Batzarrak euskarazko eskaintza ez jartzea erabaki du. Hasieran haurtzaindegi elebiduna egitearen alde agertu baziren ere, PSEren jarrera aldaketaren ondorioz aurkako erabakia hartu da.
Arazo, traba eta eragozpen hauek guztiak ikusita, Sortzen-ek argi dauka "UPNko gobernuaren euskararen aurkako jarrera".

Iparraldean euskarazko irakasleak behar dira
Iparraldeko eskola publiko elebidunetan gero eta haur gehiago matrikulatzen da eredu elebidunean. Ondorioz, euskarazko irakasleen beharra haziz doa. Horrez gain, irakasle hauek ez dute titulurik eta hori konpontzeko lehiaketa publikoa egin zedin eskatzen ari ziren sindikatuak. Hezkuntza Nazionalak ez dio nahi baino lehen erantzun, baina azkenean mobilizazio ugariren ondoren, lehiaketa publikoa eginen da. Hamar tituludun postu eskainiko dira lehiaketa honekin. Momentu honetan 42 irakasle dira behin-behineko kontratupean daudenak.
Sindikatuen iritziz hamarreko kopurua ez da nahikoa, urtetik urtera haur elebidunak gehiago baitira. Ondorengo urteetan 32 irakasle tituludun beharko direla kalkulatzen dute. Horregatik, lehiaketaren bidez postu gehiago eskaini behar dela irizten diote. Hala gertatzen ez bada, irakasle asko prekarietatean egongo dela salatu dute.

3.200 ordezko
irakasle aurten

Bigarren Hezkuntzan 3.200 ordezko irakasle izango dira ikasturte honetan EAEko zentro publikoetan. DBHko bigarren kurtsoan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan bete gabeko 3.000 postu zeuden, 1.974 euskarazkoak eta 1.043 gaztelaniazkoak. Kopuru altua da bete gabeko postu hauena. Izan ere, irakasle asko euskarako perfila lortzeko ikastaroetan daude. Gaur egun, mila baino gehiago dira Iraleko programa hauetan parte hartzen dutenak. Hauez gain, beste batzuk formakuntza eta trebakuntza ikastaroetan matrikulatuta daude eta gaixotasun bajan edo haurdunaldian daudenak ere badira. Hauek utzitako hutsuneak betetzeko behar dira 3.200 ordezko.
Aldaketa hauekin batera, 154 irakasle lekuz aldatu dira. Hauetatik 38 euskarazko plazak betetzeko aldatu dira eta gainontzekoak gaztelaniazkoak.
Bestalde, irakasleen mugimendu honez gain, Gipuzkoako elizbarrutia ere mugitu da eta erlijio heziketa dela eta bere iritziaren berri eman du. "Erlijioaren irakaskuntza eskolan" gaia jorratu du aurtengo Gutun Pastoralean. Bertan dio erlijioaren irakaskuntzarako eskubidea gizartearen askatasunarekin lotuta dagoela. Hau da, erlijio ikasgaia eskolan ematea edo ez ematea ez dela elizaren eskubidea, gizartearena baizik.
Eskoletan irakaskuntza erlijiosoa bermatu behar dela dio gutunak. Alde batetik, eskoletan emandako erlijio heziketa familian eta kristau komunitatean emandakoarekin osatu behar dela. Bestetik, Elizak irakasleek emandako erlijio heziketa sustatu behar duela. Eta azkenik, gurasoek erlijio heziketaren arloko eskubideak errebindikatu behar dituztela dio.
Iaz, Gipuzkoan sare publikoko ikasleen %64ak eskatu zituen erlijio klaseak eta pribatuan %40ak.

Erreformari erreformak egiteko proposamenak
Oraintxe LOGSEra eta aldaketetara ohitzen hasiak garen arren, oraindik ere berrikuntza gehiago izango dira agian. Horietarako bat aurrera ateratzeko asmoaren berri eman du Mariano Rajoy Espainiar Gobernuko Hezkuntza ministroak. Ley de Acompañamiento delakoaren bidez Lanbide Heziketan erreforma bat egin nahi du: erdi mailako Heziketa Zikloetatik goi mailakoetara igarotzeko dauden baldintzak aldatu nahi ditu. Hau da, momentu honetan 20 urte beteak dituzten ikasleak eta azterketa bat pasa dutenak baino ezin dituzte goi mailako zikloak egin. Rajoyren asmoa 20 urteko muga hori ezabatzea eta bi mailean artean bide bat eratzea da.
Proposamenak kontrako iritziak jaso ditu oposizioaren aldetik, bai asmoarengatik eta baita proze-duragatik ere. Hauen ustez aldaketa horrek goi mailako Lanbide Heziketaren maila akademikoa jaitsi egingo luke. Horrek ikasleak berriro ere unibertsitatera bideratzea ekarriko luke. Horrez gain, egungo goi mailako LH ez da ikasle guztiak hartzeko gai izango. Eta erdi mailako LHak lan mundurako sarbide izateko duen helburua galduko du eta goi mailako LHra bideratutako bigarren mailako batxilergo bilakatuko da.