LABIAGA ikastola, Bera: JUUL, galtzailerik gabeko hauteskundeak

1999-11-01
Iaz Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatuta JUUL kanpaina burutu zuten Nafarroako ikastolek. Hau da, haur eta gazteek gehien gustatu zitzaien liburua bozkatu zuten, botua benetako hauteskundeetan bezala bozketa mahaian eman zutelarik. Guztira 4.141 haurrek hartu zuen parte.
 
 
Azaroan hasi ziren kanpainarekin, ikasle bakoitzak bere ipuinaren defentsa egin zuelarik. Eta hauteskunde eguna martxoan izan zuten.

Kanpainaren helburu orokorra irakurzaletasuna zuzpertzea izan zen, baina ikasleek beraiek aukeratuz euren gustuko liburuak eta literatur kritiko bihurtuz. Kanpainaren arrakasta ikusiz, gainera, aurten ere errepikatuko dute.

Prozesu hau gertutik bizi izan zuen Berako Labiaga ikastolako Joxan Oiz zuzendariak eta berari emango diogu hitza; konta diezagula berak ikusi eta bizitakoa.



JUUL, galtzailerik gabeko hauteskundeak

Denok omen dugu masterra Zientzia Politikoetan. Denok joan ginen ikastaldiko estraineko eskolarat eta bertan ikasi genuen sistema politiko txar eta gaizto guztien artean demokrazia dela sistemarik onena. Hurrengo eskoletan piper dexente egin genituelako-edo, hortxe bertan bukatu zitzaigun denoi jakintza politikoa. Hor bertan hasten baitira komeriak: D'Hondt legearen eskasa, zerrenda irekien beharra, betikoek irabazten dutela eta, gutxi balitz, putxerazo, eltzekada edo balizko iruzur menestraren susmoa.



Iruzurra duen prozesua

Tira bada, ez naiz hemen hasiko demokrazia eta bera ahalbideratzen duen hauteskunde sistemaren ederrak kantatzen. Hauteskunde prozesu baten berri emanen dizuet, halarik ere. Prozesu bitxia, izan ere, izandako emaitzarekin neroni arras kontent bainago, eta ditudan datuen arabera, hautesle gehienek ere gauza bera pentsatzen dute.

Nola? Ez da posible, ordea! Hauteskunde ondoren hautagaiak pozik egon beharrean (beti aitzakiaren bat topatzen baitute zer ospatua izateko), hauteslegoa dela kontent dagoena? Horixe bada, ezin liteke.

Behar bada, hautaturikoen zerrendan erreparatuz gero, ulertuko duzue nolatan egoten ahal garen horren gustura: Teo, Miru eta Mara, Banbulo, Fernando Amezketarra, Manolito Gafotas edota Irakasle Alu Bat.

Iruzurra aldez aurretikoa zen, jakina. Izan ere, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Irene Lopez-Goñi koordinatzaile pedagogikoak iaz mamitu eta dinamizaturiko JUUL kanpainako hautagai guzti-guztiak egoki askoak baitziren. Haur Hezkuntzakoengandik hasita DBHko 4. mailako ikasleenganaino tarte haundixkoa baita nork bere hautetsia topatzeko.

Ikasleek gustukoen dituzten euskarazko zein erdarazko liburuak aukeratzea zen iazko helburu nagusia. Helburu xume bezain korapilatsua. Ez baita marka makala gustukoen duzun liburu bat hautatzea aspaldian bat ere zabaldu ez baldin baduzu, edota zure Ikastolako liburutegiak freskatze ederra behar baldin badu, edota hizkuntzetako irakasleek "aholkatzen" dizkizuten liburu zoragarri horiek, zure idurikoz, horren zoragarriak ez badira. Hortxe dago bigarren iruzurra: Liburuen promozio eraginkorra egiten derrigortu gintuela JUUL kanpainak. Ados baldin bagaude irakurri aditza ezin dela aginteran jokatu, onartuago izan beharko genuke irakurri eta gero aukeratu mezua ezin dela hala moduz bota.

Hori dela eta, lehendabizi tutore zein hizkuntzako irakasleek kanpaina azaldu eta girotzeari ekin behar izan zioten. Gero, liburu berriak erosteko (edo bertzerik gabe biltzeko) beharrak aztertu. Ondotik, gurasoei zorioneko JUUL kanpaina azaldu eta Ikastolako nahiz herriko liburutegian sarrerarik ez dela ordaindu behar oroitarazi. Eta hondarrean, irakurritako, irakurri beharreko, erotuta ere ukitu eta zabaldu behar ez liratekeen liburuen elkarren arteko aipamen, alde zein kontrako aholku trukaketa eta norberaren hautua gorpuztu ahal izateko sor daitekeen edozein ekintza bultzatu ikasleen artean.



Bozketetarat jostetan

Honaino lehendabiziko atala. Bigarrena, egindako hautapena nola bideratu izan zen eta horretarako JUUL kanpainak ez zuen inongo erreparorik izan formalismoen atzaparretan bere burua jausten uzteko. Abiapuntua bozka mahaiak osatzea izan zen (lehendakaria, bokal pare bat, idazkaria eta laukote honendako badaezpadako ordezkoak). Bat eginik, Nafarroa Garaiko ikastola guztietan egun berean bozkatu genuen. Segituan paper "ofizialetan" idatzita behar zuten botu guztiak ikuskatzaileek bildu, NIErat datuak bidali eta Iruñetik bertatik emaitzak munduan barrena zabaldu.

Halaxe izan zen eta denetara 4.141 ikaslek hartu zuten parte (ikusgarria, portzierto, zein txintxo itxoin zuten txanda eta euren izena hautesle zerrendetan ote zegoen ikusteko nola luzatzen zuten lepoa botua eman aitzin). Parte hartzea, berriz, beretzat nahi zuketen munduko demokrazia aitzinduenek: %90a (gure Ikastolan, konparazio batera, ohiko bozketa batean susmagarritzat hartuko zatekeen %97,3rat ailegatu ginen!).

Emaitza hauek ikusita, 4.000 liburutik goiti irakurrita alegia, aurten ere gogoz eutsiko diogu JUUL kanpainari. Urrian dagoeneko hasiak gaude girotzearekin eta iazko denboralizazio iruditsuarekin apirilean izanen da bozketa. Aurten, halaz ere, aldaketatxo batzuk izanen dira. Bertzeak bertze, hautagaien zerrenda murriztuko dugu eta aukeratu ahal izanen diren idazle eta ilustratzaileak euskarazko liburukoenak izan beharko dute. Iazkoak ere oihartzuna izan du Euskal Herriko bertze lurraldeetan eta aurten Nafarroakoak ez ezik, bertze zenbait ikastolak ere hartuko dute parte kanpaina honetan.

P.S. Eta izena? Zer ote da ditxosozko JUUL hori? Erantzuna telegrafikoa: Gregie de Maeyer idazle eta artista flandriarra. 47 urtez bihotzekoak jota iaz hildakoa. Bere pertsonaien artean bada bat, JUUL izenekoa, istorio lazgarri bezain hunkigarria bizi duena. Ene zelatarien informazioa okerra ez bada, gainerat, laster ikusten ahal dugu JUUL euskaraz itzulia.