0 - 3 urte bitarteko haurraren garapen psikologikoa

2000-05-01
Zuen seme-alaba Haur Hezkuntzako 1. zikloan sartuko da berehalaxe. Etapa hau oso garrantzitsua da, eta neurri batean honek bere garapena baldintzatuko du. Gizakume den neurrian, gizartearen balio, arau eta jarrerak bereganatu behar ditu. Dakizuenez, LOGSE delako Legeak etapa hau arautzen du Haur Hezkuntzako 1. ziklo gisa onartzen duelako. Ez da derrigorrezko etapa, baina gizartean sortzen ari diren aldaketak direla-eta, hezkuntza etapa horri behar bezalako erantzuna eman behar zaio. Hezkuntza etapa honetan zuen seme-alabek aldaketa eta aurrerapauso nabariak nozituko dituzte garapen arlo ezberdinetan: motore, adimen, afektibo-sozial eta hizkuntza arloetan.
 
 
Gida honek bi helburu ditu: alde batetik, zuen seme-alaben garapena modu argi eta eskematiko batez azaltzea; eta beste aldetik, zeuen seme-alaben garapen orokorrean parte hartu ahal izatea.

Norberak bere garapen eta hezitze erritmoa dauka, eta gida honetan agertzen diren uneek gehiengoari erantzuten diotela azpimarratu nahi dugu. Familia eta hezkuntza giroaren garrantziaz ohartu behar dugu, haurraren garapena baldintzatzen baitute.

Lerro hauetan pertsona baten lehenengo urteetako garapena kontatu nahi dizuegu. Horretarako, lagun batzuk ditugu eta beraiek kontatuko dizuete euren arlo guztien (psikomotrizitatea, adimena, hizkuntza, alde afektiboa eta soziala) garapena nolakoa izan zen.



Garapen psikomotorea

0-1 urte bitarteko haurraren garapena

Jaio nintzenean oso txikia nintzen, 50 cm-ko luzera nuen eta hiru kilo pisatzen nituen. Baina jaio nintzenetik erregularra eta jarraikorra den garapen prozesua segitu nuenez, orain mutiko koxkorra naiz. Aipatutako prozesu horri nire pediatrak garapen-kurba deitzen zion, eta aldiro, berarengana joaten nintzenean, nire garapenaren aurrepausoak nire osasun liburuxkan apuntatzen zituen.

Nire garapenak honako bi lege hauei jarraitzen zien:

1) Zefalo-kaudal legea. Honen arabera, buruaren ondoan dauden gorputz atalak lehenago kontrolatzen dira, kontrola gero eta beherago dauden gorputz ataletara hedatzen delarik. Horrela bada, lehenengo goiko gorputzadarrak eta geroxeago beheko gorputzadarrak kontrolatu nituen.

2) Hurbil-urruneko legea. Lege honen arabera, lehenengo gorputz ardatzetik hurbilago dauden gorputz atalak kontrolatzen dira, geroxeago gorputz ardatzetik aldentzen direnak kontrolatzen direlarik. Hau dela eta, lehenengo besaburuak, gero besoak, gero eskumuturrak eta gero eskuak kontrolatu nituen.

Lege hauek ezagututa, mugimendu eta ezarrerazko kontrola nola garatzen nuen kontatuko dizuet.

- Hiru hilabete inguru nituenean buruari eusten nion.

- Lau hilabete nituelarik begi-esku koordinazioa mantentzen nuen, eta aurrean ikusten nuen objektu bat hartzeko gauza nintzen. Dagoeneko ez nituen besoak astintzen, ezta eskukadarik ematen ere.

- Sei-zazpi hilabete ingururekin eserita egoten nintzen laguntzarik gabe.

- Geroxeago, zortzi hilabeterekin, arrastaka hasi nintzen. Arrastaka eta katamarka mugitzen nintzen etxetik.

- Hamar hilabete inguru nituela gurasoen eskutik helduta ibiltzea gustatzen zitzaidan.

- Urtebete nuelarik ia-ia bakarrik ibiltzeko gai nintzen, baina esku batetik helduta ziurrago sentitzen nintzen.



1-2 urte bitarteko haurraren garapena

- Hamalau hilabeterekin laguntzarik gabe ibiltzen hasi nintzen. Batzuetan erori egiten nintzen, baina gero eta ziurrago sentitzen nintzen.

- Ibiltzen banekienez, eskailerak aurkitu nituen. Asko gustatzen zitzaidan eskailerak igo eta jaistea, hasieran laguntzarekin eta geroxeago nik bakarrik.

- Nire lehenengo urtebetetzean oparitu zidaten "correpasillos" delakoa gustukoa nuen.

- Ama edota aitarekin jolasten nuenean, batzuetan pilota elkarri botatzen aritzen ginen, nik beste puntara botatzen banuen ere.

- Beste batzuetan marrazten aritzen nintzen, eta zirrimarrak egitea asko gustatzen zitzaidan.

- Ah! kolore eta tamaina ezberdineko piezekin jolastea ere gustatzen zitzaidan. Kubo batzuk beste batzuen barruan sartzen, piezak pilatzen eta abar denbora dexente pasatzen nuen.

- Ikusten duzuenez, nire adinari egokitutako objektu guztiekin jolastea eta esperimentatzea oso gustukoa nuen.

- Jateko garaian, eskua nahiko ongi kontrolatzen banekienez, bakarrik jan nahi izaten nuen zerbait lurrera erori arren.



2-3 urte bitarteko haurraren garapena

- Bi urte bete nituenean, triziklo bat oparitu zidaten. Hasieran kostata, baina oinpekoei eragiten ikasi nuen. Nolako paseoak egiten nituen!

- Eskailerak oinak aldizkatuz igotzen ikasi nuen, eta geroxeago jaisten ere bai.

- Arropa eranzten ongi pasatzen nuen, janzten ere bai, baina botoirik eta kremailerarik gabeko arropak izan behar zuten.

- Jatorduak oso gustukoak nituen, ia ezer erori gabe ni bakarrik jateko gai nintzelako.

- Marraztea, hori bai gustatzen zitzaidala! Gainera, gero eta trebeagoa nintzen. Hiru urte betetzear nengoela, zirrimarrak eta biribilak ere egiten nituen. A ze marrazki politak!

- Garai horretan pixa eta kaka kontrolatzen ikasi nuen. Horregatik, egunez troxa kendu zidaten.

2. irudia: Ikusten duzuenez, sardexka erabiltzen ikasi dut. Zikindu egin naiz, baina ez du inporta!





Adimenaren garapena

0-1 urte bitarteko haurraren garapena

Jaiotakoan sortzetiko erreflexu batzuk banituen (hartzeko, zurgatzeko) eta horietaz baliaturik hasi nintzen ikasten.

Hasieran, ezertaz ez nintzela ohartzen ematen bazuen ere, nire lehentasunak banituen. Adibidez, objektu distiratsuak, kontrasteak, mugimenduak, koloreak eta soinuak gustatzen zitzaizkidan, sortzetiko lehentasunak baitira. Handitzen ari nintzelarik, erakartzen ninduten estimuluak gero eta konplexuagoak ziren.

Gehienetan estimulu horiek amarengandik edota zaintzen ninduen pertsonarengandik jasotzen nituenez, denbora aunitz pasatzen nuen beraiei begira: begien distira, aurpegiaren itxura, ilearekiko kontrastea, buruaren, begien eta ahoaren mugimendua... Maite ninduten pertsonekiko kontaktua eta beraien usaina ere gustatzen zitzaizkidan.

Modu horretan, nire inguruko estimuluen bidez, ikasi egiten nuen eta nire adimena garatu. Munduarekiko erlazioa nire zentzumenen eta mugimenduaren bidez mantentzen nuen. Nire ekintzen ondorioez ohartzen nintzen, nahiak garatzen nituen eta nire buru eskemak koordinatzen nituen.

Orain azalduko dizuet nire adimenaren garapenaren prozesua nola izan zen (esan didate J. Piaget izeneko gizon batek horrela izendatu zituela):

- Lehenengo garapen etapa (0-1 hilabete: sortzetiko erreflexuen ariketa). Adin honetan, bai sortzetiko erreflexuei esker, baita kanpoko estimulazioari esker ere, nire testuinguruan egokitzen nintzen eta nire lehenengo buru eskemak eraikitzen hasi nintzen. Titia, biberoia... zurrupatzen nituen eta eskuetan zerbait jarriz gero, gogor estutzen nuen.

- Bigarren garapen etapa (1-4 hilabete: lortutako lehenengo moldaketa eta erreakzio zirkular primarioa). Nire zentzumenei esker, nire inguruko gauzez ohartzen nintzen eta egoerak neureganatzeaz gain, nire buru eskemetan egokiarazten hasi nintzen. Momentuz, nik burutzen eta errepikatzen nituen ekintzak neure gorputzarekin erlazionatuta zeuden.

- Hirugarren garapen etapa (4-8 hilabete: bigarren mailako erreakzio zirkularra). Dagoeneko, hurbileko objektuekin eta pertsonekin elkarrekintzan nengoen. Amak esaten dit norbaitek hitz egiten zidanean oso kontent jartzen nintzela eta besoak eta zangoak astintzen nituela. Gauza bera egiten nuen nire aurrean zerbait mugitzen bazen. Noski! Gustatutako estimulua (kasu honetan pertsona eta bere ahotsa edota objektu baten mugimendua) berriz jasotzearren egiten nuen hori, hots, kasualitatez gertatutako efektu bat berriz jasotzeko asmotan. Ez nuen nahita egiten, ez nuen intentzionalitaterik adierazten. Hori aurrerago ikasi nuen.

- Laugarren garapen etapa (8-12 hilabete: bitarteko helburuen arteko erlazioetan aplikatutako bigarren mailako buru eskemen koordinaketa). Mutiko koxkorra nintzelarik hiru lorpen adierazgarri izan nituen: nire inguruan gertatzen zenari jarritako arreta indartu nuen, intentzionalitatea azaldu nuen eta instrumentalezko buru eskemen koordinaketak garatu nituen, zeinak bitarteko helburuen arteko erlazioetan aplikatuta zeuden. Horrela bada, zoluan ikusitako panpin bat hartu nahi nuenean eta bide erdian oztopo bat topatzen nuenean, oztopoa baztertzeko eta panpina hartzeko gai nintzen.

Keinu eta soinu berriak imitatzen ere asko aurreratu nuen.



1-2 urte bitarteko haurraren garapena

- Bosgarren garapen etapa (12-18 hilabete: hirugarren mailako erreakzio zirkularrak). Egoera berriei lotutako esperimentu prozesu baten ondorioz, nire buru eskemetan erlazio instrumental berriak aurkitu nituen. Dagoeneko nire ekintzak nahita burutzen nituen, eta egoera ezberdinez nahiko ongi ohartzen nintzen. Nire buru eskemen mugikortasuna zela-eta, zerbait lortzen ez nuenean berriz saiatzen nintzen. Oroitzen naiz, behin, eskuare batez jolasten ari nintzela, ondoan nituen jostailu batzuk niregana hurbiltzea lortu nuela, hura aurkikuntza! Gero, jostailu horiek aldentzen nituen. A ze jolas entretenigarria! Lehendabizi eskuareaz jostailuak hurbildu, eta geroxeago eskuareaz jostailuak aldendu.

- Seigarren garapen etapa (18-24 hilabete: buru eskemen irudikapena dela-eta, buru eskemen konbinazio berrien asmaketa). Objektu eta gertakizunen irudikapenari esker, ingurunean esperimentatzeko aukera zabaldu zitzaidan. Adimen sentsomotoretik adimen sinbolikora iragatea izan zen. Ikusten ez nituen objektuetan eta pertsonengan pentsatzen nuen, eta modu berean, ikusten ez nituen ereduak imitatzeko gauza nintzen. Badakizue, joko sinbolikoan hasi nintzen!. Aitak esaten dit oso ongi oroitzen dela askotan kaxa bat hartu eta autoa bailitzan jolasten nuela.



2-3 urte bitarteko haurraren garapena

Orain, bi urte bete eta gero, objektuak, pertsonak eta egoerak ezagutzen eta irudikatzen ditudanez, aita, ama, medikua... naizela jolastea asko gustatzen zait. Horrela nire pentsamendua eta adimena garatzen ditut, eta nire sentimenduak eta emozioak adierazten ditut.

3. irudia: 2 urteko haur baten marrazkia.





Mintzamenaren garapena

0-1 urte bitarteko haurraren garapena

Jaio nintzenean ez nuen ezer esaten, baina pixkanaka-pixkanaka hizketan hasi nintzen. Kontatuko dizuet nola izan zen.

- Ia-ia jaio nintzenetik zerbait ahoskatzen nuen. Lehenengo hilabeteetan zizakatu egiten nuen.

- Seigarren hilabetetik aurrera, inguruan entzuten nituen soinuak adi-adi entzuten nituen eta imitatzea gustatzen zitzaidan.

- Amak esaten dit /a/ eta /e/ fonemak bederatzi hilabete nituelarik esaten nituela, eta urtebetean lehenengo hitzak esaten hasi nintzela. Nire lehenengo hitzak /p/, /t/ eta /m/ kontsonantez eta bokalez osaturiko hitzak izan ziren; adibidez "pata", "ama", "tata", "pete"...

Pixkanaka-pixkanaka hizkuntza garatuz joan nintzen. Horretarako, nire hurbileko pertsonekiko harremanak behar-beharrezkoak izan nituen.



1-2 urte bitarteko haurraren garapena

- Nire bizitzaren bigarren urtean hitzak esaten hasi nintzen. Hasieran, 12. hilabetearen inguruan, hitz batez esaldi oso bat adierazi nahi nuen. Adibidez, batzuetan "ura" esaten nuenean "aita, ura nahi dut" esan nahi nuen.

- 18 hilabeterekin bi hitz esaten nituen esaldi oso bat adierazteko asmoz. Nire aitari entzun diot horren txikia nintzela "aita zapata" esaten niola, bai berak zapata jartzen zidanean, baita bere zapata ikusten nuenean ere. Hala ere, gure arteko harremana zela-eta, nire gurasoek nahiko ongi ulertzen zidaten egoera bakoitzean zer esan nahi nuen.

- Nire bigarren urtearen bukaeran asko hitz egiten nuen, nire erara, noski. Mordoilo adierazkorra zen, non adierazpenak, intonazioa, pausaldiak eta erritmoa adierazten bainituen.

- Bi urte inguru nituenean, bokal guztiak, kontsonante asko eta diptongo batzuk ere ongi ahoskatzen nituen.

- Amari edota aitari entzundako adierazpen batzuk errepikatzen nituen, hasieran beraiek erabiltzen zituzten testuinguru berean, eta geroago beste testuingurutan ere bai. Adibidez, bazkaria bukatu ondoren "bapo" esaten ikasi nuen beraiei entzunda. Bi hilabete pasa ondoren, jostailu batekin jolasteaz aspertuta nengoenean hitz bera erabiltzen nuen. Hau da, zenbait hitz orokortu egiten nituen. Era berean, kalean ikusten nituen emakume guztiei "ama" esaten nien.



2-3 urte bitarteko haurraren garapena

Beno, bada, poliki-poliki gero eta gehiago eta hobeto hitz egiten nuen.

- Nire hirugarren urtearen hasieran, erabiltzen nuen hitz kopurua bikoiztu egin zen.

- Dagoeneko, hitzen plurala, generoa, artikuluak, izenordeak, aditzen lehenaldia eta infinitiboa... erabiltzen nituen.

- Bi urte eta erdirekin esaldi osoak esaten nituen. Ia edonork oso ongi ulertzen zuen nik esaten nuena; beraz, ez nintzen haserretzen.

- Hitz egitea asko gustatzen zitzaidan, ni neu nahi nuena esateko gauza nintzela konturatzen nintzen-eta. Gurasoekin, lagunekin, irakasleekin, senideekin eta jostailuekin ere hitz egiten nuen. (Piaget horrek jostailuekin jolastu eta hitz egiteari "joko sinbolikoa" deitzen omen zion).

- Hiru urterekin ederki asko hitz egiten nuen. Beno, zenbait hizki eta fonema oraindik ez nituen oso ongi ahoskatzen, baina bost urte bete arte normala omen da, eta lasai nago.



Garapen afektibo-soziala

0-1 urte bitarteko haurraren garapena

Nire garapena orokorra bazen ere, arlo hau oso garrantzitsua dela esan daiteke. Nire afektibitatea nire sozializazio prozesuaren garapenaren funtsa zen. Gaur egun ere bada, baina lehenengo bi urteak oso-oso garrantzitsuak izan ziren.

- Jaio nintzenetik, pertsonak ezagutzen ez banituen ere, estimulu sozialak bilatzen nituen, eta gustukoak nituen (aurpegiaren itxurak, ahotsak...).

- Oso goiz adierazi nituen interesa, nahia eta nahigabea.

- Lehenengo hilabeteetan amarekiko atxikimendua garatu nuen, berak elikadura, maitasuna, arreta eta segurtasuna eskaintzen baitzizkidan.

- Bigarren eta hirugarren hilabetean, nire aurrean zegoena mugitu egiten bazen eta zerbait esaten bazidan, irribarre egiten nuen, bere aurpegian begiak eta ahoa bereizten nituen-eta.

- Laugarren hilabetean tristura eta haserrea adierazteko gai nintzen, eta pertsonen adierazpen emozionalak ere nahiko ongi bereizten nituen.

- Seigarren hilabetetik aurrera pertsonak ezagutzen hasi nintzen. Horrexegatik, batzuetan, ezagutzen ez nuen pertsona batekin gelditzen nintzenean negar egiteari ekiten nion, larritasuna adieraziz.

- Urtea bete nuenean, beste pertsonen adierazpen emozionalen arabera, nire portaera erregulatzeko kapaz nintzen.

- Garai beretsuan lotsa eta herabea adierazten hasi nintzen.

Horrela, nire lehenbiziko urtean, gizarteko gizakume bezala, sozializazioaren prozesuaren barrenean adimenezko, jarrerazko eta afektuzko prozesuak garatzen hasia nintzen.



1-2 urte bitarteko haurraren garapena

Niretzat emozioak oso garrantzitsuak ziren eta dira. Emozioen eta sentimenduen adierazpenak neure familian bertan ezagutzen hasi nintzen. Nire bizitzaren bigarren urtean, askoz errazago bereizten nituen egoera ezberdinak.

- Adimenaren sozializazio prozesuari dagokionez, pertsonak ezagutzen nituen eta neuk neure burua ezagutzen nuen.

- Jarrerazko sozializazio prozesuaren kasuan, arauak, ohiturak eta balioak ere ezagutzen eta barneratzen hasi nintzen. Modu horretan, neure portaera gero eta gehiago erregulatzen nuen.

- Prozesu afektiboari dagokionez, amarekiko atxikimendua indartu nuen. Nik gure erlazioan kantitatea, kalitatea, helkortasuna, gertutasuna, esklusibotasuna, baldintza gabetasuna eta iraunkortasuna baloratzen nituen. Gaur egun ere harremana horrelakoa izatea baloratzen dut.

- Garai horretan, adimen eta hizkuntza gaitasunari esker, gurasoekiko interakzioa esanahi sozialaz beterikoa zen.



2-3 urte bitarteko haurraren garapena

- Ordurako nire familia giroaz ohartzen nintzen: gurasoen arteko erlazioaz, nirekiko eta besteekiko erlazioaz...

- Nire identitatea eta nire rola gero eta hobeto ezagutzen nituen.

- Modu berean, balioak, arauak, ohiturak, jarrera egokiak eta desegokiak, eta giza trebetasunak gero eta hobeto ezagutzen nituen, eta horren arabera, neure portaera zuzentzen saiatzen nintzen. Hala ere, batzuetan, gizarteak eskatzen edota espero zuena (ama, aita edota beste pertsona baten bitartez adierazita) eta nire nahia bat etortzen ez zirenean, izugarrizko amorrua sentitzen nuen. Hori gero eta gutxiagotan gertatzen zait. Egia esan, zenbaitetan ez ditut helduak ulertzen.

Gizarte bateko partaide naizen neurrian, gizarteko arauak eta balioak, seguraski, garatuko ditut. Horretarako nire familia eta nire talde sozialak oso garrantzitsuak dira eta izango dira, aipatutako arauak eta balioak haien bitartez jasoko ditudalako.



Orientabideak

- Egokitzapen prozesua progresiboki programatu.

- Haur Eskola batean matrikulatzeko erabakia, haurrak jaso behar duen trataeran, han pasa behar duen denboran, haurraren adinean eta atxikimenduzko pertsonekiko harremanetan datza.

- Eskola, azpiegiturak eta haurrekin aritzen direnak ezagutu behar dira.

- Behar den adinako lekua, aireztapen egokia, kanpoko jolastokia, sukaldea... behar dira.

- Garai honetan haurrak gizartean bizitzen, erlazionatzen eta bere familiatik kanpoko pertsonekin bizitza konpartitzen ikasten du.

- Jokoaren bidez mugimenduak koordinatzen, hizkuntza hobetzen, bere irudimena garatzen eta beste haurrekin erlazionatzen ikasten du.

- Etapa honetako defentsen heldugabetasunak zoldurak errazten ditu. Horregatik, gaitz kutsakor batek jota dagoen edozein haurrek pediatrak esandakoa bete beharko du; esate baterako, etxean gelditu.

- Gurasoek seme-alaben eskaerez ohartu behar dute, ulertuz eta erantzun egokia bilatuz. Haserrealdiak edota bestelako arreta dei desegokiak ez dituzte onartu behar.

- Gurasoek eta irakasleek ukimenezko, begizko eta entzumenezko estimulu ugari eman behar dute. Helkorrak izan behar dute eta prest egon.

- Lehendabiziko hilabeteetan helduaren agerraldiak jarraia eta hurbila izan behar du. Geroxeago, bereizketak luzatzen ahal dira.

- Haurrak esklusiboki edota anai-arrebekin konpartitutako atxikimenduzko pertsonak izan behar ditu, pertsona horien arteko lehentasunak ezarriz zeloak bideratzen ikasteko eta estimulazio ezberdina jasotzeko.

- Bere izaera eta jarreraz aparte, bere burua onartua sentitu behar du.

- Guraso edota irakasleen arteko hezkuntza pautek koherenteak izan behar dute, atxikimenduzko pertsonen arteko akordioak, elkarren arteko onespenak eta harreman afektibo aberatsek haurraren ziurtasuna eta ongizatea errazten baitute.

-Diziplina arauak (gutxi eta argiak) ezinbestekoak dira.





BIBLIOGRAFIA



- MARCHESI, A., COLL, C. eta PALACIOS, J.: Desarrollo psicológico y educación I. Alianza Psicología. Madrid. 1992.

- URIZ, N., ARMENTIA, M., BELARRA, R., CARRASCOSA, E., FRAILE, A., OLANGUA, P., eta PALACIO, A.: El desarrollo psicológico del niño de 3 a 6 años. Gobierno de Navarra. Departamento de Educación. Unidad Técnica de Orientación Escolar y Educación Especial. Pamplona 1991.

- VIÑAS, A.: El primer año de vida en el niño semana a semana. Planeta. Barcelona. 1992.

- PIAGET, J.: La formación del símbolo en el niño. Fondo de cultura económica. México.1961.

- CORRAL, A., GUTIERREZ, F., eta HERRANZ, P.: Psicología Evolutiva. Tomo I. UNED. Madrid, 1997

- SCHWABENTHAN, S., eta WEIGERT, V.: Madre e hijo. Everest S. A. León. 1995.