Kronika

2000-05-01
 
 
Hezkuntzako Nazioarteko Foroa ospatu da Dakarren
ONUk eta Munduko Bankuak antolatutako Hezkuntzako Nazioarteko Foroan hainbat erabaki hartu dira mundu osoko haurren hezkuntza bermatua izan dadin. Munduko 183 lurraldetako ordezkariak bildu ziren apirilaren 26 eta 28 bitartean eta Ekintza Markoa adostu dute. Marko horretan hainbat helburu finkatzen dira Guztiontzako hezkuntza lor dadin: Haur eta Lehen Hezkuntzaren babesa garatzea 2015. urterako, gazteei ikasketak jarraitzeko aukera bermatzea bizitzari aurre egin ahal izateko, helduei hezkuntza iraunkorra izateko aukera luzatzea, 2000. urtea amaitu baino lehenago hezkuntzan dauden sexuen arteko ezberdintasunak ezabatzea eta hezkuntzaren kalitatea hobetzea, batez ere irakurketa, idazketa, kalkulua eta bizitzan beharrezkoak diren gaitasunei dagokienean.
Helburu horiek lortzeko aurrekonturik ez da zehaztu Dakarren, hori lurralde bakoitzaren plan nazionaletan zehaztuko baita. Hezkuntza plan horiek bideratzeko dirulaguntzak mota guztietako instituzio publiko eta pribatuetatik, zorrak gutxitzetik eta elkartasunetik irits daitezke. Lurralde bakoitzeko planak bertako arduradunek zehaztu beharko dituzte, baina gizarte zibilari zuzenean eta sistematikoki kontsulta eginez.
Antolatzaileak pozik agertu dira Dakarreko Foroarekin, eta aurrekoarekin konparatuta aurrerapena suposatzen duela adierazi dute. Hura Jomtien-en (Thailandian) burutu zen 1990an. Oraingo Ekintza Markoa abiapuntu ontzat hartu dute antolatzaileek eta ONGek. Gauzak asko hobetu daitezkeela eta emaitzak zaindu behar direla azpimarratu dute. Halere, salatu dute Foroan ez dela onartu lurralde guztiek, aberats eta txiroek, BPGren %6 oinarrizko hezkuntzara bideratzea, eta Lehen Hezkuntzako laguntza %2tik %8ra igotzea ere ez dutela onartu.
Gaur egun 880 milio analfabeto daude mundu osoan, analfabeto funtzionalak konta ezinak dira, 125 milioi haur eta adin gutxiko 150 milioi gazte daude eskolaratu gabe, bi herenak neskak direlarik. Horiek ez dituzte ikasketak bukatzen familiak irauteko lanean hasi behar izaten dutelako edo ezkondu egiten direlako.


Hegoaldeko ikasleen %80,86k euskaraz
ikasteko hautua egin du

Datorren ikasturtean eskolaratuko diren hiru urteko ikasleen %80,86k B eta D ereduan ikasiko dute EAEn eta Nafarroan. Araban hiru urteko haurren %57,96 D ereduan aurrematrikulatu da eta %33,25 B ereduan. Bizkaian %77,18 izan da D eredua hautatu duena eta %17,06k B eredua aukeratu du. Gipuzkoan %81,17k ikasiko du D ereduan eta %18,76k Bn. Nafarroan %38,31 izan dira euskara hutsezko aukera egin dutenak. Bestalde, A eredua jaitsi egin da lurralde guztietan. Eredu horretan eskainitako plaza kopuruaren %39,3a baino ez da bete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. B ereduan, berriz, plazen %80,6 bete da, eta D ereduan %91,7. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan D ereduko 6.877 plaza eskaini ziren, eta horietatik 6.307 aurrematrikulazioekin bete dira.
Azken 20 urteetako joera mantenduz, euskarazko irakaskuntzaren eskaerak gora egin du aurten ere lurralde guztietan. Joera hori sare publiko zeinpribatuan gertatu da. Gainera, datu horiek esanguratsuak dira, normalean eredu batean hasten den ikasleak eredu horretan jarraitzen baitu gerora ere.


0-3 zikloaren eskaintza publikoa egongo da Nafarroako hainbat herritan
LOGSEk dioena jarraituz, 0-3 etaparako eredu bat adostu zuten UPN eta PSNk apirilaren erdialdera. Eredu horren arabera, Nafarroako 30 herritan ziklo horren eskaintza publikoa luzatuko dute. Zentroek titularitate munizipala izango dute, eta Gobernuak, udalek eta familiek finantzatuko dituzte. Gobernuaren asmoa 2000/01 ikasturtean hala eskatzen duten udalerrietan eskaintza luzatzea da, eta momentuz 30 udal dira eskaera egin dutenak. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 1.500 ikaslek edukiko dutela aukera hori. Hurrengo urteetan eskaintza zabaltzen joanen da, eta 2002/03 ikasturterako Nafarroan osoan ezarria egonen da.
Bitartean, gaur egun dauden gainerako ereduak (haurtzaindegi pribatuak, haur eskola munizipalak...) bere horretan mantenduko dira azken arautzearen ondoren etorriko diren aldaketen zain.
Gai horren inguruan bere iritzia azaldu du EILAS sindikatuak. 0-3 zikloa garatu eta arautu beharra dagoela adierazi du, baina seriotasunez eta zuzentasunez, bestela, hartutako irtenbideak okerrak izateko arriskua baitago.
Sindikatuaren iritziz, 0-3 zikloa bere osotasunean ulertu behar da eta Haur Hezkuntzari lotua, ez Lehen Hezkuntzari. Bigarren puntu bezala aipatu du adin horretako haurrak ezin direla edozein lekutan eskolaratu, 1004 Erret Dekretuak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten zentrotan baizik. Eta azkenik, zein irakasle mota behar den eta nolako prestakuntza eduki behar duen argitu behar dela dio.
Hori guztia dela eta, EILASek hausnarketa sakonerako eta eztabaida zabal baterako deia egiten du etapa horri irtenbidea emateko.


Nafarroako Lanbide Heziketa berriak
formakuntza eta
lanbidea batuko ditu

Iruñeko Julio Caro Baroja institutuko hogei ikaslek dual izeneko modelo aitzindarian parte hartzeko aukera izango dute, hots, formakuntza eta lanbidea uztartuko dituzte. Zurgintzako ikasle horiek praktikak enpresetan egiteaz gain, enpresako egituretan parte hartuko dute edozein langilek bezala. Era berean, kontratuak egingo zaizkie eta 66.000 pezetako soldata kobratuko dute hilero. Uztailetik iraila bitartean egun osoz jardungo dira enpresan, eta irailetik 2001eko ekaina bitartean bi egunetan joango dira enpresara, eta beste hiru egunetan ikastetxera. Guztira 1.160 ordu egingo dituzte lantegian.
Hezkuntzaren eta enpresaren arteko harremana estutzen duen eredu hau germaniarra da eta arrakastaz garatu da han. Hemen ere formakuntzak behar duen osagarritasuna hartzeko balioko duela uste dute agintariek. Era berean, ikasleen esperientzia ziurtatuta gelditzen dela adierazi dute eta ikastetxeetako curriculumak osatzeko eta moldatzeko balioko dutela. Gauzak horrela, aurrerantzean beste Heziketa Zikloetara ere zabalduko da modelo dual hori.