049: Gauzak aldatzeko eta hobetzeko sustraietara jo behar da

2000-06-01
Ondo josteko, lehendabizi neurriak ondo hartu
 
 
Datorren ikas-turterako au-rrematrikulen balorazioa egi-teko orduan, Eusko Jaurlari-tzako Hezkun-tza Sailburu Inaxio Oliveri kezkati agertu da, portzentualki, sare pribatuan ikasle gehiago matrikulatzen ari delako. Kezka bera agertu dute hainbat alderdiko ordezkarik ere.

Hezkuntza Sailburuaren kezka guztiz ulergarria da sare publikoko eskolak bere eskolak bezala kontsideratzen dituelako. Hain ulergarria ez dena da eskola publikoak hobetzeko proposatzen dituen neurriak, eta batez ere, nola gauzatu nahi dituen.

Garai batean telebista jarri zen ia ikastetxe guztietan, eta nork atera zien etekin pedagogikoa telebista haiei? Beste momentu batean, ikasle txikientzako eraikuntza hexagonalak azaldu ziren edonon, perretxikoak bezala, herri edo auzo bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartu gabe.

Iaz ingelesa lau urteko ikasle guztientzat ezarri nahi izan zen, ikastetxe bakoitzaren hizkuntzen proiektua eta hezkuntza proiektua kontuan hartu gabe. Zergatik duela urte batzuk egoki ikusten zuten ikastetxeei ez zitzaien erantzun administraziotik, eta orain, aldiz, egoki ikusten ez dutenei ere ia behartu egin nahi zaie?

Eskola publikoak hobetzeko hartuko dituzten neurrien artean, Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei ordenagailuak jartzearena omen dago. Ingelesaren kasuan bezala, ez al da egokiago interesa agertzen duten ikastetxeei ahalik eta bitarteko onenak jartzea lehenbailehen (prestakuntza, ordenagailuak eta abar) eta horiek beste ikastetxeentzako eredu eta erreferentzia izatea hauek anima daitezen?

Duela gutxi, HIK HASIko bi kide Bartzelonan izan ziren "Rosa Sensat", "Cuadernos de Pedagogía" eta bertako berrikuntza pedagogikoan ari diren hainbat kiderekin. Euren artean kezka hau nagusi zen: hezkuntza eskumenak Madriletik Generalitatera pasatzeak ez du ikastetxeetako proiektuak garatzeko orduan inongo hobekuntzarik ekarri. Beharbada, hezkuntza erreforma dela eta, administrazioari begira paper gehiago bete behar izatea ekarri du, burokratizazioa handiagotuz. Euren ustetan, egoera horrek ez du ikastetxeetatik eskatzen den autonomia garatzen uzten, eta hori eskola publikoen kaltetan doa.

Ordua da hemen, han bezala, arazoaren sustraietara joateko, eta behingoz eskola publikoa benetan hobetu nahi bada, behar diren neurriak hartzeko. Horretarako, eskola komunitateko kide arduratsuen eskaerei arretaz entzun behar zaie: ikastetxeek nortasuna izan behar badute eta euren hezkuntza proiektuak garatu behar badituzte, erabakitzeko ahalmenak, hein handi batean, eskolen eskuetan egon behar du. Bitartekoak ahaztu gabe, autonomian datza gakoa.

Kezka agertu duten horiek guztiak prest al daude behar diren neurriak hartzeko?