Modenako haur eskolak
Italiako Modena hiriko haur eskoletako pedagogo bi izan ziren Ikastolen Elkarteak Gasteizen antolatutako aurtengo jardunaldietan. 0-6 urte bitarteko udal haur eskolek nola funtzionatzen zuten azaldu zuten. Hezitzaileen, haurren eta gurasoen arteko harremana eta hurbiltasuna, eta lan egiteko modua eredugarri dira. Beste zenbait gauza ere kontatu dizkigute.
Euskal Herrian 0-6 zikloa oraindik arautu gabe dagoen etapa da. Nola dago Italian?
Nieves Garutti.- Italian ez dago legerik, 1991ko orientazio bat baizik. Orientazio zaharra berritu zen eta gaur egun hori da daukaguna. Gure haur eskoletako esperientzia oso gertu dago orientazio horretatik.
Zein da edo dira zuen haur eskolen ezaugarri bereiztaileak?
Fiorella Fiocchehi.- Oro har, gure lan egiteko modua eta antolaketa, esango nuke nik. Haurtzaindegietan nahiz haur eskoletan familiek duten zeregina eta protagonismoa da gure zerbitzuen historian eta hedapenean nabarmendu den ezaugarri nagusietako bat. Horrek, denboran zehar eskuratu duten balio pedagogikoa eta hezkuntza balioa eman diete gure zerbitzuei.
Lan egiteko garaian proiektuen bidez egiten duzue...
Fiorella.- Bai, hala da. Irakasleak proiektuak prestatzen ditu gaiak lantzeko. Proiektu konkretu bat egiten duenean helburuak, konpetentzia eta identitatea hartzen ditu kontuan. Adibidez, Zientzietako lan batean helburua izan daiteke haurrek zuhaitzen hostoak ikusteko eta ezagutzeko gaitasuna lortzea. Hori lortzeko esperientzian oinarritzen gara, eta helburu hori zein testuingurutan sartzen dugun erabakitzen dugu, kontestua funtsezkoa baita. Hostoen forma ezagutzeko basora irteera bat egin behar da, gero gelara eramateko hostoak hartzen dira, hostoak sailkatzen dira, koloreekin frogak egiten dira... Horrela, helburuak horizontalki eta bertikalki lantzen dira, eta helburua, ekintza, testuingurua, materialak, denbora, ikasgaia eta haurren lana eta erantzuna elkarlotzen dira.
Gerta liteke zenbait haurrek belarra hostotzat hartzea. Kasu horretan, irakasleak proiektua moldatu egin beharko du belarra eta hostoak bereizten ez dituzten haurrentzat.
Adibide horrekin esan nahi dudana da zaila dela proiektu bat guztiz definitzea, ez dela erraza proiektu baten eta haurren ibilbidea finkatzea.
Nieves.- Haurrarentzat garrantzitsuak dira esperientzia, errealitatea, beharrak, emozioak... bizitzea. Eta horren ondotik etorriko da hausnarketa. Erreflexio hori modu askotara egin daiteke: fitxekin, artelan batekin, olerki batekin... Normalean aurrez egituratuta daude proiektuen ibilbideak. Nolanahi ere, azkenean hezitzaileak eta haurrek aukeratuko dute era batera edo bestera egin, eta ondorioz, proiektua moldatu egingo da.
Irakasle bakoitzak bere proiektua egiten du, bere ideia dauka, arazoak zein diren badaki, haurrek horri aurre egiteko zer bide erabili behar duten ere bai, eta etengabe aztertzen du proiektuaren eboluzioa.
Fiorella.- Adibidez, erretratuak lantzea erabakitzen bada, irakasleak badaki haurrek erretratuaren alderdi asko behatzen dituztela. Hor eboluzio bat egoten da eta irakasleak mantentzen du eboluzio hori, sormena, haurraren aportazioa... Erretratua egiteko mila modu daude, baina hezitzailearen zeregina, ideia zehatz bat eman gabe, bide horretan laguntzea izango da. Haur bakoitzak bere estrategiak, materialak... aukeratuko ditu.
Nork proposatzen ditu proiektuaren gaiak, hezitzaileak ala haurrek?
Nieves.- Haurrek proposa ditzakete, hezitzaileak ere bai, eta baita herriak edo hiriak ere. Gaiaren aldetik ere, edozer gai proposa daiteke, betiere esperientzia esparruaren barruan kokatzen dena.
Haurrek hori guztia bizi dezaten eskolatik atera beharko da askotan. Irteerak egiten al dituzue?
Nieves.- Bai, noski. Udalean irteerak antolatzen eta prestatzen dituen pertsona bat dago. Arduradun horrek herrian hainbat gauza ikusteko eta egiteko dauden aukeren berri ematen die eskolei: erakusketak, lana, lantegiak, museoak... Horrela, irakasleak euskarri sendoa dauka. Are gehiago, irteera horiek udalak edo gurasoek finantzatzen dituzte.
Gurasoen parte-hartzeari izugarrizko garrantzia ematen diozue, eta gurasoen inplikazioa lortu duzue.
Fiorella.- Gurasoen partaidetza oinarrizko zutabea da gure irakaskuntzan. Familiekiko harremana, haiekin tpatzea eta haiek entzutea txikienentzako proiektu pedagogikoren ezinbesteko osagaiak dira. Jarraikortasuna behar-beharrezkoa da haurraren hazkundean eta garapenean parte hartzeko, ikuspuntuak elkartrukatzeko, familiako eta haurtzaindegiko munduen arteko loturak jarraipena izateko. "Familiaren historian sartu gabe, elkarrekin familia bat osatu ahal izatea" bihurtu da haurtzaindegiko hezitzaileen esku-hartzearen helburua nagusia.
Horregatik, gurasoak proiektuan sarrarazi behar dira euren seme-alaben jarraipena egin dezaten, beren kabuz ez baitira sartzen. Gurasoen parte-hartzea ez da opari bat, irakasleak egiten duen konkista baizik.
Nolako harremana dago eskolaren eta gurasoen artean?
Fiorella.- Gurasoek zuzeneko harremana dute egunero eskolarekin. Goizean haurrekin etortzen dira eta bertan gelditzen dira haurrek lana egiten duten bitartean. Eskola orduak bukatzean ere, beti etortzen dira haurren bila. Horrekin batera, haurrentzako, gurasoentzako eta hezitzaileentzako ikasketa testuinguru bihurtzen diren istorioak, memoriak eta topaketak egiten dira.
Hemen beldurra dago gurasoei gelan egoten uzteko, ez dago argi bakoitzaren eremua non dagoen, ohitura falta zaie bai irakasleei eta bai gurasoei. Zuek horrelakorik nabaritu al duzue? Prestakuntzarik egin al duzue erlazio eta elkarlan hori bideratzeko?
Nieves.- Bai, bakoitzaren eremua ongi definitu gabe zegoen lehen, eta orain dela bi urte lan bat egin genuen gurasoen eta hezitzaileen eremuak zein ziren zehazteko. Ikastaroak eta guraso eskolak antolatzen ditugu eta gurasoekin batera hainbat ekintza antolatzen ditugu: jaialdiak, irteerak, bilerak...
16 udal haur eskoletan 250 langile zaudete. Horietatik zenbat zarete pedagogoak eta zein da zuek egiten duzuen lana?
Fiorella.- Guztira 11 pedagogo gaude eta bakoitzak 4 edo 5 haur eskola ditugu gure ardurapean. Bertako irakasleei laguntza teorikoa zein praktikoa ematen diegu; programaketak prestatzen ditugu, irakasle taldeak antolatzen ditugu... Edozein modutan ere, ez gara Udaleko haur eskoletara mugatzen, eskola estataletara eta pribatuetara ere joaten gara laguntza eta aholkularitza ematera.
Zein da udal haur eskolen, estatalen eta pribatuen arteko erlazioa?
Nieves.- Eskola estataleko eta pribatuetako irakasleek gauzak galdetzen dizkigute, iritziak elkartrukatzen ditugu... Eskola estatala ere aldatzen ari da. Halere, identitaterik sortzen ez duen eskola da, erlazioak behar dituen haurrarengandik gertu egotea lortzen ez duena. Lan metodologia oso ezberdina dugu, guk aipatu ditugun sormena, irteerak, komunikazioa, talde lanak eta abar falta baitzaizkio. Haatik, aldaketa handiak ematen ari dira beraiek ere.
Modenako Haur Eskolak bertan izandako HIK HASIko bi kideren ikuspegitik
Modena Italia iparraldeko behealdean dagoen hiria da, Bolonia eta Parma hirien tartean kokatua dagoena. Enzo Ferrari-ren jaiolekua izanik, auto industriak garrantzia handia du. Bertako zeramikak ere ospe handia du mundu osoan. Menditik hurbil dagoen Padania lautadan egonik, Italiako eskualde aberatsenetarikoan dagoela esan daiteke. Modenan, gogoan dituzte faxismoari aurre egin eta erori ziren partisanoak. Borroka eta lana ezagutzen dituzten populazioa da guk bisitatu duguna.
Haur Hezkuntzarekin konpromisoa duen Udala
Duela 30 urte hasitako esperientzia dugu Modenakoa. Garai hartan emakumeak lan munduan sartzen ari ziren, eta horrek zekarren presio eta behar sozialari erantzuteko asmoz, ikuspegi publiko batetik Udala haur eskolak irekitzen hasi zen. Harrezkero, eskola berriak zabalduz joan dira, eta gaur egun 0-3 urte bitarteko populazioaren %34 eskolaratuta dago, bai Udalaren haur eskoletan, bai kudeaketa pribatua duten eskoletan. Izan ere, Modenan hiru haur eskola mota daude: udalarenak, estatuarenak eta pribatu-kontzertatuak. Guk Udalarenak bisitatu genituen.
Udaleko Haur Eskolek 0-6 urte bitarteko haurrak jasotzen dituzte euren 16 eskoletan. Horiek, aldi berean, bi maila ezberdinetan banatuta daude: zentro batzuetan 0-3 urte bitarteko haurrak daude, eta besteetan 3-5/6 urtetakoak.
Eskola horietan, pedagogo, irakasle, sukaldari eta laguntzaileen artean, 250 langile ditu Udalak. Udala ahalegintzen da eskola horietan irakasle/ikasle ratio baxuak mantentzen, baina ez hori soilik, materialen hornikuntzan eta azpiegituretan ere antzematen da bere inbertsioa. Eta hori egiaztatzeko, hara bertaratzea besterik ez dago.
Hala eta guztiz ere, sosa guztiak ez ditu Udalak jartzen. Modenako Udalaren haurtzaindegietan hartzen den haur bakoitzeko urtean 17 milioi lira kostatzen da, eta horren %18 inguru gurasoek ordaintzen dute kuota baten bidez. Kuota hori bakoitzaren irabazien arabera finkatzen dute, eta, euren esanetan, ez omen da inor kanporatzen diru arazoengatik.
Ezagututakoaren araberako inpresioak
Guk 0-3 urteko haurren hiru zentro ezagutu ditugu, eta beste hiru 3-6 urte bitartekoenak. Ikusi dugun lana egiteko moduagatik, bertako pedagogo eta irakasleekin hitz egindakoagatik, izandako sentsazioengatik, somatu dugunarengatik eta eurak emandako lan txostenengatik, zera esan genezake:
- Haurrarengana eta hezkuntzara dagoen hurbilketa planteamendua oso sakona da. Komunitatean txertatutako haur bakoitza haur historiko bezala kontsideratua egoteak, berarekin dakar norbanakoaren errespetua eta jarraipena bere garapenean. Haur historiko kontzeptuak haur bakoitzak esistentzia bakarra duela eta bera bezalako beste inor ez dagoela esan nahi du. Ondorioz, bakoitzari bere potentzialitate guztiak garatzen lagundu behar zaio.
- Identitateari garrantzia handia ematen zaio, bai norbanako identitateari eta bai identitate kolektiboari. Berauek lantzeko baliabide ugari erabiltzen dituzte: aiton-amonen papera azpimarratzen dute, norberaren eta bizi diren herriaren historia ezagutzen dute, istorioak kontatzen dituzte...
- Gurasoen inplikazioa eta partaidetza asko motibatzen da euren seme-alaben jarraipenean, eskolako taldean, zentroaren egituraketan, udalaren aurrean eskakizunak egiteko orduan...
- Asko zaintzen dute zentro bakoitzak bere nortasun propioa izatea. Azken finean, maila guztietan, bere hezkuntza proiektuaren jabe izateko neurriak hartzen ahalegintzen dira. Alde horretatik zentro bakoitzak bere autonomia du. Italian eskolen autonomiaz hitz egiten duen 1999ko lege bat dago. Autonomiak esan nahi du eskola bakoitzak bere proiektu propioak egiten dituela. Horren arabera, gurasoek eskola bat edo bestea aukera dezakete.
- Didaktikari dagokionean, identitatearen arloa, espazioa, interakzioa... lantzen dute, hots, konstruktibismoa bere osotasunean. Gadner-en zazpi inteligentzia gaitasunen garapenaren oreka bilatzen dute bizitzaren edozein egoeratan aplikagarria den garapena landuz, eta zentzua, funtzionalitatea eta oreka bilatuz. Hau da, lan praktiko guztiz konstruktibista egiten ahalegintzen dira.
- Txikiena (0-3) eta handiena (3-6) bi eskola ezberdin badira ere, jarraipen guztiz koherentea dago bien artean. Handienen kasuan nabarmenagoa bada ere, bien eskoletan aipagarriak dira sormenari, arteari, zientzia arloari, matematikari, musikari eta hizkuntzari ematen zaien garrantzia.
-
Gure sentsazioak
- Hezitzaile oso prestatuak eta zeharo konbentzituak ikusi ditugu, pasio puntu bat darioten horietakoak: oinarri teoriko eta praktikoak bizi dituzte, eredu irekian murgilduta daude, proposamen berriak etengabe diseinatzen, esperimentatzen eta ebaluatzen dituzte...
- Etengabeko prestakuntza behar-beharrezkotzat jotzen dute. Garbitasuneko eta sukaldeko langileak hezitzaile gisa kontsideratuak daude, eta prestakuntzan ere bete-betean sartuta daude.
- Irakasleen arteko komunikazioa oso estua da; espazio eta haur berdinekin batera egiten dute lana, etengabeko esperientziak eta bizipenak elkartrukatuz eta elkarrekin formakuntza konpartituz.
- Osotasunaren ikuspegia dute, guztien artean eraikitzen den eskola dute, denek konpartitua.
- Pertzepzioaren heziketa asko lantzen dute. Ikusi, entzun, usaitu, dastatu, ukitu... Haurraren bizipenak eta behaketak zentzu guztietatik lantzen dituzte. Eta lanketa horren ondorioz, arlo guztiak garatzen dira: zientzia, artea, arlo komunikatiboa... Adibidez, bakoitzak oporretan egondako tokitik ekarritakoarekin eta denen artean jasotako materialarekin zein lanketa berezia egin zuten ezagutu genuen.
- Atentzioa deitu digu harremanetan sentitu dugun errespetuak, haurrari bere osotasunean entzuteari ematen dioten garrantziak, lanean aritzean ikasle-ikasle eta ikasle-irakasleen artean bizitzen den giro lasaiak, eskura duten material ugariak, dituzten espazio handiek, haurren ekoizpen aberatsak...
- Antolaketa benetan txukuna dute arlo guztietan: espazioaren antolaketa, giza eta baliabideen antolaketa, adin ezberdineko haurren arteko interakzioa...
Eta gero, zer?
Udal eskoletan 0-6 urte bitartean egon daitezke haurrak, eta nora joaten diren ikusteko aukerarik ez genuenez izan, galdera horren erantzuna Udal haur eskoletako pedagogo eta hezitzaileek eman ziguten.
Euren esanetan, 3-6 urte bitarteko eskola pribatuan zein estatalean adin horietako haurrekin lan asistentziala betetzera mugatzen dira. Pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari badira ere, euren proiektutik oso urrun daude eta izate hori gurasoek ongi asko baloratzen dute. Eskola estatalean gertatzen ez den bezala, Udal eskoletan dezente ordaindu behar da. Hala eta guztiz ere, guraso gehienek bertan eskolaratzen dituzte euren haurrak.
Baina, zer gertatzen da 6 urtetik aurrera?
Udal eskolarik ez dagoenez, gehienak eskola estatalera joaten dira. Eskola horietan edukiak era tradizionalean eskaintzen dira. Hasieran, gurasoentzat nahiko kontrajarria suertatzen da ordura arte izandako pedagogiarekiko, eta iskanbila bat edo beste egoten da. Baina urte batean edo bitan egoera berrira egokitzen dira. Partaidetza mugatu egiten da, gurasoen inplikazioa ahuldu edota moztu egiten da... beste egitura eta izaera duen eskola mota batean jarraitzen dute.