Ikasleek gainditu dute ikasturtea

2000-06-01
 
 
Ikasle Abertzaleak erakundeak ikasturte honetako balorazioa egin ostean, kurtso garrantzitsua izan dela aditzera eman du, euskal ikasleriak argi eta garbi plazaratu baititu bere ideiak: irakaskuntza euskalduntzeko beharra, besteak beste. Ikasleek hitza eta erabakia hartu dituzte, eta datorren ikasturteari begira urrats erabakiorrak emango dituztela iragarri dute.



Ikasturte honetako aldarrikapen nagusia irakaskuntzaren euskalduntzearen beharra izan da, eta ildo horretatik, euskalduntzearen aldeko borroka izan da ikasleen dinamikaren zentrua. Ikasturtea euskalduntzearen inguru problematikaren inguruko eztabaida prozesu batekin hasi zuten. Euskal Herriko 200 ikastetxe eta fakultateetan eztabaidatu zen gaia, eta abenduaren 18an egin zen Ikasle Abertzaleen III. Biltzar Nazionalean bildu eta zehaztu ziren ondorioak eta aurrera jarraitzeko urratsak.

Gabonetako oporren ostean euskalduntzearen borroka gogortze fasean sartzen da eta ikasleen ekimenak ugaldu egiten dira. Otsailean herri eskolak burutzen dira, eta apirilaren 6an greba orokorra egiten da. 115.000 ikasle ateratzen dira kalera bost puntuko aldarrikapen taula batekin:

1. Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea unibertsitatean.

2. Euskara ikasi eta bizitzeko eskubidea Lanbide Heziketan

3. Euskaldunak (euskaradunak) izateko eskubidea (erdal ereduei dagokiena, besteak beste).

4. Euskal Herriaren inguruko ezagutzez hezitzeko eskubidea.

5. Hau guztia bermatzeko Euskal Herri osoa barne hartuko duen hezkuntza markoa.

Aldarrikapen horiek aurrera ateratzeko ikasleek proposamen zehatzak egin dituzte. Lehenengoari eta bigarrenari dagokienez, euskalduntze plangintza nazionala egitea, euskal adarra garatzea eta herri matrikulazioak bultzatzea proposatzen dute. Euskaldunak izateko eskubideari dagokionez, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan bermatzea eta ereduen politika gainditzeko akordio soziala egitea iradokitzen dute. Laugarren aldarrikapena Euskal Herriaren inguruko ezagutzez hezitzeko eskubidea izatea da, eta horretarako unibertsitateko nahiz irakaskuntza ez unibertsitarioko euskal curriculuma garatu behar dela diote. Azkenik, Euskal Herri osoa bere baitan hartuko duen hezkuntza markoa osatzeko Euskal Herriko Unibertsitate Barruti Bateratua, Euskal Herriko Eskola Kontseilua eta euskal egutegia eratu behar da Ikasle Abertzaleaken iritziz.

Proposamen zehatz hauek gorpuztu eta garatzen joateko konpromisoa hartu dute ikasleek. Horretarako, eztabaida eta elkargune bat beharrezkoak direla ikusirik, datorren ikasturtean Euskal Ikasleon IV. Biltzarra burutuko da. Euskalduntzearen bidean aurten hartutako erabakiak, konpromezuak eta proposamenak bideratzeko lagungarria izan da berau.

Horrez gain, mobilizazio kanpaina zabalarekin jarraituko dute. Areagotu egingo dituzten euren ekintzak eta desobedientzia eta autogestioa bultzatuko dituzte. Ikasle bakoitza proposamen zehatzen inguruan zer egiteko prest dagoen definitu nahi dute, era horretan guztien ahaleginak norabide berean egon daitezen.

Nahiz eta indar gehienak euskalduntzearen aldeko mobilizazioek eduki, beste hainbat arlotan ere lan egin dute. Ikasleen eskubideen eta bizibaldintza duinen aldeko ekimenak burutu dira, eta baita Euskal Presoak Euskal Herriratzea aldarrikatzeko ere.



Urteko kronika

Ikasturte oparoa izan da aurtengoa ikasleen ekimen eta aldarrikapenei dagokienean, eta gogoan hartzeko hainbat eta hainbat ekintza burutu dira. Ikasturteko kronika labur bat eginez gogora ditzakegu nagusienak:

- Urriak 7: Desobedientzia eguna.

- Urriak 12: Hispanitatearen eguna. Donostian klase alternatiboak burutzen dira. 200 ikasle biltzen dira espainiar eduki arrotzei uko egin eta euskal edukiak ikasteko.

- Azaroak17: Ikasleen Nazioarteko Eguna. Euskal Eskola Nazionalaren alde milaka ikasle mobilizatzen dira.

- Abenduak 1: itxialdiak UPV-UPNAko lau kanpusetan. Euskal Unibertsitatearen inguruko eztabaidak garatzen dira.

- Abenduak 6: Konstituzioren Eguna. Klaseetan jai eguna den arren, milaka ikasle joaten dira Hego Euskal Herriko eskualde guztietan burutzen diren herri eskoletara. 20 ikastetxeek ateak irekitzen dituzte egun honi intsumisioa eginez.

- Abenduak 18: Ikasle Abertzaleaken Euskal Eskola Nazionalaren bukaera asanblada burutzen da Iruñean, Berriozargo eskoletan. Euskal Eskola Nazionalaren apustua definitzen da, eta euskalduntzearen borrokan sakontzen. Euskal ikasle mugimenduaren artikulazioa euskalduntzearen ikasle uholdearen baita kokatzen da. Arratsaldean Iruñean manifestaldia burutzen da.

- Urtarrilak 15: Iruñean Euskal Adarraren asanblada nazionala burutzen da.

- Urtarrilak 27: Euskal Presoak Euskal Herriratzearen aldeko greba orokorra.

- Otsailak 7: UPVko errektoradutzarako hauteskundeak direla eta, ikasleek zerrenda herritarra aurkezten dute. Miren Zabaleta UPNAko ikaslea da zerrenda burua, eta zerrendetan Euskal Herri osoko ikasleak azaltzen dira. Horrekin, lurraldetasun irizpideak eraginda, euskal unibertsitate baten sortzerarako proposamena aurkezten du zerrenda herritarrak: euskal adarraren osatzea, Euskal Herri osorako unibertsitate barrutiaren egituratzea, eta beste hainbat proposamen.

- Otsailak 11: Lanbide Heziketako mobilizazio eguna.

- Otsailak 23: Gasteizko Filologia Fakultatean Herri Eskolak burutzen dira. 350 ikasle biltzen dira euskal edukiak ikasteko.

- Otsailak 24: Andoainen Herri Eskolak burutzen dira. Bertan Donostia, Tolosa, Hernanialdea eta Oarsoko 700 ikasle biltzen dira. Ohiko klaseetara joateari uko egin eta euskal edukiak ikastera hurreratzen dira Andoainera. Bestalde, UPVko kanpusean bost ikasle kateatzen dira errektoradutzaren aurrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko. Poliziak jarrera bortitza erakusten du eta bederatzi atxilotzen ditu.

- Martxoak 3: Duina ikasle koordinakundeak deituta, greba orokorra burutzen da irakaskuntzan.

- Martxoak 15, 16 eta 17an: Ezkerraldean, Ipar Uriben eta Bilbon zehar Ikasle Martxa burutzen da. Bertan 2.000 ikaslek hartuko du parte. Martxak eskualde horietako ikastetxeak zeharkatzen ditu eta euskalduntzearen aldarrikapena zabaldutzen du lau haizetara, hots, euskalduntzea hizkuntzaz eta edukiz.

- Apirilak 6: Ikasleok abian euskalduntzeari! lelopean ikasleen greba orokorra egiten da. 115.000 ikaslek hartzen du parte bost puntuko aldarrikapen taula aurkeztuz.

- Maiatzak 10: Desobedientzia eguna. Milaka ikaslek desobedientzia jarrerak hartzen ditu hezkuntza arrotzaren aurrean. Erdarazko klaseetara joateari uko egiten zaio, testu liburu espainolekin klaseak emateari uko egiten zaio, mapa eta sinbolo espainolak matxinatzen dira...