Hik Hasi Udako Topaketak

2000-06-01
Gero eta egun gutxiago falta dira HIK HASI Udako Topaketak iristeko. Egunak gerturatzen ari diren ahala, gauzak osatzen eta zehazten goaz bai ikastaroei dagokienez, bai arratsaldeko saioen kasuan, eta bai lehen eta azken egunetako ekitaldi berezien inguruan.
 
 
Gelen berrantolaketa

Ikastaroek izan duten harrera ezin hobea ikusirik (719 matrikula), hainbat aldaketa egin beharrean aurkitu gara egoitzei dagokienez:

- "Vigotsky": ikastaro honek gure aurreikuspenak gainditu ditu. Ondorioz, hasieran Irakasle Eskolako Areto Nagusian egiteko asmoa bagenuen ere, Unibertsitateko Gelategiko Aretora pasa behar izan dugu.

- "Informatika" eta "Internet": Enpresa-Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Irakasle Eskolaren parean) burutuko dira.

- "Plastika": Ekintza ikastolan egingo da.

- "Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak": ikastaro honetan ere jende asko matrikulatu da eta bi talde egingo dira. Bat Ekintza Ikastolan arituko da, eta bestea Irakasle Eskolan. Dokumentazioa jasotzerakoan adieraziko zaio bakoitzari nora joan behar duen. Gogoratu kirol jantziak edo jantzi erosoak eramatea komeni dela.

- Gainontzeko ikastaroak Irakasle Eskolan burutuko dira. "Musika hezkuntzarako programazioa" ikastaroan noberak bere txirula eta gitarra ekarri behar ditu bigarren eta hirugarren egunean.



Plaza libreak "Musika Hezkuntza Berezian"

"Musika Hezkuntza Berezian" ikastaroa 25 kiderentzat zegoen mugatua eta hainbati ezin zuela parte hartu esan zitzaion. Halere, egin diren eskaera ugariei erantzun nahian, ikastaroa eman behar duen irakasleak kopurua handitzea onartu du. Horrela, bada, interesa duen orok izena eman dezala lehenbailehen.



Non-zer esperientzia

Lan handia izan dugu zenbait ikastarotako esperientziak zehazten, ikastetxe ugaritatik etorriko baitira euren saiakuntzak azaltzera. Azkenean, beraz, hauek izango dira aurkeztuko direnak:

Arratsaldeetako saio berriak

Lehendik prestatuta zeuden saioez gain, beste berri batzuk ere aukeran egongo dira:

- Hezkuntzaren Gizarte GUNEAk orain arte egin dituen hausnarketen aurkezpena egingo du.

- EEBBtako Idahoko Boise herriko ikastolaren esperientzia kontatuko du bertako irakasle Izarne Garmendiak.

- Irakasleok hezkuntzari buruz ditugun kezkak, nahiak, proposamenak edo ametsak aurkezteko saio librea.

- Material pedagogikoen aurkezpenak.

- .../...

Saio hauek guztiak zein egunetan, ordutan eta gelatan izango diren zehaztuta agertuko da lehenengo egunean banatuko den dokumentazioan.



Aurkezpen ofiziala uztailaren 3an

Udako Topaketen aurkezpen ofiziala uztailaren 3ko arratsaldean egingo dugu, eta aldi berean Euskal Eskolaren hastapenetan ibilitako irakasleei omenaldia egingo zaie.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Gazteria Departamenduak bere laguntza osoa eskaini digu.

Jakina da Euskal Eskolak mende bateko ibilbide luzea egina duela, hastapen isolatu eta xumeetatik, nahi bada, eskola eredu finkatu eta sustraituak ezartzerainokoa. Ibilbide horretan, zer esanik ez, hainbat esperientzia eta ekarpen egin dira, baina sarri askotan esperientzia horiek guztiak tokian tokikoak izatetik harat ez dira igaro.

Azkenengo urteetan euskal hezkuntzaren historian eginiko ikerketak, ordea, errealitate horiek guztiak jaso eta interpretatu dituenean, gure eskolari buruzko irakurketa orokorrago eta erkatuago bat egiteko parada eskaini digu, baita hori guztia irakasle belaunaldi berriei komunikatu beharra areagotu ere.

Hastapenetan aritu zirenen kezkak zein ziren eta zein iturri pedagogikotara jo zuten ezagutu nahi dugu, gaur egungo eskola hobeto ulertzeko edota hezitzaileen artean zabaldu diren praktikak beste ikuspegitik aztertu eta baloratu ahal izateko.



Aurkezpenaren egitaraua honakoa izango da

18:30ean hasiera

- Donostiako Udaleko ordezkaria.

- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berrikuntza Pedagogikorako arduraduna.

- Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria.

18:45ean omenaldia guda aurretik aritutako irakasleei

19:00etan gaur egun gorpuztua dagoen euskal irakaskuntzako mugimenduaren hastapenean aritu zirenekin saio berezia. Dinamizatzailea: Idoia Fernandez (EHUko irakaslea). Gonbidatuak Euskal Herriko herrialde ezberdinetatik etorriko dira: Karmele Esnal, Itziar Barriola, Kontxi Zabaleta...

Saioak bi atal izango ditu:

1) 10-15 minutu, euskal irakaskuntzaren ibilbide historikoa ezagutzeko.

2) Ordubeteko mahai ingurua bi gairen inguruan: gonbidatuek nola ulertzen zuten hezkuntza eta garai hartan erreferentzia izan ziren korronte pedagogikoak nola bizi izan zituzten.

20:15ean mokadua.



Jai giroko amaiera

Hiru egunetako ikasketa-eztabaidak burutu ondoren, ongi datoz atsedena eta ospakizuna. Horregatik, Topaketei amaiera ona emateko Bazkari mundiala antolatu dugu. Uztailaren 6an, arratsaldeko 14:30ean bazkari irekia egingo dugu Ondarreta Tenis klubean. Bertan bertsolariak, txiste kontalariak, pailazoak, abeslariak, musikariak eta abar izango dira. Eta noski, animatzen baldin bazara, zu zeu ere bai! Txartelak Topaketetan bertan egongo dira salgai, eta... anima zaitezte! Guztiok elkarrekin amaiera mundiala emango diegu Hik Hasi Udako Topaketei!



Lo egiteko lekua

Topaketek irauten duten egunetan Donostian lo egiten gelditzeko asmoa baduzue eta oraindik lekurik aurkitu ez baduzue, jar zaitezte gurekin harremanetan ekainaren 16a baino lehen.