Zatoz jolastera!<br />bideoa kaleratzear dugu

2000-10-01
Orain arte plazaratu ditugun "Haur-jolasen abestiak" eta "Haur-jolasen abestiak II" zintak eta CDak euskal jolas tradizionalak eta berriak bildu dituzte. Orain errodatu dugun bideoa lan horien osagarri izango da; jolas horietako asko biltzen baititu. Istorio baten hariari jarraiki, jolasez eta abestiz osatutako film bat da. Durangoko Azokarako kalean izango da.
 
 
Duela bost urte abiatu ginen jolas eta abestien bidaia honetan helburu nagusi batekin: haurrek euskaraz jolastea eta abestea. Izan ere, euskaraz ikasi arren, erdaraz jolasten zutela ikusten genuen.

Orain, ordea, beste urrats bat eman nahi izan dugu: euskal jolasak eta abestiak biltzen dituen bideo bat grabatu dugu. Ordubeteko iraupena duen film bat da, baina bideo formatoan egina.

Bideoaren ildo nagusia jolasak dira. Istorio batek lotzen ditu jolasak, eta istorio horretako partaide nagusiak haurrak, Porrotx eta Pirritx pailazoak, amona Josefina eta Serapio maltzurra dira. Parte hartu duten 16 haurrak Donostiako Zurriola ikastolako antzerki tailerrean dabiltzanak izan dira. Horiez gain, hainbat pertsonaia ospetsuk ere parte hartu dute: harrien jolasean Mieltxo Saralegik, tirakako jolasean Sakana soka tira taldeak, arrautzen jolasean Martin Berasategik, hitzen jolasean Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak, magia uneetan Txan magoak, pilotekin jolasterakoan Olaizola anaiek, alkateak, Josune Bereziartu eskalatzaileak, Tapia eta Leturiak, Erramun Martikorenak eta Julen Guerrerok. Guztiei izan duten prestutasuna eta jarrera irekia eskertu beharrean gaude.



Bideoaren mamia

Bideo honetako abestiakhik hasiren "Haur-jolasen abestiak" zinta eta CDetatik hartu ditugu. Ondoren, abesti horiei lotura eman dien gidoia Jose Mari Agirretxek (Porrotx), Aiora Zulaikak (Pirritx), Alex Tetuanek, Mertxe Rodriguezek eta Harritxu Troitiñok egin dute. Beraiek izan dira haurrekin batera parte hartu duten pertsonaien papera egin dutenak. Irudiak jasotzea Enrique Urdanoz eta ITPko bere ekipoaren lana izan da eta guztiak Manolo Gilen zuzendaritzapean aritu dira lanean.

Guztiontzat izan da erronka lan hau egitea. ITPkoek bideo-klip ugari egin dituzte talde ezagunekin (Negu Gorriak, Barricada, Sorotan Bele, Celtas Cortos, Tahúres Zurdos, Duncan Du, La Oreja de Van Gogh, Rosana, Amparo Sandino, Compay Segundo...) eta baita dokumentalak ere munduan zehar (Paraguay, Andeak, Madagascar, Los Angeles, Bolivia, Kuba, India...). Baina ordubeteko film bat egiten duten lehenengo aldia da. Pailazoek ere beraien emanaldietako bideoak egin izan dituzte, baina bideo hau ez da emanaldi batean oinarritu, film baten egitura izan baitu.hik hasirentzat ere apustu berri bat izan da, jakinik orain arte ez dela horrelako bideorik egin.

Hamar eguneko errrodaje intentsiboaren ondoren, denok gustura gelditu gara, eta produktua eskuratu zain gaude. Durangoko Azokarako kalean izango da"Zatoz jolastera!" bideoa.