ESTELA, Rosa: Saharako Smarako Heziketa Berezia

2001-01-01
Saharako Smara Barrutia Gipuzkoa herrialdearekin anaidetuta dago 1996ko maiatzaz geroztik. Bertan aurkitzen da "Castro" Hezkuntza Bereziko Eskola, zeinean irakaskuntza arautuan aritzeko zailtasunak dauzkaten sahararrek beren beharren arabera ikas dezaketen. Bertan garatzen den heziketa sistema interesgarritzat jo dugunez, hona hemen, laburbildurik, haien esperientziaren azalpena.
 
 
Testuingurua

Duela 25 urte espainiar estatuak Mendebaldeko Saharako lurraldeak utzi ondoren, bertan geraturikoek beren etorkizuna era askean erabaki zezaten ziurtatu beharrean, Maroko eta Mauritaniaren eskuetan utzi zituen. Horrela, sahararrek izugarrizko herri migrazioa burutu behar izan zuten gerra izuari iheska, Aljeriako Hamada basamortu gorrian egokitu arte.

Esan bezala, gerra hotsak 16 urte luze astindu zuen (1975etik) zonalde osoa, 1991ko irailaren 6an su-etena aldarrikatu bitartean. Sahararrak biltzen dituen Fronte Polisarioak, inbasioari aurre eginez, Mauritania gailendu zuen, baina Marokorekiko negoziazioak burutzen hasteko hiru urteko kontaktuak behar izan ziren, Nazio Batuek, alde batetik, eta Afrikako Batasunerako Erakundeak bestetik, bitartekaritza lana eginez. Ordutik hona, ordea, ezin esan lurralde haietan erabateko bakerik dagoenik. Aitzitik, bakearen bermea izan behar zuen Autodeterminazioaren Erreferenduma ez da oraindik gauzatu eta, zoritxarrez, ez dirudi epe motzera ere gauzatze bidean egon daitekeenik. MINURSOk (Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa) egindako errolda amaiturik badago ere, Marokok ez du erreferendumik nahi, eta ondorioz, 9 urteko menia haustear dago. Egoera latz honetan, bada, kokatu behar dugu "Castro" Hezkuntza Bereziko eskola bere ezaugarri guztiekin.



"Castro" Hezkuntza Bereziko Eskola

Aipatu ikastetxean sahararren gizarte ardurak islatzen dira, eta batik bat haien kezka pedagogikoak. Hau da, beren etorkizunari buruzko hausnarketa politikoetan ez dute inor alboratu nahi. Horrela, "Castro" Hezkuntza Bereziko eskolan 4 eta 26 urte bitarteko ikasleak biltzen dira (neskak zein mutilak elkarrekin, gainerako herri musulmandarretan batere ohikoa ez dena), norberaren autonomia eta herri integrazioa bermatu nahian.

Ez da, beraz, sexu banaketaren araberako hezkuntzarik nolabaiteko gizarte isolamendura ohitzeko, baizik eta bakoitzaren burujabetza helburu izanik, gizarte osoaren onarpena landuko duten jiteak irakasten dira.

Behar bereziak dauzkaten haurren eskolatze integratzailea ez da jarrera arrunta izaten hezkuntza alderatuan. Sahararrek, ostera, oraindik independentzia erdietsi gabe, eta latzagoa dena, egun erabiltzen dituzten lurren jabetzarik gabe ere, "Castro" bezalako Hezkuntza Bereziko eskola abian dute aspaldidanik.



Oinarri pedagogikoak

Egitasmo honetan parte hartzen dutenekin hitz eginez, berriz, argi eta garbi nabarmentzen dira haien hautu pedagogikoak. Honela, bai zuzendaritzak eta bai gainerako langileek ere, irakaskuntza ikerkuntza gisa hartzen dute. Horretarako, nork bere burua ezagutzeko eta ondoriozko gatazka kognitiboak gainditzeko baliagarriak suertatuko diren egoeretan oinarritzen dute metodologia. Bistan denez, Kubako unibertsitateetan eskuraturiko teoria konstruktibistak (Vigotski, Luria, Leontiev eta abar) eragin handikoak izan dira eskola didaktika diseinatzerakoan.

Ez dute ahazten, hala ere, premia bereziko ikasleak oinarri-oinarrizko trebetasunen jabe izan behar duela, berari dagokion gizartean behar bezala integratu ahal izateko. Horretarako, adierazgarria litzateke ikasgelaren espazioari so egitea. Hona hemen.



Gelako txokoak

Alde batean, psikomotrizitatea eta funtsezko ikasgaiak lantzen dira: ibilbide motzak, soinaren kontrola, mota desberdinetako objektuekiko lana (botoiak, velcroak, lokarriak, labanak, goilarak, garbiketa eta abar). Bakoitza bere gizarte funtzioarekin loturik, betiere.

Beste aldean, gela klasikoan nonbait, irakurketa eta idazketa lantzen dira (beti arabieraz -hasseniera dialektoan- eta gaztelania bigarren hizkuntza gisa). Alde honetan beste ezaguera arloak ere sakondu egiten dira.

Inguruko beste toki lasaiago batean hizkuntzaren arazoak berbideratzeko txokoa dago. Bertan ispiluaz gain, ikusmen hautematea mugatu egiten da arreta zentratzeko, eta bide batez, laneko gunearen mugak behar bezala finkatzeko.

Aurrekoaren ondoan nolabaiteko fisioterapia lantzeko txokoa dute. Aurreko bezala, oso nabarmena da baliabide urritasuna, nahiz eta ariketa desberdinen bidez egiten duten lana harrigarria izan.

Azkenik, egokitzapenari buruzko trebetasunak lantzeko tokia duzue, non oinarrizko giza jarrerak eta funtzioak irakasten diren. Haur baten tamaina duen panpin beltzaren bidez, ohetik jaiki ondorengo eguneroko urratsak antzezten dira era sistematikoan, eta beti beren testuinguru funtzionalarekin batera.



Ondorio laburrak

"Castro" Hezkuntza Bereziko eskolan haurren integrazioaz aritzen direnean ez dira ari eskolari buruz soilik, baizik eta beren gizartean egon daitezkeen aurreiritzien eta beldurren ezabapenaz, bai kulturan eta bai familian.

Halere, Hezkuntza Bereziaren arloa Osasungintzatik gertuago dago Irakaskuntzatik baino. Edozein modutan, aipatu bi arloak (sendagintza nahiz hezkuntza) ez dituzte oso garaturik dauzkaten balibideak oso gutxi direlako, ez ordea beren prestakuntza eskasa delako.

Hezkuntza Berezian zer egin nahi duten jakin badakite ongi, eta gainera, Euskal Herrian arlo beretsuan egiten denarekin alderatuz, oso antzekoa dela esan genezake, nahiz eta haien testuingurua aski desberdina izan gureakiko. Dena den, funtsean, elkarren artean konpartitzeko nahikotxo dugulakoan gaude.

Ez dute materialik, baina gogoa eta prestakuntza, berriz, sobera.

Mendebaldean balioen krisialdian gaudela diote. Mendebaldeko Saharako lautada gorri haiei begiratzeak on egingo liguke. Hau guztia, hantxe ikusitakoa hona ekartzeko saioa duzue. Zuei ere... on egin!