Kronika

2001-01-01
 
 
Euskal Herriko unibertsitateetako ikasle euskaldunek karnet berezi bat eskuratzeko aukera izanen dute Euskal Adarrak taldeak abian jarritako ekimen berriari esker. Erabilera sinbolikoa izango duen karnet horrekin unibertsitate guztietan euskaraz ikasteko dauden oztopoak salatu nahi dira.
Ikasturte honetan euskarak atzerapauso handia eman duela adierazi du Euskal Adarrak taldeak. Euskal Herriko gainerako unibertsitate pribatuetan euskalduntzeko plangintzak baldin badaude, ez dira betetzen ari. NUPen atzerakada nabarmena jasan du euskarak, eta Nafarroako Gobernuak unibertsitaterako ezarri nahi duen Euskararen Legearekin ere gauzak ez bide dira hobetuko. EHUko Hizkuntz Normalkuntza Plangintza ere nahiko zehazgabe dagoela adierazi dute Euskal Adarrak taldeko kideek. Ondorioz, ikasle euskaldunak "bigarren mailakoak" bilakatu direla adierazi dute. Egoera honek bultza ditu euskal ikasleentzako karneta egitera.

Seaska eta Hezkuntza Nazionalaren arteko negoziazioetan hutsune nabarmenak daude oraindik
Iazko maiatzean frantziar estatuko Hezkuntza Ministerioak Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearekin estatutu publikoa eskuratzeko negoziaketak hasi eta, azken egun hauetan Parisek testu proposamen bat helarazi die.
Proposaturiko testu honetan, murgiltze ereduaren ezagutza ofiziala eta irakasleen engaiatzeko lehiaketa publiko bereziaren antolaketa bezalako printzipio interesgarriak azaltzen badira ere, hutsune batzuk nabarmentzekoak direla aipatzen du Seaskak.
Seaskaren esanetan, hutsune horien artean, besteak beste, ikastetxe berrien irekitze arloan finkatu beharreko irizpideen falta aurkitzen da. Horrez gain, euskara desagertzearen joera geldiarazteko garapen plangintzarik ere ez da gauzatu. Bestalde, dekretu proiektu honek murgiltze ereduaren garapena eta iraunkortasuna ere ez dituela bermatzen azpimarratuko du.
Gainera, Ikastolen Elkarteak "babes juridikoaren" falta dagoela adierazi du. eta "zalantzak sortzen dira murgiltze ereduen garapena babes hori gabe gauzatzerako orduan".
Dena den, testu proposamen honen edukia abenduaren 22an Baionako suprefeturan aurkeztua izan da. Bertan, Prefetak eta Akademiako Errektoreak hautetsiekin batera, Ikastolak estatutu publikora pasatzeko negoziaketaren berri eman dute, hitzarmen berezi bat izenpetzera iritsiz. Seaska, ordea, bilkura horretatik kanpo geratu da, jarrera honen aurka agertuz.
Horri guztiari gaineratuz, negoziazioen oraingo egoeraren arabera, Seaskak "izena eta izana" galduko lituzkeela, eta berari zein gurasoei "toki eskasa" utziko litzaiekeela dio Seaskak. Ondorioz, ez litzateke ikastolarik izanen ere, murgiltze eredua sare publikoan sartuz, ikastolak murgiltze bidezko eskola publikoak bilakatuko liratekeelako, zuzenean Hezkuntza Ministerioaren eskuetan geratuz.
Hala eta guztiz, beste zenbait bilkura egingo dira oraindik ere, izan ere hainbat puntu dilindan aurkitzen dira.

Nafarroako hizkuntz politika atzeraka doa
Nafarroako Gobernuak Administrazioan euskararen presentzia murrizten duen foru dekretua onartu du. Beronen arabera, euskararen erabilera murriztu egiten da, eta euskararen balorazioa ere aldatu egiten da. Erabilerari dagokionez, gaztelaniari ematen zaio lehentasuna inprimaki, agiri eta errotulazioetan. Eremu euskaldunetan euskara nahiz gaztelania berdin erabiltzea ahalbidetzen du. Eremu mistoan Administrazioak "neurri egokiak" hartuko ditu herritarrei harrera euskaraz emateko, baina barne erabilpena nahiz beste administrazioekiko harremanak gaztelaniaz izango dira. Balorazioari dagokionez, euskara Europako gainontzeko edozein hizkuntza baloratzen denean baloratuko da.
Foru dekretua ezagutu bezain azkar entzun dira erreakzioak dekretuak "euskararen hedapena oztopatzen duelako" eta "Nafarroako euskaldunentzat diskriminatzailea eta baztertzailea delako". Gobernuari bere jarrera aldatzeko eskaera egin diotenak badira, eta auzitara joko dutela esan dutenak ere bai.
Miguel Sanzek eman duen "ezusteko" bakarra ez da izan, ordea, foru dekretu hori. Euskarazko irakaskuntzarako eskola liburuak gobernuak kaleratuko dituela ere esan zuen, eta horiek gaur egun erdarazko lerroetan erabiltzen direnen itzulpenak izanen direla.
Dena dela, geroago Hezkuntza Departamentuak Sanzen adierazpenak zuzendu ditu. Asmoa ez ei da gobernuak liburuak kaleratzea eta berauen erabilpena derrigortzea, baizik eta gobernuaren baimena lortzea argitaratu aurretik. Baimen hori lortzeko liburuek Nafarroako curriculuma errespetatu beharko dute. Bestalde, gobernuak dirulaguntzak emanen ditu gaztelaniazko baimendutako eskola liburuak euskaratzeko, batez ere Ingurugiroa eta Historia ikasgaietarakoak.
Gai honek guztiak, noski, harridura sortu du. Sortzen-Ikasbatuazek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak adierazi dutenez neurri hori legez kanpokoa da, ezin baita liburu bat inposatu, eta are gutxiago erdaratik itzulitako euskarazko liburu bat.

Frantziar estatuak, Akitaniako Kontseiluak eta departamenduak Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen Berezia sinatu dute. Bertan hurrengo zazpi urtetan estatuak, erregioak eta departamenduak emango dituzten dirulaguntzak erabaki dira. Laguntza horiek hamar ataletan banatu dira: hizkuntz politika, kultura, ingurumena, laborantza, arrantza, industria eta formakuntza, turismoa, azpiegitura eta hirigintza, mugaz gaindiko harremanak eta animazioaren iraupena.
Guztira 2.625,329 milioi liberatako gastua aurreikusten da atal guztiak kontuan hartuz; estatuak 264,84 milioi libera emanen ditu, eskualdeak 174,31 milioi libera eta departamenduak 813,36 milioi libera. Bertze dirulaguntza publikoetatik 1.093,7 milioi jasoko dira. Eta hala ere, 339,319 milioi faltako dira. Dena den, dirulaguntzak aurkeztutako proiektuen arabera banatuko dira eta 2003. urtean berrebaluaketa bat burutko da. Beraz, orain aurreikusitako laguntzak gehitu edo gutxitu egin daitezke.
Ikasmaterialgintza arloari dagokionez, Ikas pedagogia zerbitzua ez da aipatzen, eta atal hori eskualdeko pedagogia dokumentazio zentroaren (CRDP) gain utzi dute, Ikasen kezka egiaztatuz. Horrek esan nahi du, euskarazko materialgintzaren argitaratzea CRDPk erabakiko duela, eta ez Ikasek. Dena dela, Ikasek esku-hartze gehiago izateko ahaleginak egingo ditu.